Duela gutxi Juan Alemanek artikulu interesgarria argitaratu zuen hedabide honetan Kike Amonarrizen testu bat komentatuz, non soziolinguistak bere harridura agertzen zuen deskubritu duelako eskoletan ia inor ez dela ausartzen ikasleei euskaraz egiteko eskatzera, eta, are gehiago, hori talibankeriatzat hartzen duen irakaslerik ere badagoelako. «Ongi etorri errealitatera», gaztigatzen zion Alemanek. Artikuluaren gai nagusia mezu ofizialen eta errealitatearen arteko distortsioa zen.
Izen propioetan korapilatu gabe, baina pertsona batek errealitatea definitzeko edo, kasurik okerrenean manipulatzeko izan dezakeen ahalmena gutxietsi gabe ere, Juan Alemanen artikuluak ederto jasotzen du nik aspaldian daukadan sentsazio bat: erakundeetatik iristen zaizkigun mezuak eta balorazioak ez datozela bat euskararen auzian bizi dugun errealitatearekin. Egunero euskara komunikazio eta edozer kudeaketa egiteko tresna gisan darabilen euskaldunarentzat esperientzia zinez nekagarri eta etsigarria da, bat ez datorrena erakundeetatik positibismoz beterik egiten dizuten kontaketarekin, Konfuziok esan zuena ezagun balute bezala: «Errealitatea aldatu ezin baduzu, hitzak aldatu, eta hartara zerbait egin duzunaren irudia bederen emango diozu kritikatzen zaituenari».
Ikuspegi honek euskalgintza ere kutsatu du, eta bi ideia ezarri ditu: bat, arazoen konponbidea norbanakoen bizkar dagoela; eta bi, zapaltzen gaituen legedi baten markoan ibili behar dugula nahi eta nahi ez. Ikuspegi hau berau arazo berri bihurtu da.
Hizkuntza bat ez da soilik estatistikaren objektu edo hitz-sistema edergarri izaten, ezta komunikazio tresna hutsa ere; hizkuntza bat beti da herri baten hizkuntza. Eta ez da desagertzen hiztunak desagertzen direnean, herria desagertzen denean baizik. Uste dugu hiztunik gabe geratzen delako hiltzen dela hizkuntza bat, gauza matematiko bat balitz bezala, baina ez; herririk gabe geratzen denean hiltzen da hizkuntza, herri batek dakarren batasun sentimendua hiltzen denean, elkarrekin etorkizunean aitzina egiteko energia kolektiboa suntsitu denean egiten baitu ihes hiztunak hizkuntzaren erabileratik. Zertarako erabili baliorik ez duen zerbait, balioa galtzen-galtzen joan den zerbait!
Gure heriotza fisikoarekin gertatzen dena gertatzen da hizkuntzarenarekin ere: gu ez gara hiltzen bihotza geratu delako, alderantziz, baizik: hil garelako geratu da bihotza. Hizkuntza ez da hiltzen hiztunak isildu direlako, alderantziz, baizik: herria hil delako, herri izatearen sentimendu hori hil delako isiltzen dira hiztunak, eta moteltzen dira hizkuntzaren taupadak, geratzeraino.
Hizkuntza ispilu bat da, etorkizunerako proiektu bat, herri horrek bere burua nola ikusten duen hemendik ehun, berrehun edo mila urtera. Norbanakoak hitz egiten duen arren, kolektibo baten bermea eta laguntza behar ditu odola burmuinera iritsiko bada, mingainera, bihotzera.
Horregatik denon parte hartzea behar du hizkuntzaren auziak, tesi ezberdinen arteko borrokaz landa. Gauza bakarra da ezinbestekoa: diagnostikoan batasuna lortzea. Zintzoak izatea, maite dugun herriari bere osotasunean begiratzea, eta onartzea egoera erreala zein den, emaitza gure ekimen kultural edo politikoen aurkakoa bada ere. Hori egiteko gai den euskaltzalearekin infinituraino noa ni, berdin dio Kike deitu, Bingen, Idurre, Andres, Koldo, Kepa, Perez edo Pelaez.
Elkarbizitzaren ideia politiko erratuaren azpi-ibai bat da euskararen egoerarena: botere harreman ezberdinetan dauden bi hizkuntzaren existentzia ez da inoiz neutrala izango. Menderakuntza nazionalaren baitan hizkuntza, hain ziur, menderakuntza hori gauzatzeko beste bide bat baino ez delako. Espainolez mintzatzen zaizkigun asko eta asko berariaz mintzo dira hala: haiek nagusi direla erakusteko modu eraginkorra da, eta erraza. Garatu ditzakegun proiektu politikoen artean berdintasunik ez badago, elkarbizitza ez da posible. Hizkuntzara ekarrita: espainola babesten duten legeek euskara baztertzeko ahalmena duten bitartean, ez da nehoiz berdintasunik izanen.
Guri gertatzen zaizkigun gauzak ez dira munduan bereziak: menderaturik dauden nazio guztiei gertatzen zaizkie. Eta haietan bezala, gurean ere horrek markatzen du diagnostikoaren ezberdintasuna, menderakuntzak bi kontakizun, bi planteamendu eta bi ikuspegi ereiten baititu: zapaltzailearena, eta zapalduarena. Dikotomia horri inoiz ez diogu ihes egingo gure herria beregain izaten ez den bitartean. Beti ibiliko da biraka, eta utziko du bere zigilua antolatzen ditugun ekimen guztietan. Elkarbizitza linguistikoaren paradigma izan zen Euskaraldian garbi ikusi da elkarbizitza horren ezintasuna, porrota, neke alferra.
Esperimentu hauek huts egin dutela argi geratzen da ikerketak eta estatistikak argitaratzen diren bakoitzean, dela gazteek euskaraz duten mailaz, dela kaleko erabileraz, dela arnasguneetako eboluzioaz, dela beste edozeri buruz. Gaur bizi garen euskaldunon ardura nagusia, lehena eta zintzoa, diagnostikoa partekatzea da, bakoitzak izan ditzakeen interes pertsonal, pribatu edo instituzionalak alde batera utzita. Bakoitzak izan ditzakeen alderdikeria, ezinikusi eta egolatriak gaindituta. Horretarako gai izan behar dugu denok, eta etorkizunari ez badiogu hori eskaintzen ederki eta merezita jipoituko gaitu etorkizuneko belaunaldien epaiak.
Hizkuntzak etorkizuneko ilusio bati lotuta egon behar du, eta hori niretzat gure herriaren independentzia da: historiak demostratu digu estaturik gabe ezinezkoa dela hizkuntza bat berpiztea eta ezartzea. Politikoki etorkizuna oraina baino hobea izanen dela pentsatu gabe nekez piztuko du euskarak ilusioa, emozioa, atxikimendua eta energia kolektibo sinesgarri bat.
Diagnostikoekin borroka egitea da herri batek nozitzen duen suntsiketa nazionalaren azken etapa. Kontakizun politiko komuna egiteko dagoen ezintasunaren haurride da euskararen kontakizuna, eta hau, menderakuntza dagoen herri batean menderakuntzatik egiten ez bada beti izango da faltsua.
Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, nagusitasuna emango dion botere politikorik ez daukalako baizik.
Berria