Zirkasiar nazioaren patu tragikoa

2014ko Neguko Olinpiar Jokoak Sotxin ospatu ziren, Zirkasiako hiriburu zaharrean. Jende askok ez zekien han, 150 urte lehenago, 1864ko maiatzaren 21ean, ehunka mila musulman zirkasiar indarrez erbesteratuak izan zirela errusiarrek beren jaioterria arpilatu zutenean. Zauri zaharrak ireki ziren berriro, mende eta erdi igarota ere, zirkasiarrek oroimena dutelako eta mina sentitzen dutelako. Egia esan, Neguko Olinpiar Jokoak giza historiako genozidiorik odoltsuenetako bat gertatu zen leku berean egin ziren.

Nortzuk dira zirkasiarrak? Arraza zuria deiturikoaren kideak “kaukasoarrak” deituak izatea,  hein handi batean, XIX. mendeko europar nozio orokortutik eratortzen da, hau da, Kaukasoko ipar-mendebaldeko zirkasiarrek nolabait giza forma ideala irudikatzen zutela. Duela 150 urte, zirkasiarrak oso ezagunak ziren Europan eta Estatu Batuetan, beren ausardiagatik eta, bereziki, edertasunagatik ospatuak. Marketin masiboko publizitate-kanpainek “zirkasiar lozioa”, “zirkasiar ilerako tindaketa” eta “zirkasiar xaboia” aldarrikatzen zituzten. Gure garaian, ordea, duela mende bat ospetsua izan zen talde hori ia desagertu egin da bistatik.

Zirkasiarren mundu mailako garrantzi historikoa ez da euren ustezko ezaugarri fisikoetatik eratorria, baizik eta bizi ziren lurraldea okupatzen zuen leku estrategikoaren garrantzitik. Kaukasoko iparraldean eta Itsaso Beltzaren ekialdeko kostaldean kokatua, Errusiar Inperioen eta Otomandarren arteko talka lerroa izan zen. Gainera, zirkasiarrak eliteko esklabo izan ziren eskualdeko estatu musulman nagusietan. “Eliteko esklaboen” nozioa kontraesankorra izan daitekeen arren, libreak ez diren pertsonak oso posizio altuetara igo zitezkeen. Denbora luzez, gobernari musulmanek, beren armadak, neurri batean, esklabo bihurtutako soldaduz hornitu zituzten (mamelukoak), eta, zenbait une eta lekutan, tropa horiek, funtsean, estatua bereganatu zuten. Mamluk Burji dinastia, Egipto 1382tik 1517ra gobernatu zuena, hein handi batean, jatorri esklaboko soldadu zirkasiarrek sortu eta osatu zuten. Mirabetzara esportatuak izan ziren emakume zirkasiarrek, aldi berean, ohaide edo sultan otomandar eta pertsiarren emazte gisa buka zezaketen.

Errusia-Zirkasiar Gerra (1763-1864)

Errusia-Zirkasiar Gerra (1763 – 1864), errusiarrek Zirkasiaren inbasioa izan zen. 1763ko uztailaren 17an hasi zen, Errusiar Inperioak Zirkasiako agintea hartu nahian, zirkasiarren oposizio armatu erresistenteari jarraitu zion, eta 101 urte geroago amaitu zen, 1864ko maiatzaren 21ean Zirkasiako azken armada garaituta. Gerra nekagarria izan zen,  bi aldeetan baja asko utzi zituelark. Zirkasiarrek Kaukasoko beste herri guztiek baino luzaroago borrokatu zuten errusiarren aurka, eta, gainera, gerra hau Errusiak eta Zirkasiak inoiz borrokatu duten luzeena izan zen.

Gerra bitartean eta ondoren, Errusiar Inperioak zibilak sistematikoki sarraskitu zituen, eta horrek, ondoren, zirkasiar genozidioa deituko zaiona eragin zuen: 2.000.000 zirkasiar inguru (biztanleria osoaren % 85-97) hil edo Otomandar Inperiora kanporatu zituzten, zirkasiar diaspora sortuz. Gerra hasiera batean gatazka isolatua izan bazen ere, Errusiak eskualde osoan zehar hedatzeak laster erakarri zituen Kaukasoko beste nazio batzuk gatazkan parte hartzera.

Gerran zehar, Errusiar Inperioak ez zuen Zirkasia eskualde independente bezala onartu, eta, ondorioz, Zirkasia, okupazio errebeldepean zegoen errusiar lurtzat hartu zuen, eskualdea, inoiz errusiarren kontrolpean egon ez zen arren.  Jeneral errusiarrek ez zituzten zirkasiarrak beren izen etnikoz aipatzen, baizik eta “mendizaleak”, “bidelapurrak” eta “mendiko zaborra” deitzen zieten. Gerra, errebisionismo historikoaren objektu izan da, eta eztabaida ere sortu du, ondorengo iturri errusiarrek, gehienak, gatazkari entzungor egin ziotelako edo gutxietsi egin zutelako, eta Errusiako hedabide eta funtzionarioek gatazka “inoiz ez zela gertatu” baieztatzera iritsi zirelako, eta Zirkasia, “XVI. mendean Errusiarekin borondatez bat egin zuela” ere baieztatu zutelako.

Ondoren, eta gaur egun, gerra errebisionismo historikoaren xede izan da, eta eztabaida sortu du, iturri akademiko errusiar gehienek gaiari muzin egiten diotelako, gatazka alde batera utzita eta aipatu gabe. Beste batzuetan, aipatzen dute, eta kasu honetan, garrantzi gutxiko gertakaritzat hartzen dute. Bestalde, hedabide eta funtzionario estatalen arabera, gatazka “ez zen inoiz gertatu”, Zirkasia “bere borondatez Errusiara batu baitzen XVI. mendean”.

Zirkasiako Konfederazioa

Zirkasia dozena bat printzerri baino gehiago izan ohi zen, baina XIX. mendearen erdialdetik amaierara bitartean gobernu zentral bat sortu zen.

1807an, Zirkasia administratiboki 12 eskualde nagusitan banatu zen. Krimeako Gerraren ondoren (1853-1856), Zirkasiako enbaxadoreak Konstantinoplara joan ziren Ingalaterrak eta Frantziak euren herrialdearen independentzia aitortzea eta bermatzea eskatzeko. Europarrek, ordea, ez zuten eskaera bete. Beranduago, 1856ko Parisko Itunak, Errusiari, Zirkasian indar militar garrantzitsuak biltzea ahalbidetu zion. 1859an Kaukasoko ekialdea konkistatu ondoren, tropa errusiarrek 300.000 soldaduko armada handi bat osatu zuten Zirkasian. Aitzitik, Zirkasiako Konfederazioak 80.000 soldadu eta 50.000 erreserbista zituen. 1860ko ekainean, zirkasiarren ordezkarien kongresu batean, parlamentu bat eratu zen Zirkasiako organo legegile goren bezala, Sotxi hiriburuan ezarria, eta, aldi berean , Ismail Berzeg parlamentuko eta nazioko buru hautatua izan zen.

1860ko hamarkadan, Errusiak Kaukaso osoa bereganatu zuen, erresistentzia heroikoa adierazten zuen Zirkasia izan ezik. Errusiako indar militarrak zirkasiarrak baino gehiago izan zirenez, Konfederazioak estatu eraginkorrago bat sortzeko beharrari aurre egin behar izan zion. 1861eko ekainaren 13an, Zirkasia errepublika federatibo bihurtu zen, hiru barruti federalekin: Ubykh, Shapsug eta Natukhai.

Gerandiqo Berzeg, zirkasiar komandante militarra, Zirkasiako Konfederazioko seigarren buruzagia izan zen 1860tik 1864ra.

Aldi berean, buruzagi politiko zirkasiarrak jakitun ziren errepublikak ezingo zuela luzaroan Errusiar Inperioaren aurka borrokatu nazioarteko laguntza militarrik gabe. Parlamentu (Majlis)-aren lehen dekretua, errepublikak, Errusiaren babesa onartzea izan zen, Zirkasiaren estatusa estatu independente bezala mantenduz. Majliseko presidentea, Gerandiqo Berzek, Grigory Orbeliani Kaukasoko bitarteko gobernadore jeneral errusiarrarekin bildu zen, eta Majlisen adierazpen idatzi bat eman zion. Aldi berean, Orbelianik Alexandro II.a Errusiako tsarrarekin bilera bat antolatzeko eskaintza egin zuen. Negoziazioak prestatzen ari ziren bitartean, Dmitri Milyutin Errusiako Gerrako ministroak negoziazio-estrategia zuzendu zuen. Ministroak pentsatu zuen zirkasiarrek bakea lortu nahi zutela, “baina isilpeko asmo batekin, hots, borroka Europako gerra berri batera arte luzatzea, zeren gerra hori irrikaz desiratzen baitzuten gure barneko eta kanpoko etsaiek”. Beraz, Dmitri Milyutin Gerra ministroak, zirkasiarrak errusiar lurraldera erbesteratzea eta Zirkasia kosakoekin okupatzea proposatu zuen.

1861eko irailaren 16an, Alexandro II.a Errusiako tsarra eta Gerandiqo Berzek Majliseko presidentea Fars ibaiaren ertzeko errusiar kanpamendu militar batean bildu ziren. Zirkasiar herriaren ordezkari gisa, Berzek-ek Maiestateari eskatu zion onar zitzala zirkasiarrak errusiar hiritartzat. Alexandro II.ak erantzun zuen “oso pozik zegoela bere hiritarrak bezala ikusteaz”, baina zirkasiarrek beren lurraldea utzi eta Errusiara edo Turkiara joateko exijitu zuen. Berzekek uko egin zion tsarraren eskaera betetzeari, eta negoziazioek ez zuten emaitzarik izan.

Handik urtebetera, Majlisak enbaxadore bat bidali zuen, Ismail Dziash, Londresera, Britainia Handiaren laguntza militarra eskatuz, Errusiaren aurkako gerran laguntzeko. Hala ere, nazioarteko konplikazioek Parlamentu britainiarrak Mailisi benetako babesa eskaintzea eragotzi zuten. 1863an, Dmitri Milyutin Gerra ministroak, argi eta garbi adierazi zuen menditarrek Errusiar Inperioaren parte izan nahi ez badute, zibilizatu izateari utziko diotela, eta, beraz, suntsituak izango direla.

Azken gudua

Zirkasiarrek beren baldintzak aurkeztu zituzten, negoziaziorako prest zeudela argi utziz. Hala ere, errusiarrek erabakia hartua zuten. Eskualdea ehun mila soldadu errusiarrek baino gehiagok setiatu zuten. Errusiako indarrek eta kosako irregularrek herrixkak erre eta zibilak sarraskitu zituzten sistematikoki. Zirkasiarrak etxetik bota eta itsasertzera zokoratu zituzten.

1864ko maiatzaren 21ean, 20.000 zirkasiar borrokalari inguru elkartu ziren Kbaadan (Krasnaya Polyana), Sotxin kokatua. Han errusiar armadari aurre egin eta azken gudua eman zuten. Zirkasiarrek, 100.000 soldadu errusiarrek inguraturik, ez zuten amore eman eta hauek akabatu egin zituzten. Errusiak 1864ko maiatzaren 21ean lortu zuen eskualdearen erabateko kontrola. Egun horretan, Mikhail Nikolaevitx printzeak, tsarraren anaiak, desfile bat egin zuen Krasnaya Polyanan, Errusiak Zirkasiaren aurka lortutako garaipena ospatzeko. Abuztuan, Kaukasoko mendebaldeko jendeari iragarpen publiko hau egin zion: “Zirkasiarrek hilabete barru Kaukasoko lurraldea uzten ez badute, biztanleria guztia eskualde ezberdinetara erbesteratua izango da Errusiako preso gisa”. Horrela hasi zen zirkasiarren tragedia handia.

Mikhail Nikolaevitx duke handiaren Kaukasoko Gerraren amaierari buruzko manifestuaren irakurketa

Zirkasiarren erbestealdi masiboa

Erbesteratuak izan ziren zirkasiarrak itsasoz abiatu ziren Taman, Tuapse, Anapa, Tsemez, Sochi, Adler, Sohum, Poti, Batum eta abarretako Kaukasoko kaietatik. Eta handik otomandar portu hauetara iritsi ziren: Trabzon, Samsun, Sinop, Istanbul, Varna, Burgaz eta Kostence, eta haientzako prestatutako kanpamenduetan kokatu ziren. Denbora laburrean, milaka errefuxiatu gosez eta gaixotasunez hil ziren.

Iturri historiko guztiak erkatuz, zazpiehun mila eta milioi bat artean beren lurretatik erbesteratuak izan zirela uste da. Kemal Karpat historialari ospetsuak dioenez, 1859tik 1879ra bitartean erbesteratutako zirkasiarren kopurua 2 milioi ingurukoa izan zen, eta Otomandar Estatura iritsi zirenen kopurua 1,5 milioi ingurukoa.

Gehienek Otomandar Inperioan aurkitu zuten babesa, gainerakoak Turkian eta antzinako Otomandar Inperioko beste lurralde batzuetan bizi dira, bereziki Sirian eta Jordanian. Beraz, kanporatzea suntsitzailea izan zen. Gaur egun mundu osoko 3,7 milioi zirkasiar ingurutik 700.000 baino ez dira bizi beren sorterrian.

1860ko hamarkadan ipar-mendebaldeko Kaukasoko despopulazioa hizkuntza-mapa modernoan islatzen da. Gaur egun, Kaukaso ipar-mendebaldeko hizkuntza-familiaren banaketa oso etena da. Ipar-ekialdeko kaukasiar eta kartveliar hizkuntzek (georgiarra eta bere ahaideak) lurralde bloke sendo samarrak estaltzen dituzten bitartean, ipar-mendebaldeko kaukasiar hizkuntzak errusiera eta beste hizkuntza batzuk hitz egiten diren eremuz inguratutako gune txikietan agertzen dira. Errusiako Karachai-Cherkessia eta Adyghea errepubliketan ere, itxuraz zirkasiar etnian oinarrituak, zirkasiarrak biztanleria osoaren laurden bat baino ez dira. Hala ere, 1860ko hamarkadako gertaeren aurretik, zirkasiarrek eta euren ahaideek elkarren ondoko lur-bloke handi bat okupatu zuten Kaukasoko ipar-mendebaldeko mendi eta beheko lurretan.

Otomandarrek, oro har, ongi etorria eman zieten errefuxiatu zirkasiarrei, errusiar etsaiaren aurka izandako esperientzia militarra balioetsiz, eta, beraz, babesa eskaini zieten leku sakabanatuetan. Hala ere, zirkasiarrek zailtasunak izan dituzte beren hizkuntza eta nortasun etnikoa mantentzeko. Hori bereziki egia izan da Turkian, non politikoki inposatutako nazionalismo batek turkiar gisa kategorizatzea esan nahi izan baitu, norberaren nortasuna alde batera utzita. Iraganean, Turkian zirkasiar asko turkiar nortasunarekin bat egiteko prest edo gogoz egon dira. Ondorioz, ipar-mendebaldeko Kaukasoko hizkuntzen erabilerak nabarmen egin du behera diasporan. Hala ere, Turkian gazteagoak diren zirkasiar asko orain beren nortasuna aldarrikatzen ari dira.

Zirkasiar nortasuna errazago mantendu da Jordanian, Sirian eta Israelen, dela herrialde horietan homogeneizazio txikiagoa duten kultura politikoengatik, dela, besterik gabe, zirkasiarrak populazio nagusi horietatik bereizten dituzten desberdintasun kultural handiagoengatik. 2010ean, Jordaniak zirkasiar akademia bat ireki zuen, adyghera klasea ematen zituena. Bai Jordanian, bai Sirian, zirkasiarrek komunitate pribilegiatuak eratzeko joera izan dute, nolabaiteko eragin politikoa eta are militarra dutenak, eta horrek epe luzerako asimilazioa sustatzen du.

Zirkasiarrak Otomandar Inperioan birkokatzea

Sotxi, hiri turistikoa gaur

2014ko Sotxiko Olinpiar Jokoak Errusiaren Sotxiko konkistaren 150. urteurrenarekin batera ospatu ziren. Kasualitatea (¿). Errusiar konkistaren ondoren, Sotxi luxuzko gune turistiko bihurtu zen. Errusiako buruzagiek bereziki estimatzen zuten Krasnaya Polyana. Sobietar garaian, Joseph Stalinek han pasatzen zituen oporrak. Gainera, bera izan zen, Stalin, Kaukason bizi ziren zirkasiarrak, Adygeia, Kabardino-Balkaria eta Karakhaevo-Zirkassiako hiru errepubliken artean sakabanatu zituena.

Krasnaia Poliana

Vladimir Putin Errusiako presidenteak 2007an Nazioarteko Batzorde Olinpikorako Sotxiren hautagaitza olinpikoa aurkeztu zuenean, Sotxiren historiari buruzko gertakari batzuk aipatu zituen. Adibidez, antzinako greziar kolonia bat izan zela esan zuen, eta gero turkiarren eraginpean egon zela. Hala ere, ez zituen batere aipatu zirkasiarrak. Omisio horrek zirkasiar mundua haserretu zuen. Zirkasiar diasporak “Sotxi-2014ri Ez” mugimendua antolatu zuen, “2014ko Sotxiko Jokoak Errusian planifikatutakoaren arabera egiten badira, gure arbaso zapalduen hilobien gainean eskiatzen ariko direla” adieraziz. Errusiako zirkasiarrak behin baino gehiagotan joan ziren olinpiar batzorde antolatzailera, eta Jokoen inaugurazio ekitaldian zirkasiar kulturako elementuak sartzea eskaini zuten. Sydneyko 2000ko Olinpiar Jokoen adibideak aipatu zituzten, baita Vancouver 2010ekoak ere, non aborigenei buruzko aipamenak sartu ziren irekiera ekitaldietan. Baina saiakera horiek ez ziren kontuan hartu.

Sotxi

Gaur egun, zirkasiar mugimenduak hiru eskaera nagusi exijitzen dizkio Errusiar: zirkasiar genozidioa aitortzea; diasporaren aberriratzea; eta Adygeia, Kabardino-Balkaria eta Karachaevo-Circassiako zirkasiar errepublikak Errusiar Federazioaren barruko zirkasiar errepublika batean bateratzea. Baina Moskuk entzungor egiten die eskaera horiei. Arazo zirkasiarra 150 urtez erreprimitua eta baztertua izan da, eta ez da bere kabuz konponduko. Kremlinen politikek itxaropen gutxi uzten dute ikuspegia aldatzeko. Hala ere, zirkasiar ekintzaileek eskaera horiei baiezko erantzuna exijitzen jarraitzen dute

https://busturianaiak.home.blog/2023/05/30/zirkasiar-nazioaren-patu-tragikoa/