«Historia Nabarra de Gipuzkoa» liburua aurkeztuko du bihar Beñi Agirre hernaniarrak. Arratsaldeko 19:00etan hasita izango da, Biteri kultur etxean. Bertan erosi ahal izango da liburua, baita Nabarralde.eus-en ere.
Hernani Errotzenek antolatuta, Historia Nabarra de Gipuzkoa. De su origen, conquista y fueros liburua aurkeztuko du bihar Beñi Agirre hernaniarrak. 2017an argitaratu zuen Gipuzkoako Historia Nafarra liburuaren gaztelaniazko bertsioa da, hain zuzen. Arratsaldeko 19:00etan eskainiko du hitzaldia, Biterin. Koldo Martinez Garate idazlea, historialaria eta Nabarraldeko kideak egingo ditu aurkezpen-lanak.
2017an euskeraz argitaratu ondoren, gaztelaniazko bertsioa argitaratu duzu orain. Nolatan? Nola egin duzue itzulpena?
Ahaleginak ahalegin eta nire bizitza osoa helduen euskalduntzean eman arren, oraindik euskeraz ez dakien jende asko dago; eta asko dago, euskaraz egin arren historia liburu bat euskaraz irakurtzeko zailtasun haundia duena. Lan osagarritzat hartzen dut nik. Itzulpena Uxua Larramendik egin dit, eta nik, gainbegiratu.
Bata bestearekin muga egiteaz gain, gipuzkoarrek nafarrekin daukagun lotura aztertu duzu bertan, ezta? Zer-nolako lotura dugu bion artean, eta historian zehar nola garatu da?
Nola adieraziko genioke hernaniar bati ereñotzukoak gipuzkoarrak direla eta aranokoak, berriz, nafarrak? Biak ala biak hizkuntza bera darabilte, ohitura berberak dituzte, elkarrekin osatzen diuzte familiak? Ez al da jende bera? Zer da muga kontzeptua? Zerbait naturala ala euskaldunak bereizteko kanpotik ezartzen den irudizko marra bat?
Jakin behar genuke Hernaniren sorrera eta lehenengo notiziak Iruñeko erresuma osatzen genuenekoak direla. Jakin, 1.200eko gaztelarren konkistak ekarri zuela muga hori. Baskoen eta nafarren banaketa horrek eragile jakina du. Gaur arte iraun du eta goizeko lanbro zikin baten moduan ezkutatzen digute Adarrako ikusmira.
Eta egun, harremana nola mantendu da? Zer nolako eragina izan du historiak? Izan ere, diozunez, Gipuzkoako historia ezin da ulertu gainerako euskal lurraldeetatik kanpo?
Nafarroa, eta Euskal Herria oro har, estatu afera omen da Espainiarentzat. Guretzat ere bai, baina guk ez dugu estatu propiorik. Gaur ezagutzen dugun Gipuzkoa 1212an hasi zen egituratzen, Navas de Tolosako guduaren ondoren, gaztelartutako Lope de Haroko kondeak Durango aldeko guztia Bizkaian sartu zuenean. Aurretik ez zegoen Gipuzkoarik, Nafarroako erresuma zen hau, tenentzia izeneko barrutietan egituratuta. Gaur ezagutzen ditugun ?probintziak? gaztelarrek eta frantsesek konkistatu eta euren arteko banaketaren emaitza besterik ez dira. Hori jakinda bakarrik uler dezakegu Nafarroa eta Euskal Herria osotasunean.
Historiaren irakurketa propioa egiten duzula azaldu duzu. Zein izan da zabaldu den irakurketa, eta zertan bereizten da zurearekin?
Ibarretxe lehendakariak bere izenez ezagutzen den ?plana? Madrilen aurkeztu zuenean, 2005ean, oposizioan zegoen M. Rajoyk zera galdetu zion: «¿puede usted decírme cuando ha habido una comunidad vasca unificada e independiente?». Galderan bertan dago tranpa. Comunidad vasca, baskoak, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak bezala ulertzen delako, haien izenean soilik zijoalako Ibarretxe lehendakaria. Eta arrazoia zuen Rajoyk, Autonomia Erkidegoa inoiz ez da izan euskaldun guztiok batu gaituen estatu independentea.
Egin dezagun irakurketa beste modu batera: euskaldunok izan al dugu inoiz guztiok batu gaituen estatu subirano eta independenterik? Bai, Iruñea-Nafarroakoa. Gaztela oraindik konderri bat baino ez zenean, eta ez erresuma, Iruñeko erresumak gaur egungo zazpi probintziak baino eremu zabalago batean egituratuta zegoen, gainerako erresumengandik subirano eta independente. Orain, Rajoy jauna, konta iezadazu nola desagerrarazi zenuten euskaldunon estatu hori eta Gaztela eta Frantziako koroekin nola ordezkatu zenuten? Liburu honetan, ikuspegi honetatik kontatu nahi izan ditut gertakari historikoak. Eta jakina, beste historia bat atera zait.
Gaztelak ezarritako muga administratiboa da herri honek jasandako liskar eta sufrimendu askoren eragilea dela diozu. Zergatik?
Oraingo Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiaren arteko muga berria ezartzearen ondorioz, bando gerrak sortu ziren, Ahaide Nagusien arteko borrokak ere deituak. Pentsa nolakoa izango zen muga berri hori Frontera de Malhechores deitzen ziotela, Gaizkileen muga, alegia. Pilar Unzalaren bidez jakin nuen Goizuetako Udal artxibategian jasotzen den dukumentu batean goizuetarrak kexa-gutun bat bidali ziotela Orreagako kanonigoi, non esaten zuten «mugarriak jartzera sartu ziren (Gipuzkoatik) Gaztelako erregeak Nafarrokoarekin zuen gerra medio, herria suntsitu zutela, eta harekin batera burdina lantzeko bederatzi burdinola erre zituzten».
Zergatik irakurri behar du hernaniar edo gipuzkoar batek liburu hau? Zer ikasiko du?
Zer izan garen jakitea beharrezkoa delako gaur garena ulertzeko. Liburu honetan ez da soilik Erdi Aroa jorratzen. Karlistaldiak, Foruen desagertaraztea, Ilustrazioa eta Iraultza frantsesa, Lizarrako 1931ko Estatu baterako Estatutua, ekonomia eta populazioaren migrazioak, Iraultza industriala, etab. ere jorratzen dira. Gaurdaino nola iritsi garen jakitea derrigorrezkoa da etorkizuna diseinatzeko. Ezagutzatik eraiki daiteke proiektu bat, ezezagutzatik inoiz ez.