Utergarrak toki berezia du euskararen historian. Juan Beriainek, izan ere, bi liburutto plazaratu zituen Iruñean, biak ere ele bitan, XVII. mendearen hasieran eta arras gauza jakingarriak idatzi zituen sarreretan. Batetik, berak Iruñeko euskara darabilela, euskara motarik zabalduena eta ulergarriena baita Nafarroako erresuman eta, bertzetik, euskaraz idazten duela, ez delako izan munduan bere sorterriko hizkuntza preziatu ez duen naziorik; arrazoi hori dela medio, guk gure euskara estimatu behar dugu, Iruñeko hiri noble honetan kontserbatu baita gaur eguneraino… Bigarren liburua dotrina bat da eta ale bakarra iritsi zaigu, Irigaray familiaren bidez iritsi ere; gaur egun, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordea.
Bada, plazaratu zenean, apezpikuak euskal dotrina hori erosteko agindua eman zien Erdialdeko herri frankotako apezei, Jaungoikoaren Hitza euskaraz irakaste aldera, nafar gehien-gehienak euskaldunak ziren garaian, gehienek gaztelaniarik ez zekitenean. Denboraren joanean, ordea, ale guztiak galdu dira, orain lehen aldiz ikusgai jarriko dena izan ezik. Euskaltzaindiak, izan ere, utergarraren dotrinaren laugarren mendeurrena ospatuko du azaroan, liburuaren edizio kritiko-konparatua argitaratuz. Ekaitz Santazilia euskaltzain urgazle iruindarra arduratu da edizio berriaz, bai eta erakusketa apailatzeaz ere. Zehazki, Nafarroako Artxibo Nagusian egonen da ikusgai hilaren 16tik 22ra.
Hiriburuko euskara edo, hobeki erran, duela 400 urte hiriburuan erabiltzen omen zena, darabil Beriainek, baina euskara hizkuntza bizia izan zen heinean, mendeen joan-etorrian bilakatu zen, hizkuntza bizi guztiak bilakatzen diren bezala. Bada, etenaldi eta galera ororen gainetik, isuri horren guztiaren ondorio dugu egun hiriburuan darabilgun euskara, Iruñean euskal loraldia gertatzen ari den honetan.
Noticias de Navarra









