“Zuzenbide gabeko jokaera asko dago, azken urte hauetan gizabidea asko galdu dek geure artean. Eskoletan iñork ez dik erakusten euskal-gizabiderik; marxismoa bai, hitzez edo irakasleen jokabideez. Jainkoa ez dik aipatzen gazte-taldeak, birau bere aurka ez delarik. Orain euskaldun askok ez dik lehengoen antzik. Ez dute egiten Euskal-Herria, Ezker-Herria baizik.”
-1986. urteko Aita Barandiaranen hitzak-.
Barandiaranen urte haietako euskaldunok, behintzat, askatasunarekin amesten genuen; askok be posible zela uste genuen. Gaurko euskaldunok ez daukagu ez arbasoen ezta urte haietako euskaldunen antzik, halaxe dela uste dut…. oker egon nahiko nuke. Orain dela gutxi irakurri nuen bezala, pasteurizatutako herria gara (“Oroz gainetik, gasna hori naiz”, Ximun Fuchsen hitzetan) edota, denok uler dezagun, urardotutakoa.
XXI. mendeko Euskal gizartearen ereduak –“Herria” bera aspaldi guztion artean hil eta ehortzi baikenuen- modernoa, orotariko, berdinzale, interetnikoa (uzte nuen auzi etnikoa gaindituta zegoela; dirudienez, geurea bakarrik…) izan behar duela esaten digute, non geure ohiturak folklore hutsa bihurtu ditugun (arrotzenak, antza denez, ez)… Festibalak koloreztatzeko eta turistei saltzeko bakarrik balio dute. XXII. mendeko Euskal gizartea auskalo zelangoa izango den; martxa honetan euskalduna ez, behintzat : ez izatez, ez nortasunez, ezta hizkuntzaz ere.
Gaurko euskaldunoi modak zaharkitu gaituk/gaitun; hain moderno izate nahiak atzeratu egin gaitu: beti atzerritik datozen azkenengo nobedadeen atzetik, gurera heltzen direnerako zahar. Eta ez hori soilik: azken modan egon nahi horrek geure nortasunari ere uko egitera eraman gaitu. Geure arima modernitateari saldu diogu, geure benetako izaeraz lotsatuko bagina bezala.
Udaran, Espainiako erregeak etorri zirenean, Gasteizko kaleetan egindako manifa batean euskal abertzale eta ezkertiar den politikari batek, aho beroz, zera bota zuen:
“Queremos referéndum, queremos república y queremos democratizar el Estado, aunque prefiramos una Euskal Herria independiente” (sic).
Zelan aldatu diren gauzak, kamarada… Zoratzeko modukoa: euskaldun “abertzaleak» Espainiar Estatuaren DNA aldatu nahian….
Amesgaizto bat ez ote zen pentsatzen gelditu nintzen… Nik uste nuen abertzaleok kurrikak prestatu behar genituela, ahal bezain pronto kateak zizelkatzeko, eta ez lokarriak sendotzeko. Benetan ikaragarria, sinestezina… “Euskadi”n Ahal Dugu alderdiaren sukurtsala bat zirudien. Bandera espainolak nonahi: errepublikakoak, bai, baina espainolak azken finean. Euskal Herri kontinentalean manifa abertzale batera Frantziako Errepublikako bandera batekin joango al ginateke? Kontuz ba, eskatzen denarekin! Izan ere, nik dakidanez, euskal kulturari ez doakio batere ondo, Frantziako Errepublikaren menpean. “Hala izan bedi!” esan beharko….
Ez dakit zeren zain dauden alderdi abertzaleak, beti Espainiari begira eta unionistekin harremanak estutzen, nahiz eta hauek inoiz ez duten gauzatutako indarkeriagatik barkamenik eskatu, edota hura gaitzetsi. Gainera, ez dezagun ahaztu adostutakoa, berehala, paper errea bilakatzen dutela.
Gasteizko Legebiltzarrean, behingoz, gehiengo “abertzale» argi bat dagoenez, eta abertzale ororen xedea herriaren geroa izan behar omen duenez -bakarrik aske izanez lortuko duguna-, indarrak batu ditzatela eskatuko nieke, nazioa garatu dezaten. Eta, hala egin ezean, beren benetako helburuak eta lehentasunak azaltzea eta agerian uztea eskertuko nieke.