Begoña Yuguerok (Galdakao, 1987an) Arkitektura ikasketak egin zituen UPV/EHUn. Arkitekturaren Arkeologian Espezializazioa egin zuen ondoren CSICen eta Errestaurazio masterra ere bai UPV/EHUko Arkitektura Eskolan. Gero, Historia Militarraren Espezializazio Graduondokoa egin zuen UNEDen eta Arkeologian espezialista titulazio bikoitza ere badu (Euroinnova eta Cualifica 2). 2018tik Drone pilotua eta AESAko operadorea da. 2007az geroztik indusketa arkeologikoetan parte hartzen du eta 2016tik ari da tesia UPV/EHUn egiten: «Nafarroako erret gazteluen ikerketa arkeologiko-arkitektonikoa».
Arkitekturako ikasketak egin eta ikerketaren mundurako saltoa eman zenuen.
Betidanik izan ditut gustuko historia eta arkitektura historikoa, batez ere gazteluak, eta horrek eraman ninduen Arkitekturako ikasketak egitera. Arkitekturako bigarren mailako udan indusketa arkeologiko batzuetara joan nintzen eta harrez gero udaro joan naiz. Indusketa arkeologiko horietan konturatu nintzen hutsune handia zegoela erakinak ikertzerako garaian. Inork ez zuen egiten aditurik ez zegoelako. Mundu horretan urteak pasatu nituen nire laguntza ematen baina ez nuen nire tokia topatzen. Karrera Amaierako Proiektua egiten ari nintzela topatu nuen nire bokazioa eta nire tokia arkeologiaren munduan zegoela konturatu nintzen. Gaztelu baten inguruko proiektu baten parte hartu nuen eta gazteluaren hormak ikertzeko grina horretan Arkitekturaren Arkeologiarekin egin nuen topo. Karrera Amaierako Proiektua eraikin berri bati buruzkoa izan behar zen eta ezin izan nuen Arkitekturaren Arkeologia aplikatu. Hala ere, aitzaki gisa erabili nuen eta Arkitekturaren Arkeologian formatzeko aprobetxatu nuen.
Proiektua bukatu nuenean, arkitekto gazte guztiok egin dugun bide bera jarraitu nuen, baldintza desegokiak eta gaizki ordaindutako arkitektura estudio batean lanean ibili nintzen. Eta hor bai, argi eta garbi ikusi nuen, ez nuela etorkizunik mundu horretan. Benetan pasioa beste zeozerk sortzen zidan eta gero eta prestatuago ikusten nuen nire burua. Eta hortxe erabaki nuen Tesia egitea, hemen ditugun gazteluak ikertu behar nituela eta inork ordura arte begiratu gabeko hormak begiratu behar nituela.
Beraz, Tesia egiteko helburuarekin Masterra egin nuen, Karrera Amaierako Proiektuan hautatutako gaztelu bera erabiliz: Latsaga. Eta oraingoan bai, Arkitekturaren Arkeologia landu nuen bertan. Emandako emaitzekin argi ikusi nuen ikerketa hauekin aurrera egin behar nuela.
Nafarroako erret gazteluen ikerketa arkeologiko-arkitektonikoa egiten diharduzu, zehazki Nafarroa estatu independientea izan zen sasoikoak.
Nafarroako Erresumak historia oso luze eta aberatsa du baina oso gutxi ikertu da. Bere garairik oparoena edo aberatsena, Erdi Aroa izan zela dirudi baina garai honen inguruan egin diren ikerketak oso gutxi izan dira, eta egin direnak, gaur egungo muga administratiboak baldintzatuta egin direnez ikerketa partzialak izan dira eta errealitate historikoa desitsuratu dute. Gazteluei dagokienez ia ez dago ikerketarik, ahaztuak izan zitezen suntsitu zituzten, eta ia-ia lortu zuten. Nire iritziz, Erdi Aroko gure memoria berpizteak gure kultura aberastu dezake, bere historia ezagutzen ez duen herriak desagertzeko arrisku handia baitu. Nik hartutako garaia gazteluak suntsitu aurreko garaia da eta suntsiketa independentziaren galerarekin gertatu zenez, ezinbestean ikerketak independientea zen sasoikoak izan behar du.
Erret gazteluak defentsarako erabiltzen ziren eraikin publikoak zirela diozu.
Erret gazteluak erresumaren gazteluak ziren, hau da, estatuarenak. Ez zuten jabe pribaturik, beraz gaur egungo eraikin publiko baten funtzionamenduaren oso antzekoa zuten. Lurralde guztian sakabanatuak zeuden, bata bestearengandik kilometro gutxitara. Nafarroako Defentsa Sistema gaztelu txiki ugari edukitzea zen eta honek etsaiaren abiadura moteltzen zuen eta baita kopurua murriztu ere. Etsaiek gutxiro setiatu behar zuten gaztelu bat eta honek denbora asko eramaten zien. Gaztelua irabaztean bertan kontingente txiki bat utzi behar zuten atzetik erasotuak izan ez zitezen. Beraz, etsaiak nahi zuen tokira heldu orduko murritzagoa zuen armada eta denbora eta energia asko inbertitu behar zuen bertara iristeko.
Nafarroako erret gaztelu gehienak pertsona gutxi batzuekin defendatu zitezkeen baina erret gaztelu ugari zeudenez arma jendea ere ugaria zen. Gazteluko goarnizioak (gazteluzainak eta soldaduek) funtzionario gisa lan egiten zuen, eta 5-8 urte bitartean egiten zuten bertan lan erregina-erregeek beste gaztelu batera aldatzen zituzten arte edo jubilatu arte. Ez ziren gaztelu horien jabeak, soldata bat jasotzen zuten trukean eta bere lana gaizki burutuz gero segituan galtzen zuten lana. Goarniziokoa izateko militarra izan behar zen, hau da, nobleak (rico-home-ak, zaldunak edo kapareak) eta kasu gutxi batzutan, eliz gizon-militarrak. Beraz, talde honek osatzen zuen Nafarroako Erresumako armada permanentea. Gazteluak, gaur egungoarekin konparatuta, garai hartako base militarrak ziren.
Erresumaren lehen mailako defentsa erret gazteluetan oinarritzen zen, Nafarroako gazteluen artean erret gazteluak gehiengo nabarmena ziren. Pribatuak ere bazeuden, baina erret gazteluei laguntza militarra emateko bigarren mailako defentsa sistema osatzen zuten. Europan ordea, gaztelu pribatuek pisu gehiago izaten zuten erresumaren defentsan eta antolamenduan.
Gaztelu gehienak Konkistaren ondorioz suntsitu egin ziren. Konkista fase bakoitzak suntsipeneko dekreturen bat ekartzen zuen eta ezagunena 1512koa da, Zisneros Kardinalarena, bertan, gazteluen suntsipena agintzen zen birkonkistarik egon ez zedin. Honez gain, herria umiliatzeko kutsu bat ere bazuen, Villalba Koronelak gazteluen suntsipenak herrian izan zuen eragina aitortu zuela ezaguna da.
Zenbat erret gaztelu identifikatu dituzue?
Erret gaztelu ugari zegoen Nafarroako Erresuman baina zailtasun handia dago hauek identifikatzeko. Lan gehienak gaur egungo Nafarroa Garaian soilik zentratzen dira Nafarroako 101 gazteluen leloa erabiliz. Hala ere, nire mugarik gabeko ikerketan 450 gaztelutik gora identifikatu ditut Nafar Erret Gaztelu bezala. Oraindik bukatu gabe dut atal hau, beraz gehiago izango dira.
Asko desagertu egin dira, dokumetuetatik eta fisikoki, eta horren harira Tesian ikerketa ildo txiki bat planteatu dut zenbait lurraldetako toponimia ikusita mapan ateratzen zaizkidan hutsune ugari betetzeko. Esaterako Bizkaian, lurralde osoan 12 erret gaztelu daude identifikatuta baina ezin da horrela izan. Gutxi dira eta ez da militarki operatiboa beraien arteko komunikazioa ezinezkoa delako. Gazteluen oinarrizko printzipioa da komunikazio bisuala. Hau da, gaztelu bakoitza beste gaztelu pare batekin bisualki komunikatuta egon behar zuen, ez ziren elementu isolatuak, sare baten parte ziren. Kea eta sua erabilita egindako seinalei esker ordu gutxitan hiribura iristen zen mezua. Hori dela eta, hipotesi hau landuta galduta dauden gaztelu kopuru handi bat ere agertuko da. Zenbat ziren argitzea bizitza osoko lana da… lortuko ote dut noizbait? Saiatu gutxienez egingo naiz.
… eta Identifikazio lan hori nola gauzatzen duzue?
Hasierako lana bibliografikoa izan da. Beste batzuen lanak irakurrita gerora dokumentu historiko ugari kontsultatu dut, baita toponimia. Noski, informazio guzti hori sinplikatu eta fitxa batzuk erabili ditut datu base digital bat osatuz eta GIS bideko mapak erabiliz. Ez da baina ordenagailu aurreko lan bat soilik izan; gaztelu eta toponimo askotara joan behar izan dut, argazkiak, zenbaitetan neurriak eta marrazkiak egiteko. Azken aldian, Drone pilotu egin naiz eta benetan lagungarria izaten ari den baliabide berri bat daukat lanerako.
Gaztelu horien hormek orain arte irakurri ez den historiaren pasarte berri bat gorde dezaketela diozu.
Hormak garaiko testigu bizi bakarrak izateak liluratu egiten nau. Garai guztiak bizi izan dituzte eta nola begiratu jakinez gero beraien historiaren bertsioa ematen digute. Tesian Arkitekturaren Arkeologia lantzeko Europan hobekien kontserbatutako XI. mendeko Nafar erret gaztelu bat aukeratu dut: Loarre Erret Gaztelua (Huescan). Benetan bisita gomendagarria!
Bertako hormak ikertzeko fotogrametria erabili dut. Planoak egiteko teknika berri bat da eta bertan hormaren xehetasun guztiak erregistratuta gelditzen dira, argazki-plano-3D bidezko teknika bat. Beraz, lehenengo pausua eraikin osoaren digitalizazioa izan da.
Momentu honetan, tesiaren atal horretan nago. Hormekin elkarrizketa bat mantentzen saiatzen ari naiz. Batzuetan galderak egiten dizkiot eta ez dut erantzunik, beste batzuetan bai eta askotan espero ez ditudan erantzunak ematen dizkidate.
Hormek eraikinaren historia kontatzea gustatuko litzaidake: nola izan zen eraikia, zein fase izan zituen, historiografiak ezarri dituen eraikuntza faseekin bat datozen… Nire tesia, eraikuntza faseak ulertzeko lehen urratsak dira, baliabiderik gabe eginak eta pertsona bakar batek. Hormen informazio mugatua izango dut baina emaitza aberatsak lortuko ditut. Hori bai, tesiarekin jartzen ditudan oinarriak baliabide eta lan talde handiago batekin ikerketa gehiago egiteko balio izatea espero dut.
Ikergazten izan zara, Txiotesian parte hartu zenuen… euskaraz norberaren ikerketa lana dibulgatzeari garrantzia ematen diozu?
Bai noski, euskara beste hizkuntzak bezain baliogarria da, ikerketak, eta zientzia dibulgatzeko. Eta oso aukera gutxi izaten dugu, gure lana euskaraz aurkezteko edota publikatzeko. Ikerketa munduan, bigarren edo hirugarren mailako hizkuntza dela ematen du. Arkitektura ikasketak egiteko ordea baliagarritzat ematen da. Ikerketak euskaraz egitea ere euskararen normalizazioan gauza natural bat beharko luke.
Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?
Gure historia, gazteluak eta arkitektura historikoa ikertzea nire bizitza guztirako erronka izateko hautua egin dut. Erronka handiena hala ere gizarteak historia oso aberatsa izan dugula ulertzea da, beste herrialde batzukl izan duten iragana eta gaztelu liluragarriak guk ere izan ditugula. Arkitektura informazio iturri ikaragarria dela ulertu behar da eta Arkitekturaren Arkeologiak ematen duen informazioa iturri mugaezina dela. Suntsipenaren aurrean arkitektura digitalki zaintzeak duen garrantzia baloratu behar da. Beraz erronkarik handiena zera da, gure historia ikertzea eta arkitektura historikoa ikertzeak eta babesteak duen balioa gizarteratzea.