Zure besaulki berri
horren antzera
neuk ere nahi zintuzket
beso artean gaur hartu
abegikor, malguki,
gerritik tinko helduz,
baina ezti,
nire gorputz baldarra
zurearen eitera
doi-doi egokituz…
Eta nahi nuke, halaber,
zure azal eder leun horren azpian
nire larru higatu hau
epeletan balego,
hegaztiek kolkoan amultsuki
bildu ohi dituzten txitak
bezalaxe, hain juxtu…
Eta bitartean
zu pozarren tronuan
antzinako erreginak
bezain kriket eta pinpirin,
patxada ederrean,
nire gainean luze-luze etzanda,
inora joateko gogorik gabe,
irribarretsu, nagi,
liburu on bat atseginez leitzen,
edo lotan, agian,
esploratzaile ausart baten antzera
bere itsasontzian
amets gozoetako uhartedian barna
irla berrien xerka etengabean…