Justizien biktimok

Bakoitzak bere sokakoak aitortzen ditu biktimatzat. Ez besterik. Sarriegi ikusten ditugu honen inguruko tirabirak. Nor ekarri behar dugun gogora eta nor ez, gaizki esateko ez bada.

Egiari zor, ikuspuntuak pertzepzioa eta epaia baldintzatzen ditu. Nondik begiratzen dugu? Azken 60 urteak hartzen ditugu kontutan? 1936tik gerokoak? Beti aurkitu ditzakegu zapaltzaile bat eta defentsan ari dena. Baina nor da nor, western filmetan? Westernek ez dute pelikula osoa kontatzen, zati interesatua baino, gatazkaren jatorria ezkutatuz. Geuri ere ez digute geurearen jatorria eskoletan kontatzen.

Perspektiba behar dugu. Gure inguruko orografia ezagutzeko, mendi tontor batetik izan ohi dugun perspektiba. Altuerak, metroek, emana. Horregatik, uste dugu mendetako aldia izan behar dugula kontutan, borreroak eta biktimak identifikatzeko.

Euskaldunok estatua sortu genuen 824an gure gizartea eta kultura babesteko. Meatxuen aurrean, defentsarako indar armatua antolatu genuen, estatu orok ohi duen legez. Laburbilduz, 1200, 1512 eta 1620an zatikatu eta menpean hartu gintuzten. Independentzia indarrez ebatsi ziguten. Ez ginen oldarrari eusteko gai izan, baina bai ondorioei bizirauteko. Harrezkero saiakera antzu batzuk egin ditugu burujabe-tza berreskuratzeko.

Perspektiba honetatik, garbi dakusagu borreroak nortzuk diren eta biktimak, gu geu garela: euskaldunok, gure kultura, gure hizkuntzarekin. Apurka apurka mapatik desagerraraziko gaituzten meatxupean bizi garenok. Euskararen beheranzko erabilera datuak, Frantzia zein Espainiako “justizien” azken epaiak… lekuko.

Euskaldunok gara biktima nagusi, aspalditxotik. Amerikan indiarrak diren bezalaxe. Geure mendetako historia ezagutzeko gonbitea luzatzen dizuegu, perspektiba irabazi eta egoeraz jabetzeko, eskoletan zein etxean.

Noticias de Gipuzkoa