Ekainaren 16-18an izan genuen hitzordua, Italiako eta Iberiar Penintsulako hainbat wikide elkartu ginen Portugalgo Porton, elkar ezagutu, arduratzen gaituzten gaiak eztabaidatu eta lankidetzak josteko. Wikimedia Espainiak eta Wikimedia Portugalek antolatutako topaketa honek, era honetako lehenengoak, hizkuntza gutxituetako Wikipediei heltzen die. Nazioartean, egin izan da horrelakorik lehenago: Celtic Knot edo hizkuntza zeltetako Wikipedien topaketa, luze gabe hizkuntza gutxituetako Wikipediena bilakatu zena. Topaketa hori, berriz, itzaliz joan da («The Celtic Knot is dead?»), eta ikusiko dugu berpizten ote den hurrengo urteetan.
EUWP eta CAWPko (katalanak) kideak bai, baina hor ziren ere labetik atera berri diren Wikipediak, hala nola miranderazkoa eta extremadurera, zorte on biei! Topaketaren komunikaziorako formatua ez zen erraza: gaztelaniak badu halako botere harreman bat portugesaren gainean,eta bi estatu hizkuntzek beste guztien gainetik. Ingelesari, berriz, bekozkoa jarri zaio. Testuinguru «erromanikoa», dudarik gabe.
Problematikak askotarikoak: adimen artifizialaren garai honetan eta hura heldu baino lehen, botek artikuluak sor ditzakete, hizkuntza gutxituetan ere bai, itzulpen automatikoan oinarrituz. Distortsioak harrigarriak dira: botek Wikipedia oso bat sor dezakete, hala nola Filipinetako cebueraz; artikulu kopuruan bigarrena da, ingelesaren ondoren. Horrek, ordea, ez du haren alde jokatzen, mami fidagarririk gabeko oskola baita. Botek ederki egin dezakete itzulpen lana puntu bateraino, baina produktu gordina eskaintzen dute, ez bukatua.
Adimen artifizialak ez ditu artikuluak sortzen Wikipedian, ez baititu erreferentziak eskaintzen. Ez dira falta, ordea, iritzi artikulu landuak adimen artifizialaren bidez sortu izanaren salaketak (The Signpost aldizkari digitalean, ingelesez). Gizarte likidoak informazio likidoa ekarri du: egiaostea. Horren bestaldean, topaketetan nabarmendu da hizkuntza gutxituetako Wikipediak unibertsitateetan lantzeak ikasleengan izan dezaketen eragin pedagogiko onuragarria, erreferentziak egiaztatuz, eta, kopiatu-itsatsi gabe, informazioa kritikoki eraikiz eta antolatuz.
Hizkuntza gutxituetako Wikipedia batzuek indar osoa corpusa sortzen jartzen dute, eta adimen artifizialak Wikipedia ere beharrezkoa du hizkuntza jakin batean funtzionatuko badu. Beste Wikipedia batzuk, gainera, bisitekin kezkatu gara. Bilatzaileen hizkuntza konfigurazioa izan dugu apustu horietako bat, baina jada beste buruhauste bat gailendu zaio: Google bilatzailearen algoritmoen aldaketa, 2022ko udaberriaz geroztik, hizkuntza gutxituetako Wikipedien kaltetan.
Katalanek ikerketa txosten bat ondu, eta erakutsi dute Googleren bilaketa algoritmoaren aldaketek ez dutela batere ondorio onik ekarri. Erabiltzaile euskaldunek eta katalanek, gutxienez, protesta egin dute. Horien artean, 2023ko urtarrilean egindakoa sare sozialetan, Googlek algoritmoa alda zezan. Espainiako Estatuan bakarrik gertatzen ote da (Google España)? Hortxe kosketako bat. Duela hilabete batzuk, 2023ko martxoan, izan da azken algoritmo eguneratzea, eta oraindik ere ez ditugu ikusi bete-betean haren ondorioak, baina jakin izan denez, Errusiako hizkuntza gutxituek ere bisitak galdu dituzte 2023ko martxoko algoritmo aldaketaz geroztik (AA aplikatu zaiona). Dudarik gabe, gai kritikoa da euskarazko Wikipediak ikusgaitasuna izan dezan eta funtzio orotan digitalki ere euskaraz bizi ahal izan gaitezen. Bitartean, Porton bildutakoek hurrengo urterako jarri dugu hitzordua, Asturiasen. Ekar bitza fruituak!
Berria