Independentzia helburu Euskal Herrian

Euskaldunok geure nazioaren historia ezagutu behar dugu, etorkizun askea modu egokian antolatu nahi badugu. Horretarako, geure ikuspuntu propiotik eta geure hizkuntzan aztertu behar dugu iragana eta prestatu etorkizuna.

Frantziar estatu zentralizatuaren eraikuntzak ukatu egin zuen Euskal Herria Ipar Aldean. Frantziar iraultzaren batzar konstituziogileak, 1789ko abuztuko dekretuen bitartez, Lapurdi, Zuberoa eta Nafar Erresumako independentzia zapuztu eta lege, arau eta instituzio propioak desegin zituen. Nafarroako Estatu Orokorrek, irailaren 19 eta 22 bitarte Donibane Garazin bilduta, Asanblea Nazionalera zuzendutako txostena egitea agindu zioten Étienne Polverel Gorteetako sindikoari. Polverelek Tableau de la Constitution du Royaume de Navarre idatzi zuen, «Erresumako biztanle guztiek euren benetako interesak ezagutu zitzaten» eta Gorteek txostena «herriaren hizkuntzan», euskaraz, inprimatzeko eta banatzeko agindua eman zuten. Oso garbi utzi zuten Gorteek Nafarroa mila urtez estatu independentea izan zela; Nafarroa estatua izateaz gain, beste euskaldun guztiekin bat nazioa zela; nafarrak ez zirela ez frantsesak ez espainolak eta euren hizkuntza euskara zela.

1789. urtetik aurrera gertatu dira Euskal Herriaren historiako prozesurik odoltsuenak, eta 1789tik 2022ra bitarte horretako berrehun urte luzeetan eta Pirinioetako alde bietara, euskal eremuan bertan bereziki eragin oso latzak izan dituzten bostetik zazpira gerra bizi izan ditu euskaldunak (1793-95; 1804-12; 1833-39; 1872-76; 1914-18; 1936-39; 1939-45).

Horren guztiaren ondorioz eta modu logikoan, euskal nazionalismo politikoa eta independentziaren aldeko mugimendu politikoa, hau da, independentzia helburu politiko gisa, agertu ziren Euskal Herrian 1876tik aurrera.

1833 eta 1839 bitartean borrokatu ziren Hegoaldeko euskaldunak independentziaren alde Lehenengo Karlistaldian. Ondoren, Agosti Xaho zuberotarrak argi adierazi zuen lehen gerra karlista deitua benetan «Euskal Herriaren independentziaren aurkako sarraski gerra» zela, eta euskal independentismoaren lehen ikur eta sinboloak sortu zituen, «Zazpiak Bat» tartean. 1855. urtean agertu zen lehen aldarri independentista, Pascual Madozen desamortizazio zibilari erantzun moduan. Mugimendu karlista aurreko foruen berrezarpenean sustraitu zen. Esan daiteke «berrintegrazio foral osoa» proposatu zela 1876. urtera arte, alegia, independentzia politikoa bermatzen zuten foruen eta instituzioen berreskurapena. Euskaldunen edo euskal abertzaleen lehen alderdiak bigarren Karlistaldiaren amaieran sortu ziren, gerra galdu ondoren, eremu politiko propioaren defentsa egiteko: foruak itzuli, euskal errepublika independentea sortu. Iruñean sortu zen Nafarroako Euskara Elkartea euskaldunen identitate kulturala eta independentzia politikoa aldarrikatzeko. Hor ditugu Estanislao Aranzadi, Hermilio Oloriz, Francisco Navarro Villoslada, Juan Iturralde y Suit eta beste hainbeste.

Euskal mugimendu politikoa eta independentismoa gero eta zabalagoak dira Euskal Herrian. Oinarrizko ideia kardinala zen zazpi euskal lurraldeak nazio bakarra osatzen dutela guztien artean. Printzipio hori gaur arte bizirik dirauena da, euskara ardatz hartuta.

Joxemari Iparragirrek, Xahoren garaikideak, sinbolo garrantzitsua gehitu zion Euskal Herriaren nazio eraikuntzari: Gernikako Arbola. Kantu bihurtuta, gaur euskaldunon benetako ereserki identifikatzailea dugu.

Sabino Aranak urrats politiko-ideologikoa egin zuen, «Euskaldunon Aberria Euzkadi da» esaldia finkatu, ikurrinarekin ordezkatu eta EAJ alderdiaren bidez abertzaletasuna antolakunde politikoa bihurtuz.

Bide horretan, euskal kulturaren eta abertzaletasunaren berrikuntzak, XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera, frankismoak ezarritako baldintzarik okerrenetan ere, lau hamarkada luzeetan zehar mantendu zuen erbesteko eusko jaurlaritzak independentismoaren ikurra New Yorken, Londresen eta Parisen. 1941ean negoziatu zuen Manuel Irujok euskal estatuaren independentzia Winston Churchillekin. Ostera, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Koldo Mitxelena, Jurgi Oteiza, Gabriel Aresti, Joxe Azurmendi… bezalakoen ekarpenez sendotu dugu independentziarako oinarri ideologikoa eta proposamen politikoa, dimentsio linguistiko, kulturala, soziala eta artistikoa ere eskainiaz.

Frankismoaren amaieran Hego Euskal Herrian aldaketa esanguratsuak gertatu dira. Estatu espainiarra saiatu da auto-legitimazioa lortzen sistema demokratiko gisa, baina horretarako prestatu zuen konstituzioak, 1978an, euskal herritarron heren baten onespena baino ez zuen lortu, eta azken bi mendeetako sistema espainiarraren zutabe berei eutsi die: monarkia eta espainiar naziotasun derrigortuak, gainontzeko naziotasunak onartu gabe; gaztelera derrigortu eta euskara bigarren mailan ahultze bidean kokatu; estatu botere espainiarrei eutsi eta hauen mendeko autonomia mugatuak ezarriz.

Baina bestalde, euskal naziogintzak pauso berriak saiatu ditu. Horien artean oso aipagarriak dira Lizarra Garaziko Akordioak 1998an, Udalbiltza 1999an, eta Ibarretxe Plana deitua 2003-2005 urteetan, estatu espainiarrarekiko harremanak era sakonean aldatzeko proposamena zekarrena. Ondoren, ETAren amaierak, Kataluniako proces deituaren eraginak eta gobernu espainiarrean gertatu diren aldaketa gorabeheratsuek baldintzatu dute independentziarako bidea. Batetik, euskal instituzio autonomikoek eta alderdi abertzaleek Espainiako joko politikora moldatu eta independentzia eta naziogintza aldarriak baretu eta moteltzeko joera agertzen dute, helburu taktiko mugatuen mesedetan. Baina beste alde batetik, erreibindikazio, erakunde eta mugimendu herritar berritzaile eraginkorrak agertu dira, feminismoaren eskutik, edo eremu sindikal propioan, baita euskalgintzan eta gazte belaunaldi berrietan ere, Euskal Herriaren independentziarako bidea bizkortu eta indartu egiteko aukera berriak zabalduz.

XXI. mende honetan, independentziarako bidea zabalik dugu euskaldunon aurrean.

Berria