Errebisionismoa modan dago. Joera suntsitzaile hori piztu da behinola abertzale ziren alderdi-erakunde batzuetan, eta sitsaren antzera zulatzen ditu guztion etxe honen zutabeak. Historia hurbilaren berrirakurketa ergela proposatuz, adibidez, eta kaiku urdinari taumaturgiazko propietate magikoak iradokiz frankismo latzaren aurkako matxinadan. Edo beste inguru batean, euskal nazioaren funtsezko oinarriak gutxietsi eta paperezko euskal estatuaren promesa naif eta sinestezina formulatuz, zertara eta “hobeto bizitzera” bideratua.
Hauteskunde atariko ipuin barregarri/negargarriak nagusitu dira errelato publikoan, eta euskaldun koitaduak ez daki zer pentsatu ipuin fantastikoen kontalari bihurtu diren politikari eta esatariez.
Esaten zaigu Espainiako Estatuko Gobernuan den koalizio progresista aukera leihoa dela, eta bertara doazen euskal alderdien ordezkariak, alderdi bateko zein bestekoak, behin eta berriro lotzen dira akordioetan eta botoetan gobernu espainiarreko partaideekin, eta gobernu horren jarraipena ziurtatzen dute. Baina, bitartean, gobernu eta estatu berak betiereko izotzean lotzen dituzte duela jada mende erdi adostutako oinarrizko autonomia lege eta akordioak. Berdin antzera, Poliziaz, epailez eta zigorrez izozten ditu anai-arreba katalanen izpiritu askeak eta prozesu askatzaile demokratikoak. Epaile berek izozten dute ere gure euskara, Gaztela zaharreko hizkuntza XXI. mende honetan gure lurrean derrigortzen diguten bitartean. Anakronia lazgarriagorik, hemen eta orain gaztelera inposatzearena baino!
Zer abantaila ematen digu, bada, zorioneko aukera leiho horrek? Hori galdetzean, eskuin muturraren mamua erakusten digute gure ipuin kontalariek, txotxongiloen antzerkietan bezala. Zer pentsatu behar dugu, orduan, betirako morrontzan mantendu behar garela euskaldunok Espainiako Estatu horren gobernari hauei men eginda, bestela ordezko gobernariak are okerragoak direlako? Ez daukagu makala!
Euskaldunok ez gaude ipuinetarako, eta hauteskundeak baino urrunago ere begiratu beharra dugu. Euskal Herria nazio demokratiko antolatua eta osatua izatea lortu behar dugu, azkenaldian gure politikariek, hurbilera begiratu beharrez, hori ahaztua eta baztertua duten arren. Naziogintza aktiboa behar dugu Euskal Herri osoan, zabal, luze eta sakon. Euskal naziogintzak ukitzen duelako gure nortasunaren muina bera. Eta euskal naziogintza krisi larrian dago, egun. Krisian kanpo faktoreen kausaz, estatu menderatzaile biek asimilazio prozesua bizkortu egin dutelako, baina baita barne-faktoreen kausaz ere, euskal herritar askotxok asimilazio horren onarpen aktiboa edota pasiboa burutzen dutelako, nortasun propioa trukatuta. Eta, horrez gain, alderdi eta erakunde abertzale ohien integrazio progresiboa gertatzen ari delako Espainiako eta Frantziako estatuen erakunde eta dinamiketan. Gainera, jokabide horren “justifikazio teorikoa” eta legitimazioa agertzen dute.
Ipuinak ipuin eta bide taktiko mendeko horiek bide itsu, euskaldunok naziogintza berritua piztu behar dugu Euskal Herri osoan. Orain arte egindakoak egoera honetara ekarri bagaitu, bistan da proposamen berriak behar ditugula, teoriatik praktikara. Kalibre handiko berrantolaketa behar du euskal naziogintzak bere osotasunean. Gure indarrak zerrendatu, euskal naziogintzaren alde diharduten guztiak saretu eta elkarlanean jarri. Euskal kulturaren polisistema osatu zientzia, arte, lan eta administrazio atal guztietan, euskara ardatz. Euskal naziogintza berria abiatu dugu, zabalik da eta lan beregaina egiteko bidean da.
Argia