Ukrainako geografia historikoa.

 

 

Ukraina Europako bigarren estaturik zabalena da, Errusiaren atzetik. 603 550 km²-ko azalera du. Gerra hasi aurretik, Ukrainak 52 milioi biztanle zituen, 24 oblast edo probintziatan banatuta, errepublika autonomo batekin (Krimea), Kiev eta Sebastopol hiriek estatus berezia zutelarik.

Sarritan, Ukrainaz hitz egiten da bloke bakarra osatuko balu bezala (“ukrainar herria”) edo bi bloke bezala, “bi Ukrania”, bata “gehienbat mendebaldearen aldekoa eta katolikoa”, eta bestea “gehienbat errusiazalea eta ortodoxoa”. Hala ere, biak dira errealitatea islatzen ez duten sinplifikazioak, herrialdearen barruko eskualde-banaketak askoz ere konplexuagoak baitira. Ukrainako geografia historikoaren ikuspegi orokor azkar batek, herrialdearen barruko eskualde handienak nabarmenduz, Ukrainako egungo gerran historiak izan dituen erabilerak eta gehiegikeriak argitzen lagun dezake. Honenbestez, lehen aipatutako konplexutasuna argitzeko, esan daiteke, funtsean, hiru eskualde nagusi daudela Ukrainan (Mendebaldeko Ukraina, Erdialdeko Ukraina eta Hego-ekialdeko Ukraina) eta bi eskualde txiki eta bereizgarri (Zakarpatia eta Krimea).

I-MENDEBALDEKO UKRAINA

Mendebaldeko Ukrainak hiru eskualde ditu: Galitzia, Volinia eta Txernivtsi. Horietatik, Galizia eta Voliniako eremu historikoak Ukraina katolikoa, mendebaldearen aldekoa eta joera poloniarrekoa bezala ezagutzen denari dagozkio. Mendebaldearen aldeko joera nabarmena eta Errusiaren aurkako jarrera oso urrunetik datoz historian. Kieveko Rusako (Antzinako Errusiar Estatuko) lurretatik mendebaldekoena zenez, Erdi Aroko Galitzia-Volinia erresuma zaharrak mendebaldearen aldeko ikuspegi argia mantendu zuen. Erresumak eragin katolikoa onartu zuen eta bere burua eroso aurkitu zuen bere bizilagun katolikoen (Polonia eta Hungaria) kultur esparru berean. Eskualde honetako printze-etxeen eta estatu katolikoen arteko ezkontza mistoak ohikoak ziren. Aitzitik, Kieveko Rusako beste lurralde historiko batzuk mendebaldearen eraginaren aurkakoak ziren; horietan, Mendebaldearekiko esperientzia inbaditzaile oldarkor baten irudiek moldatu zuten, dela Polonia, dela Suedia, dela Zaldun Teutonikoak.

1-Volinia (edo Lodomeria)

Gaur egungo eskualdea: Volin eta Rivneko oblastak. Hiri nagusiak: Lutsk eta Rivne

Volinia (Leonid Kravchuk Ukrainako lehen presidente postsobietarraren aberria), Errusiar Inperioak erantsi zuen Katalina Handiaren agintepean, Poloniako Hirugarren Banaketan, 1795ean. Katolizismo greziar nagusia ezabatu eta ortodoxia sartu zen berriro. Geroago, gerren arteko Poloniak bereganatu zuen eremua, eta estatu horren zati izaten jarraitu zuen 1939ko Molotov-Ribbentrop itunera arte, Ukraina sobietarraren parte izatera pasa zenean.

Volinia

2-Galitzia

Gaur egungo eskualdea: Lviv, Ternopil eta Ivano-Frankivsk-eko oblastak. Hiri nagusiak: Lviv, Ternopil eta Ivano-Frankivsk

Galitzia (bere ardatza Lviv hirian dagoela) Errusiar Inperiotik eta Sobietar Batasunetik kanpo geratu zen erabat, eta, aldiz, Austria-Hungaria eta Poloniaren zati izan zen gerra artean 1939ko Molotov-Ribbentrop itunera arte. Horrenbestez, eskualdearen eta mendebaldeko Europa katolikoaren arteko loturak nahiko sendoak izan ziren. Azpimarratu behar da eskualde hau ez zela inoiz Errusiar Inperioaren parte izan, nahiz eta antzinako Kieveko Rusako printzerria izan.

Galitziaren eta Voliniaren mendebaldearen aldeko joerak bere horretan jarraitu du gaur egun arte, eta katolizismoak paper garrantzitsua betetzen jarraitzen du Galitzian. Eskualde hauek Sobietar Batasunean sartu ondoren, armada sobietarrak erresistentzia gogor bati aurre egin behar izan zion, 1950eko hamarkadaren hasiera arte jarraitu zuena. Errusiaren aurkako sentimendua eta ukrainar nazionalismoari emandako babesa handiak dira hemen, bereziki Galizian, non eskuin muturreko “Svoboda” alderdiak herritarren babes sendoa duen. Ironikoki, nahiz eta “Svoboda” Euromaidanen izandako istiluen buruzagi nagusietako bat izan, oso euroeszeptikoa da, eta, bestalde, neonazi, errusofobo eta antisemita izatea leporatzen diote. Bere liderrek Bigarren Mundu Gerrako kolaboratzaile nazionalista ukrainarrak goraipatzen dituzte “errusiarren, juduen eta beste gizapetiko izakien” aurka borrokatzeagatik. Stepan Bandera kolaboratzailetzat hartzen da Bigarren Mundu Gerraren garaian Ukraina gehienean; aldiz, Mendebaldeko Ukrainan heroi nazionaltzat hartua izaten da. Jakina, Lviv bezalako hiri bateko herritar batek erabat babestuko lituzke Euromaidanen izandako istiluak, eta Moskuk babestutako Euroasiako Batasuna errusiar proiektu inperialtzat edo proiektu “neosobietartzat” ere hautemango luke.

Galitzia

3- Ipar Bukovina eta Ipar Besarabia

Gaur egungo eskualdea: Chernvistiko Oblast. Hiri nagusiak: Chernvisti eta Khotyn

Eskualde honek Bigarren Mundu Gerrara arte Austria-Hungariaren zati izan zen lurraldea hartzen du, eta, geroago, gerren arteko Errumaniako Erresumarena. Lurraldearen zatirik handiena, baina ez osoa, Iparraldeko Bucovina eskualde historikoari dagokio. Nahiz eta kokapen geografikoa Ukraina mendebaldean izan, eskualde honetako hizkuntza- eta bozketa-ereduek hurbilagotik jarraitzen diete Ukraina erdialdean ikusitakoei Galitzian eta Volinian baino. Bertakoek Surzhykera hitz egiten dute, errusieraren eta ukraineraren hizkuntza mistoa; bestalde, hauteskundeak oso lehiatuak izaten dira hemen. Errumaniar gutxiengo handi batek ere (biztanleria osoaren % 20 inguru) faktore gehigarri bat betetzen du eskualdeko politikan. Eskualde hau gerren arteko Errumaniako Erresumaren zati zen, eta Bukaresteko nazionalista errumaniarrek oraindik ere eskualdea legez eurena dela aldarrikatzen dute.

Ipar Bukovina eta Ipar Besarabia

4-Transkarpatia

Gaur egungo eskualdea: Zakarpatiako Oblast. Hiri nagusiak: Uzhgorod, Mukachevo, Khust eta Rakhiv

Zakarpatiak, Rutenia Transkarpatikoa eta Ukraina Subkarpatikoa izenekin ere ezaguna, nazioarteko lau muga partekatzen ditu Errumania, Hungaria, Eslovakia eta Poloniarekin. Eskualde hau errusiniarren aberria da. Karpatoetako errusiniarrek (erruteniarrak ere deituak) ekialdeko eslaviar herri bereizgarri bat (edo ukrainar azpitalde bat, bakoitzaren ikuspuntuaren arabera) osatzen dute. Herri honek Bizantziar Eliza Katolikoa jarraitzen du (Ukrainako eliza greko-katolikoa ez bezalakoa). Zakarpatiako biztanleek mendebalderantz jotzen dute, eta anbizio inperialistak hautematen dituzte, ez bakarrik Moskurenak, baita Kievenak ere. 1991ko erreferendumean, Kravchuk Ukrainako presidente ohiak deituta, eskualde horretako biztanleek tokiko autonomia ematearen alde bozkatu zuten. Hala ere, hori ez zen inoiz ezarri. 2008an, Karpatoetako Ruteniarren Kongresua izeneko talde bat “Karpatoetako Ruteniar Errepublika” aldarrikatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.

Hungariako Erresumaren zati izan zen Austria-Hungariaren barruan eta gero gerren arteko Txekoslovakiaren zati, SESBen parte izatera pasa aurretik. Txekiar eta eslovakiar gehienek harreman onak dituzte Karpatoetako erruteniarrekin.

Bestalde, eskualde honetan hungariar gutxiengo bat (% 12) ere bizi da. Budapesteko hungariar nazionalistek, 1920ko Trianongo Ituna onartzeari uko egiten diotenek, eskubidez eskualdea beraiena dela aldarrikatzen dute oraindik. Esanguratsua da, Maidanen aurretik, Viktor Orban hungariarra Yanukovichengana hurbildu izana, Yanukovichek ukrainarrak ez zirenen hizkuntza eskubideak babesten zituelako Ukrainan, Zakarpatiako hungariarrenak barne. Kieveko gobernu post-iraultzaile berriak eskualdeetako hizkuntzen legea baliogabetu zuenean, Zakarpatiako hungariarrek susmo txarrez erreakzionatu zuten eta Budapestera begiratu zuten laguntza bila. Orain, behin Ukrainako gerra hasita, Orbanen jarrera argi eta garbi errusiarraren aldekoa da.

Transkarpatia, Rutenia Transkarpatikoa edo Ukraina Subkarpatikoa

II-ERDIALDEKO UKRAINA

Erdialdeko Ukraina (Ukraina Dnieper bezala ere ezaguna) Khmelnytskyitik Sumyraino hedatzen den herrialdearen bihotza da. Eskualde hau, nagusiki nekazaritzakoa, Kiev hiriburuan zentratua, historikoki Errusiar Inperioaren eta Sobietar Batasunaren zati izan zen bere historia hurbilaren zati handi batean.

Eskualdeko biztanleak fede ortodoxokoak dira gehienbat, errusiera nagusiki hiri handietan hitz egiten dute (Kiev kasu), eta surzhykera (errusiera eta ukraineraren nahasketa linguistikoa), landa eremuan. Surzhykera, mendebaldean hitz egiten den “ukrainera hutsetik” sortzen dena, Erdialdeko Ukrainaren zati handi batean nagusi den hizkuntza da. Kharkiv-eko Oblasteraino eta Sumy-ko Oblastaren zati ekialdekoenetaraino hedatzen den lurralde zabala hartzen du, non lurralde honen mugetan hizkuntza pixkanaka errusierarekin nahasten den.

Politikoki, Ukraina erdialdeak oso zalantzati funtzionatzen du, Mendebalde nazionalistaren eta hego-ekialderik errusiartuenaren artean baitago. Hemen, Maidanen izandako gertakariei buruzko erantzuna mistoa izan da. Kieveko askok hasierako manifestazioei babesa eman bazieten ere, muturreko ekintza batzuk arbuiatu zituzten. Manifestariek Leninen monumentua bortizki eraitsi izanak ebaluazio oso negatiboa jaso zuen: Kieveko biztanleen % 69k iritzi negatiboa adierazi zuten. Ez dago argi nola erreakzionatu zuten Kieveko biztanleek ondorengo gertakarien aurrean.

1-Dnieper Ukraina

Gaur egungo eskualdea: Ukrainako erdiko oblast gehienak, bereziki Kiev, Cherkasy, Zhytomyr eta Poltavako oblastak. Hiri nagusiak: Kiev, Cherkasy, Poltava eta Zhytomyr

Dnieper Ukraina

2-Podolia

Gaur egungo eskualdea: Vinnitsyia eta Khmelnytskyi eskualdetan dauden oblast guztiak + Kiev, Cherkasy eta Odesako oblasten zati batzuk + Transnistria iparraldeko lurralde zatiak. Hiri nagusiak: Vinnitsyia, Khmelnytskyi, Kamianets-Podilskyi eta Rybnitsa

Podolia

3-Polesia

Gaur egungo eskualdea: Zhytomyr, Kiev, Txernihiv eta Sumyko oblasten iparraldeko zatiak. Hiri nagusiak: Txernihiv, Shostka, Nizhyn eta Korosten

Polesia

III-HEGO-EKIALDEKO UKRAINA

Hego-ekialdeko Ukraina herrialdeko zatirik errusiartuena da, eta demografikoki bertako biztanleria ukrainar errusiartuen eta errusiar etnikoen nahasketa bat da. Eskualde honetako zati handi bat (baina ez guztia) tsarismoaren garaiko “Novorossiya” zaharrari dagokio. Han dago Donbas ikatzaren meatze-eremua, bertako langile-klasearen populazioa baitzen Yanukovichen oinarri politikoa.

Kharkov hiria, Ukraina sobietarreko gerren arteko hiriburua, hego-ekialdean dago. Hiria XVII. mendean sortu zen, eta, gertu dagoen Sumyrekin batera, Ukraina erdialdean, Sloboda Ukraina bezala ezagutzen den eskualde baten zati izatera pasa zen, zeinaren lurraldea, gutxi gorabehera, tsarismoaren aroko Jarkov Guberniyari dagokion. Garrantzitsua da adieraztea, hego-ekialdeko beste eskualde eta hiri batzuetan ez bezala, Kharkov ez zela inoiz Novorossiyaren parte izan. Bestalde, hego-ekialdean, Zaporozhia eskualde kosako ospetsua, Nikolayev antzinako itsas hiria eta Odesa hiri kosmopolita daude.

Hego-ekialdeko Ukrainako jendeak ortodoxia jotzen du nagusiki bere benetako fedetzat eta errusiera bere hizkuntza nagusitzat, baina surzhyk hiztunen gune garrantzitsuak ere aurki daitezke eskualde osoan, bereziki hegoaldean. Euromaidaneko protestak “alferrikako bandalismoa” direla uste dute gehienek, eta Eurasiako Batasun Ekonomikoa positibotzat jotzen dute

Hegoalderago, Krimea dago, Ukrainak erreklamatutako baina Errusiak kontrolatutako eremu lehiatua. Demografiari dagokionez, eskualde hori gehienbat errusiarra da (% 58), ukrainarren (% 24) eta Krimeako tatariarren (% 12) gutxiengo esanguratsuekin.

1-Zaporozhia

Gaur egungo eskualdea: Eskualde honen erdialdeko lurraldeak Dnipropetrovsk, Zaporozhia (iparrladeko eremua) eta Kirovograd oblatak hartzen zituen. Zaporozhia ekialdera eta hegoaldera ere hedatu zen, eta, beraz, Kharkiv, Donetsk, Luhansk, Nikolayev eta Khersongo oblasten zati batzuk gehitu zituen. Hiri nagusiak: Dnipropetrovsk, Zaporozhia, Kryvyi Rih eta Kirovograd

“Porozh” hitzak, ukraineraz eta errusieraz, “ur-lasterrak” adierazten du, eta, beraz, izenak, hitzez hitz, “ur-lasterrak baino haratago dagoen lurra” esan nahi du (Dnieper ibaiaren ur-lasterrei erreferentzia eginez).

Zaporozhia

2- Sloboda Ukraina (Ukraina Askea)

Sloboda Zemlya (Lur Askea) edo Slobozhanshchina izenez ere ezagutua.

Eskualde hau honako oblast hauek osatzen dute: Ia Kharkov osoa, hegoalderago dauden zatiak izan ezik + Donetsk, Luhansk eta Sumyko oblasten zati batzuk. Hiri nagusiak: Kharkiv, Sumy, Izyum eta Starobilsk

Tsarren aroan, Jarkoven Guberniya gutxi gorabehera Sloboda Ukrainaren mugei zegokien. 1897ko zentsu tsaristaren arabera, Guberniyaren populazioa gehienbat “errusiar txiki-malorus” etniakoa zen (hau da, ukrainarra). Gainera, 1939ra arte, Sumy hiria eta Sumyko egungo oblastaren hegoaldea sobietarren garaiko Kharkoveko oblastaren zati ziren.

Sloboda Ukraina (Ukraina Askea), Sloboda Zemlya (Lur Askea) edo Slobozhanshchina

3-Donbas

Gaur egungo eskualdea: Donetskeko eta Luhanskeko oblastak (baita Donetskeko eta Luhanskeko Herri Errepublikak ere). Hiri nagusiak: Donetsk, Luhansk, Mariupol, Slavyansk eta Kramatorsk

Donbass izena Donets ibaiaren arroaren laburdura da (Donetskyi basein, laburtua Donbass). Tsarren garaian, Donbas eskualdea administratiboki banatuta zegoen. Oblast bien iparraldeko zatiak Kharkoveko Guberniyaren zati ziren (Slobodaren Ukraina historikoa); mendebaldeko zatiak, Yekaterinoslaveko guberniyarenak ziren (Novorossiya historikoaren ekialdeko zatia); eta ekialdeko zatiak Don Host oblastarenak, Errusiako hegoaldeko zati garrantzitsuak ere biltzen zituena. Azken honen ondorioz, batzuek, ekialdeko Donbas, noizbait, Errusiaren mendebaldea izan zela argudia lezakete. Hala ere, argudio hori problematikoa da, eskualde horretan gero eta lausoagoa baita Errusiaren eta Ukrainaren arteko bereizketa. Adibidez, Errusiaren eta Ukrainaren arteko eremu hau hain dago demografikoki nahastuta, non ukrainar batzuek, aldiz, Errusiako hegoaldeko zati batzuk ukrainarrak direla baiezta dezaketen. Nahasmena larriagotu egiten da historikoki eremu horietan bizi izan ziren kosakoak ez zirelako talde nazional esklusibo batekoak. Biak errusiarrak eta ukrainarrak ziren.

Donbass

4-Krimea

Gaur egungo eskualdea: Krimeako Errepublika eta Sebastopolgo Hiri Federala, Errusiak administratuak. Krimeako Errepublika Autonomoa eta Sebastopol Hiria, Ukrainak erreklamatua. Hiri nagusiak: Sebastopol, Simferopol, Kerch, Feodosia eta Yalta

Tsarren aroan, Taurideko Gubernyak, Krimeako penintsulaz gain, Kherson eta Zaporozhia garaikideko oblast modernoen zati esanguratsuak ere bazituen. Hala eta guztiz ere, Guberniyaren zati “kontinental” hau (Novorossiya beraren zatitzat ere hartua), nabarmen ezberdina zen demografikoki penintsulakoaren aldean. 1897ko tsarren erroldaren arabera, kontinenteko biztanleria, nagusiki, “errusiar txikia” (ukrainarra) zen, eta gutxiengo etniko errusiar (“errusiar handia”) garrantzitsua. Penintsulako biztanleria, berriz, gehienbat “errusiar handia” eta tatariarra zen, gutxiengo ukrainar garrantzitsu batekin. Alemaniarren, juduen, bulgariarren, greziarren, armeniarren, poloniarren eta beste batzuen gutxiengo etnikoak ere bazeuden.

Krimea edo Tauride

5-Budzhak

Gaur egungo eskualdea: Odesako oblastaren zati bat da, Moldavia hegoaldean, Errumania eta Danubioren ekialdean, eta Dniesterren mendebaldean dagoena, Itsaso Beltzeko kostaldean. Hiri nagusiak: Izmail eta Bilhorod-Dnistrovskyi (Akkerman)

Historikoki, Besarabiako zatirik hegoaldekoena da. Eskualde hau gerra arteko Errumaniako Erresumaren zati izan zen, 1940an Sobietar Batasunak erantsi zuen arte. Ukraina sobietarrean, Akkermango oblast bezala administratua izan zen, beranduago Izmailgo oblast bezala berrizendatua izan zena. 1954an, abolitu egin zuten eta Odesako oblastean sartu zuten. Budzhak etnia anitzeko eskualdea da, eta gehiengo ukrainarra du, gutxiengo bulgariar, errusiar, errumaniar eta gagauzar garrantzitsuekin. “Budzhak” izena turkiar “bucak” hitzetik dator, “barrutia” edo “izkina” esan nahi duena.

Budzhak

6-Yedisan

Gaur egungo eskualdea: Transnistriako hegoaldea + Odesako oblast (Budzhak izan ezik) + Nikolayeveko oblastaren hegoaldea + Khersongo oblastaren hego-mendebaldea. Hiri nagusiak: Odesa, Nikolayev eta Tiraspol

“Yedisan” (Edisan edo Jedisan) izena nogai tribu nomada turkiar batetik dator, behin inguru honetan bizi izan zena. Hitzez hitz, “zazpi titulu” esan nahi du, tribuaren barruko zazpi azpibanaketa desberdinei erreferentzia eginez. XVIII. mendean, eskualdea, Errusia inperialean sartu zuen Katalina Handiak, Novorossiyaren zati bezala, eta ukrainarrek (maloerrusiarrek-errusiar txikiek), errusiarrek eta beste batzuek kolonizatu zuten. Eskualde hau, “Otxakoven Tartaria” izenez ere ezagutzen da, gaur egungo Nikolaieveko oblastean kokatutako Otxakoven gotorleku historikoaren omenez.

Yedisan

7-Novorossiya (Errusia Berria)

Gaur egungo eskualdea: Nikolayev, Don Host eta Khersongo oblastak + Transnistriako hegoaldeko eremua + Odesa, Zaporozhia eta Kharkiveko oblasten zati batzuk + Donbas mendebaldeko eremu erdia + Zaporozhia eskualde historikoaren zatirik handiena + Besarabia + Krimea. Hiri nagusiak: Odesa, Nikolayev, Kherson, Tiraspol eta Berdyansk

Azpimarratzekoa da Kharkoven egungo oblastaren lurraldearen zati handi bat, hego-ekialdekoena izan ezik, ez zela Novorossiyaren zati. Gainera, Novorossiya erdialdeko lurraldeko biztanle gehienak (Odesa, Nikolayev, Kherson, Transnistriako hegoaldea, Donbaseko mendebaldea eta Zaporozhia historikoa) 1897ko tsarren erroldan “errusiar txiki” (ukrainar etnikoak) gisa identifikatuak izan ziren, “errusiar handi” (errusiar etnikoak) gutxiengo esanguratsuekin, eta, Odessa inguruan, judutar askorekin. Ondorioz, eskualde hau Ukraina sobietarraren zati bihurtzeko ideia logikoa zen geografiaren eta etnografiaren ikuspegitik. Beraz, azpimarratu behar da lurralde horien esleipena ez zela boltxebikeen “akats handia” izan, Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan zuen bezala.

Novorossiya

8-Novaya Serbiya (Serbia Berria)

Gaur egungo eskualdea: Kirovogradeko oblastaren iparraldeko zatiak + Txerkasy, Poltava eta Dnipropetrovsk inguruko oblasten ondoko eremu batzuekin. Hiri nagusiak: Novomyrgorod

Eskualde hau, tsarren Errusiak sortu zuen Poloniarekiko muga militar bezala 1750eko hamarkadan, eta serbiarrek, montenegroarrek, errumaniarrek eta Austria Habsburgoko beste biztanle batzuek birpopulatu zuten (hortik datorkio izena). Ondoren, lurraldea 1764an abolitu eta Novorossiyara gehitu zen.

Novaya Serbiya

9-Slavo-Serviya

Gaur egungo eskualdea: Donetskeko eta Luhanskeko egungo oblasten arteko mugako eskualdeak. Hiri nagusiak: Artemivsk (Bakhmut)

Eskualde hau Errusia tsarrak sortu zuen serbiar, montenegrino, errumaniar, bulgariar, hungariar, greziar eta beste batzuentzako babesleku bezala. Ondoren, lurraldea 1764an abolitu eta Novorossiyara gehitu zen.

Slavo-Serbiya

https://busturianaiak.home.blog/2024/05/25/ukrainako-geografia-historikoa/