Baionara joan gabe

Ez biolentzia politikoa erabiliz, ez modu baketsuan jardunez: independentzia ez da posible. Horixe adierazi du Angel Casas kazetari katalanak. Casasi omenaldia egin diote Bartzelonan. Gaztetan independentista zen. Orain, berriz, ez. «Ezin dela ikusten duzu, ez dela bideragarria, herriaren egoera dela eta. Errepublikak sortzea, estatu konfederala, beste kontu bat izango litzateke. Horixe esan zuten euskaldunek eta ez zaie txarto joan. Guri, ostera, oso txarto joan zaigu, ez dakigu eta».

Zergatik ez da bideragarria independentzia? Kazetariak argi du: konstituzioa da oztopoa. «Militarrak alde batean zeudela eta frankistak bestean egin zen konstituzioa. Indarrean dagoen konstituzioarekin ezin da independentzia lortu. Konstituzioa aldatzen duzu edo armak hartu eta kalera irteten zara». Zergatik ezin da aldatu konstituzioa? «Frankismoak bizirik segitzen du espainiar eta katalan askoren gogoan. Nik ez dut frankismoa garaitu; frankismoak garaitu nau. Ni hil egingo naiz, baina frankismoak bere horretan iraungo du».

Bestela pentsatzen du Blanca Serrak. Independentista izaten segitzen du. Duela bi aste elkarrizketa egin zioten. Hark ere euskaldunak izan zituen hizpide. 1981ean atxilotu eta torturatu egin zutela azaldu zuen. «Terra Lliure-rekin eta euskaldunekin egotea egotzi zidaten. Oso akusazio larria zen. Baionako katedralean zer egiten ari nintzen galdetu zidaten. Ni ez naiz sekula izan Baionan». Blanca Serrak esan zuenez, ez da bakezalea, baina ez-indarkeriaren alde dago. Hausnarketa egin zuen: «Nire iritziz, erratu egin genuen. Hemen erakunde armatu bat zegoen, katalana ez zena. Auzi nagusia Hipercor izan zen. Geroztik ez dut ezer jakin nahi euskaldunekin. Oso desberdinak gara».

Zer pentsatua ematen dute bi lagunen iritziek. Biak katalanak ditugu: bata independentista ohia da; bestea, independentista sutsua. Euskaldunak goretsi ditu Casasek; euskaldunak baztertu ditu Serrak. Casasen arabera, errepubliken alde egin behar dugu. Horrela hobeto doakigu, antza. Zuzen dago, arrazoi du? Kontzientzia nazionalari badagokio, ez dut uste. Kontzientzia nazionala badugu, baina, horrekin batera, sentimendu nazional pasiboa ere bai, uste baino handiagoa, botoen bitartez bideratzen dena. Eta hauteskundeen ondoren, bakea eman. Serrak borrokari loturik segitu nahi du, etsi barik, baina biolentziarik gabe. Iragan latza gogorarazten dio euskaldunekiko elkartasunak. 1981ean ez zen Baionara joan, baina behinola bat egiten zuen gurekin.

Baionara joan gabe abertzalea eta independentista izan zaitezke —Zamora edo Limoges aldean inoiz egon gabe espainiar unionista eta frantses jakobinoa izan zaitezkeen bezalaxe—. Baiona zure herriaren zatia dela kontuan hartu barik izan zaitezke abertzalea? Eta independentista? Errepublikak gora eta errepublikak behera gabiltza. Zer errepublika, baina? Gaztela, Andaluzia, Galizia, Katalunia eta abarreko errepublikekin bat egin beharko genuke? Ez al da hori kafea guztiontzat aspaldiko leloa, bertsio progrean? Euskal errepublika (konfederala) nahi genuen eta orain errepublika iberiar konfederalaren alde gaude? Kontuz errepublikekin. Kontuz, ea egun batean gusturago ibiliko ote garen Burgosko Avenida del Cid Campeador kale nagusian Baionako Euskaldunen plazan baino. Gainera, nork esan du Espainia inoiz errepublika, eta areago konfederala, izango dela? Nondik ateratzen dugu halako esperantza? Ez da izango gure burua distraitzeko, gure ezina ezkutatzeko modu bat?

1951ko urriaren 12an Artearen I. Biurteko Hispanoamerikarra ireki zuten Madrilen. Erakusketak Tapies, Cuixart, Miralles, Oteiza eta besteren lanak biltzen zituen. Erregimen frankista artearen bidez legitimatzeko saioa izan zen, atzerriari askatasun artistikoa bazegoela frogatzeko edo. Inaugurazio ekitaldian «pintore iraultzaileen aretoa» aurkeztu zion Alberto del Castillo kritikoak Francori. Diktadoreak irribarre egin zuen: «Iraultza horrela egiten duten bitartean…».

Berria