Amaiurko oroimena eta errelatoa

Amaiurko gazteluan 1522an Nafarroako erresuma burujabearen  defentsan gotortu ziren euskalnafarren erresistentzia oroitzen dugu aurten. Orain 500 urte gertatutakoaz aritzeak gaur egun garrantzirik ote duen ala, besterik gabe, ariketa akademiko hutsa den galde genezake.

Nik neuk ez dut inolako zalantzarik geure iraganaz eta geure adituen bitartez jakitea ez dela inoiz ariketa hutsala izango. Badakidalako Historiaren ezagutzak adituen azterketa zorrotz eta zientifikoan izan behar duela oinarria eta sinesgarritasuna.  Baina, halaber,  jakin badakidalako ere adituek zabaldutako ezagutzaren erabilera ez dela maizegi aseptikoa izaten.

Historiaren transmisioa historiografiaren zeregina da. Orain «kontakizuna», «narrazioa» esaten zaiona, «errelatoa» eskuarkiago. Afera da nork, zer, nola eta zertarako kontatzen dituen, mozorrotzen ala ezkutatzen dituen datu historikoak. Komunitatearen oroimen kolektiboa errelatoan errotzen da. Eta oroimena, hizkuntza eta ohitura partekatuak gordetzen dituzten komunitateek nazioak osatzen dituzte. Eta nazio libreek estatu burujabeetan antolatzeko joera dute.

Oro har, baina, euskalnafarrok ez gara gure errelatoaren jabe izan. Konkistatu eta asimilatu nahi izan gaituztenen errelatoa inposatu eta onartu ere onartu izan dugu sarri baino sarriago. Horrek auto-ukazio eta autoestimu eskasera eraman gaitu azken beltzean. Ezgauza garela sinetsi arte. Euskal Herriko komunikabideetan eta herritar euskalnafarren ezpainetan “a nivel nacional” entzuten denean, ez dira gehiegienetan Bilbo, Baiona edo Iruñeko ezertaz ari, Espainiaz baizik. Euskalnafarrok mapatik kanpo eta historiatik kanpo ezarri gaituzte.

Konkistatzaile espainiarrak eta frantsesak badauka, eduki ere, errelatotik kontzeptu bat ezabatzeko interes berezia eta behinena: “euskal gatazka” (“el conflicto vasco”). Konkistatzailearen arabera, ez dago “euskal gatazka” delakorik. Horrela, euskalnafarrok altxatzeko, edo erresistentziarako ezelako aitzakiarik edo arrazoirik izan dugunik ukatu egiten zaigu. Garailearen errelato ofizialaren arabera, euskalnafarrok ez daukagu pozik egoteko baino beste motiborik.  Garaileari aurka egiten diona “nazionalista baztertzailea”, “antidemokrata”, “fanatiko identitarioa”… eta, oro har, “biolentoa” delako egiten dio aurka. Eta Amaiurko gazteluaren erresistenteak “frantsesak” zirelako.

Duela 500 urte gertatutakoa gogora ekartzea ez da ariketa akademiko hutsala. Espainolek euskalnafarroi inposatu nahi diguten kontakizun bakarra Franco hil ondorengoa nahi dute. Ustezko “trantsizio demokratiko eredugarri eta baketsu”  dontsuan abiapuntu duen errelatoa. Horretan ez dago mendez mendeko konkistarik, ez eta errepresiorik ere.

Aitzitik, geure errelatoan “euskal gatazka” konkista, eraso eta asimilazio saiakeraren aurrean gaurarterainoko erresistentzia izan da. Euskal Herria nazio bat da. Euskalnafarrok estatu burujabea eduki dugu. Eta, Amaiurren bezala, espainiar eta frantses izateari uko egin diogu mendez mende.

Espainiako iruditerian Nafarroako erresuma independenteak ez dauka lekurik. Gogoratzen naiz behin lankide gaztelar batekin solasean oinarririk gabeko nazionalismo anakronikoa leporatzen zidanean, euskaldunon estatua Nafarroa izan zela esan niola nik. Hori eskolan sekula ere ez ziotela irakatsi erantzun zidan. Beraz… Guri ere ez digute irakatsi. Gaztelarren errelatoa bakarra eta ofiziala da, hango eta hemengo hezkuntza curriculumean. Eta zorioneko gu Espainiako etxe handian onartu gaituztelako, guk astakirten ezjakinok horrela nahiko ez bagenu ere, gure hizkuntza trakets eta “oso zaila” omen den honekin. Historiaren halabeharrezko ibilbide “normala” onartzea ez zaigu besterik geratzen.

Errelatoa “normalago” egite aldera, adibidez, nazionalista espainiarrek Euskal Herria XIX. mendeko asmakizuna dela errepikatzen dute lotsarik gabe.  Berdin die XVI. mendetik hona Perez Lazarragakoa arabarrak, Leizarraga lapurtarrak, Axular goi-nafarrak eta beste askok “Euskal Herria” terminoa erabiltzea. Iruñeko Udalean Navarra+ak errelato “normalagoa” egite aldera ere, euskara Iruñean mintzatu denik ere zalantzan jarri du. Berdin die inguruko toponimiak dioena edota artxiboetan orain arte ikertu den dokumentazioak dioena: ezkontza testigantzak euskaraz, hainbat kargutarako euskara eskakizunak, interprete eta itzultzaile premiak eta abarrek. Iruñerrian XX. mende hasiera arte euskarak biziraun arren, euskara arrotza da Ez da sekula jazarpen, inposaketa edo debekurik izan. Izan ere, errelato ofizialaren arabera, ez da egundaino gatazkarik gertatu. Egia esan, beldur naiz noiz proposatuko duten Foruen Monumentuko plakak aldatzea, esaten dutena euren “errelato ofizial normalarekin” ez baitator bat.

Euskal Herri osoan errelatoa inposatu nahi izan digute, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Geure errelatoan euskalnafarrok mendez mende nozitu izan dugun biolentzia izugarria izan da. Ehunka milaka eta milaka dira biolentzia espainiar eta frantsesaren biktimak Euskal Herrian, Nafarroa Osoan. Geure errelatoa sustatu eta zabaldu ezean, ez da emakume eta gizon euskalnafar horientzako egia, justizia eta erreparaziorik izango. Edo besterik ezean, Amaiurko erresistenteentzat bezala, oroimen argirik biztuko.

Fake news, intoxikazioa, soldatapeko komunikabide eta tertulianoak, akademiko ofizialak eta etxekalteak beti izan dira eta izango dira. Arazoa euren errelato ofiziala onartzetik eta “normal” bihurtzetik eratortzen da.