Bi emakumeen ezkontzari jarritako bertsoak

Udazkena hemen da
kolorez betea,
haize berriak datoz;
ireki atea!
Ebaren irrifarra
Amaia(re)n farrea
bat egitera doaz
ezkontza-legea:
bi haizeen zirrara
kilimaz asea.

Urriak ho(ge)ita zortzi,
azkenean hemen,
Enparan dorretxean
dotore eta lerden.
San Simon eta san Juda
negua iragartzen,
alkatea ere presente
zoriona uztartzen,
Amaia eta Eba berriz
poz-pozik txoratzen.

Elkarrekin daudela
badira lau urte.
Arantxa(re)kin batera
nahiko lan e(g)in dute.
Animali defentsan
festa, jai eta aste:
kitarra danbor soinuz
alaitzen gaituzte,
umore ona soberan
denontzat daukate.

Orain arte zioten

hau zela ezina,
«gizon-andrearentzat
zegoelako egina».
Bi sexu behar ziren
aizu, alajaina!
Bi neska ez al dira
arra ta emea a(d)ina?
Bi bihotz nahiko dira
hartzeko tamaina.

Guztion pozerako
gaurko ospakizuna,
eskubide berri bat
guk lortu duguna.
Bidezkoa da ematea
berezkoa duna.
Ez dugu ahaztuko
inoiz gaurko eguna,
guztiok irabazten
dugu askatasuna.

Hemendikan aurrera
ohiturak aldatu!
«neska-za(ha)rren kantuak
orain zentzurik ez du.
Harrotasunez beti
izan dun kantatu:
«ezkondu baino hobe
neska-zahar geratu».
E(d)arki jo (d)igun arpa.
Ez al haiz lotsatu?