Xalbador, bazeneki…

Irakurri berri dut Pako Aristik Xalbadorren eta Uztapideren adiskidantzari buruz idatzitako liburu ederra, eta izigarri gozatu dut. Bertsolaritzaren historia  hurbilari buruzko kronika da, bi protagonisten biografia eta ibilbidea aitzaki hartuta.

 

Uztapide ez nuen asko ezagutzen, baina Xalbador beti izan dut kuttun, kantu bilakatutako bere bertso-olerkiekin liluratuta, Odolaren Mintzoa irakurri nuenetik. Sentiberatasuna, barne mundu aberatsa, gauza anitz esan daiteke Xalbadorri buruz, baina gaur, denaren gainetik, barnetik zerion euskalduntasun horri nahi nioke azpimarra jarri. Euskal naziotasuna, gure mendekotasunaren kontzientzia, hizkuntzaren ordezkapen prozesua antzemateko argitasuna, orohar, bere jarrera irmo eta zorrotza.

 

Iragan astean, Xalbadorren Heriotzean kantua entzun ahal izan zen Espainiako kongresuan, munduko hizkuntzen egunaren kari. Espainolak diren hizkuntza guztien omenezko ekitaldi baten barruan egin zuten, jakina, iseka-borondate nabarmenarekin. Zer senti daiteke honen aurrean, nazka ez bada?

 

Bada, bertan diharduten euskal ordezkari direlakoak poztu eta hunkitu ere egin ziren. Ahantzi egin dute, nonbait, Euskal Herriaren–eta beraz euskararen–kontrako politikaren bihotza dela beraiek lanean ari diren erakunde hori, eta behin lotsa galduta, espainolen propaganda-operazioekin gozatzera ere iritsi dira. Zergatik ez, non dago muga.

 

Ai, Xalbador, bai: «hemen da ama bat, bere haurrek hila».

https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/info@euskalerriairratia.eus/1727877511607-xalbador-bazeneki