Patxi Olabarria ‘Gipuzkoako armarria gure historiaren ispilu’ liburua eskuetan.
Gipuzkoako armarriaz, eta oro har, armarriez solasaldia eskainiko du bihar Patxi Olabarriak (Antzuola, 1971). Urolakoen Nafar Zuzterrakek antolatuta eskainiko du solasaldia Azoka Plazako aretoan, 19:00etan. Antzuolako armarriaz eta Gipuzkoakoaz liburu bana argitaratu ditu.
Zer bereizgarri ditu Gipuzkoako armarriak?
Egungo armarrian, hiru zuhaitz ageri dira itsasoaren gainean, baina armarri ofizialean, mazodun bi gizon ageri dira armarri horri eusten, monarkiaren koroa dauka, Espainiarekiko fidelissima jartzen du… Hori guztia ez dator bat gaur egungo baloreekin. Ondorioz, aldaketa behar zuela uste dut. Gipuzkoako armarriak erakusten du sinboloak aldatu egin daitezkeela, beti ere herritarren nahia jarraituz.
Hainbat aldaketa izan ditu armarriak historian zehar. Zergatik?
Gipuzkoarrek XV. mendean sortutako sinboloari –hiru zuhaitz eta gainean errege nafarra ageri ziren– Belateko hamabi kanoi ezarri zizkion Errege Katolikoen alaba Gaztelako Joana I.ak (Juana eroak). Kanoi horiek euskaldunen arteko borroka sinbolizatzen zuten; 1512ko Nafarroako konkistaren baitakoak ziren. Euskaldunen arteko zatiketan sakontzeko ezarri zituzten kanoiak. Horrekin gustura ez, eta hurrengo mendeetan gureak ziren sinboloei esanahia aldatu zieten: armarrikoa ez zela Nafarroako erregea esaten hasi ziren, konkistatu gintuen Alfonso VIII.a edo Enrique IV.a zela esaten zuten. Herrietako armarrietan ere estrategia bera erabili izan dute: beraien irudiak ezarri eta gureak ezabatu.
Hain zuzen, Gipuzkoako armarriaz liburu bat idatzi duzu. Zertan oinarrituta?
Antzuolako Kultura zinegotzia izan nintzen 2007-2011 agintaldian. Tarte horretan, Nabarraldek eskaera bat egin zigun: gure herriko armarrian ageri ziren Belateko hamabi kanoiak kentzeko, Gipuzkoako armarriarekin egin zen gisan. Eskaera horren aurrean, informatzen hasi ginen, eta urteetako prozesu baten ondoren, Antzuolako armarritik kanoiak kendu genituen. Ikerketa horretan ateratako ikaspenekin, duela bi urte Antzuolako armarriaren alardea liburua idatzi nuen. Antzuolako armarriak eta Gipuzkoakoakoak antzekotasunak zituztenez, Gipuzkoako armarria ikertzen hasi nintzen, eta lan horren ondorioa da Gipuzkoako armarria, gure historiaren ispilu lana. Armarriaren historia gure herriaren historia da, eta hortik dator liburuaren izenburua.
Zer esan nahi dute armarriek?
Zorionez, historian zehar, euskaldun batzuek garrantzia eman diote sinboloei; horien artean dago [Jose Antonio] Agirre lehendakaria. 1936ko altxamendu militarraren ondoren, gerra betean eta Eusko Jaurlaritza eratu bezain laster, ikurrei buruzkoak izan ziren hartu zituzten lehen erabakiak: ikurriña eta ikurdia (armarria). Armarriaren kasuan, Gipuzkoako eremuari dagokionez, kanoiak eta erregea kendu zituen. Izan ere, errepublika garaia izanik erregeak ez zeukan zentzurik eta kanoiak anai-arreben arteko borroken sinbolo zirelako kendu zituzten.
Armarriak ikertzen aritu zaren heinean, zer ikasi duzu?
Sinboloek duten garrantziarekin konturatu naiz. Tamalez, euskaldunok ez diegu sinboloei garrantzi handiegirik ematen eta gureak direlakoan etsaiak ezarritakoak erabiltzen ditugu. Euskal Herriaren aurkako oldarraldia ez da euskararekin soilik gertatzen; sinboloekin ere gertatzen da. Guk sortutako sinboloen aurka egiten dute edo beren sinboloak ezartzen dizkigute gu konturatu gabe.