Abkhazia (6). Georgiar-mingreliar gutxiengoa

Georgiar etniko gehienek Abkhaziatik ihes egin zuten gerra garaian, eta soilik zati txiki batek itzuli ahal izan zuen. Sarritan hala egin zutenek beren eskubideez gabetuta egotearen eta berdintzat ez onartzearen sentsazioa adierazten dute, bereziki 2014tik, Abkhazian zuten egoera oso gaizki definituta egotera iritsi zenetik. Gal barrutiko georgiar etnikoak talde bereziki ahulak dira, eta azken urteetan harremanak nabarmen hobetu diren arren, 2000ko hamarkadaren hasieran apenas ausartzen ziren Sukhum hirira bidaiatzera. Abkhaziako agintarien ustez, ahalegin guztiak egin dituzte horiek bizitza publikoan integratzeko, baina integrazio horren graduak eta moduak galdera asko uzten dituzte erantzunik gabe.

Gal barrutia, Abkhaziako hego-ekialdean dagoena, nekazaritzako produktuen hornitzaile emankorra da, gehienak intxaurrak, hurritzak eta zitrikoak. 1992-1993ko gatazkaren aurretik, barrutiko 80.000 biztanleetatik %96 georgiar talde subetniko batek osatzen zituen, mingreliarrak, Gal barrutian modu trinkoan bizi ez ezik, Ochamchira eta Tkvarcheli inguruko abkhaziar barrutietako beste zati zabal batzuk ere. Mingreliarrak, Georgiako Samegrelo eskualdean ere bizi dira, Ingur ibaiaren mugaren beste aldean dagoena, honek, Gal barrutian (Abkhaziako lurraldea) bizi diren georgiarren eta Zugdidin (Georgiako Samegrelo eskualdeko hiriburua) bizi diren georgiarren artean dauden lotura gogorrak eragiten dituelarik. Mingrelieraz hitz egiten dute, georgierarekin lotutako idatzi gabeko hizkuntza bat, eta, hizkuntza talde ezberdin bat osatzen duten arren, ia aho batez, georgiar etniaren zatitzat hartzeko joera dute, eta hala hartzen ditu abkhaziar legediak berak.

2003ko Gal barrutiko erroldan, biztanleriaren osaera etnikoa honakoa zen: georgiar mingreliarrak (%98,7), errusiarrak (%0,5), abkhaziarrak (%0,4), Armeniarrak (%0,1) eta grekoak (%0,1). Gaur egun 24 landa-administrazio daude barrutian, gutxi gorabehera 30 herrixketan banatuta. Barrutiaren gune administratiboa Gal hiria da, ia 16.000 biztanleko gatazkaren aurreko herria zuena.

Errolda Abkhaziarrak Mingreliarrak Errusiarrak Armeniarrak Guztira
2003 121
%0,41
28.919
%98,74
159
%0,54
14
%0,05
  29.287
2011 208
%0,69
29.813
%98,21
188
%0,62
21
%0,07
  30.356

 

Georgiarekin muga egiten duen Gali barrutia Abkhaziako hegoaldekoena da.

1992-1993ko gerran Gal barrutia borroka gutxiko gunea izan zen, baina 1993ko irailaren amaieran, biztanle gehienek ihes egin behar izan zuten, Abkhaziako armadak hegoalderantz aurrera egin zutenean, Ingur ibairaino, Sukhum hartu ondoren, su emanez eta etxe asko arpilatuz. Eraikinak sistematikoki suntsitu eta harraparitu izanak eta eraikinak birgaitzeko eta berreraikitzeko lanik egin ez izanak, Gal barrutiko azpiegitura eta zerbitzu publikoak hondamendi egoeran utzi zituzten.

Report this ad

Beraz, itzulitakoen bizi-baldintzak pobreak izaten jarraitu zuten, etxebizitza eskasak, aukera ekonomiko mugatuak eta zerbitzu publikoen gabezia orokorra zituztenak. Kanpoko eta barruko babesik gabe, diskriminazio etnikoaren menpe jarri zituzten, botoa emateko eskubidea kenduta eta eskubide politikorik gabe. Tratu txar honen aurrean, georgiarrek talde gerrillariak osatu zituzten (“Legio Zuria” eta “Basoko anaiak”), abkhaziar miliziako buruzagi garrantzitsuei eraso zietenak. Georgiako talde paramilitarren aktibitate gorena 1998ko maiatzean lortu zuten, abkhaziar miliziaren aurkako eraso gogorrak egin eta Gal Behearen kontrola hartzean. Azkenean, Abkhaziako indarrek, errusiarren laguntza garrantzitsuarekin, matxinada zapuztea lortu zuten. 2000ko hamarkadaren hasieran, partisano taldeen aktibitatea asko jaitsi zen, eta 2004an georgiar gobernuak talde paramilitar guztiak Gal barrutitik erretiratzea bultzatu zuen, armadan edo georgiar segurtasun indarretan sartuz. 2008an Georgia eta Errusiaren arteko gerran, Gal barrutia nahiko egonkor mantendu zen, talka edo eraso esanguratsurik gabe.

Gal barrutia

Gal barrutia oso eskualde garrantzitsutzat jotzen da abkhaziarrentzat eta errusiarrentzat, hainbat arrazoirengatik. Energiaren ikuspuntutik, han dago Ingur ibaiko planta hidroelektrikoa, eremu osorako energia iturri ezinbestekoa, Kaukasoko handienetakoa. Bere instalazioak, Abkhazia eta Georgia arteko mugaren bi alboetara hedatzen dira (aldameneko Samegrelo-Zemo Svaneti), eta, beraz, bi aldeek, planta honek sortutako energia partekatzen dute. Nekazaritzaren ikuspuntutik, Gal barrutia nekazaritza eskualde aberatsa da, bertako georgiar populazioek nekazaritza tradizio zabala baitute fruitu lehor (intxaurrak, hurritzak) eta zitrikoen ekoizpenean. Era berean, eskualde honek garrantzi handia du ikuspuntu militarretik, bere mugako kokapenak eta orografiak (hesi natural baten gabezia) Georgiaren aurka eskala handiko operazio militarrak egitea errazago ahalbidetzen dutelako. Arrazoi horregatik, Errusiak base militar iraunkor bat eta behin-behineko beste azpiegitura militar bat ireki zituen eskualdean. Gainera, Gal eta Samegrelo-Zemo Svaneti barrutiaren arteko muga administratiboko ustelkeriaren ondorioz, kontrabandoa loratu egin da azken urteotan, eskualde hau tokiko gerrako jauntxoentzat legez kanpoko diru iturri garrantzitsua bihurtuz.

Mingrelia-Samegrelo eta Svaneti, Abkhaziarekin muga egiten duten georgiar barrutiak

Galen administrazioa Errepublikako beste barrutietatik ekarritako abkhaziar etniako kideen esku dago, nahiz eta haien laguntzako langileak georgiar etniakoak izan ohi diren. Gal barrutiko tokiko biztanleriaren gehiengoa georgiar etnikoek osatzen duten arren, soilik administrazio publikoan, polizian eta epailetzan daude ordezkatuta. Barrutiko administrazioko hizkuntza ofizialak, bertako auzitegiak barne, errusiera eta abkhazera dira, biztanleriaren gehiengo georgiarra desabantailan jartzen duena.

Segurtasun pertsonala eta krimenaren aurkako babesa etengabeko kezka dira Gal barrutiko georgiar etniko askorentzat, ebasketa, bahiketa, esku armatuko lapurreta, estortsioa eta arpilatzearen aurrean oso egoera ahulean baitaude, bereziki uzta-denboraldian, non herritarrek urteko diru-sarrera gehienak lortzen dituzten. Galeko kriminalitate eta lapurreta-tasak Abkhaziako beste leku batzuetan baino altuagoak dira, eta horrek, zigorgabetasun-kultura nagusiarekin batera, segurtasunik ezaren sentimendua sortzen du tokiko biztanleen artean. Aipatzekoa da, bertako biztanleen diru-sarrera iturri nagusia hurritza denez, eta kalitate handikoa denez, eskaera handia izaten duela beti, sarritan Galeko nekazari georgiarrak beren uztaren zati bat tokiko jauntxoekin partekatzera behartuak izaten dira, zerga ez-ofizial baten zati gisa.

Komunitateko kide asko kexu dira abkhaziar etnia nagusi den Errepublikako segurtasun indarren jazarpenaz edo, kasurik onenean, tratu desorekatuaz. Estortsioa arrunta da, baita legearen aplikazio selektiboa ere; adibidez, georgiar jatorriko pertsona bati segurtasun osoz isuna jarriko zaio segurtasun uhala ez lotzeagatik; abkhaziar bat, berriz, praktikan, airoso irten daiteke eta legea hautsi, ondoriorik gabe. Tokiko komunitatearen eta abkhaziar miliziaren arteko harreman txarrak, gehiegikeria horiei erantzuteko miliziak duen gaitasun eskasarekin batera, georgiar komunitatearen zaurgarritasuna areagotzen duen beste faktore bat da. Iraganean, Galeko biztanleak talde antolatuek egindako lapurreten eta estortsioen xede izan ziren, baina mehatxu hori murriztu egin da azken urteotan, nahiz eta oraindik ere delitu-jarduerak areagotzeko arriskua dagoen, batez ere Georgiako komunitate babesgabeak uzta garaian helburu erraza direlako.

Gal hiria, izen bereko barrutiko hiriburua

Abkhaziako Errepublikako hiritartasun legeak hura lortzeko prozedurak eta hura ukatzeko arrazoiak zehazten ditu, baita nor den hautagai ere. Hiritartasun lege berriak bi kategoriatan banatzen ditu biztanleak: abkhaziar etnikoak eta beste guztiak. Abkhaziar etnikoak, beren bizilekuak edozein direla ere, hiritar bihurtzen dira automatikoki, eta ez dute ezer probatzeko beharrik; are gehiago, georgiar hiritartasuna izan dezakete, aldi berean. Baina beste guztiek hainbat baldintza bete behar dituzte: abkhazera eta konstituzioaren oinarrizko printzipioak ezagutzea, Errepublikari leialtasuna zin egitea, hamar urtez etengabe Abkhazian bizitzea, legezko diru sarrerak izatea, zergak ordaintzea, dokumentuen zerrenda bat (bigarren hezkuntzako ziurtagiria, batxilergoa, aurreko pasaportea, lan-liburua, txartel militarra eta beste batzuk) aurkeztu behar izatea, eta aurreko hiritartasunari uko egitea. Georgiako komunitatearekin izandako arazoak zirela eta, murrizketa handiagoak ezarri ziren, eta, ondorioz, arazo ia konponezinak sortu ziren 1994-1999 aldian herrialdean egon zirela frogatu behar zuten egoiliar askorentzat. Izan ere, irizpide horiek automatikoki baztertzen dituzte 1992-1993 urteetan borroken ondorioz desplazatu zituzten baina gerora itzuli ziren georgiar etnikoak, orain Gal barrutian bizi direnak. Horrez gain, pasaporte-bulegoetatik pasatzeak maíz itaunketa iraingarri eta umiliagarriak egitea zekarren.

Gal barrutia NBEren segurtasun eremuan zegoen nagusiki (2007ko apirila)

Abkhaziako pasaportea abkhaziar hiritartasunaren froga da. 2016ko maiatzean, Gal barrutiko georgiarrei pasaporteak ematearekin lotutako urratze masiboen ondorioz, beste bat eman zen, eta pasaporteak ordezteko prozedura hasi zen, 2018ko amaierara arte iraun zuena. Pasaportea ere aurretiazko baldintza da eskubide zibil eta politikoak izateko, bai eta eskubide sozial, kultural eta ekonomikoak edukitzeko ere: sektore publikoan lan egiteko eskubidea (magisteritza, osasuna), kargu publikoak betetzea, hauteskundeetan botoa ematea, jabetzak edukitzea eta transferitzea, eta muga administratiboa zeharkatzeko baimena eskatzea.

Zugdidi, Mingrelia-Samegreloko hiriburua. Dadiani jauregia, Mingreliako printzeen egoitza.

Aurretik, Abkhaziako georgiarrak bi herrialdetako hiritarrak ziren aldi berean: Georgia eta Abkhazia. Georgiar etniko gehienek georgiar hiritartasuna izatea arazotsua zen, Abkhaziako legediak soilik Errusiako Federazioarekin hiritartasun bikoitza izatea ahalbidetzen duelako.

Abkhaziak herrialde etsai gisa ikusten du Georgia, bake-akordiorik ez dagoelako, eta abkhaziar askok ezin dute onartu beren lurraldearen barruan gutxiengo batek abkhaziar pasaportea eta, aldi berean, gerra-egoeran dagoela uste duten herrialde bateko beste pasaportea izatea. 2014an, lehendakaritzarako hauteskundeen bezperan, Georgiako auzia hain politizatua izan zen tokiko oposizioaren aldetik, ezen 17.000 georgiar inguru izan baitziren abkhaziar hiritartasunaz eta euren boto eskubideaz gabetuak. Soilik 603 boto-emaile erregistratu ziren Gal barrutian, georgiar jatorriko 30.000 pertsona baino gehiago bizi diren populazio errolda batetik. Gobernuak abkhaziar pasaporteak emateari utzi zion etnia georgiarreko pertsonei, eta Georgiako nazionalitateari uko eginez gero soilik eskaini zitzaizkien. Georgiar izaten jarraitzea aukeratzen zutenentzat, gobernuak “bizileku baimenak” eman zituen, eta horrek Georgiako hiritartasuna gordetzeko aukera ematen zien, baina haien eskubide politikoak eta jabetza eskuratzeko eskubidea erabat kenduta geratzen ziren. Jabetza-eskubidea indargabetzea kalte larria da, ezin baitute beren etxeen eta ondasunen segurtasuna xedatu. Abkhaziako pasaporterik ez dutenek ez dute aukerarik etxeak, lurrak, ez eta bestelako higiezinen transakzioak egiteko ere; ezin dute ibilgailu bat erosi, ezin dute erregistratu, ezta gidabaimenik erosi ere, eta abar luze etsigarria.

Georgiarren aurkako diskriminazio ekonomikoa ere badago. Enplegu hoberenak, sektore publikokoak barne, abkhaziarrenak dira. Abkhaziarrek dituzten sare pertsonal eta familiar zabalen ondorioz, haientzat errazagoa da delitu taldeen presioa arintzea, negozio bat jazarriz gero, adibidez. Faktore honek Abkhaziako komunitate abkhaziar ez etniko guztiei eragiten die, baina eragin bereziki negatiboa du georgiar etnikoengan, Abkhaziaren barnean komunitate ahulena eta estigmatizatuena baita.

Ingur ibaiko zubia eta Abkhazia-Georgiaren arteko mugako pasabide nagusia

Mugako barrutian garrantzi berezia hartzen du muga administratiboa bi norabideetan zeharkatzeko gaitasunak eta aukerak, Galen pertsona askoren eguneroko bizitza sozial, ekonomiko eta familiarra mugaren bi aldeetan garatzen baita. Abkhaziar asko deseroso sentitzen dira georgiarrek Ingur ibaiko kontrol postuak erregularki gurutzatu eta Georgiarekiko lotura kultural eta pertsonalak sustatzen dituztelako. Baina georgiarrentzat Ingur ibaia zeharkatzea ezinbestekoa da, senideekin harremanak izateko ez ezik, doako arreta medikoa jasotzeko, eskolara joateko, pentsioak jasotzeko, merkataritzan parte hartzeko eta Abkhazian daudenak baino prezio merkeagoetan produktuak erosteko ere balio baitie. 2008ko abuztuko gerraren aurretik, lau bidegurutze ofizial eta dozena bat toki ez ofizial zeuden, bereziki ur maila baxua zenean Ingur ibaian, gatazkan dauden aldeen arteko muga naturala. Hala ere, 2008ko abuztutik, abkhaziar agintariek atzerriratuek mugitzeko duten gaitasuna murriztu zuten, 4 gurutzagune ofizialetatik 3 kendu zituztelako eta pasaporte abkhaziarrik ez zutenei gurutzatzeko baimen bereziak eskatu. Ondorioz, muga zeharkatu nahi duten askok, lehenik eta behin, bidaia oker eta luze bat egin behar dute Gal hirira, baimen bat lortzeko; eta Gal hirira bidaiatzeko denborarik edo bitartekorik ez dutenek, batzuetan, modu ez-ofizialean gurutzatzera jotzen dute, honela, atxilotzera, isunetara eta kartzelaratzera arriskatuz. Abkhaziako agintariek ezarritako murrizketak arbitrarioak dira, eta kostu handiko zama, batez ere mugatik gertu baina Gal hiritik urrun dauden landa eremuetan bizi direnentzat.

Mingreliar errefuxiatuak

1995etik, abkhaziar agintariek, pixkanaka, errusiera sartu zuten hezkuntzako hizkuntza nagusi bezala, eta georgieraz irakasteko prestasuna murriztu zuten, bereziki Gal Garaian, eta horrek arazo handiak sortu zituen hezkuntzan, Gal barrutiko eskola adinean zeuden haur gehienek ez baitzuten errusieraz hitz egiten.

Ondorioz, hezkuntza errusieraz inposatzearen beldur ziren familien erreakzio sozialaren ondorioz, guraso askok euren seme-alabak Gal Beheko 11 eskola bakarrera eraman zituzten, non ikasketa-programa georgieraz ematen jarraitzen baitzen, baita Zugdidira ere (Georgia), Ingur mugaren beste aldean. 2007an, abkhaziar gobernuak, abkhazera sustatzeko asmoz, Abkhaziako Estatu Hizkuntzari buruzko Legea onartu zuen; horren arabera, abkhazera da estatuko hizkuntza bakarra, eta errusiera (abkhazerarekin batera), gobernuko erakundeetan eta gai ofizialetan ofiziala den hizkuntza. Legeak gaineratzen du Errepublikako herritar guztiek estatu hizkuntza menperatu behar dutela, hau da, abkhazera. 2015eko martxoan, legeria berriaren ildotik, hizkuntza-politikako plan bat iragarri zen, zeinaren bidez Gal Beherean georgieraz irakasten zuten hamaika eskolek errusieraz egingo zuten, georgiera irakasgai bakar batera mugatuz: “Georgiar hizkuntza eta literatura”. 2015eko irailetik, heziketa errusieraz eman zen eskola horietako lehen lau graduetan, bigarren hezkuntzan georgierako irakaskuntza pixkanaka ezabatzeko planekin. Georgiako hizkuntza eta literatura eskolak astean 3 orduz eta atzerriko hizkuntza gisa ematen jarraitu zuten eskola horietan.Sukhumeko agintariek horri buruz argudiatu zuten neurri horiek beharrezkoak zirela mingreliar populazioa gizartean integratzea lortzeko, Gal barrutiko haurrek mingrelieraz hitz egiten dutelako, ez georgieraz; beraz, georgieraz irakasteak haien ikasketa prozesua oztopatuko luke, eta gainerako abkhaziarrekin komunikatzeko oztopoak sortuko lizkieke.

Kaukasoko hizkuntzak

Agintarien iritziz, justifikazio hori haratago doa, eta argudiatzen dute haur horiek Abkhazian goi mailako hezkuntzarekin jarraitzea nahi dutela, behin prestakuntza ikasketak amaituta, abkhaz lan merkatuan sartzeko. Baina, oro har, bigarren hezkuntzako graduatuak Galetik atera ohi dira Georgiak kontrolatutako lurraldeetan beren goi hezkuntza egiteko. Gazte gehienek Georgiako unibertsitateetara joateko joera dute, eta horietatik ehuneko txiki bat baino ez da itzultzen. Gainera, gazte horiek zerbitzu militarra bete behar duten garai batean daudenez, probintziatik urrun egoten dira, Abkhaziako armadak ez ditzan errekrutatu.

Mingrelieraz hitz egiten den populazio-gunea, gehienbat Ingur ibaiaren bi ertzetan kontzentratua, abkhaziar-georgiar muga markatzen duena.

Egia esan, Hizkuntzaren Legearen asmoak Abkhaziako biztanle guztiek abkhazeraz hitz egiteko beharra aldarrikatzen du, horretarako hau irakaskuntza hizkuntza bezala sustatuz, baina eskualdean irakasle kualifikaturik ez zegoela gertatu zen, eta beste eskualdeetakoek ez zuten Galen irakatsi nahi. Ondorioz, oraintxe bertan ez dago eskola bakar bat ere Gal Beheko barrutian abkhazeraz heziketa eskaintzen duenik, ezta abkhazera irakasteko ere. Aitzitik, irakaskuntza errusieraz egiten da orain, eta georgierarena modulu bakarrera baztertuta geratu da. Hortik guztitik ondoriozta daiteke borroka linguistiko honen garaile bakarra errusiera izan dela. Agintariek errusieraren aldaketa legitimatzen dute, baliabide eta irakasle kualifikatuen faltagatik abkhazeraz irakasterik ez badago, errusierak, epe ertainean, mingreliar populazioaren integrazio faltari irtenbidea ematen diolako. Epe luzerako plana hezkuntza-sistema bat sortzea litzateke, non, lehenengo mailatik bosgarren mailara arte, dena abkhazieraz irakatsiko baita. Azken finean, georgieraren ordez errusiera jarri da irakasteko hizkuntza gisa, baina horrek ez du inolako eraginik izan abkhazeraren sustapenean edo babesean, Hizkuntza Legearen helburu nagusia baita, eta badirudi maniobra bat dela Abkhaziaren bereizketa politikoa azpimarratzeko. Baina honek guztiak gogor eragingo die Gal mingrelieraz hitz egiten duten biztanleei, georgiera ikasteko aukera galduko dutelako, euren zinezko herrialdeko hizkuntza, eta etorkizuneko belaunaldiak egoera ezberdinean utziko ditu, gutxiagotua, euren senide eta lagunekin muga administratiboaren beste aldean komunikatzeko gai ez direnak.

Abkhaziako hizkuntza mapa 1990 inguruan: abkhazera (marroia), georgiera-mingreliera (berdea)

Hezkuntzaren esparruan, testuliburu berriak ere gatazkarako arrazoi dira, Gal barrutian oraindik Georgiako eskola liburu zaharrak erabiltzen ari baitziren, non Abkhazia Georgiako zati dela idatzita zegoen, eta hori onartezina da Abkhazia dagoen estatu eraikuntza prozesurako. Testuliburuek, bereziki historia eta geografia bezalako gaietan, non gatazkaren narratibak islatzen diren, deserosotasun maila handia eragiten diote Sukhum-i, Abkhaziako Gobernuko Hezkuntza Ministerioko testuliburu ofizialen arabera Abkhaziako historia irakasteko azpimarratzen duena.

Abkhaz gizartea zatituta dago gatazka osteko testuinguruan Georgiako aberriratuek Abkhazian gozatu beharko luketen estatusari eta eskubide politiko-zibilei buruz hasitako eztabaida politikoaren aurrean. Integrazioaren aldekoek argudiatzen dute Abkhazia multietniko bat dela jarraitu beharreko bide bakarra, eta Galen itzulitakoak egungo Abkhaziaren zati integral bat osatzen duen barruti bateko herritarrak direla, eta, beraz, gatazkan egingo luketena alde batera utzita, abkhaziar gizartean integratzeko aukera izan behar dutela. Beste alde batetik, Galen itzuleren leialtasunaz fidatu behar ez dela diotenak daude; izan ere, Galeko egoiliarren eta mugaren alde georgiarrean dituzten ahaideen artean dauden lotura boteretsuen ondorioz, kintazutabegiletzat hartzen dituzte. Beste erradikalago batzuek, joera ultranazionalista duten talde abkhaziarren ordezkariek, egungo egoerak eskatzen duen abertzaletasunik ez izatea leporatzen diete integrazioaren aldeko politikariei. Bereziki delikatua da Galeko egoiliarrek eskubide zibilak izan behar ote dituzten, eta arazo horrek lotura estua du botoaren gaiarekin. Bistan denez, errefuxiatuen itzulera progresiboak baldintzatuko du Gal barrutiko botoak gero eta eragin nabarmenagoa izango duela hauteskundeen emaitzetan. Hautesle horien potentzialak garrantzi handia izan du jada aurreko hauteskundeetan eta, batez ere, 2014koetan, botere aldaketa ekarri baitzuten. 2014an, boto-emaileen bloke hori nabarmen murriztu zen, Galeko egoiliar askoren pasaporte abkhaziarrak baliogabetu zirelako. Eta, hain zuzen ere, 2014an boterera iritsi zen lider abkhaziarrak, Raul Khadzhimbak, bere aurrekoek baino integraziorako joera txikiagoa duen ikuspegi baten alde egiten du. Orain, Galeko egoiliarren egoera erregularizatzeko esparrua Atzerriko Herritarren Estatutuari buruzko Legea da, zailtasunez betetakoa, eta Galen 2017ko udaberritik aurrera hasi zen praktikan jartzen.

Laburbilduz, muga eta errealitate politiko berriek eta georgiarrek gaur egun Galen bizi behar dituzten murrizketa sozioekonomikoek baldintzatu eta zehaztu egiten dute garai bateko habitat etnokultural tradizionaletik bereizitako ingurune batean abkhaz berri baten eraikuntza oso problematiko eta mingarria, eta, ondorioz, haren erronka nagusietako bat, bizirik irauteaz gain, beren kultura eta hizkuntza zaintzea da. Beraz, Abkhaziako georgiarrak bigarren mailako herritartzat hartzen dira, Gal barrutiko bizi-maila baxuak, langabezia handia, Georgiarako muga zeharkatzeko oztopoak eta haien eskubide zibilen murrizketak direla-eta (lanerako eskubidea, jatorri etnikoa jendaurrean erakusteko eskubidea, eta abar). Abkhaziako georgiarrak, beren habitat natural etnokulturaletik isolatuta, abkhaz estatu bideragarri bat sortzeko prozesuan parte hartzera behartuta badaude ere, Abkhaziako gizarte berrian sartzeko babesik eta modurik gabe daudela aldarrikatzen dute, errealitate politikoak ez daudelako ados beren lehentasun etnokulturalarekin. Horrek guztiak bere segregaziora daramatza, inguruko tentsioaren areagotzea elikatzen du, eta gainontzeko errefuxiatuen itzulera asko zailtzen du. Diskriminazio-egoera hori oso modu negatiboan hautematen dute Abkhaziako georgiar biztanleek, eta hori Gal barrutian 2016ko apiriletik maiatzera egindako inkestan islatzen da; izan ere, bertako biztanleak nabarmen desitxuratu dira Abkhaziako proiektu nazionalarekiko duten desafekzio handiarekin, eta, aldiz,  Georgiarekiko begikotasunak areagotu egin dira.

https://busturianaiak.home.blog/2020/01/02/abkhazia-6-georgiar-mingreliar-gutxiengoa/