Abuztuak 31 ditu

 


Aurten, beste behin ere, 1813an Donostia erre zutela berroroituko dute hiriko alde zaharrean. Abuztua 31 kaleko argiak itzali eta kandelak piztuko dituzte, negarrez oroituko dute jendea kale gorrian geratu zela, emakumezkoak bortxatuak izan zirela, gizonezko asko fusilatu zituztela eta haurrak miserian geratu zirela. Dolua izango da Donostian, memoria historikoaren berreskurapena aldarrikatuko dute. Erre zela bai, baina, ba al dakigu nork erre edo erretzeko agindua nork eman zuen?

Konbentzio gerraren ostean Gipuzkoa frantziarren esku zegoen. Donostiarrek Espainiako Karlos IV.aren kapitulazioa pozik hartu zuten eta frantziarrei, Foruak errespetatzeko baldintza pean, probintzia errepublikari eranstea eskatu zien. Beste zenbait diputaturen artean J.F. Etxabe eta Domingo Adrian Agirre proposamen horren alde izan ziren. 1794ko abuztuaren 14an onartu zuten hori Getarian bildutako Diputazioak, baina, Moncey jeneral frantziarrak atzera bota zuen proposamena, zentralismo jakobinoaren kontrakoa zelakoan-edo. Urtebete geroago, 1795ean, Basileako Itunarekin Karlos IV.ak Gipuzkoa berreskuratu zuen egungo Santo Domingo uhartearen ekialdearen truke. Gipuzkoarrok, berriro ere, Espainiarren pean ginen.

Espainiako Karlosek ez zigun inoiz barkatu, norbaiten pean izatekotan, euskaldunoi berdin izatea frantziarren zein espainiarren pean izatea; alegia, gu izatea. Horrela, 1808an, Napoleonek inongo trabarik gabe berriro hartu zuen Donostia. Espainiarren «Independentzia» gerran, ordea, anglo-portugaldarren tropa aliatuek -frantziarrei herriak hartzen zizkieten neurrian- Donostian sartu eta su eman zioten hiriari. Lehenengo donostiarrei beraiei egotzi zioten errua eta gero frantziarrei. Frankok ere berdin egin zuen Gernikaren bonbardaketan. Biak ala biak gure herriaren historia faltsutu nahi izan zuten.

Historia, ordea, burugogorra da eta euskaldunok ere bai. Zenbat eta gehiago ikasi, zenbat eta gehiago ezagutu gure historia, orduan eta gehiago konturatzen gara zergatik ez gaituzten maite gure auzo estatutuek. Nazio espainiar absolutistaren mesederako erre zuten aliatuek Donostia, alemaniar aliatuek Gernika suntsitu zuten bezalaxe. Aliatuak?, noren aliatuak, ordea? Guk, jakin badakigu, Donostia nork erre edo erretzea nork agindu zuen, abuztuak 31 egun dituela bezain ziur jakin ere.

Publicado por Diario Vascok argitaratua