Azken garai hauetan EAEko epaitegietan, Bilboko auzitegi nagusitik hasita, Nafarroan azken hamarkadetan jasan eta nozitu dugun jurisprudentzia injustua kopiatzen ari dira. Jurisprudentzia oker eta samingarri honen muina zera da, gizakien berdintasuna gaztelera edo espainola jakitean jartzea eta beste hizkuntza ofizialaren jakintza ez onartzean berdintasunaren osagaitzat. Jurisprudentzia oker honekin kaltetuak, lehenik, epaietan galtzaile eta zapalduak gertatzen direnak dira, baina bigarrenik, justizia bera, eta, sakon-sakonean, jakina, euskara eta euskararen herria. Esaera zaharra da kalte gehiago egiten diola justiziari epaile gaizto eta txar batek, mila lapurrek baino.
Bitxia baina esanguratsua da hizkuntzaren aldarrikapenak eta jurisprudentziak bilakaera ezberdina izan dutela orain arte, hizkuntzen koofizialtasunari dagokionez, Katalunian, Nafarroan eta EAEn. Adibidez, Katalunian espainolismoaren edo zentralismoaren indarrek eta haien mertzenarioek aldarrikatzen zutena zen «gaztelera ere hizkuntza parekidea» izan beharko litzatekeela. Nafarroan, aldiz, mertzenario eta zentralista bertsuek inposatu izan dutena behin eta berriro gazteleraren lehentasuna da; eta horretarako baztertzen saiatu dira euskara, baldintza bezala zonalde baskofonoan, eta meritu bezala, zonalde ez baskofonoan. (Baskofono euskaldun bezala itzultzea geure buruari egiten diogun trikimailu samingarria da).
Azken finean, konstituzioaren koofizialitateko aurreikuspen des-orekatutik hasita, estatutuetan dauden koofizialitate eredu desegokietatik jarraituz, eta hauek garatzen dituzten lege, dekretu eta agindu edo ebazpen eta erreglamendu autonomikoetan bukatuz, koofizialitatearen eredua ez da zuzena, ez da justua, eta ez da asegarria.
Koofizialitate eredu zuzen, justu eta asegarri bakarra bi hizkuntzak berdintasunean kokatzen dituena da. Beste eredu edo modelo guztiak faltsuak dira, eta oinarria eta aitzakia jartzen dute justiziarentzat hain kaltegarri diren epaile horietakoren batek epai kritikagarri eta justiziarentzat kaltegarriren bat emateko.
Ipar Irlandan gaelikoa hizkuntza ofizialtzat aitortu berria da eta aitorpen hau bere bidea egiten ari da. Hego Irlandan bi hizkuntzak dira ofizialak, gaelikoa eta ingelesa; biak parekideak. Hori da koofizialitate eredu zuzen, justu eta asegarri bakarra.
Baina azken 40 urte hauetan, autonomien jardun linguistikoan ere, sekulako hutsegiteak eta bi onartu eta, batzuetan, bultzatu izan dira; adibidez, ikaskuntzan, osasungintzan, zerbitzuetan edo zahar-etxeak bezalako egituretan ere. Lanbide publikoetara sartzeko gazteleran soilik oinarritutako berdintasuna jartzen da behin eta berriro baldintzatzat eta diskriminazioa ekiditeko neurri eraginkortzat. Baina ez al da diskriminazioa epaile izateko zuzenbide jakintzak eta karrera exijitzea?
Nafarroan hamarkada luzeetan alderdi antieuskaldun batek euskararen kontrako argudio gorentzat zera erabiltzen zuen: «Zer nahi dut nik semea medikutara eramaten badut, euskaraz mintzatu dakion ala sendatu egin dezan? Ba, sendatu dezan, jakina!». Argudio horren erantzun bezala, pertsona beste abereetatik bereizten duena hizkuntza dela eta sendagileari norberak sentitzen duen gaixotasunaren berri ematea ezinbestekoa dela pertsonarentzat, animaliak bezala ez jokatzekotan adierazita barregarri utzi ziren arte. Orain, justiziaren prestigioa eta izen ona ez ezik herritarren eskubidea ere mespretxatzen ari den jurisprudentzia horren egileei antzeko erantzuna eman behar zaie. Ez ote litzateke diskriminazioa ekidingo epaile izateko ez exijituta zuzenbidea jakitea?
Etorkizuneko Euskal Herria pertsona eleaniztunen herria izanen da eta errealitate hori aintzat hartuta eratu behar da euskararen aldeko aldarrikapen taula. Bigarrenik, euskara hizkuntza europar moduan definitzen eta prestigiatzen saiatu beharra daukagu. Eta hirugarrenik, Krutwig, Aresti eta Txillardegirengandik jasotako ikuspegi endogenoak gainditu behar ditugu.
Euskara hizkuntza baliagarria izan dadin, eta euskaldunon eskubideak aintzat hartuak izan daitezen, gazteleraren parean jarri behar dela aldarrikatu beharra dago modu askotara. Euskararen eskubidea ez dagokio bakarrik euskaraz mintzatzen denari, euskararen iraupenaren meritua ez den bezala soilik euskaraz mintzatzen direnena, ikastolako guraso elkarteei begiratuta aise azaltzen den bezala. Oraingo EAEko jurisprudentzia erasokor honen aurka, aspaldiko Nafarroako jurisprudentziaren aurka bezala, edo/eta Iparraldeko borroka maiz miresgarrietan bezala, ez dute soilik bitarteko juridikoek balio. Beharrezkoak dira aldaketa politikoak ere, eta aldaketa politiko horietan hizkuntzen parekotasuna da aldarria.
Ongi dago Gipuzkoako Aldundiak Espainiako epaitegi gorenera eta euskal erkidegoko auzitegi altuenera jotzea, baina horrek guztiak segur aski bakarrik balioko du orain arteko egoera, eta, beraz, hizkuntzen desberdintasuna irmotzeko. Beharrezkoak dira lege aldaketak, eta horretan Europako laguntzak ere bilatu beharra dago.
Garai bateko azken euskaldun elebakarrak ezagutu genituenok geroztik izan den bilakaeraren ikuspegi osoagoa dugu, adibidez, euskara ikastolan edo euskalduntzeko beste erakundeetan lortu dutenen aldean, eta nahiz horrek ez digun perspektibako abantaila ttipi bat besterik ematen, zilegi bekigu gure ikuspegiaren berri ematea. Gaur egungo erasoa bortitza bezain injustua da. Euskaraz Bizi leloa bezalakoak edo eraso hauen aurrean «protokoloak asmatzea», edo helegiteak jartzea bera ere, ez dira aski. Neurri sakonagoak behar dira, eta behar direla argi eta garbi aitortu behar da, nahiz eta gaur egungo indar korrelazioaren arabera, zailak edo ezinezkoak izanen diren. Txillardegi adiskidea gogoan, zera esango nuke, gaur egun independentzia ere ez litzatekeela euskararentzat nahikoa izango, nahiz eta haren eta nire independentismoa ezin zalantzan jarri. Eta Aresti ere, bere hitz batzuk erabiliz aipatuko nuke, ez dela europar ona euskara defendatzen ez duena gogoratuz.
Berria