Batzuek tontotzat hartzen gaituzte. 1874ko ekainaren 2an, Hernani setiatzen zutenengatik askatu omen zituzten hernaniar gaixoak. Bi gerrak irabazi zituen Madrilek, isabelinoekin lehenengoa eta borboitarrekin bigarrena, eta harrigarria bada ere, galtzaileen izena jarri zioten bi gerrei: karlistaldiak.
Esaten ez digutena da bi bandotako tropetan zeudela hernaniarrak, euskaldunak, eta gerra hori Espainiako boterea hartzeko bi alderdi monarkiko, absolutista, katoliko apostoliko, zentralista horiek euskaldunon eskubideen kontra ari zirela, biak ala biak. Berez, gerra horiek irabazi zutenen aurreneko erabakia “Foruei egurra eman” eta erabat ezabatzea izan zen.
Hala bada, zertan ari ziren euskaldunak gerra horietan nahastuta? Handia filma ikusi duenak ez du ahaztuta izango, aitak (Ramon Agirre) gerrara eramateko semearen bila etortzen diren karlistei zein semeetako bat bidaliko zuen aukeratzeko trantzea. Jendea ez zen gerrara “joaten”, eraman egiten zuten. Boluntario ere joan ziren asko. “Madrilgo duke” Karlos Maria Borboi Austria-Estekoaren alde egin zutenek euskalnafar Foruen alde egingo zuelakoan joan ziren, “Savoiako” Amadeo I.aren aldekoek, berriz, Espainiak Kuba galtzear zuteneko depresioa “sendatuko” zutelakoan. Bi errege-gaiak Espainiatik kanpo jaiotakoak ziren. Tartean Lehen Errepublika Madrilen agintean jarrita ere, ondorioa, Euskalnafar Foruak errotik ezabatzea izan zen. Atzerriratzea masiboa izan zen. Ordaintzaileak, gu eta orduko burujabetza.