Antzerkiaren bidez historia kontatzea
Agenda bete-betea du Segurako Historia Oroituz taldeak. Aurten 1.200 urte betetzen dira Iruñeko Erresuma sortu zenetik eta Nabarralde Fundazioak ere eskatuta Pirinioetako ibarretan gertatutakoa antzerki bihurtu eta antzokietara eraman dute Segurakoek.
Orain arte Astigarragan, Bergaran, Arabako Arraia-Maeztun, Villabonan eta Oñatin jokatu dute antzerki obra hori. Hernanin, berriz, azaroaren 15ean, arratsaldeko 7etan taularatuko dute eta hurrengo egunean Iruñean izango dira.
‘Orreagatik iragan hurbilera’ antzezlanarekin dator Segurako Historia Oroituz taldea Hernanira (Argazkia Tere Madinabeitia)
Taldeko kide diren Lourdes Imazek eta Isa Iparragirrek diote «pozgarria» dela antzerkiaren bidez, artearen bidez azken finean, gure historia ezagutarazten eta zabaltzen aritzea. Finean, Historia Oroituz elkartearen helburua euskal historiako gertakariak edo pasarteak antzerkiaren bidez ezagutaraztea baita, gaztetxoak eta gazteak tartean sartuta; gainera, hizkuntza ere bereziki zaindu nahi izan dute. Hitanoa erabiliz euskara indartzea ere badagoelako taldeko helburuen artean. Hain zuzen ere, “hikaz eta nokaz” egiten dute antzezleek obran.
Ikasturte berri honetan hogeita bat lagunek osatzen dute taldea. Gazteak eta helduak biltzen dira, 14 urte ingurukoak dira gazteenak eta 70 urtetik gorakoak helduenak. Gazteak helduak, neska-mutilak eta gizon-emakumeak osatzen dute taldea, garaian garaiko jantziak eta eszenatokia erabilita.
Antzezlanaren une bat, Orreagako guda irudikatzen duena.
Lanak bi ahapaldi ditu. Lehenengo zatian Orreagan gertatu zena irudikatzen da, Karlomagnoren kontrako guda. Horretan, kontakizuna oso dinamikoa delako, 14 urteko gaztetxoek dute protagonismoa. Iragan hurbileko zatian, berriz, helduek egiten dute lan, bertatik-bertara ezagutu zutelako batzuk; beraz, bizi izandakoa kontatzen dute. Francoren eta ez frankoen garaia irudikatzen dute horretan, eta orduko erlijioa, errepresioa… eta garaiko pertsonaiak lantzen dituzte.
Orreagako borrokari eskainitako lehen zatian, baskoiek Karlomagnoren tropak gailendu eta horren ondorioz Iruñeko Erresuma sortu zela azaltzen dute. Orreagako borroka dantzaren bidez irudikatzen dute gaztetxoek. Garai hura irudikatzea ez zen izan batere erraza, beharrak eraginda, haiei beraiei bururatu zitzaien koreografia bat sortu eta dantzaren bidez jokatzea. Oier Labordek prestatu zuen koreografia, eta musika Joxan Goikoetxearena da. Antzezlanean zehar, Karlos Jimenezen musika ere erabiltzen dute. Jantziek ere badute zer esana atzera bidaia horretan, eta Iparragirre arduratu da atal horretaz.
Guzti honen helburua da bi garai desberdin, bi gertakari desberdin, baina bietan baskoiak erasotuak izan ginela ikus-entzuleei adieraztea.
Aurten 1.200 urte bete dira Iruñea-Nafarroako Erresuma sortu zenetik. Zer gertatu zen, bada, Orreagan?
Gidoia Lourdes Imazek idatzi du. Askotan aipatzen du bera ez dela historialaria, baina hain gustuko dituenez historia kontuak, oso ondo ezagutzen duela Orreagako gudaren ingurukoa; gainera dio, Nabarralden aurkitu dituela historiari buruzko aholkulariak. Orreaga pasabide natural bat zen gure arbaso baskoientzat. Hainbat gudaldi egon ziren bertan eta horien ondorioz, Karlomagnoren bilobari, Orreagan berriro irabazita, 824an, sortu zen Iruñeko Erresuma, Europan zehar garai horretan sortzen ari ziren beste erresuma subirano eta independenteekin batera.
Hala ere, Orreagako 778ko batailak izan du oihartzun handiena, baskoiek Karlomagnoren tropa gailendu zutenekoa, La Chanson de Roland gesta-kantak ezagutzera eman zuelako batez ere; baina 824. urteko bataila erabakigarriagoa izan zen, baskoi-euskaldunontzat beste mugarri bat sortu zuelako. 824an irabazitako bataila haren ondorioz sortu zen Iruñeko Erresuma, geroago Nafarroako Erresuma izena hartuko zuena. 824tik 1600era arte iraun zuen erresuma horrek, Erakundetze antolamendu horrek eta gizarte euskaldunari eskainitako babesa izan da, ez oztopo eta trabarik gabe, gaur arte bizirik irautearen oinarrietako bat.
Ez galdu antzezlan hau Hernanira etorriko den aukera bakarra ikusteko; azaroaren 15ean, ostirala, Biteri kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak Biteri kultur etxeko harreran eta Rioja tabernan, Kale Nagusian, dauzkazue salgai.