Joseba Sarrionandia: “Liburua historiari buruzko eta bizi garen gizartearen oinarriei buruzko elkarrizketa da”

Aristides Hernández Ares eta Joseba Sarrionandia Donostian, maiatzean egindako aurkezpenean. Pamiela argitaletxea

Elkanoren mundu bira abiapuntu hartuta, eta amama-iloben arteko solasaldi baten bitartez, betiko kontakizunen atzeko ‘bainak’ azaleratu eta gaur egungo gizarteko gai askoren gaineko gogoeta proposatu du Joseba Sarrionandia idazle iurretarrak ‘Munduari bira eman zion ontzia’ liburuan. Ilustrazioak Aristides Hernández marrazkilari kubatarrenak dira. Maiatzean aurkeztu zuten liburua eta Durangoko Azokan eskuragarri egongo da, Pamiela argitaletxearen standean. Joseba Sarrionandiak erantzun die galderei.

Zerk animatu zintuen saiakera hau idaztera?
Memoria eskaseko gizartean bizi gara. Historia irabazleen baliabide bihurtzen da eta edozein gertaera errelato manipulatu batera erreduzitzen da. 

Bidaia hori oso oker kontatu da eta errebisatu beharrekoa da. Niri Enriquilloren edo Juan Zubiletaren ikuspegiak ere interesatzen zaizkit.

Ikerketa historikoa egin gura izan duzu?
Ikerketa historikoa ez, irakurketa historikoa egin dudala uste dut. Bidaiaren sasoiko kroniketan oinarritu naiz testu literario bat asmatzeko, gaur egungo amamaren eta ilobaren arteko elkarrizketa hori.

Ikerketa historikoen aldetik, kasualitatez aurten oso liburu interesgarria argitaratu berri dute: Enrique Santamariaren La vuelta de Elkano, el molesto triunfo de la gente corriente. Gertaera historikoak benetan ezagutu gura dituenak material ederra aurkituko du hor.

Orain 500 urteko historia zati hari heltzeko, amona eta iloba baten arteko dialogoa darabilzu. Zergaitik?
Errelato historikoak partzialak izaten dira, ikuspegi bakarrekoak, gauza batzuk kontatzen dira eta beste batzuk ez. Hemen, amamak errelato bat egiten du, bere autoritatetik, eta neskatoak ‘bainak’ ipintzen dizkio bere inozentziatik edo bere ironiatik. Hainbat gai kuestionatzen dira horrela, baina oso fuerteak izan daitezke.

Zein da liburu honegaz aditzera eman edo azaleratu gura duzuena?
Liburua historiari buruzko eta bizi garen gizartearen oinarriei buruzko elkarrizketa da, eta gure gizartearen oinarriak azaltzen dira: momentu batean Jainkoaren ideiaz berba egiten da, beste batean monarkiaz, lantzean behin lurraren propietateaz, hainbat bider biolentziaz, askotan diruaz, behin eta berriro moralaz… 

Elkanoren bidaia gertaera heroikoa barik naufragio bat izan zela diozu, 390 lagun itsasoratu zirela eta 21 baino ez zirela bueltatu. 60 bat baino ez ziren irten bizirik. Eta bidaia hark gerora ekarri zuen guztia: indarkeria, kulturen desagerpena…
Espedizio hura itsasgalera hutsa izan zen teknikoki; matematikei kasu eginez gero zeuk aipatu dituzu zenbakiak. Gutxi batzuentzako diru irabazi handien aldean, desastre bat izan zen.

Bostehun urte hauetako kapitalismoaren historiaz ere halako balantze bat egin daitekeela uste dut. Kolonialismoa hemen dago oraindino, gutxienekoa da neokolonialismoa edo globalizazioa deitzea.

Eta testuinguru horretan, non kokatzen duzu Euskal Herria?
Itsasoaren kontrako bazter batean mapetan galduriko jendetxoa zen sasoi hartan Euskal Herria. Eta oraindino ere halako zeozer baino ez da. Subditoak gara oraindino hegoaldean, edo ziudadanoak iparraldean, ongizate gizarte europarreko burgestxoak, baina herritartasunik barik.

Ni neu behintzat herritartasunik barik sentitzen naiz, errepresentatu behar gaituen eraikuntza politikoagaz identifikatu ezinik.

Ilustrazioak liburuaren osagarri dira bakarrik ala gogoetarako bidea ere bai?
Testua eta ilustrazioak batera sortu dira, liburua elkarlanean egin dugu Aresek eta biok. Ares kubatarra da, psikiatra ikasketaz, eta umorista ona.

Liburua adin guztientzat da, baina batez ere nerabeei begira idatzitakoa dela irakurri dut. Horrela da? Horrela bada, zergaitik adin tarte hori?
Nerabea da protagonista eta nerabearen inozentziatik egiten dira galdera asko. Baina nerabe helduentzat da liburua: 12tik 112 urtera arteko nerabeentzat.

Pandemiaren ondoren, lehenengo Azoka ‘normala’ izango da aurtengoa. Zelan biziko duzu zuk Azoka?
Iazkoa apartekoa izan zen, bai, eta horren aurretik 1979koan egon nintzen azkenekoz; ikusiko dugu. Hitzaurre batzuk egin ditut eta liburu batzuk aurkezten laguntzeko geratu naiz: Joxemari Auzmendiren omenezkoa, Gatzaren Zaldi Berdea, Assata Shakurren autobiografia… 

Liburuaren aurkezpenean esan zenuen zure belaunaldikoek bere sasoian euskara grinagaz errekuperatzen zuten moduan errekuperatzen dutela nerabeek gaztelania gaur egun. Bereziki kezkatzen zaituen kontu bat da?
Nerabeak eta beste guztiak erdaraldi etengabean bizi gara. Kolonizaturik gaude; hain kolonizaturik ze, kolonizaturik gaudela ere ezin dela esan. Dena normal dagoela esan behar dugu, eta egiten duguna libreki aukeratzen dugula. Jarrera antikoloniala erretorikoa ez denean txarto ikusita dago, kolonialismoa unibertsala delako, eta badakizu kolonizatuak korrektoa izan behar duela onartua izateko.

Ez dut ez apokaliptikoa ez integratua izan gura. Baina arazo soziolinguistikoak ditugu, eta arazo linguistikoak, eta arazo politikoak, eta arazo ekonomikoak, eta arazo kulturalak. Eta oso guai daude gure euskaraldiak gure erdaraldian. Baina euskaldunok dena dugu egiteko.

https://anboto.org/durangaldea/1670227642932-liburua-historiari-buruzko-eta-bizi-garen-gizartearen-oinarriei-buruzko-elkarrizketa-da