Balioko ahal du!

Espainiar liberalismoaren paradigma historiografikoan, XIX. mende erdialdera Modesto Lafuentek sortu zuen hartan, gero Menendez Pidalek jantzi ustez zientifikoagoez hornitu eta frankismoak muturreraino eraman zuen hartan, betidaniko eta betiereko Espainia bat diseinatu zen: zeltek eta iberiarrek sorturiko herri baten jeinua (volk) kokapen geografiko batean (Pirinioek eta bi itsasok itxirik). Geografiak eta herri jeinuak markatuko zuten Espainiar batasun penintsularraren destino zibilizatzaile unibertsala, erlijio eta hizkuntza bakartasunak ardatz.

Den dena historia luze batean garatu omen zen, ibilbide historiko sigi-sagatsu baten zehar, sarri inbasioak gorabehera, sarri ere penin-tsulako tokian tokiko berezitasunen despit, baina betiere azken finean esku metafisiko batek, gizakien gaineko Probidentziak gidaturiko Aurrerabidean joanen zen, Espainia Bat, Handi eta Librea gauzatu arte. Ibilbide gorabeheratsu hartan, bisigodoen batasun nazionalaren haustura eta musulmanen inbasioa ditugu pasarte historikoetako baten ataria, luzeen eta epikoenetako batena, zortzi mendetan iraun zuen Birkonkistaren narrazioarena alegia: halako tunel ilun baten zeharkapena, harik eta bisigodoen batasun zaharra berriro ere eskuratu arte.

Narrazio horretan, leku gutxi, logika osoz, Nafarroarentzat. Gehienez ere une distiratsu bat erreserbatu zioten Nafarroari: Antso III.a Nagusiaren ataltxoa. Hau da, nafar estatuak aukera izan omen zuenean Birkonkistaren narrazioan protagonista izateko. Baina errege hark berak galdu zuen aukera, bere domeinuak -nola edo hala, espainiar erreinu kristauak guztiak esku batean biltzen zirenekoak- seme artean banatu omen zituenean. Birkonkistaren atal horren ondoren, gaztelar zentraltasuna joanen zen indartuz pixkanaka betidaniko Espainia Bat berreskuratze prozesuan; Nafarroa, aldiz, hutsaren hurrengo, itxirik eta Birkonkistan parte hartzeko aukerarik gabe geldituko zen, eta neurri horretan, beraz, egunen batean, aldameneko erreinu penintsular baten esku gelditzera zigorturik, Probidentziak (gordean) eta Gaztelak (agerian) gidaturiko espainiar batasunaren bidean. Birkonkistaren narrazio epikoan, plano ilun batean eta ezer berezirik ekarri gabe gelditu zen Nafarroa, harik eta Fernando Katolikoak gure erreinua espainiar destino unibertsalean sarrarazten jakin zuen arte…

Gero, zorionez, frankismo ondoren, espainiar paradigma historiko orokor hura arras apurtuko zuten bertze Espainiako historiak sortu ziren, gaur egun kanoniko bihurtu direnak, hala nola Tuñon de Larak (Labor) edo Fontanak (Crítica/Marcial Pons) zuzendurikoak. Halaz ere, zoritxarrez, gauza bat da ideia eta bertze bat haren gauzapena alde historiko zehatzagoetan: Nafarroari dagokionez hain zuzen ere, eta XVI. mendeko konkistaz bereziki, Probidentzia, espainiar herri jeinua eta antzeko determinismo metafisikoak kenduta, aurreko topikoen barnean jarraitu dute historia berri hauek ere: halako determinismo geopolitikoa, nafar estatuaren iraun ezina, garaiko Nafarroaren barneko zatiketa espainiar eta frantziartasunaren artean, konkista eta anexio arteko halako sinonimia, anexioa ate historiko gisa nafar gizartea eta instituzioak Erdi Aroko egituretatik Moderniara pasatzeko, ondorio faboragarriak oro har Nafarroarentzat…

Mendeurren honen harira sorturiko ikerketa sakonek (Alvaro Adot, Pedro Esarte, Peio Monteano…) balioko ahal dute topiko zahar horiei uzteko behingoz!

 

http://www.noticiasdenavarra.com/2012/04/29/ocio-y-cultura/cultura/balioko-ahal-du