Gorbatxoven aroak asko hazi zuen Kaukason aurretik zegoen ondoeza. Gatazka etnikoa, 1988ko martxoan Karabakh Garaia Armeniarekin bateratzeko armeniarren eskaeretan zentratuta, urte horretako otsailean biziki areagotu zen Baku eta Sumgait hirietan bizi ziren armeniar biztanleen aurkako pogromoekin. Moskuk gobernu militarra hainbat aldiz ezarri zuen arren, istiluek hedatzen jarraitu zuten. Borroka etnikoak agerian utzi zituen Alderdi Komunistaren gabeziak interes nazionalen defendatzaile gisa, eta, ondorioz, nabarmena izan zen erakunde politiko independentistek Glasnosten espirituan hartu zuten indarra. 1989ko udazkenean, Azerbaijango Herri Fronteak Bakun boterea hartu eta Alderdi Komunista lekuz aldatzeko prest zegoela zirudien. Baina armeniarren aurkako indarkeria lehertu zen Bakun, sobietar tropen esku-hartzeak jarraituta. Istiluak indarkeriazko borroka batean amaitu ziren eta sobietarrek 132 manifestari nazionalista hil zituzten Bakun 1990eko urtarrilaren 20an. Sarraski honen ondorioz, eta Sobietar Batasunarekiko loturak hautsita, Azerbaijanek bere independentzia aldarrikatu zuen 1991ko abuztuaren 30ean, eta Estatu Independenteen Erkidego (EIE)-aren zati izatera pasa zen.
Baku, Azerbaijango hiriburua.
I-Mütallibov-en Presidentetza (1991-1992)
1991ko Estatu-kolpe saiakera gertatu zenean, Ayaz Mütallibov Azerbaijango RSSko presidentea zen eta Zviad Gamsakhurdia georgiar presidentea izan ziren bere alde egin zuten buruzagi sobietar bakarrak. Estatu-kolpeak porrot egin ondoren, Mütallibovek aldaketa konstituzionalak proposatu zituen estatu mailan hauteskunde presidentzial zuzenak ahalbidetzeko. Presidentetzarako hauteskunde hauek, Mütallibov aurkeztu zen hautagai bakarra izan zelarik, 1991ko irailak 8an ospatu ziren, herrialdeko presidente formal bihurtuz. 1991ko urriaren 18an, Azerbaijango Sobiet Gorenak independentzia aldarrikatzeko proposamena egin zuen eta ondoren Alderdi Komunista desegin zen, bere kide ohiek (Mütallibov barne) euren postuak mantendu zituzten arren. 1991ko abenduan egindako erreferendum nazional batean, azerbaijandarrek Sobiet Gorenaren independentzia aldarrikapena onartu zuten. Azerbaijanen independentzia nazioarteko ospe handiko nazioen talde batek aitortu zuen lehen aldiz abenduaren 25ean: Turkia, Israel, Errumania, Pakistan eta Estatu Batuak.
Eta erreforma horiek guztiak, estatu demokratiko funtzional bat eraikitzeko beharrezkoak zirenak, herrialdeak funtsezko eta premiazko bi arazori aurre egin behar zien bitartean aldarrikatu behar ziren: alde batetik, krisi sakon batean murgildutako ekonomia bati, bestetik, indar militar bat hutsetik eraikitzeko beharrari armeniar indar armatuek Karabakhen eginiko aurrerapenei aurre egiteko. Armeniak, Azerbaijanek ez bezala, bere trantsizio politiko eta militarra Sobietar Batasunaren kolapsoa baino lehen burutu zuen. Gainera, independentziaren lehen hilabeteetan, Azerbaijan, ezer erreformatzeko beharrik ikusi ez zuen gobernu batek zuzendu zuen. Ayaz Mütallibov presidenteak independentzia aldarrikatu zuen eta buruzagi nazional gisa berrasmatzen saiatu zen, erreforma politiko esanguratsurik egin gabe. Espiritu honekin, bera aukeratu zen presidente 1991ko irailean, oposizioko beste hautagai batzuk aurkezten ez utziz.
Gorbatxovek SESBeko presidentetzari uko egin izanak, 1991ko abenduak 26an gertatu zena, Batasuneko gainontzeko errepublikak (Bielorrusia, Ukraina eta Errusia) independentzia aldarrikatzera bultzatu zituen, Sobietar Batasuna estatu bezala urte bereko abenduak 31n behin betiko desagertzea esan nahi izan zuena. Honek, Armenia eta Azerbaijan erabateko gerra batean sartzea eragozten zuen azken harresia ezabatzen zuen. Hilabete lehenago, azaroaren 21ean, Azerbaijango Parlamentuak Karabakh Garaiaren autonomia baliogabetu zuen, eskualdea “Xankandi” izenez berrizendatuz. Horri erantzunez, abenduaren 10ean, Karabakhen buruzagitza armeniarraren babespean, erreferendum bat egin zen, eskualdeko azerbaijandarrek boikotatua, independentziaren aldeko botoen gehiengo izugarria lortuz. 1992ko urtarrilaren 6an, eskualdeak bere independentzia osoa aldarrikatu zuen, Azerbaijanekiko edozein harreman mota hautsitzat emanez.
Ayaz Niyazi oglu Mutallibov, Azerbaijango Errepublikako lehen presidentea (1991ko abuztuaren 30etik 1992ko martxoaren 6ra)
Khojalyko sarraskia eta Mütallibov-en erorketa.
Bi faktorek markatu zuten Mutaliboven amaiera. Lehenengoa, oposizio politiko gero eta irmoago baten existentzia izan zen, berpiztutako nazionalismo batek eragindakoa, egia esan, 1990ean jada Azerbaijango Alderdi Komunista zenbait herritan ordezkatzen saiatu zena. Bigarrena Karabakhen arazoa zen, Mütallibovek ez baitzion aurre egin, ezer gertatzen ari ez balitz bezala denbora pasatzen utziz. Horrek herriaren aurrean zuen legitimitate ahula are gehiago galtzea ekarri zion. 1992ko urtarrilaren 26an, Herri Fronteak kongresu bat egin zuen, non Zuzenbide Estatuan oinarritutako Errepublika independente, laiko eta demokratiko bat sortzeko helburua ezarri baitzuen. Onartutako programak Herri Frontearen papera ez zuen alderdi politiko bezala definitu, baizik eta Müsavat eta Lehen Errepublikaren espirituan murgildutako mugimendu sozial eta herrikoi bezala, non alderdi independente korronte ezberdinak elkarrekin existitu zitezkeen. Bestalde, Herri Fronteak lortu beharreko bi helburu argi zituen: erregimen totalitarioaren hondarrak ezabatzea eta Azerbaijanen lurralde-osotasuna babestuko duen sistema politiko multipartidista sortzea.
Karabakheko gatazka gerra ireki bihurtu zen. 1992ko otsailak 25 eta 26an, Karabakheko Khojaly hiria, nagusiki azerbaijandarrek populatua, armeniar indarrek inbaditu zuten errusiar armadaren Erregimentu baten laguntzarekin. Khojalyk balio estrategikoa du, bertatik Stepanakert aireportua kontrolatzen baita, gertu dagoen Karabakh hiriburua. Erasoa, lau urte lehenago Sumgait hirian gertatu zen armeniarren sarraskiaren urteurrenearekin bat egiteko programatua izan zen. Armeniar eta errusiar infantería-errejimenduen armada konbinatuak hiriari hiru aldetatik eraso zioten, aurrez pentsatutako sarraski baten arrastoa utziz: 600 zibil baino gehiago hil ziren eta ehunka gehiago desagertu. Mütallibov Khojalin gertatutako sarraskiari garrantzia kentzen saiatu zen, Karabakheko egoera kudeatzeko zuen ezintasunak bere posizio ahulean izango zuen eragina ulertuz. Baina alferrikako saiakera izan zen, sarraskiaren tamainaren berri berehala zabaldu baitzen Bakura eta, azkenik, mundu osora.
Mütallibovek, Azerbaijango Herri Fronteak presionatuta, martxoaren 6an aurkeztu zion bere dimisioa Kontseilu Nazionalari. Kontrolatu zezakeen armada egoki bat eraikitzeko zuen ezintasunak, bere gobernuaren erorketa eragin zuen. Shusha, Karabakhen azerbaijandarrak bizi ziren azken hiria, armeniarren kontrolpean geratu zen maiatzaren 6an. Zortzi egun beranduago, Kontseilu Gorenak Khojalyko sarraskia ikertu zuen, Mütallibov edozein erantzukizunez absolbitu ondoren, bere ukoa baliogabetu eta presidente bihurrarazi zuen. Hurrengo egunean (maiatzak 15), Azerbaijango Herri Fronteko indar armatuek, Kontseilu Nazionala eta Estatuko irrati eta telebista egoitzak hartu zituzten, jarraian, Mütallibov kargutik kenduz, Moskura nahitaez ihes egin behar izan zuena. Prozesu iraultzaile betean Kontseilu Nazionala desegin eta Asanblea Nazionala eratu zen (Azerbaijango Herri Fronteko kideek eta komunista ohiek osatua). Bi egun beranduago, armeniar indarrek Lachin atzematearekin batera, Isa Gambar Asanblada Nazionaleko presidente aukeratu zuten eta Errepublikako jarduneko presidente kargua hartu zuen 1992ko ekainaren 17ra arte.
II-Elçibeyren Presidentetza (1992-1993)
Komunista ohiek ez zuten 1992ko hauteskunde presidentzialetarako hautagai bideragarririk aurkezteko aukerarik izan eta, ondorioz, Herri Freonteko burua, Abulfaz Elçibey preso politiko ohia, presidente aukeratu zuten botoen % 60 baino gehiagorekin. Elçibeyren programak Azerbaijan EIEtik ateratzea, Turkiarekin harreman estuagoak izatea eta azerbaijandar irandarrekin loturak estutzea biltzen zituen. Bestalde, Elçibeyk 1993a Estatua eraikitzeko urtea izango zela iragarri zuen. Bere proiektuetan, besteak beste, honako hauek zeuden: Parlamenturako hauteskundeak egitea, konstituzio berri bat idaztea eta funtsezko erreformak aurrera eramatea.
Oinarrizko erreformak. Horretarako, Konstituzioa idazteko batzorde bat sortu zen erreforma judizialerako pakete bat onartuz. Arlo ekonomikoan, oinarrizko lege garrantzitsuak aldarrikatu ziren ekonomia planifikatu batetik merkatu-ekonomia batera igarotzeko oinarri bat emateko, Azerbaijani nazioarteko hainbat erakundetan sartzea eta Munduko Bankuaren laguntza jasotzea ahalbidetu ziona. Moneta nazional bat sartu zen, manat izenekoa, eta banku sektore bat indartzen zuten legeak ezarri ziren, banku nazional bat barne. 1993ko hasieran, gobernuak ekonomia pribatizatzeko eta atzerriko inbertsioa ahalbidetzeko legezko oinarriak ezarri zituen, bereziki petrolioaren industrian. Lege hauekin, gero eta argiago geratu zen Azerbaijan ekonomikoki eta politikoki Errusiatik urruntzen ari zela eta Mendebaldera hurbiltzen. Elçebeyk, programa hau gauzatzeko orduan izan zuen arazoa, gaitutako langilerik ez izatea izan zen, eta, beraz, honek, erreformak ezartzearen aurka zeuden funtzionario komunista ohi ugari mantentzera behartu zuen.
Kultur politika. Herri Frontearen gobernuaren eremu kutunetako bat kultur politika izan zen. Bere anbizioa errusiarrek zuten eragin garrantzitsua Azerbaijango hizkuntzan eta kulturan iraultzea zen. Lehenik eta behin, alfabeto zirilikoaren ordez, 1918 baino lehenagoko intelektualitateak asmatutako eta 1920-1930eko hamarkadetan erabilitako latindar oinarriko alfabeto bat jarri zuen. Okerra da Azerbaijanek turkiar alfabetoa hartu zuenaren iritzi orokorra, Lehen Errepublikak latindarrean oinarritutako alfabetoa hartu baitzuen Turkiak baino askozaz lehenago. Azerbaijango alfabetoak turkieraz ez dauden karaktereak ere baditu, hala nola x, Q eta ∂.
Gobernuak hizkuntza nazionalaren izena aldatzea erabaki zuen: ordura arte hizkuntzaren izena “azeriera” zena “turkiera” izatera pasa zen. Alfabeto latindar aldatuaren zaharberritzea herrikoia izan bazen ere, gobernuak hizkuntza nazionalaren izendapena aldatzeko hartutako erabakia ez zen hala izan. Mugimendu horrek zabaldu zuen azerbaijandarren auto-identifikazioaren trumoien kutxa. Gai hau politizatzean, Elçibey eta Gambarrek, panturkisten iritzian parte hartzen zutela zirudien, hau da, Azerbaijan Turkiako probintzia bihurtu nahi zutenena. Baliteke hori bidezko ebaluazioa ez izatea, Elçibeyk erabili zuen termino idiomatiko (türk dili) baten gaizki-ulertuan oinarritu baitzen. “Türk dili” kontzeptua bi eratara uler daiteke: “turkish” (Turkian mintzo den turkiera) eta “turcic” (turkiar hizkuntzak, oro har-gutxienez 35 hizkuntzaz osatutako hizkuntza-familia) zentzuetan. Gobernuak azken honi buruz ari zela (turkic) aditzera eman zuen bitartean, herriak guztiz alderantzizkoa ulertu zuen (turkish). Hala eta guztiz ere, berretiketatze hau ez zuen iritzi publikoak ulertu, Elçibey eta Gambar, inplizituki, beste hizkuntza azerbaijandar baten existentzia bera desafiatzen ari zirela interpretatu baitzuen. Elçibey turkiera zabalago baten kontzeptu lausoaz ari bada ere, azeriera turkieratik bereizitako aldaera bat zelako inplikazioarekin, Azerbaijango iritzi publikoa ez zegoen mugimendu hori ulertzeko prest, eta hau izan zen Aliyevek boterera itzultzean irauli behar izan zuen lehen gauzetako bat.
Herri Frontearen gobernuak, halaber, azeriera Estatuko komunikazio guztietarako behar zen hizkuntza bihurtu zuen, eta azerbaijandarren abizenak errusiargabetzeko lege bat onartu zuen. Lege horren ondorioz, pertsona askok abizenak aldatzea eskatu zuten. Horrek arazoak sortu zituen, batez ere zerbitzu militarren erregistroekin, herritarrei buruzko datu eguneratuak izateko teknologia falta zela eta.
Abulfez Elçibey, Azerbaijango bigarren presidentea (1992ko ekainaren 16tik 1993ko irailaren 1era)
Atzerri-politika. Herri Fronteak bultzatutako kanpo-politikaren ikuspegia ideologian eta printzipioetan oinarritu zen, ez pragmatismoan. Hasteko, Turkiari eta turkismoari eskaini zien besarkada publiko izugarri beroak alarma piztu zuen Transkaukasia osoan, baita nahi ez ziren beste albo-ondorio batzuk ere: Azerbaijango gutxiengo ez-turkiarrak alienatzea, Iran eta Errusia alerta gorenean jartzea, Karabakhen gatazkari bektore geopolitiko bat gehitzea eta Moskuko eta Teherango lobbyak indartzea. Honek guztiak, Armeniari emandako laguntza, Azerbaijan ahultzeko bere intereserako balio zuela uste zutenen jarrera indartu zuen. Gainera, Elçibeyk paper pertsonal erabakigarria jokatu zuen Errusiaren eta Iranen sentimenduak pizteko. Azerbaijango hegoaldean izan zuen aktibismoagatik ezaguna, Elçibeyk behin baino gehiagotan kritikatu zuen Teheran azerbaijandarrek Iranen jasaten duten errepresio kulturalagatik; gainera, jendaurrean arranditsu iragarri zuen bost urte barru Azerbaijan berriz bateratua izango zela. Errusiari dagokionez, ulergarria da Elçibeyk 1992ko amaieran EIEtik erretiratzeko hartutako erabakia, baina neurri horren ondorioak suntsitzaileak izan ziren epe laburrean, Azerbaijango errealitate politiko eta militarrak ezagututa. EIEren irteeraren ondorioz, Moskuk indartu egin zuen Armeniaren aldeko babes politiko eta militarra; horrek armeniarren erasoaldi militarrerako funtsezko laguntza ekarri zuen, baita eraso honetarako behar zen nazioarteko estaldura ere.
Mendebaldeko nazioekin zituzten harremanei dagokienez, egoera ez zen askoz hobea izan. Azerbaijanek berandu hasi zituen europar diplomaziarekiko harremanak, ia urte erdi galduz botere transferentzia zalapartatsuaren ondorioz. Elçibey presidente aukeratu zutenerako, Estatu Batuetako Kongresuko armeniar lobbyak “Askatasunari Laguntzeko Legea” urratzea lortu zuen, estatubatuarrek sobietar errepublika ohiei eskaintzen dieten laguntza tresna nagusia zena. Izan ere, Armeniaren aldekoek, John F. Kerry senatariaren gidaritzapean, AEBko gobernuak Azerbaijango gobernuari laguntza ematea debekatzen zuen testu bat txertatu zuten, Karabakhen aurkako erasoagatik. Handik hilabete gutxira, Armeniak Karabakh osoa kontrolatu eta azerbaijandar populazioaren exodoa gertatzen zenean, Azerbaijan ofizialki erasotzaile bezala izendatua izan zen Kongresuak indarrean jarraituko zuen lege batean, AEBetako hurrengo presidente guztiak aurka egon arren. Azerbaijanek 2001eko irailaren 11ko atentatuan Estatu Batuei emandako babesaren ondoren baino ez zen egoera hori berriro aztertu. Mendebaldeko komunikabideak, orokorrean, armeniarren aldekoak direnez eta armeniar diasporaren indarra nabaria denez, 1992an Azerbaijanek egin behar izan zuen gudu diplomatikoak Elçibeyren gobernuak maneiatzeko gai ez zen ahalegin luze eta gogorra eskatzen zuen.
Turkiaren kasuan ere, nazioarteko foroetan Azerbaijanen alde hitz egiten duen ahots bakarrak, gobernuaren itxaropenak ez ziren errealistak izan. Elçibeyk eta elite azerbaijandarrak ez zituzten ulertu Turkiako atzerri politikaren muga ugariak, Ankara IAIEko kide izateagatik, Zipreko borroka luzean parte hartzeagatik eta 1915eko sarraskietan izandako genozidio akusazio armeniarrengatik. Turkiak ezin izan zituen armeniarren eraso militar berriak ekidin Azerbaijanen, Errusia erretxin eta tarrotu batek lagunduta. Beraz, bektore turkiarrak Azerbaijango atzerri politikan ez zuen Elçibeyk espero zuena bete.
Ustelkeria eta kudeaketa txarra. Elçibeyren onestasuna ez da inoiz zalantzan jarri. Benetako gizon zintzoa eta printzipiodun buruzagia zen, egoitza ofizialari uko egin eta anaiaren apartamentuan bizi izan zena. Baina ezin da gauza bera esan bere gobernuko kideei buruz, ezta bere administrazioko pertsonei buruz ere. Merkatu ekonomiaren etorrerak eta Azerbaijan mundura irekitzeak onura pertsonalerako aukera asko sortu zituzten; gobernuan egoteak etekina ateratzeko aukera onena eman zuen. Askok egin zuten eta egoera horretaz baliatu ziren, batez ere armadarekin zerikusia zutenek. Konturik eta erantzukizunik eman gabe, sistema judizialik gabe eta legearen inperiorik gabe, Estatua ustelkeria legea zen herrialde bihurtu zen.
Sektore ekonomikoan, gobernuak ez zuen estrategia argirik erakutsi, eta politika ekonomikoak maiz aldatu zituen. Moneta nazional berri bat sartu zen arren, pribatizazio legeak aldarrikatu ziren eta inportatutako kontsumo-produktuen joan-etorria hasi zen. Ondorioz, iritzi publikoa gobernuaren aurka jarri zen inflazioa ez kontrolatzeagatik, 1992an % 616 izatetik 1993an % 1130 izatera pasa baitzen. Prezioen igoerak, aurrezki-kontuen eta soldaten galerak eta trantsizioan zeuden ekonomien beste arazo familiar batzuek eragin larria izan zuten Azerbaijango biztanleengan. Bien bitartean, ezberdintasun soziala azkar hazi zen, mafioso, funtzionario eta negozio-gizon talde batek denbora gutxian dirutza egin zuen heinean.
Aukeratu eta urtebetera, Abulfaz Elçibeyk Ayaz Mütalliboven erorketa eragin zuen egoera berari aurre egin behar izan zion. Karabakheko liskar militarrak armeniarren aldekoak izan ziren, honen ondorioz, Azerbaijango lurraldearen bosten bat inguru bereganatu zutelarik, milioi bat barne desplazatu baino gehiago sortuz. 1993ko otsaila inflexio-puntua izan zen Herri Frontearen gobernuarentzat. Hilabete horretan hasi zen gobernua indarraren erabilerari buruzko monopolioa galtzen, estatutasunaren elementurik oinarrizkoena dena. Lerradura Karabakhen hasi zen, gobernuak gerra-frontean bere indarren gaineko kontrola galdu zuenean. 1993ko ekainaren hasieran Surat Huseynov buru zuen matxinada militar bat piztu zen Ganja hirian. Herri Frontearen buruzagitza babes politikorik gabe aurkitu zen gerraren, ekonomia-hondamenaren eta Aliyev buru zuten taldeen oposizioaren ondorioz. Bakun, oposizioak boterea hartu eta berehala bere posizioa sendotu zuen, eta abuztuan konfiantzazko boto erreferendum batek Elçibey presidentetzatik kendu zuen.
Abulfaz Elçibey eta Heydar Aliyev
III-Heydar Aliyeven Presidentetza (1993-2003)
1993ko urriaren 3an presidentetzarako hauteskundeak egin ziren, Heydar Aliyevek gehiengo erabatekoagatik irabazi zituenak. Aliyevek desegite-egoeran zegoen Estatu bat jarauntsi zuen, premiazko erreformen ezarpen irmoa eskatzen zuena. Herrialdearen egoera oso ezegonkorra zen: petrolioaren ekoizpena bat-batean erori zen eta ondorioz herrialdea krisi ekonomiko larrian sartu zen; bestalde, Karabakheko liskarrak areagotu egin ziren eta errefuxiatuen arazoa nabarmen larriagotu zen. Heydar Aliyev gogor aritu zen lehen agintaldian (1993-1998), Estatua berreraikitzeko eta herrialdeari egonkortasuna emateko. Bigarren agintaldia (1998-2003) egonkorra eta nahiko lasaia izan zen.
Lehenengo agintaldia. Boterea sendotzea (1903-1998)
1993ko ezegonkortasun-baldintzek hurrengo urteetan ere jarraitu zuten. Aliyevek oso fase prekarioa igaroko du, estatu kolpeen gainbehera etengabeekin. Gero, errusiar eta turkiar inteligentzia zerbitzuek parte hartu zutela nabarmendu zen. Oso une zailak izan ziren Aliyeventzat, eta, erronkari aurre eginez, pixkanaka bere boterea sendotzea lortu zuen.
1-Aliyev-en sare politikoa berreraikitzea.
Aliyeven lehentasuna ordena publikoa eta hazkunde ekonomikoa sortuko zituen Estatu funtzional bat berreraikitzea izan zen. Aliyevek 1993an aurre egin behar izan zien erronkak 1969an Sobietar Errepublikan zeuden berberak izan ziren. Erakunde informal boteretsuak, leialtasun zaharrak, ahaidetasun-sareak eta eskualde-sareak sakonki sartzen ziren erakundeetan, eta honen ondorioz, ustelkeria neurrigabea, nepotismoa eta kudeaketa txarra eragiten zituzten. Ezbairik gabe esan daiteke Azerbaijan izan zela ustelkeria-indize handienetako bat zuen SESBeko errepubliketako bat. Aliyevek, bere erreforma gogoetatsua, estatu erakundeak purgatuz gauzatu zuen, autoritate postuak leialtasun osoz fidatzen ziren pertsonekin betez. Beste hitz batzuekin esateko, Aliyevek, bere babesle sare propioa eraiki zuen antzinakoa ordezkatzeko, garaiz funtzionatu zuena, eta, inolako zalantzarik gabe, aurrerapen ekonomikoa eta egonkortasun politikoa ekarri zituena.
1993an, kleptokrazia gobernaezin baten esku zegoen gobernu-erakundeen oinarrizko funtzionamendua berrezartzea zen zeregina. 1993an, ekoizpen ekonomikoa 1990eko mailen % 40 baino gutxiagoan kokatu zen, eta gobernuko funtzionarioek hilean dozena bat dolarren pareko soldata jasotzen zuten. Horrek esan nahi zuen Estatu profesional ez-ustel eta eraginkor bat eraikitzeko behar ziren baliabideak ez zeudela, trebetasun modernoak zituen langilerik ez zegoen bezala. Ustelkeria benetako gertakaria zen, eta ezin zen bat-batean desagerrarazi. Aitzitik, etxekotu egin behar zuen.
Aliyevek, bere antzinako Estatu eredu autoritarioa egokitu zuen, eta botere egitura informalen errealitatea estatu moderno baten beharrekin adiskidetu zuen. Ustelkeria onartu egin behar zen, baina baita kontrolatu ere, hau da, ustelkeria anarkikoa eta kontrolik gabea beste batek ordezkatu behar zuen, harreman kontrolatuak, egituratuak, ia feudalak izango zituena. Ideologian edo legearekiko errespetuan oinarritutako leialtasunik ezean, eta funtzionarioei bizi dezaketen soldata ordaintzeko baliabiderik gabe, ustelkeriak legitimazio-faktore gisa eta elitearen eta botere-ministerioen babesa mantentzeko balio du, hau da, agintariaren jarrera egonkorra izateko beharra da. Egiazki, konponketa hau sistema feudal baten antzekoa da, non gobernariak zenbait funtzio ekonomiko baroi edo burokrata baten esku uzten baititu leialtasunaren truke. Kontua da legez kanpoko diru-transferentzia informalekin funtzionatzen duen sistema bat aldatzea, truke horiek legearen barruan formalizatu eta gertatzen diren beste sistema batean. 1993an, Aliyevek, 1970eko hamarkadan eraiki zuen botere sistema berrezarri zuen, bere autoritate pertsonalean ez ezik, herrialdearen eta bere antzinako funtzionarioen ezagutzan ere oinarritzen zena.
Heydar Aliyev, Azerbaijango hirugarren presidentea (1993ko urriaren 10etik 2003ko urriaren 31ra)
2-Karabakheko gerra geldiaraztea.
Armeniarrek, azkar aprobetxatu zuten Azerbaijanen nagusi zen anarkia eta kaosak emandako aukera. Arreta guztia Bakuko botere-borroketan jarrita, Azerbaijanek lurraldea galdu zuen 1993ko uda eta udazkenean: ekainaren 28an Mardakert probintzia erori zen, uztailaren 24an Agdam, abuztuaren 23an Fizuli eta egun batzuk geroago Jebrail. Denbora gutxian, Irango mugatik gertu zegoen Zangilan ere erori zen, ondoren Qubatli Lachin korridorearen hegoaldean, eta Huradiz hiria, Fizuli hegoaldean. Lurraldeen okupazio horrek 700.000 pertsona kanporatzea eta nazioartearen alarma eragin zuen. Inguruko herrialdeek, Turkiak eta Iranek esku hartzeko mehatxua egin zuten, Errusia ere kezkatu zuen krisi bat sortuz. Akordio batera iritsi beharrak su-etena aldarrikatzera behartu zituen bi aldeak (Bikekeko Protokoloa, 1994ko maiatzaren 6a). Azerbaijanen porrota aringarririk gabe onartu ondoren, Aliyevek orain Estatu-eraikuntzan jarri zuen arreta, gatazka konpontzeko baliabide diplomatikoak erabiliz. Hala ere, diplomaziak huts eginez gero, aukera militarra zabalik mantentzeko konpromisoa hartu zuen hasieratik.
3-Boterearen monopolioa lortzea eta elementu desleialak ezabatzea.
Nominalki estatuarenak ziren unitate armatuetako soldaduak, oro har, leialak ziren ez estatuari, baizik eta beren komandante indibidualari, honen poltsikotik ateratzen baitzen bere ordainsaria (sarritan legez kanpoko negozio batzuetan parte hartzearen ondorioz). Aliyeven funtsezko lehentasunetako bat indarraren erabileraren gaineko monopolio estatala berrezartzea izan zen, batez ere kontuan hartuta ez zela boterera iritsi milizia taldeen laguntzarekin, eta ez zituela talde horiek kontrolatzen.
Azerbaijango barne egoera politiko tirabiratsuak gerra zibil bihurtzeko mehatxua egiten zuen aldian-aldian. Ekainaren 21ean, “talish” etniako Alakram Gummatov koronel eta Defentsa ministrordeak, beste ofizialekin batera, “Talish-Mugan Errepublika Autonomoa” aldarrikatu zuten zazpi eskualde azerbaijandarren lurraldean. Izena “Mugan” boltxebikearen aldeko Sobietar Errepublikan oinarritu zen, 1919ko martxotik ekainera arte, Azerbaijango Lehen Errepublikaren aurka egon zena. Gummatovek Heydar Aliyev presidentearen dimisioa eta Ayaz Mutallibov presidente ohia Bakura itzultzea eskatu zuen. Hala ere, bere jarrera politikoak ez zuen Talysheko biztanleriaren babes esanguratsurik jaso, eta bi hilabete beranduago, abuztuaren 23an, errepublika aldarrikatua erori egin zen eta Gummatovek Iranera erbesteratu behar izan zuen. Azerbaijanera estraditatua, heriotza zigorra ezarri zioten goi-mailako traizioagatik 1996an; 2004an indultua jaso eta Herbehereetara erbesteratu zen.
Alikram Hummatov, Talysh-Mughan Errepublika Autonomoko presidentea 1993an
1994ko irailaren 20an, Aliyevek eta Mendebaldeko energia multinazionalen partzuergo batek Azeri, Chirag eta Guneshli petrolio zelaiak estaltzen dituen hogeita hamar urteko ekoizpen partekatuko akordioa sinatu zuten. 8.000 milioi dolarretan baloratutako akordio honi laster “XX. mendeko kontratua” izena eman zitzaion. Azeri-Chirag-Gunashli petrolio aztarnategia Kaspiar Itsasoko Azerbaijango kostaldetik 120 kilometrora dago, ur azpitik 120 metrora. ACG garapenaren eremua 432,4 kilometro karratukoa da eta 5 eta 6 mila milioi upel (790 eta 950 milioi metro kubiko) arteko petrolio erreserbak ditu. 2005. urtearen amaieran, plataforman aurrez zulatutako zortzi putzuren eguneko ekoizpen-tasa 240.000 upel ingurukoa zen (38.000 m3/e). Petrolioaren ekoizpen gorena, eguneko 835.000 upel (132.800 m3/e), 2010eko hirugarren hiruhilekoan lortu zen. 2012ko lehen hiruhilekoan, petrolioaren eguneko ekoizpena 710.000 upel ingurukoa izan zen.
Azeri-Chirag-Gunashli petrolio aztarnategia
Kontratu honekin lotuta, gertaera harrigarri batzuk sortuko dira: goi-mailako traizioagatik epaitutako lau preso kualifikatuk espetxetik ihes egiten dute; bi goi funtzionario hil egiten dituzte eta indar berezietako (OMON) hiru kide atxilotu eta erruztatu egiten dituzte hilketa horiengatik; Parlamentuko kideak kontratuari betoa jartzea eskatzen dieten telefono dei anonimoak jasotzen hasten dira, hurrengo hildakoak izan ez daitezen; ondoren, Barne Arazoetako indar bereziek (OMON) atxilotuen bulegoan sartzen dituzte eta atxilotuek kontrolatzen dituzte. Kontua ez da hemen geratzen. OMONeko soldaduek fiskal nagusiaren, Barne Ministerioko burua eta Parlamentuko presidentea dimitzea, beren kideak askatzea eta larrialdiko saio parlamentarioa deitzea eskatu zuten. Heydar Aliyevek larrialdi egoera bi hilabetez deklaratzeko dekretua sinatu zuen, eta urriaren 3ko gauean dei bat egin zuen telebistan, gazteei eta nagusiei presidentearen jauregian biltzeko eskatuz, herrialdearen independentzia babesteko. Jendetza bildu zen kalean Aliyeven alde, eta Surat Huseynov lehen ministroa, Ayaz Mutallibov presidente ohia eta Vaguf Huseinov KGBko buruzagi ohia tartean zeuden estatu-kolpe baten berri eman zuten. Surat Huseynov lehen ministroa etxean atxilotu eta kargutik kendu zuten. Gero, Errusiako segurtasun zerbitzuek lagunduta, Kaukaso iparraldeko base militar batera ihes egin zuen, eta handik Moskura.
Surat Huseynov, Gobernuko lehen ministro, lehenengo estatu-kolpean parte hartzeagatik atxilotua
Lehen estatu kolpea izan eta sei hilabetera, 1995eko martxoan bigarren saiakera bat egin zen. OMON indar bereziak talde kriminal bihurtu ziren, kontrabandoan, droga-trafikoan, krimen antolatuan eta Turkiako erakunde ultranazionalistekin elkarlanean arituz. Aliyevek ordenaren indarrak kontrolatzeko egindako ahaleginek, erantzun bezala, presidentea hiltzeko konplot bat egitea eragin zuten. Turkiako inteligentzia zerbitzuetako elementu batzuk eta Bakuko enbaxada turkiarra, dirudienez, planifikatutako kolpean nahasita egon ziren. Javadovek, OMON indar berezien buruzagiak, Aliyev OSCEren Kopenhageko goi bilera batetik itzuli eta segituan hiltzea pentsatu zuen. Baina Aliyev berehala Süleyman Demirel Turkiako presidenteak informatu zuen, behin inteligentzia zerbitzu turkiarrak konplota aurkitzen hasi zirenean. Aliyevek, indar berezien egoitzaren aurkako erasoa agindu zuen, eta, honekin, matxinadari amaiera eman zitzaion. Javadov egoitzan zegoen, eta tiroketan jasandako lesioen ondorioz hil zen.
Javadoven matxinada armatua Aliyeven agintaldian azkena izan zen, baita inflexio puntua ere, honen ondoren, gobernuak, indarraren erabileraren gaineko bere monopolioa berreskuratu zuelarik. Baina bi kolpeek ondorio sakonak izan zituzten Azerbaijanen kanpo harremanetan. Aliyevek ez zuen Errusiarekiko konfiantzarik izan, baina Turkiarekin zuen antzinako kidetasunak porrot gogorra jasan zuen 1995eko martxoko kolpearekin. Azerbaijanek Turkiarekin zuen harremanak adeitsua izaten jarraitzen zuen, baina lehen harreman “berezi” bihurtu zuten ahaidetasun eta konfiantza sentimendu emozionala galdua zuen. Honek guztiak, Azerbaijan nazioarteko komunitateko nahiko kide bakarti eta isolatu bihurtu zuen: armeniarren aurka gerran zegoela, Errusiak, Iranek eta Turkiak babestutako altxamenduei aurre egin behar izan zien. Aliyevek Mendebaldearekin lotura sendoak eta zuzenak eraikitzeko hartutako erabakiak bultzada handia jaso zuen esperientzia hauen ondorioz.
Rovshan Javadov, Indar Berezi (OMON)-en burua, bigarren estatu-kolpean inplikatua eta hila
4.- Boterearen sistema formala eraikitzea.
Aliyevek gobernu sistema presidentziala ezarri zuen konstituzio berri baten eta hauteskunde parlamentarioen bidez. Horretarako, Elçibey presidente ohiaren zorteari buruzko erreferendum batekin hasi zuen prozesua. Erreferenduma 1993ko abuztuaren 30ean egin zen, eta herritarren % 97,5ek Elçibeyren karguari uko egitearen alde bozkatu zuen. 1993ko urriaren 3an presidentetzarako hauteskundeak egin ziren eta Aliyevek botoen % 98,8 eskuratu zituen.
Aliyevek Batzorde Konstituzionala deitu zuen 1995eko ekainean indarrean jarraitzen zuen 1978ko Sobietar Batasunaren Konstituzioa ordezkatzeko. Azerbaijango Konstituzio berria 1995eko azaroaren 12an egindako erreferendum nazional batean onartu zen. Konstituzioak botereen banaketa, botere judizial independentea eta parlamentu hautatua ezartzen ditu, presidenteari emandako botere zabalak nabarmenduz. Horien artean daude lehen ministroaren eta kabineteko kideen izendapena eta kargugabetzea, baita fiskal nagusiarena, epaileena eta goi mailako ofizial militarrena ere. Aliyevek Azerbaijan errepublika presidentziala izatea nahi zuen, Estatu-eraikuntzaren bere ikuspegira egokitua.
5-Nazioarteko legitimitatea bilatzea.
Aliyevek herrialdeko petrolio aberastasunarekiko nazioarteko interesa maltzurki erabili zuen, atzerriko buruzagiekin harremanak sustatzeko modu gisa. Petrolio partzuergoa, nagusiki, mendebaldeko multinazional estatubatuarrekin (Amoco, Exxon) eta europarrekin (Statoil, British Petroleum) eraiki zuen. Ondoren, japoniarrak (Itochu), turkiarrak (Turkish Petroleum), sauditak (Delta Oil) eta errusiarrak (Lukoil) gonbidatu zituen, guztiak pozik uzteko asmoz.
1997an, Aliyevek laguntza talde esanguratsu bat biltzea lortu zuen, goi mailako funtzionario ohiak barne, Zbigniew Brzezinski, Richard Cheney edo James Baker kasu. Aliyeven ahaleginek, ordura arte Mendebaldeak Azerbaijanekiko izan zuen iritzia pixkanaka aldatu zuten. 1990eko hamarkadaren amaieran Azerbaijanek Estatu Batuetako bazkide estrategiko estatusa irabazi zuen.
William S. Cohen Defentsako idazkaria eta Heydar Aliyev presidentea
Bigarren agintaldia. Egonkortasun-fasea (1998-2003)
1997an herrialdea egoera egonkorrean zegoen, bai politikoki bai ekonomikoki, petrolio industriari esker. Baina askatasun eta demokrazia eskari herrikoiak ez ziren aintzat hartu. Heydar Aliyevek gobernu sistema erdiautoritario bat eratu zuen, hau da, demokrazia liberalaren onarpen erretorikoa, erakunde demokratiko formal batzuen existentzia, eta funtsean ezaugarri antiliberalak edo autoritarioak dituzten askatasun zibil eta politikoen zati mugatu batekiko errespetua konbinatzen dituen sistema anbiguo bat. Bestalde, gizarte azerbaijandarrak ez zuen errepresio berezirik sentitu, adierazpen askatasuna orokorrean errespetatu egin baitzen.
Aliyevek bere buruaz zuen ikusmoldea autokrata onbera batena zen, herrialdea suntsipenetik salbatu zuen aita-figura batena. Aliyebek uste zuen, 1987-1993 bitartean boteretik kanpo egon zenean, herrialdea suntsitu zela, berak gobernatu zuen 1969-83 bitartean lortutako aurrerapena galduz. Herri Fronteko gobernuak herrialdea besterendu eta isolatu zuen kolapsora eramanez, ondoren, ihes eginez bukatzeko, “bere seme-alabak uzten dituen ama bat bezala” (Aliyevek esango lukeena). Analogia hau oso adierazgarria da, azerbaijandar herriarekiko bere ikusmolde paternalistaren inpresioa indartzen baitu. Aliyevek uste zuen demokrazia epe luzerako helburu bat zela, eta bere berehalako helburua gobernu ordezkatzaile egonkor bat lortzea zela. Behin eta berriz gogorarazi zien mendebaldeko solaskideei demokrazia eraikitzeak ekarri zien denbora luzea eta etengabeko ahalegina, eta Azerbaijan urte batzuk lehenago anabasan eta anarkian bizi izan zela. Azken helburua demokrazia lortzea da, erakundeak, merkatu-ekonomia eta kultura politikoa eraikiz.
1998ko urrian, Aliyev berriz hautatu zuten bigarren agintaldi baterako. Oposizio ahulak hauteskunde-iruzurra leporatu zion arren, ez zen hautaketaren nazioarteko gaitzespen orokorrik izan. Aliyeven bigarren agintaldian, petrolio ekoizpenaren gorakada handia izan zen, BPren nagusitasuna Azerbaijango atzerriko petrolio konpainia nagusia izan zelarik. Turkia eta Europar Batasunarekin gasa esportatzeko akordioak sinatu ziren. Azkenik, Baku-Tbilisi-Ceyhan oliobidearen eta Kaukaso hegoaldeko gasbidearen lanak 2003an hasi ziren; oliobidea 2005ean amaitu zen eta gasbidea 2006an.
Aliyev aroaren egonkortasunak, Azerbaijango gizartea eta ekonomia, gainontzeko munduarekin integratzen hastea ahalbidetu zuen. Azerbaijanek bi digituko hazkunde-aldia izan zuen, 1999an izan ezik, Errusiako krisi ekonomikoak herrialdeari eragin zionean. Inflazio-tasak % 3tik behera mantendu ziren 2004ra arte. Hazkunde ekonomiko hori petrolioaren industrian oinarritu zen, baina gainerako ekonomiara ere hedatu zen. 2000rako, egonkortasun ekonomikoa emaitzak sortzen hasi zen, soldata eta diru-sarrera errealen igoerari eta pobrezia-tasen murrizketari dagokienez.
Ekonomiaz gain, gizarte azerbaijandarra orain inoiz ez bezala zegoen ikusgai munduaren aurrean. Esposizio-maila berri horrek arrakala ekonomikoak eta kulturalak areagotu zituen gizartean, batez ere landa- eta hiri-eremuetan. Horrek, batez ere Bakun, duela gutxi telekomunikazio eta hedabideen monopolio sobietarraren menpe egon zen biztanleriaren pentsamoldea zabaltzea ekarri zuen. Bakun, klase ertaineko gazteak, orain, Islamaren eta Mendebaldearen kulturak elkartu eta elkar jo zuten giroan hazi ziren. Tokiko eta atzerriko eraginak nahasten zituzten azpikultura ezberdinak sortu ziren: adibide nabarmena pentsaera nazionalista eta erlijiosoa zuen rap musika komunitatea da, belaunaldi gazteenaren artean oso ezaguna egin zena. Hain onak ez ziren beste eragin batzuk ere garatu ziren, hala nola erradikalismo erlijiosoa, talde kriminalak eta drogen abusua. Azerbaijan, sobietar garaitik aldendu zen, paradoxikoki, islamiar tradizioak eta balioek erabat tindatua egon zena, sobietar komunismoak lurrari ezarri zion isolamendu berak eutsia.
Aliyeven osasunak huts egin zuen. 2003ko apirilean telebistan emandako hitzaldi batean behera egin zuen, eta urrian bere seme Ilham izendatu zuen presidentegai, oposiziorik gabe. Bihotzeko eta giltzurruneko arazoak zituen Estatu Batuetako klinika batean hainbat hilabetez ingresatuta egon ondoren, 2003ko abenduaren 12an hil zen.