Bizikidetzarako plana? Kontuz!


Hasieratik susmo txarra hartu nion abian den bizikidetzarako plan horri, eta une honetan erditze ahaleginetan badago ere, elbarri jaioko dela ere bistan da, ikusirik nortzuk diren sortzaileak.

Beraiek deitzen dioten indarkeria edo ETAren «terrorismoa» deslegitimatzea da helburu nagusietariko bat, baina aztertu edo aipatu barik, inola ere, berau gatazka politiko baten ondorioa dela.

Euskal Herriko historian zehar eta aspalditik datorren gatazkaren existentzia ukatzen bada, bizikidetzarako egin nahi den dokumentua doktrinamendu plana besterik ez da, espainolizatze plana.

Instituzio demokratikoak aipatzen dira, Espainiako Konstituzioa, Zuzenbide Estatua, balore demokratikoak; beraz, berauen defentsarako heziketa plana. Francoren garaiko Formación y Espítitu Nacional (FEN) delakoa dakarkit gogora. Inposizioz ezarri diguten Espainiako Konstituzio honen joko arauetan nahi gaituzte sartu. Berau ontzat hartzen ez dugunok Espainiako Estatuaren terrorismoa jasaten ari gara, eta torturen biktimak izan garenok badaukagu zer esanik.

Terrorismoa edo indarkeria zer izan den eta nondik datorren jakiteko, historiari buelta ematea besterik ez dago.

Erromatarren garaitik mendebaleko Pirinioetako botere politiko eta Europako estatu gisa Euskal Herriari (Baskonia, gero Nafarroa) dagokionez, lau fase hauek izan zituen: Baskonia bezala (504.etik- 824.era), Europako Nafarroako Erresuma bezala (824.etik-1620.era), Frantziaren eta Espainiaren artean zatituriko Europako Nafarroako Erresuma bezala (1620.etik-1841.era) eta egungo egoera, 1841. urtetik Euskal Herriaren (Nafarroa) subiranotasunaren ukapena.

Gaztelako Fernando II.a erregea (Katolikoa), berau desmitifikatu beharra dago. Konkistatzaileen historiak dioenez, Espainiako batasunaren egile izan omen zen; beraz, «gizon handia», kontuan hartu beharrekoa. Euskal Herriarentzat (Nafarroa), ordea, Espainiako historian egon denik terroristarik handienetariko bat besterik ez zen izan, handinahiko inperialista eta jainkoaren izenean eta eliz hierarkiaren babespean baliatzen zena okupazio lanetan indarkeria bortitza erabi- liz.

Historiak inoiz ez du demostratuko ezelako justifikaziorik egon zenik Nafarroa penintsularra Katoliko hark biolentziaz eta militarki armen bidez hartzeko, eta, konkistatzeaz gain, ondorengo okupazio, inbasio eta menpekotasunean bizi behar izateko, Gaztelari anexionaraziz konkistatutako kolonia bat bezala. Herritarrek etengabeko jazarpena jasan behar izan zutelarik obedientzia prestatzea behartuz; bestela, erreboltari izatearen akusaziopean, torturak, ihes egin beharrak, heriotza zigorrak, beraien lur eta jabetzetatik desjabetuak izatea… jasan behar. Herriarentzat sufrimendua.

Gaur egun ere Noaingo bataila oroituz, urtero egiten da kontzentrazioa Getzen, bertan dagoen oroigarriaren aurrean, inbasoreen aurka Nafarroaren independentzia defendatuz bizia eman zutenak gogoratuz eta omenduz. Amaiurren defentsan bizia galdu zutenak ere Nafarroako historian hor daude.

Beti eman izan da aldrebeskeria historikoa. Nafarren gogoz kontrako ekintza bortitzak izan ziren haiek. Menperatuta geratu zen herriak obedientzia aitortu beharra agintariei «bizikidetza» egon zedin.

Historia errepikatu egiten den honetan, terminologia batzuk aldatzen dira. Inbasoreei egiten zitzaien erresistentzia edo defentsan aritu ziren eusko gudariei buruz ari naiz. Urrutiko iraganean erreboltariak deituz, gero gorri separatistak eta egun terroristak.

Bizikidetzarako baino gehiago, konfrontaziorako ituna izango da hau. Nik badaukat zer eta nola konta gure etxean nire ilobei.

Euskal Herrian bizi garenok, nafar guztiok, independentzia eskubidea daukagu. Herri bat lur eremu batean bizitzen denean, ez dio bere lurra ematen datorren lehenari. Herri baten lurraldea bortxaz konkistatzea krimenik handiena da, eta zuen dokumentuak horixe legitimatzen jarraitzen du. Espainiak eta Frantziak lapurtu ziguten independentzia ez da inoiz preskribatuko, ezta geurea indarrez kentzen egin zuten delitua ere.

Ni nor naizen esango dizuet. Ondarrutar nafarra, 1940. urtean jaioa, hainbat aldiz torturatua eta egun oraindik gorputzean zigor haien aztarnak dituena; beraz, indarkeriaren biktima eta zuen zerrendan inoiz egongo ez dena.

Pello Aramaio Etxaburu

* Preso ohia eta torturen biktima

 

Berria-k argitaratua