SABBAT… zapatua… larunbata… nesken eguna…
Karriketako argiak iraungitzen hasi.
Kontxako emagalduak -neke bisajeak-
bus geltokietan jadanik
aharrausika.
Festazale akituak ere
banaka,
taldeka,
sigi-saga
guda zelaiak hustuz,
noraezean,
armada bentzutuaren hondarrak iduri.
Plaza erdian,
giza aigeru fier baten gisara, poeta
ari da irakurtzen okenki
bere bertsoa,
bake eske,
ele eske.
Inguruan, ordea, nehor ere ez…
Soil-soilik
urzo zikin zatarren saldo bat
hegan ez, bainan pausoz,
entzungor, ezaxolatuki,
festa hondakin satsuetan
alhan…