1917ko azaroan tsarraren erorketa ondoren, Errusia inperialeko Transkaukasiako herriak, hau da, georgiarrak, armeniarrak eta azerbaijandarrak, ustekabeko posizioan aurkitu ziren. Tsarraren abdikazioak esan nahi zuen bere gobernadoreak ere, tsarraren Kaukasoko erregeordeak, uko egin behar ziola. Beren burua utzirik, alderdi politiko nagusiek “Transkaukasiako Komite Berezia” (OZAKOM) izenekoan elkartuta jarraitzea erabaki zuten, hiriburua Tiflis hirian (gaur egungo Tbilisi) mantenduz, Hego Kaukasoko administrazio-zentroan. Parlamentu bat eratu zuten, Seim izenekoa, honen bidez beren burua gobernatzeko, harik eta Errusia osoko Batzar konstituziogile berri bat hautatu ahal izan arte, inperio osorako oinarri berri eta demokratiko batean aurrera egiteko bide bat ezartzeko. Transkaukasiarrek ez zuten independentzia asmorik, eta Errusia berri baten parte izaten jarraituko zutela esan zuten.
Transkaukasia espaziotik ikusita
I-OZAKOM. Transkaukasiako Komite Berezia. (1917ko martxoaren 9tik azaroaren 11ra)
“OZAKOM”-ek (Osobyi Zakavkazskii Komitet-en akronimoa), eskualdeko gobernu funtzioak hartu zituen, baina erakunde ahul bat zen, eta ez zen Petrogradoko gobernuarentzako lehentasun bat. Gainera, bere osaketak, Kaukason benetako eragina zuten herri eta indar politikoekiko deskonexio bat adierazten zuen. Transkaukasiako hiru eskualdeetan indar eta alderdi ezberdinak ziren nagusi: Georgian, Errusiako Langile Sozialdemokrata alderdiaren mentxebikeak; Armenian, AFI (Armeniar Federazio Iraultzailea)-ren nazionalistak, eta Azerbaijanen, indar nazional-turkiarrak, nagusiki Müsavat alderdiaren barnean ordezkatuak.
Baina Azerbaijanen egoera konplexuagoa zen, Baku hiriburua etnia anitzeko hiria baitzen, langile-populazio nabarmena zuena. Baku zen Kaukasoko toki bakarra, non mentxebikeek ez baitzuten mugimendu sozialista menderatzen. Baku hirian, sozial-iraultzaileak, nagusiki errusiarrez eta, neurri txikiagoan, armeniarrez osatuak, Langile Diputatuen Sobietarraren osagai nagusia ziren (1917ko martxoaren 7an antolatua), bigarren eta hirugarren postuetan mentxebike eta boltxebikeak zituztenak. Bakuko Sobietar Batzordean Stepan Shaumian buruzagi boltxebikea zen nagusi, eta bertako biztanleria ia baztertuta geratu zen, ez Hümmät ez Müsavat (bi alderdi musulman nazionalistak eta ezkerrekoak) ez ziren ordezkatuta egon. Horrek Müsavat ezkerreko bloketik urrundu zuen, nazionalismora hurbilduz. Aurrerantzean, Müsavat lankidetzan arituko da Gandjan azaleratzen ari zen “Turkiar Deszentralizazio Alderdia” mugimendu nazionalistarekin, hiria gobernatzen zuen Difairen oinordekoa. 1917ko apirilean egin zen Kaukasoko Kongresu musulman batek, Müsavat eta Turkiar Deszentralizazio Alderdia bloke bakar bezala finkatzen lagundu zuen, hurrengo hilabetean ofizialki bat eginez Müsavat izenarekin. Müsavatek langile eta nekazari musulmanen leialtasuna irabazi zuen, baita elite intelektualarena ere. Müsavaten igoerak Bakuko historiak Azerbaijango gainerakoekin alderatuta hartuko zuen norabide dibergentea markatu zuen.
II-Transkaukasiako Komisariotza (1917ko azaroaren 11tik 1918ko martxoaren 26ra)
Boltxebikeak boterera iritsi zirenean, 1917ko azaroaren 15ean OZAKOM ordezkatu zuen Transkaukasiako Komisariotza sortu zen Tiflisen. Transkaukasiako behin-behineko koalizio-gobernua izan zen, mentxebike georgiarrek, Dashnak armeniarrek eta Müsavat azerbaijandarrek parte hartu zutelarik. Koalizio-gobernu honek jarrera guztiz aurkakoa hartu zuen Sobietar Errusiarekiko, Kaukasoko boltxebikeen aurkako indar guztiak babestuz. Talde armatu nazionaletan oinarrituz, Komisariotzak bere boterea Transkaukasia osora hedatu zuen, Bakuko eskualdean izan ezik, han sobietar boterea ezarri baitzen. Beraz, 1918ko hasieran, kontrako bi eremu sortu ziren Transkaukasian: alde batetik, Bakuko boltxebikeen hiri-gune industriala, eskualdeko botere sobietarraren postu aurreratua zena; bestetik, Tiflis eta Transkaukasiako Komisariotza, eskualdeko gune tradizionala zena. Garai hau, armeniarren eta azerbaijandarren arteko gatazka etnikoen larriagotzeak baldintzatu zuen, bai eta turkiarrek Transkaukasia atzematearen mehatxuak eta boltxebikeek fronte kaukasiarraren unitateen artean zuten eragin handiak ere. Komisariotzak ez zekien nola aurre egin egoerari. 1918ko martxoaren 26an, Transkaukasiako Sejm-ek (Parlamentua) Komisariotzaren ukoa onartu zuen eta Behin-behineko Gobernu Transkaukasiarra eratu zuen.
Brest-Litovsk-eko Ituna onartu zenean, Errusiak Lehen Mundu Gerran parte hartzeari utzi zion. Azerbaijango Batzorde Nazionalek soldadu errusiarrak desarmatzea eta Errusiara itzultzea ahalegindu zuten. Segurtasun gabeko eta gero eta antagonismo handiagoko giro honetan, alderdi politiko bakoitzak armak hartu zituen, eta tentsio etnikoek izugarri gora egin zuten. Müsavat azerbaijandarrak, AFI armeniarrak eta Bakuko Sobietar Batzordeak euren arteko harremanak eten zituzten.
1918ko martxoan, Müsavat-eko indar armatuek Azerbaijango zatirik handiena hartzen zuten, Baku hiria izan ezik, bi zatitan banatua zegoena: bata, musulmana, Kontseilu Nazional Musulmanak kontrolatua eta Müsavat-eko unitate militarrek defendatua, eta bestea, armeniar-errusiarra, Bakuko Boltxebike-Dashnak Kontseiluak. Martxoaren 29an, bake ahuskorra hautsi zen sobietar indarrek armak kendu zizkietenean Bakura tropak zeramatzan ontzi bateko azerbaijandar tripulazioari. Horrek musulmanen haserrea eragin zuen. Martxoaren 30ean, azerbaijandarrek manifestazio baketsuak egin zituzten. Erantzun gisa, zigortzeko ekintzak hasi ziren eta barrikadak jaso ziren hiriko hainbat tokitan. Bakuko Sobiet boltxebikeak, Stepan Shaumyan armeniarrak zuzendua, hiriko Dashnak armeniar unitateen babesa lortu zuen. Shaumyanek, Leninek diplomaziarako egindako deiak gorabehera, Müsavat fisikoki ezabatzea bilatzen zuen, hiriko biztanleria musulmanaren erabateko babesa zuena. Bakuko erdigunea eta hiriko alde musulman guztiak, salbuespenik gabe, boltxebikeen eta Dashnak taldeen eraso armatu baten biktima izan ziren. Müsavaten indarrak errenditu egin ziren, baina borroka, ondoren, sarraski bihurtu zen. Martxoaren 30a eta apirilaren 3a bitartean, errusiar-armeniar destakamenduek hiriko auzo musulmanak arpilatu, hil eta erre zituzten, 12,000 azerbaijandarren heriotza eta gainontzekoen exodoa eraginez. Azerbaijan modernoan, gertaera historiko tragiko hauek Soyqla izena daramate, turkiar azerbaijandar hitz bat genozidioa izendatzeko. Bakuren osaera etnikoa aldatu egin zen: bere jatorrizko elementua (landara ihes egina) orain nabarmen murriztu da boltxebikeek boterea duten bitartean. Gertaera hauen ondoren Bakuko Komuna sortzen da eta, ondorioz, Azerbaijango Estatuak bere lehen hiriburua Gandja hirian izan beharko du.
III-Transkaukasiako Errepublika Demokratiko Federala (1918ko apirilaren 22tik maiatzaren 26ra)
1918ko martxoaren 3an Brest-Litovskeko Ituna sinatzeak, Batumi, Kars eta Ardahan barrutien okupazio turkiarra ekarri zuen, armeniar eta georgiarrek populatutako guneak. Turkiaren aurkako fronte sendo bat eratzeko asmoz, Transkaukasiako nazioetako alderdi nagusiek Transkaukasiako Errepublika Demokratiko Federala aldarrikatu zuten, teorian Errusiako Sobietar Errepublikaren menpekoa zena, muga berriak Otomandar turkiarrekin negoziatzen saiatuz. Otomandar Inperioa zurrun agertu zen eta turkiarren aurkako gerra piztu zen. Federazioa osatzen zuten hiru errepubliken arteko desadostasunek, egoerari aurre egiteko moduari dagokionez, bere existentziari denbora gutxian amaiera eman zioten. Transkaukasiako Errepublika Demokratiko Federalak bost aste baino gutxiago iraun zuen: Georgia 1918ko maiatzaren 26an banandu zen. Bi egun beranduago, Azerbaijan eta Armenia. Errepublika Federala jada ez da existitzen.
Kaukaso hautsi egin zen ezinbestean lerro etnikoetan, eta, beraz, nazio-estatuen sorrera larriki baldintzatuta zegoen. Georgiako mugak, zenbait arazorekin bada ere, zentzuz argigarriak diren kokatze-ereduetan oinarrituta zehaz litezke. Baina armeniarrak eta azerbaijandarrak ez ziren leku ezberdinetan bizi. Armeniar biztanle-kontzentrazio handienak Baku eta Tiflis hirietan zeuden, baita Gandjan eta Azerbaijango beste hiri eta herri batzuetan ere. Aitzitik, Erevan eskualdeko (Armenia bihurtuko dena) biztanleriaren zati handi bat musulmana zen, azerbaijandarrek eta kurduek osatua. Eredu demografiko honek ia ezinezko egin zuen Hego Kaukaso lerro etnikoetan banatzea, populazio trukaketa, gatazka edo garbiketa etniko nabarmenik gertatu gabe. Tamalez, harreman komunalak elkarren beldur eta susmoan okertu ziren, eta ezinezkoa zen banaketa baketsua. Aldiz, lurralde gatazka Kaukasoko hiru nazioen independentziaren ondorio saihestezina bihurtuko litzateke, hauek ahulduz, mundu-komunitatearen aldetik beren aitortza eragotziz eta Errusiak berxurgatzea erraztuz.
IV-Azerbaijango Errepublika Demokratikoa (1918ko maiatzaren 28tik 1920ko apirilaren 28ra)
1918ko martxoko gertaerek, Müsavaten porrota gorabehera, turkiarren aldeko nazionalismoa eta begikotasunak indartu zituzten azerbaijandar gizartean, eta independentziarako eremu emankorra sortu zuten. 1918ko maiatzaren 28an, iraupen laburreko Federazio Transkaukasiar baten desintegrazioaren ondoren, Azerbaijango Errepublika Demokratiko independentea Tiflisen aldarrikatua izan zen, Elizabethpolen (Gandjan) aldi baterako hiriburu zuela. 35 urteko batez besteko adina zuen gizon talde handi batek, Azerbaijan izeneko herrialde berri baten jaiotza iragartzen zuen dokumentu bat sinatu zuen. “Egun honetatik aurrera, Azerbaijango herriak subiranotasuna du eta eskubide guztiak dituen estatu independente bihurtzen da”. Adierazpenak, gainera, Azerbaijan independentea errepublika demokratiko bat dela zehaztu zuen, nazio guztiekiko eta, bereziki, inguruko nazio eta estatuekiko harreman onak izatea du helburu, eta bere hiritar guztiei eskubide zibil eta politikoak bermatzen dizkie, nazionalitate, sinesmen, klase sozial edo sexu bereizketarik egin gabe. Errepublika berriaren sortzaileak Müsavat (Berdintasuna) alderdi sozialdemokratako kideak ziren nagusiki. Gehienak Errusiako unibertsitateetan heziak izan ziren, eta erakunde horietan aurkitu eta xurgatu zituzten demokraziaren ideiak. Azerbaijandar hauek, elebidunak eta eroso erabiltzen zuten errusiera politika eta administraziorako hizkuntza bezala, euren estatu berriari errusierazko izen bat eman zioten, Азербайджанская Демократическая Республика (Azerbaijango Errepublika Demokratikoa) eta beste bat azerieraz, Azərbaytican Xalq Cümhuriy (Azerbaijango Herri Errepublika). Esanahiak ez zeuden oso aparte. Errepublikaren sortzaileek “demokratikoa” eta “popularra-herrikoia” izendapenak aukeratu zituzten estatu berria inongo aristokraziarena ez zela azpimarratzeko, ez pribilegiatu gutxi batzuena, baizik eta “demo”-rena, herriarena. Independentzia lortzeko borrokan oso garrantzitsuak diren pertsonaiek osatuko dute gobernua: Razulzadeh (presidentea), Topchibashev (parlamentuko burua) eta Khoysky (lehen ministroa).
Ministro-Kabinetearen bilera, 1919ko maiatzaren 7an.
Errepublikaren bizitza laburra eta testuinguru politiko kaotikoa zela eta, hauteskundeak ez ziren inoiz egin. Halarik ere, Legebiltzarrak berehala lan egin zuen talde berriak gehitzeko eta gutxiengoen ordezkariei ordezkaritza emateko. Hartara, 120 kideko Legebiltzar bat eratu zen, herrialdeko talde etniko eta erlijioso guztiak islatzen zituena. 80 eserleku azerbaijandarrentzat (talde etnikorik handiena), 21 armeniarrentzat, 10 errusiarrentzat; alemaniarrek, poloniarrek, juduek eta georgiarrek eserleku bana izan zuten. Legebiltzarreko hamaika alderdi edo talde egon ziren ordezkatuta. Müsavat izan zen handiena, 38 diputaturekin, Bloke Sozialista Musulmana 12rekin eta Ittihad (Batasuna) eskuindarra 11rekin.
Azerbaijango Herri Errepublika lehendakaririk gabeko errepublika parlamentarioa da: Parlamentuko burua estatuburua da. Ondorioz, gobernu parlamentarioaren urritasun nagusia erakutsi zuen: exekutiboaren ahulezia, atzerriko potentzia batzuen interferentziak areagotu zuena, lehenik Turkia, gero Britainia Handia eta, azkenik, Sobietar Batasuna. Legebiltzarra jarduera politikorako eszenatoki handia izan zen, 145 saio eta 250 legegintza-proposamen baino gehiago izan baitzituen bere existentzia laburrean. Erreforma asko egiten saiatu zen, hezkuntza gai nagusia izanik. Erreforma integral bat aldarrikatu zen, eskola guztietan azerieraz irakastea derrigorrezko bihurtu zuena baita Azerbaijango Historiaren irakaskuntza ere; aurrerantzean ez zen Errusiako historia irakatsiko, Azerbaijangoarena baizik. Mugarri garrantzitsu bat Bakuko Estatu Unibertsitatea 1919an irekitzea izan zen, Azerbaijango lurraldean irakasten zuen lehen unibertsitate modernoa bihurtuz.
Beste lorpen garrantzitsu bat, Azerbaijango Errepublikan estatu demokratiko eta sekular baten oinarriak ezarri zituena, emakumeei bozkatzeko eskubidea ahalbidetu zien emakumeen sufragioa izan zen, 1918an, Poloniak botoa eman zuen urte berean. Azerbaijan aitzindari izan zen sufragio unibertsalaren mugimenduan, Benelux (1919), Estatu Batuak (1920) eta Frantzia eta Italia (1945) herrialdeen aurretik.
1918ko irailaren 18an Baku hirian egindako desfilea, berriki boltxebikeen okupaziotik askatua
Azerbaijandar gehienak azerieraz hitz egiten zuten musulmanak ziren. % 60 eta% 70 artean musulman xiitak ziren, batez ere ekialde eta hegoaldeko lurraldeetan. Gainerakoak musulman sunitak ziren, mendebaldean finkatuagoak. Bereziki, suniten eta xiiten arteko banaketa ez zen gatazka sozial edo politiko esanguratsu baten kausa izan, eta, izatez, erlijioa, oro har, ez zen faktore garrantzitsu bat izan politikan, eta ez zuen ia aipamenik jaso eztabaidetan.
Baina Azerbaijango Parlamentuak porrot egin zuen eremu garrantzitsu batean: Nekazaritza erreforma, herritarrek asko espero zuten gaia. Porrot hau, neurri handi batean, herrialdeko botere egitura informalek eragin zuten, bastidore artean agintea erabiltzen zutenak: Bakuko petrolio zelaien jabe aberatsak eta Mendebalde Azerbaijango lurjabe feudalak. Sortu berri den Legebiltzarrak, gobernuan esperientziarik ez, erakunde ahulak, finantza-baliabide gutxi eta etxe-ingurune kaotikoa, ezin izan zituen egungo botere informaleko egiturak ordezkatu. Lurjabeak nekazaritzaren erreformaren aurka agertu ziren, eta gai hori hainbat aldiz atzeratzea lortu zuten, Müsavatek horri heltzeko ahaleginak egin bazituen ere, talde sozialistei landan ezinegona sortzeko arrazoi bat emanez. Lurjabeak nekazaritza-erreformaren aurka agertu ziren, eta gai hori hainbat aldiz atzeratzea lortu zuten, Müsavatek horri heltzeko ahaleginak egin bazituen ere, talde sozialistei landan ondoeza sortzeko arrazoi bat emanez.
Legebiltzarkide txartela
Azerbaijandarrek izan zuten harreman arazotsuena armeniarrekin izan zen. Hizkuntzak, etniak eta erlijioak bereizten dituzte bi herriak, baina, beren kokaleku-ereduetan nahastuta bizi ziren, bizilagunak, bereziki Mendebal Azerbaijango mugetan (Karabaj, Zangezur eta bere inguruetan), eta, jakina, Baku hirian. Armeniarrak, oro har, heziagoak, aberatsagoak eta hobeto antolatuak ziren. 1905-07an milizia armeniarrekin izandako liskarrek, azerbaijandar asko, mobilizazio politikoa beharrezkoa zela konbentzitu zuten, horrela, kontzientzia nazional berri baten hedapena suspertu ahal izateko.
Errepublikaren hasiera zaila izan zen. Hasteko, bere ustezko hiriburua, Baku, ez zuen kontrolatzen. 1918ko martxoan, hiri horretako errusiar eta armeniar biztanleak ordezkatzen zituzten boltxebikeen eta Dashnaksen koalizio batek, hiriko boterea hartu zuen eta gehiengo musulmana bortizki zapaldu zuen. Beraz, azerbaijandarrek, aldi baterako hiriburu bat ezarri behar izan zuten Ganja hirian, eta otomandarren laguntza itxaron behar izan zuten Baku 1918ko irailean atzemateko. Hiria atzitzerakoan, Azerbaijango indarrak hiriko armeniar biztanleez mendekatu ziren, azken hauek iragan udaberrian egindako gehiegikeriengatik. Zoritxarrez, hori ez zen armeniar eta azerbaijandarren arteko azken talka izan. Estatu guztiz berri eta erabat segurtasunik gabekoak zirenez, herri gainjarriak eta nahastuak zituztenez, Armeniako eta Azerbaijango errepublikak, mugako gatazketan aurkitu ziren gerrara joz. Orduz geroztik, Karabakh, Zangezur eta Nakhichevan eskualdeetako liskarrak ezegonkortze iturri etengabeak izan ziren.
Errepublikako gobernu berria eratu berritan, Karabakh eta Zangezur eskualdeetako armeniar biztanleek euren agintarien aginduak betetzeari uko egin zioten. Karabakheko armeniarren I. Kongresuak, Shusha hirian 1918ko uztailak 22an, Karabakh Garaia unitate politiko-administratibo independente bezala aldarrikatu zuen, eta bere Herri Gobernu propioa aukeratu zuen (Karabakheko armeniar Kontseilu Nazionala). Honek, Armenia eta Azerbaijanen arteko gerraren hasierara eraman zuen, eskualdean jarraitu zuena, sobietar boterea Azerbaijanen ezarri zen arte.
V-Azerbaijanismoaren gorakada eta nagusitasuna.
Azerbaijango gobernu berriak berehala laguntza militarra eskatu zion Turkiar Gazteen gobernu otomandarrari Bakuko Sobietar Batzordea garaitu eta Kaukasoko Azerbaijan osoaren gaineko kontrola ezartzeko. Enver Pasha, turkiar gobernuaren panturaniko sutsuak, bere anaia Nuriren agindupean indar armatu bat bidali zuen azerbaijandarrak entrenatzeko eta Bakuko boltxebikeen aurkako eraso bat egiteko. 1918ko ekainean, turkiar eta azerbaijandar tropek Gandjan euren indarra handitu zuten bitartean, Shaumianek, Bakuko Komunaren buruzagiak, errepublikako indarren aurkako erasoak zuzendu zituen, Azerbaijango nekazariak burgesia berriaren buruzagien aurka sozialismoaren alde altxatuko zirelakoan, baina ez zen halakorik gertatu. Bakuko Komuna erori ondoren, 26 komisarioek itsasontziz ihes egin zuten Turkmenistanera. Bertan, 26 komisario horiek sozial-iraultzaileek zuzendutako tokiko gobernuak exekutatu zituen.
Azerbaijanek Turkiarekin zituen harreman estuek deseroso sentiarazten zuten. 1918ko Otomandar Bake Itunak Georgia estatu independente bezala onartu zuen, baina ez Azerbaijan. Honek, buruzagi azerbaijandarrak iraindu zituen, beren herrialdea Turkiarekin oso estuki lotutako estatu independente (ez Otomandar Inperioaren zati) gisa ikusten baitzuten. Enver eta Nuri Pasha, Kaukason indar otomandarren buru izan ziren anaiek, Azerbaijan ziurtatzea Ekialdean Inperio Turaniarra berreraikitzeko lehen pausorik logikoena zela pentsatu zuten, Mendebaldeko eta Ekialde Ertaineko Otomandar Inperioaren lurralde galeren ordezko bezala balio izan zezakeena. Baina, gainera, Nuri Pashak Azerbaijanen gobernu bat sortzeko esku hartu zuen, eta Khoisky lehen ministro azeriarrak, arrazoi pragmatikoak zirela medio, bere kabinetea Pasharen gustuko erara birdiseinatzeko konpromisoa hartu zuen. Nahiz eta sentimendu zaurituekin, Azerbaijango gobernuak bere harrotasuna irentsi zuen, baina otomandarren interferentziazko jarrera honek anaitasun-ilusio asko hautsi zituen eta elitearen barnean azerbaijanismorako joera indartzeko balio izan zuen. Hartara, bada, Azerbaijanek Turkiarekin zituen harremanak erresuminaz eta mesfidantzaz tindatuko lirateke; ondorioz, panturkismoa, soilik kultura doktrina izatera murriztuko litzateke. Ordutik aurrera, eta otomandarren laguntza izan arren, elite azerbaijandarrak ez zuen inperioarekin bat egitearen ideia babestu. Aldiz, demokrazia parlamentario sekularra ezarri zuen, bere motako lehena mundu musulman eta turkiarrean, eta are gehiago indartu zuen nazio-nortasun independentea bere muga politikoen barruan.
Enver Pasha, Ahmet Bey aita eta Nuri anaia
VI–Nazioarteko aintzatespen bila.
“Entente”-ren garaipena eta Woodrow Wilsonen “hamalau puntuak” igotzea iragarpen ona izan zitekeen euroasiar periferiako errepublika postkolonial batentzat. Baina Azerbaijanen kasuan, errealitatea desberdina izan zen. Potentzia handi bakar batek ere ez zuen interes handirik bere independentzia zaintzen laguntzeko. Britainia Handiak, mende batez Errusia euroasiar periferian geldiarazteko ahalegin guztiak egin zituenak, lehentasuna eman zion boltxebikismoaren porrotari, eta, beraz, bere babesa eman zien Eurasian Armada Gorriaren aurka borrokan ari ziren indar “zuri” deiturikoei. Boltxebikeak Errusiaren bihotz geografikoan zeuden bitartean, zuriak Errusiako mugetan ari ziren lanean. Zurientzako ahokadura deserosoa izan zen. Tsarren jeneral ohiek gidatuta, zuriek Errusia estatu modernoago eta zentralizatuago bihurtu nahi zuten, erabat arbuiatu zuten autonomiaren ideia, are gehiago independentzia, inperioaren antzinako jabetzentzei, Azerbaijan barne, eskain zekiekeena. Honela, 1918ko azaroan Azerbaijanera iritsi zen britainiar indar militar baten komandanteak Azerbaijango gobernua legitimoa eta eskuduna zela onartu zuen arren, Londonek Azerbaijan estatu subirano gisa onartzeari uko egin zion zuriekiko errespetu eta begirunea erakusteagatik.
Ordezkaritza azerbaijandarrak Parisko Bake Konferentzian parte hartuz. Paris, 1919
Woodrow Wilson estatubatuarra, nahiz eta autodeterminazio printzipioari babes handia eman, ez zen baliagarria izan Azerbaijanentzat. 1918ko azaroaren 10ean, Azerbaijango presidente Fatali Khan Khoyskik eta jarduneko Kanpo Harremanetarako ministro Adil Khan Ziatkhanek telegrama bat bidali zioten Wilsoni bere herrialdearen existentzia iragarriz eta “zapaldutako herri txikien defendatzaile” bezala deituz. Hurrengo urtean, Errepublikak hiru pertsonako ordezkaritza bat bidali zuen Pariseko bake-elkarrizketetara, Alimardan Topchubashi buru zela, aitorpen ofiziala lortzeko itxaropenarekin. Britainiarrek eta frantsesek ez zuten inolako interesik erakutsi azerbaijandarren kasuan. Wilson eta bere lagunak hirukote azerbaijandarrarekin bildu ziren 1919ko maiatzaren 28ko arratsaldean, Azerbaijanen independentzia datarekin bat egiten zuen egunean. Azerbaijandarrek AEBko ordezkaritzari euren herrialdea geografikoki eta etnografikoki Errusia ez bezalakoa zela adierazi zioten. Horrez gain, Azerbaijanen independentzia onartzea, Wilsonen hamalau puntuak Azerbaijanera eta Kaukasora aplikatzea, Azerbaijan Parisko bake elkarrizketetan sartzea, Washingtonekin harreman diplomatikoak ezartzea eta Estatu Batuetako laguntza militar ematea espero zutela azaldu zuten.
Azkenean, Azerbaijan umezurtz geratu zen, nazioarteko edozein laguntza eta aitortzatik baztertuta. AEBek ez zioten Azerbaijani lagundu nahi izan. Hasiera batean, Washingtonek Errusia bateratua berrezartzen lagundu zuen, baina Polonia, Finlandia eta Armenia kanpoan utzita, estatubatuarrek hiru hauek gertutik ezagutzen zituztelako. Otomandar Inperioko armeniarrak, Estatu Batuetako misiolari protestanteen interes nagusia izan ziren XIX. mendearen amaieratik. Eta praktikan, Azerbaijan urrunegia zen Washingtonek ezagutu zezan, are gutxiago lagundu ahal (edo nahi) izateko. Vladimir Leninek, aldiz, lehenetsi egin zuen antzinako muga inperial hori berreskuratzea. Estatu sobietarrak industria astuna zuen eta, beraz, petrolioa behar-beharrezkoa zen. Leninek Baku lehenbailehen atzemateko agindu zion Armada Gorriari.
Herri Fronteko ordezkariak Parisko Bake Konferentzian. Mahammad Maharramov, Miryagub Mehdiyev eta Alimardan bey Topchubashov. Paris, 1920
VII-Errepublikaren amaiera.
Mendebal Turkiako frontearen kolapsoak eta Mudroseko Armistizioak, 1918ko urriak 30ean sinatua, Otomandar Inperioa eta Aliatuen arteko liskarrei amaiera eman ziena, turkiar indarrak Azerbaijandik erretiratzera behartu zituen, azken hau agerian eta babeslerik gabe utziz. Turkiarrek alde egin zutenean, britainiar indar berri bat sartu zen Kaukason, William Thomson jeneralak zuzendua. Gobernu azerbaijandarrak britainiarren presentzia onartu zuen, Baku hirian unitate errusiar zuriak sartzen ez uzteko baldintzarekin. Britainiar indarra, Bakun geratu zena, gogoz kontra onartua izan zen, azerbaijandar gobernuaren subiranotasuna murrizten baitzuen. Thomsonek Azerbaijani Karabakhen gaineko jurisdikzioa eman zion, Bakun ordena mantentzen lagundu zuen, eta Azerbaijango gobernu legitimotzat onartu zuen. Britainiar indarrek 1919ko abuztuan alde egin zuten, errepublika erabat subiranoa utziz sobietarren inbasioa gertatu baino bederatzi hilabete lehenago.
Hegoaldean, Irango gobernuak Azerbaijan sorkuntza otomandar bat bezala ikusten zuen, eta Azerbaijango hegoaldearekiko zituen helburuen beldur zen. Izan ere, Iranekiko beldurrak gainditzeko, Bakuko gobernuak Errepublika sortu berria “Azerbaijan Kaukasiar” bezala aipatzera eraman zuen. Eskuarki, Azerbaijanek ez zuen lan erraza izan bere bizilagunekin tratatzeko. Armeniarekin etengabeko gatazka egoeran zegoen, biek Zangezur eta Nakhichevan eremuak erreklamatu baitzituzten.
Bizilagunek bezala, Azerbaijanek Aliatuen laguntza eta aintzatespena bilatu zituen etsi-etsian Parisko Bake Konferentzian, eta bere estadistarik garrantzitsuenetariko batzuk negoziazioetara bidali zituen. Baina armeniar, azerbaijandar eta georgiar ordezkaritzen arteko etengabeko liskarrak, eta fronte batu bat aurkezteko euren ezintasuna, edozein itxaropenekin amaitu ziren, europar potentziek, gerraz nekatuak, oraindik Errusiaren zati bezala ulertzen zen urruneko eskualde baten erantzukizuna hartuko zutelakoan. Boltxebikeek 1920ko hasieran Denikin jeneralak zuzendutako indar zuriak garaitu zituztenean soilik, aliatuek de facto aitortu zuten Azerbaijan, Kaukaso osoko boltxebikeek atzematea saihesteko azken itxaropen hutsalean.
1920ko apirilaren erdialdean, XI. Armada Gorriko unitateak, Denikinen tropen hondakinak garaituz, Azerbaijango mugetara hurbildu ziren. 1920ko apirilaren 28an sobietarrak Bakun sartu ziren eta egun berean Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistaren sorrera iragarri zen. Beraz, Errepublika Demokratikoak 23 hilabetez iraun zuen bizirik.
Bai, egia da AEDk hogeita hiru hilabete baino ez zituela iraun, baina ondare garrantzitsua utzi zuen. 1918-1920 aldian estatu izaera lortzeak eta mantentzeak subiranotasunaren babesa bermatu zuen. Boltxebikeek autodeterminazioarekin zuten konpromiso erretorikoak, Azerbaijan estatu subirano bezala konkistatu ondoren, Azerbaijanen naziotasuna eta estatu-izaera ezin ukatzea eragin zuen. Beraz, Mosku eta Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren menpe egon zen arren, Azerbaijanek bere estatu subirano nominala mantendu zuen, eta, azkenik, Sobietar Batasunean sartu zen 15 Errepublika eratzaileetako bat bezala. Nahiz eta, hein handi batean, zentzurik gabeko administrazio-forma izan, estatus errepublikarrak izugarrizko garrantzia hartu zuen 1991n, Sobietar Batasuna banandu zenean. 15 errepubliketako bakoitzak independentzia subiranoa bereganatu zuen automatikoki.
Azerbaijango Errepublika Demokratikoaren adibideak Azerbaijan independizatu berria orientatzen lagundu zuen 1990eko hamarkadako urte nahasietan. Azerbaijandarrak, sobietar proiektu ahul eta nahasgarritik askatzeko irrikaz zeuden, baina, hiru belaunaldi baino gehiagoz sobietarren mende eta kanpoko mundutik isolatuta egon ondoren, herrialde berriak prestakuntza gutxi zuen 1991n SESB kolapsatu ondorengo gertaeren aurrean. Hala ere, oroimen historikoak, Errepublika Demokratikoaren oroitzapenak, antzinako lorpenak berpiztu zituen azerbaijandar herria erreakzionarazi eta mugiarazi zuen: alde batetik, Estatu independente izaera, eta, bestetik, errusiarrik eta sobietarrik gabeko Parlamentu Errepublika propioa eratzea. Memoria historikoa berreskuratzeak azerbaijandarrak orientatu zituen 1990eko hamarkadako urte zoro eta neurrigabe horietan, SESBen kolapsoaren ondoren bizi izan baitziren. Izan bitez gertakizun hauek, memoria historikoa berreskuratzeak izan zuen boterearen adibide argigarriak: Errepublikaren hiru koloreko bandera berriz jartzea; Errepublikaren omenezko monumentu publiko garrantzitsuen izena aldatzea, hala nola metro-geltoki nagusiaren “Apirilaren 20” izenekoa, Armada Gorria Bakun sartu zeneko data adierazgarria, “Maiatzaren 28” (Errepublikaren urteurren eta Independentzia eguna hain zuzen) izendatua izatera pasa izango dena; Errepublikaren presidentearen erretratua, Mammad Amin Resulzadeh (1884-1955), txanpon azerbaijandar berrian jartzea; Resulzadeh eta Errepublikako beste politikari garrantzitsu batzuk, Khoyski, Topchubashev eta Hajinski kasu, Azerbaijango sortzaile eta heroi gisa ospatzea.
Azerbaijango Errepublika Demokratikoaren sortzaileek ekialdeko pentsamolde eta tradizio sendoa zuen herrialde batean Errepublika Parlamentarioa eraikitzeko konpromisoa hartu zuten. Hego Kaukasoko zenbait potentziaren arteko borrokaren agertoki bihurtuta, mendebaldeko pentsamoldeko pertsona aurrerakoi talde batek, Ekialde Musulmaneko lehen errepublika parlamentarioa aldarrikatu zuen. Beraz, maiatzaren 28a ez da soilik data adierazgarri bat Azerbaijanentzat, baizik eta data garrantzitsua eskualde osoarentzat. Azken finean, XXI. mendean guztiontzat gida izan beharko luketen balio demokratiko eta errepublikanoak ospatzen dituen data.
Azerbaijan (3). Naziotik Estatura. Azerbaijango Errepublika Demokratikoa (1918-1921).