Arrasate. Orain 750 urte Gipuzkoa?

Arrasateko herriak aurten betetzen ditu 750 urte hiribildu maila hartu zuela Montdragon izenarekin. Hiri gutunean honako hau agertzen da: “que habemos de facer bien é merced a todos los pobladores de la puebla que es en Leniz, que avie ante nombre Arressate, á que ponemos nombre Montdragon…”. Antzera gertatzen da Elgoibarrekin ere, “buenos fijodalgos é labradores de Marquina y Mendaro… facer poblar é cercar una villa en el lugar que llaman el campo de Elgoibar…é que haya nombre Villamayor de Marquina…”. Ez kasu batean ez bestean ez dute Gipuzkoako lurraldeko direnik, zergatik? Azalduko dut oso posible den nire hipotesia.

Debarroan, Juan San Martin eibartar euskaltzainak idatzi bezala, bi merkatu hiri, eskualde mailako “vila mercat” zeuden, gaur Debagoiena deitzen dugunean Arrasate/Mondragoe eta Debabarrenean Elgoibar. Ez batean, ez bestean, zaharrenak, gainera, ez da beraien gipuzkoartasunik agertzen. Arrazoia, oraindik Gipuzkoa, XIX mende arte Iruñeko eliz barrutiko Gipuzkoako Artzipestazgo Nagusira soilik mugatzen zelako, Gipuzkoa nuklearrera, gaur ere, gipuzkera mintzatzen dena eta Debarro guztia, salbu Itziar/Monreal de Devatik jetsitako portu hiritxoa, dialektologikoki hala mantentzen delako.

Bizkaian ere hala gertatzen zen hasierako Bizkaia nuklearreko ez zilera ez Durangaldea ez Enkartazioa eta, noski, eskualde bi horietako lehen hiribilduetan Durangoko Tabiran, Otxandion eta Balmasedan ez dela bizkaitartasunik agertzen, geroagoko Ermua, Elorrio eta Portugaleten bai, ordea.

Bistan da Elgoibarko kasuan, MARKINA dela lurraldez, baina Markina eremu horrek hartzen zutela Eibar eta Plaentziak Marquina de Suson kokatuak eta, baita ere, Jaurerria konfiguratukeran Markina merindadeko Villaviciosa de Marquina ere, egungo, Markina-Xemein.

Argazkia: edans

Argazkia: edans.

1200 urtean Araba, Durangaldea eta Gipuzkoako lurraldeek Alfontso VI bereganatu zituenean eta Gaztelaren orbitan jarri, Iruñeko erresumari bere Mendebalde guztia kenduz, orduko Bizkaia eta Gipuzkoa ez ziren lurraldetzat jo ditzakegu, bai Durangaldea, 1212 arte Bizkaiko Jaurerrira pasatu ez zena eta, gero ere bere autonomia eta Batzar Nagusiekin eta baita LEINTZ eta MARKINA lurraldeek ere. Gaztelaren orbitan bai, Nafarroatik aldenduak, baina atxikimendu politiko-juridiko zehatzik gabe.

Elizak ematen digu horretarako pista edo frogarik ziurrena, zeren eta errege eta jauntxo feudalen agintez kanpo izanik, bere antolamendu eta muga propioak mantendu zituelako. Hain zuzen zortzi-bederatzi mendetan, 1862an Gasteizko diozesis berria martxan jarri arte, gaurko Debagoiena osoa Kalahorra elizbarrutiko, lehenago Araba diozesis ohiko, LEINTZ artzipestazgoa deitzen zen, hots, Gatzaga, Eskoriatza, Arrasate, Oñati, Antzuola, Bergara eta Elgetako hiribildu, elizate eta parrokia guztiak eta baita ere Aramaioko Debarrorunzko zortzi parrokiak, bederatzigarrena, Oleta, Durangoko artziprestazgokoa zelako. Debabarrenako parrokiak, Plaentzia-Soraluze, Eibar hiribildu eta Aginaga, Elgoibar, Mendaroko biak eta Mutrikuko baserri eremuko Astigarribia, Durangoko Artzipestazgopeko Elgoibar bikariaoak, ziren, Artibai aldeko eta gaurko Bizkaiko hiru parrokia eta herri markinarrak bezalaxe. Beraz, mendebal euskara bezala, LEINTZ artziprestazgoak eta ELGOIBAR bikariak, elizaz Gipuzkoarekin Udana, Deskarga eta Azkaraten egiten zuten muga, Gerhard Baehr hizkuntzalari aleman-legazpiarrak idatzi bezala.

LEINTZ eskualdearen eremu murritzegiaren oroimena dago, geroagoko “Real Valle de Léniz”era mugatzen delako. Hain zuzen Debagoiena sortu berri mankomunitateak 1970 hamarkadan iragarri zuenean eskudu edo zigilu bat hartzeko lehiaketa, neuk irabazi nuen Leintzen Noeren Arka ardatz hartuta eta bederatzi udalen elementuekin. Gainera, mendez mendetan, XIX erdi arte, Leintz artziprestagoaren hiriburu Arrasate izan zen.

Geroago Probintzia konfiguratu zenean, hasi Hondarribitik eta Kanpazarreraino —salbu Oñatik— eremuaren nukleo nagusiko Gipuzkoa izenaz baliatu zen. Baina duela 750 urte, dokumentuak dioenez, Arrasate, izen berriarekin Montdragon, LEINTZ lurraldean zegoen, ez beste, lurralde jakin baten. Elizaz, beste 600 urte iraungo zuen LEINTZen.

Publicado por EuskoNews-k argitaratua