Gurean, mendizale asko dago, kirolzalea ere bai; bertso eta kantuzalea ere, baina euskarazko saiakerak irakurtzeko zaleak askoz gutxiago. Euskarazko saiakerak irakurtzeko aukera ere ez da zabalegia, irakurleen eskasiarekin erara, orain enplegatuko ez naizen arrazoiak eta aitzakiak tarteko direla. Saiakera onak leitzeko aukera eskaini digun bat, handiena, nire iritzi apal edo harroan, Joxe Azurmendi. Haren bi liburu ederretan oin harturik, honako artikulu hau, eta hurrengo beste bat, eskaintzen dizkizuet.
Une honetan ez dago boladan, baina klixe bezala oso finkatua dago estatudun nazionalisten abertzaletasuna goresteko, eta estaturik gabekoon abertzaletasuna txarresteko, gertakari politiko edo aitzakiaren batek berpiztu ahala. Bestela formulatuta, abertzaletasun zibiko frantsesa goresgarri, arrazionala, moderatua, eta abertzaletasun etniko alemana txarresgarri, emozionala, eta biolentoa, eta bereizketa horren iturburutzat Ernest Renan bretoia jotzen da, haren Qu´est-ce qu´une Nation?, Sorbonan, 1882an egindako hitzaldia.
Bereizketa hori zein faltsua den, eta batez ere nola interpretatu behar den erakusten saiatuko naiz artikulu honetan. Berez, onena, Joxe Azurmendiren Historia, arraza, nazioa liburua (Elkar, 2014) irakurtzea da, baina egungo egunean liburu mardul hori irakurtzeko astirik ez izanagatik, biharko egunean izan dezakeenarentzat, aurrerapen bat izan daiteke hau.
Hasteko, Renan ez zen teorialari politikoa izan, eta “Zer da nazioa?” ez da nazioari buruzko ikerketa teoriko ikaragarri baliotsuren bat, objektiboa, distantziatua, inpartziala, baizik eta aldarrikapen patriotikoa, gero politikari eta eskoladun frantses askok, patriotikoki eta interesatuki, arrakasta handiz, teoria eta doktrina bihurtua.
Noiz eta zertarako idatzi eta egin zuen hitzaldi famatu hori Renanek? Erantzun baino lehen, ohartxo bat “noiz” eta “zertarako” galderen axola handiaz: definizioak eta eztabaidak bere testuinguru historikotik erauzten baditugu, ez da ezer ulertzen. Prusiak Frantziari -edo Alemaniak Frantziari, zeren Alemaniako estatu guztiak batu zituen gerra horrek-, gerra irabazi eta hamaika urtera.
Gerra hori deskalabru ikaragarria izan zen Frantziarentzat, eta Alemania batzeko giltzarri. Wikipediako datuen arabera, gerrak iraun zuen hamar hilabetean (1870ko uztaila-1871ko maiatza) Frantziak 909.951 soldadu mobilizatu zituen, eta Alemaniak 1.200.000. 138.871 frantses hil ziren; zauritu 143.000, eta preso hartu 474.414 (756.285); 28.208 aleman hil ziren, eta 88.488 zauritu (116.696). Aldea alimalekoa! Frantses nazionalismo kolpatuaren herra alemanekiko konpreniarazten laguntzen du. Gizaki frantses askoren hondamendi erabatekoaz gainera, lurraldeak ostu zizkion Alemania batu garaileak Frantzia galtzaileari: Alsazia eta Lorena; batez ere Alsazia.
Renan bretoiak ezagutzen zuen aleman kultura, eta estimu handitan zuen 1870eko gerraraino, baina harrezkero, esan dezagun frantsesen artean sortu zen giro nazionalista beroarekin erara, nazionalismo frantsesaren aitzindari abantailatu moduan agertu nahi izan zuela, eta hitzaldi famatu hartan Alsazia kulturalki, ezaugarri objektiboei doakienez alemana izanagatik, borondate zibikoz, frantsesen destino bera partekatu nahi zuelako frantsesa zela defendatu zuen arrakasta ikaragarriz, gorago esan bezala, nazionalismo frantses zauritu eta goritu hartan.
Zinez, Alsaziak edo alsaziarrek frantsesak izan nahi al zuten, euren jatorrizko hizkuntza, alemanaren dialektoa izanagatik? Ez naiz ausartzen galdera horri erantzun biribila ematen. Han eta hemen irakurri dudanez, Frantziako Iraultza ongi heldu zitzaien alsaziar burges eta are herritar xumeei ere, eta erlijioz katoliko izan dira alsaziarrak, eta ez Alemanian bezala, iparraldeko prusiar gehienak protestante eta hegoaldeko bavariar eta bestelako gehienak katoliko, eta ziur alsaziarren artean gorabehera ugari egon dela nazio kontzientziari zegokionez, eta garbi dago oraindainokoan behintzat, frantsesek irabazi dutela partida. Euskal idazle Jean Saint-Pierre Cartagoko apezpiku izanari irakurria diot Lehen Mundu Gerrako kroniketan, alsaziarrak beren borondatez eta beren katolikotasuna zela kausa, frantsesak zirela eta aberkide zituztela.
Renanengana itzuliz, ez zion garrantzirik ematen hizkuntzari, kulturari, arbasoei? Bai, dudarik gabe, eta frantsesek ere bai, noski; baina, alemanekiko gerra galdu ondoko giroan, alsaziarren frantses izan nahia zen nabarmendu beharrekoa, ezin baitzuen ukatu alsaziarrak hizkuntzaz alemanak zirela.
Liburu berean dio Joxe Azurmendik nazioaren kontzeptu alemana arraza, hizkuntza, etc., berdineko jendearen komunitatearena dela esan ohi den arren, de fakto gaur Alemania izendatzen dugun Nazio/Estatu alemana ez dela arrazoi “objektibo” horiengatik batu, egitate horrek lagundu duen arren, baizik eta batasun alemana hiru gerraren ondorioa izan dela. Lehenbizikoa, 1864an, Austriak eta Prusiak Danimarkaren aurka egindakoa; bigarrena, 1866an, Prusiak eta Italiak Austria eta haren aliatu Saxonia eta Bavariako erresumen aurka, eta azkena, eta garrantzitsuena, Frantziaren aurkakoa, non estatu aleman guztiek bat egin zuten.
Halaber, Frantziari buruz esaten da, borondatean oinarrituriko nazioa dela, subjektiboa, nazio aleman kultural edo etnikoaren kontrara, baina Frantzia ez da sortu jendearen gogozko nazio bezala baizik eta, lehenik, erregearen, eta gero errepublikaren armek nahi izandako eta inposaturiko nazio (Estatu) bezala baizik, bortxak ezarrita alegia, Alemania eta Europako beste guzti-guztiak bezalaxe, bakanen bat ez bada.
Hau da, lotura kultural-linguistikoaren sentimendua baztertu eta gutxietsi gabe, bortxak egin ditu estatuak. Eta bortxak atxiki ditu. Espainiako egungo 1978ko Konstituzio famatuaren oinarrian, 1936ko kolpe militar garailea dago, eta haren ondorioz, errepublikaren porrot erabatekoa, eta era berean monarkiaren eta batasun “nazio-estatal”-aren inposizio erabatekoa, eta gure autodeterminazio politikoaren ukoa.