Burujabetza, berpublifikazioa eta kontsumoa

Euren inperioak zabaltzeko hizkuntza erabili zutenek kontrakoa dioten arren, hizkuntza ez da komunikatzeko tresna hutsa, pentsamendu sortzailea baizik. Nortasuna zein gure autobiografia osatzeko hizkuntza erabiltzen dugu. Gure kasuan, Euskarak inguruko hizkuntzekiko sorrera, garapena eta izaera desberdina duelarik, hainbat etimo berezi sortu ditu pentsamolderako eta ekintzarako lanabesak eskaintzen dituztenak.

Hainbat hitzen artean zenbaitek interes gehiago sortzen didate, hala nola: elkar; nire burua, gogoa, bizipoza, nahia, elkartasuna… Gaurkoan beste bat azpimarratu nahi nuke: “Burujabetza”, txikitatik biziki atsegin izan dudana, indar handikoa. Burujabetza hitza bi eremutan erabiltzen da: norbanakoena eta taldeena.

Nire ustez burujabetza kontzeptuak garrantzi handia du euskal pentsamoldean zein sistema juridikoan , jardun askoren eta gertaera historiko anitzen ardatza delakoan nago.

Burujabetza eta hiru funtsak (poltsak)

Jendarte antolaketa tradizionaletan, (hau da, Estatu, jauntxo, errege, eliza ala multinazional baten menpe egon aurretik) unitate bakoitzak, familia zabala kasu gehienetan, hiru funtsa bereizten zituen: Egunerokotasunerakoa, Ospakizunetarakoa eta Larrialdietarakoa. Xedea, ahalik eta autonomoen izatea, eta hortaz, buruaren jabe izatea.

Eguneroko funtsean: elikagaiak, tresnak, ura, energia, jantziak kokatzen dira; Ospakizunetarako funtsean: jaki, edari, jantzi bereziak, bitxiak, opariak… Soberan zegoena, egun jakin batzuetan xahutzeko, aliantzak sortzeko, gozatzeko, bizipoza elikatzeko; bukatzeko, Larrialdietarako funtsean: gosete, lehorte, guda, uholde, izurriteen aurrean taldearen jabetzak galdu gabe egoera latzei aurre egiteko.

Jendarte-sistema batek larrialdiei aurre egiteko arautzen duen prozeduran antzematen da sistema horren muinetako bat da, egituraketa juridiko gisa uler daitekeena. Geurean garrantzi itzela izan duen tresna: komunalak. Izan ere, larreak, basoak, errekak erabiltzeko baimena, bermea zen egunerokotasunetarako eta larrialdietarako. Jabetza kolektiboa bizi-iraupenerako bermea zen, alegia.

Jauntxo, errege, eliza eta enparauen helburu nagusiena Larrialdietarako Funtsaren kontrola zen. Eta bistan da, sarritan larrialdiak beraiek sortzen zituzten herritarren menpekotasuna lortze aldera.

Egun ere, larrialdi franko boteretsuenek sortzen dituzte, eta badirudi larrialdi egoera betikotzea helburu dutela eragile askok.

Jendarte-sareak orain oso desberdinak dira pribatizazio prozesuak azken muturreraino eraman baitituzte. Aipatutako hiru funtsen kudeaketa herritarron eskuetatik at daude eta gure menpekotasuna handitu da hainbat arlotan, itxuraz juridikoki askeak izanagatik ere.

Soldata txukuna eta finkoa dutenek aske direla pentsatu nahi dute, baina horien menpekotasuna ere erabatekoa da. Gutariko gehienok zenbat hilabete iraungo genituzke bat-batean soldatarik gabe geratuko bagina? Bi, hiru?. Zein neurrikoa da gure elkartasun-sarea?, Merkatuen gorabeherekiko zenbateko lotura dugu? Gure etxeetan nork kudeatzen ditu hiru funtsa horiek orain?

Hausnarketa sakonago eskatzen du Ospakizunetarako Funtsak. Funtsa honek bi helburu zituen: batetik, familiak ala taldeak behar zuena baino gehiago ekoiztea. Hau da Larrialdietarako gorde beharrekoa baino gehiago lortzea, soberakinak eduki beharrezkoa zen baino lan gehiago eginez; eta bestea familia ala taldearen egutegian zein data berezietan: jaiotzak, ezkontzak, hiletetan, auzolan deialdietan… Bere ahaide eta lagunei opariak ematea euren elkartasun sarea zabaltzeko eta sendotzeko. Zenbat eta gaitasun gehiago eduki soberakinak oparitzeko, orduan eta sare zabalagoa.

Azkeneko hamarkadetan kontsumismoa nagusitutakoan, Ospakizun Funtsa txiki bat izateko ahalmena izan dutenek aisialdia eta oporraldian erabili dute. Bizitzea tokatu zaigun garai honetan aisialdia eta oporrak garaipen sozialaren ikur bihurtu dira, baina ikur hutsala, irudi bat, erakutsi nahi den argazki bat, egunerokotasunak sortzen dizkigun estualdi eta loturetatik egun batzuetarako aske sentiarazten gaituena.

Itzul gaitezen, berriz, Larrialdietako Funtsaren arlora. Estatuen agintaritzan bestelako pertsonak egongo balira, herritarron bizkarra ondo babestuta dagoela pentsa genezake, teorian Estatu demokratikoak Larrialdietarako Funtsaren arduradun nagusiak baitira.

Aitzitik, norbait fida al da horietaz? Norbait fida da multinazionalen esanetara lanean ari diren horiekin?

Ekonomia eta baliabide naturalen kudeaketa demokratikoa lortu ezean, esklabotza eredu berritara eramango gaituzte. Urrats handiak eman dituzte azkenekoetan. Dagoeneko badakite egungo jendarteetan menpekotasun egoera zabaltzean herritarron gehiengoek ziurtasun faltsua eskaintzen duten gezurtiei bozkatzen dietela. Neurria ederki hartu digute.

Gure bizitza aurrera eramateko behar diren baliabideak gure eskuetatik kanpo baldin badaude, burujabetza galdu dugu. Herri baten bizi-iraupenerako beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak beste herri batek eskuratu baditu, herri hori ez da askea.

Neoliberalismoaren mito nagusia den “Hazkunde Iraunkorra” indarrean egon den bitartean, kontsumismoak sortzen dituen “beharren” bidez ostu dute langileok sortutako aberastasuna. Mito hau eroritakoan, kontsumismoaren mugak agerian geratu diren hauetan, eguneroko beharren bitartez osatuko dituzte kate berriak, egunerokotasunerako behar ditugun gauzak garestituz.

Gure aurrekoek bazekiten komunalak zirela euren burujabetza bermatzeko. Gure buruaren jabe izan nahi badugu, energia, elikagaien, ingurune eta erabaki estrategiko guztien demokratizazioa behar da, berpublifikazio prozesu sakon eta erradikal baten beharra dugu. Gure kontsumo eredu jasangaitza ere errotik aldatu behar dugu. Egoera honetara eraman gaituzten iruzurtiengandik askatu behar dugu gure burua, gure buruaren jabe izan gaitezen.

Zuzeu