Espainiako “ezkerra”, euskara eta pobrezia intelektuala (1)

Interneten lehen aldiz irakurtzean, ez nion kasurik egin; pertsona solte baten xelebrekeria zela uste izan nuen:

Haren arabera, ez da egia Hego Euskal Herrian gaztelania jakitea derrigorrezkoa denik, ez delako gaztelania-azterketarik egiten Administraziorako oposizioetan.

Gero jakin nuen ez zela edozein: Euskara Denontzat elkarteko lehendakaria da, eta EAEko CCOO sindikatuan euskararen arloaz arduratzen dena.

Are gehiago: teoria hori frogatzeko, Elkarrekin Podemos-Izquierda Unidak Eusko Legebiltzarrean galdetu zuen: ea “oposiziogile atzerritarrei gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko eskakizunik” egiten zaien.

Eusko Jaurlaritzaren erantzuna: “ez da inoiz gaztelaniazko azterketarik edo ezagutza ziurtagiririk eskatu”.

Horratx! “Frogatu” dute CCOOko eta Elkarrekin Podemos-Izquierda Unidako pentsalariek: ez da egia Hego Euskal Herrian gaztelania jakitea derrigorrezkoa denik!

“Ezkerreko” pentsalari hauek irizpide bera erabiltzen ote dute bestelako zapalkuntza estruktural batzuk aztertzeko? Esaterako:

“Ez da egia emakumeak edo pertsona arrazializatuak zapalduta daudenik, ez delako ez legeetan ez lan-kontratuetan esplizituki haien kontrako neurririk jaso”.

Eta, nolanahi ere, bai, hamaika legek eta arauk ezartzen dute esplizituki gaztelaniaren derrigortasuna, esaterako, Espainiako konstituzioak:

“3.1. Gaztelania da Espainiako estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainiar guztiek dute gaztelania jakiteko eginbeharra eta erabiltzeko eskubidea”.

Baina “ezkerreko” intelektual negazionista eta terraplanista hauek hori hala denik ere ukatzen dute. Hori, beste idazki baterako.

Zuzeu