Herri batek bere historia ezagutu behar du. Premia larriagoa da herri horren historia bere existentzia ukatzen dutenek idatzi dutenean. Kirola eta politika ez direla nahastu behar diotsen berberek baitiotse historia eta politika ez direla nahastu behar, otarrainxkak jatea eta atzamarrak koipeztea ekintza beraren bi alde ez balira legez.
Historia historian adituak direnek idatzi behar dute euren metodologia eta prozedurei jarraikiz, albora utzi barik nor beti izango dela zer, eta berak jakingo duela zerk eraginda helarazi gura dion nori historia hori. Eskuak ez dira inpartzialak eta ez dute izanenik.
Historiak istorioak dakartza orpotik eta ongietorriak bitez biak ala biak. Ze, behin honezkero, euskaldunok jakin beharko genuke zerk daroan «H»-a eta zer dakarren atzean. Ozpina ozpin, eta olioa olio, batak ez du bestetzat balio.
Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena dela-eta, ezin ukatu ataka gaitzean aurkitu dela nabarrismoa, efemeridearen aurrean bere kontraesan nominala txukun antzean kudeatzeko galtza bete Landaben. Egun nafarra eta espainola izatea hautu bat den ber, elizkideei orain bost mende Nafarroako eta Gaztelako erresumek biribilketa alegeran bat egin zutela azaltzea hagitzez da zailagoa.
Errazkeria deritzot ostera, bost menderen gainetik hirukoitz mortala egin eta, hara zergatik gauden gauden lekuan, esateari. Orreagatik Noainera pare bat bailara baino zeozer gehiago dago, eta beste hainbeste Amaiurretik gaur egunera. Epika unean uneko viagra bihotz-altxagarri moduan onartzeko gertu nago baina ez oinarri ideologiko legez. Iraganaren ezagutzaren balioa ukatu barik, oraina egoki interpretatzea askoz tresna politiko interesgarriagoa zait. Bestelako geroa irudikatzeko gaitasun eta grinarik barik, alferrikakoak biak.
Herri batek bere burua ezagutu behar du bizi duen momentu historikoaren ispiluaren aurrean, bizirik dagoela sentitu. Ispiluaren beste aldera igarotzeko lehenengo pausoa du.
http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-06-13/005/003/bizirik.htm








