Sorioneku eguna 2022ko azaroaren 14a. Soritxarreku eguna 2008ko azaroaren 19a, aditu batzorde batek faltsuak zirela dekretatu zuena. Hamalau urteko tartea. Sorioneku eguna 2006ko ekainaren 15a: «Eta gure helburu nagusia zen gaur, hain zuzen, komunitate zientifiko horri ziurtatzea egia dela, ez dela iruzurra, latinezko alfabetoan idatzitako idazkunak agertu direla [Iruña-Veleian], zeramikazko material gainean nagusiki, nahiz eta beira eta hezurrak ere badauden, antzinako euskarazko idazkunekin» (Radio Euskadiko grabazioaren itzulpena). Zorionak gutxi irauten omen du pobreen etxean. Ea oraingoan pendulua geldi-geldi egoten den. Hiruretan protagonista nagusi bera hedabideen aurrean, Joaquin Gorrotxategi Txurruka, Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedraduna EHUn.
2014ko udazkena. EITBk dokumentala estreinatzen du Donostiako Festibalean, Maite Iturbe zuzendaria buru dela. Baskoniako historia bat. Euskalduntze berantiarra. Alberto Santana zuzendari-gidoilaria aurkezpena egiten. Haren tesi kutsuko hipotesia: barduloak, karistioak eta autrigoiak zeltak ziren, ez zuten euskaraz egiten. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago Erdi Aroa baino lehenagoko euskarazko lekukotasunik. Esaten dugunean ez dago, zero dago, zero!». Baina hemen dator berrikuntza: Nafarroako baskoiak ere ez ziren euskaldunak. Akitaniarrek hegoalderantz jo zuten K.o. V-VI. mendeetan, eta baskoiak euskaldundu zituzten lehenik eta beste guztiak gero. Ordurako ezagunak ziren Nafarroa, Errioxa, Soria eta Arabako hilarrietan agertutako izen euskaldunak, eta Iruña-Veleiakoak ere bai.
Ikusiko dugu zer esaten duten orain Abaituak eta Santanak, edo Almagro Gorbea, Martinez Areta eta abarrek, euskalduntze berantiarraren bertsio estremoaren aita pontekoek. Eta Irulegikoari hain estaldura ona eskaini dion EITBk dokumentala enegarren aldiz ematen jarraitzen duen. Teleberri-n aurkikuntzaren notizia ematen ari zirela, bideo bat jarri zuten fondo gisa, eta hara non Santana ikusten den Donemiliagako Jzioqui dugu / Guec ajutuezdugu arreta handiz miatzen, esatariak orain arteko lehen euskarazko testua zela dioen bitartean. Hurrengo egunean Xabier Lapitzek elkarrizketatu zuen En Jake programan. Irulegiko eraikuntzez jardun zuten, hitzik ere ez inskripzioaz eta euskalduntze berantiarraz.
Ezin burutik kendu Eliseo Gil eta Idoia Filloy egun hauetan. Inkisizio berriaren biktimak deitu nien nire liburuaren eskaintzan. Ezin ziren ontzat eman ostrakak, idazkunen argazkirik ez zegoelako lurretik irteten. Mila aldiz argudiatu zuten kare-geruza lodiz bilduta agertzen zirela eta hura kendutakoan, garbitze-prozesuan ikusten zituztela. Oso tamaina txikiko piezak zirela, gainera. Alferrik. Epaituak eta kondenatuak izan ziren, eta orain esne-bitsetan dabiltzan hedabide eta pertsona askok ere parte hartu zuen harrika-saioan. Irulegiko idazkun hau ere karez estalia zegoen eta garbitzerakoan agertu zen, baina hala ere inork ez du zalantzan jarri benetakotasuna, zorionez. Ez al da inor etorriko sorioneku hori ondarroarrez dagoela esaten. Ez naiz txantxetan ari. Ikus zer dion Lakarrak bere 2008ko txostenean: «Hala eta guztiz ere, forma konjugatu aberranteena beste bat da; Veleian gorri bisi na-ren azken hitza oso euskara jakin batentzat bakarrik da posible: XX. mendean eta XXI.aren hasieran Ondarroa-Markina linean eta (oso) inguru hurbileko eremuetan hitz egindakoa, hain zuzen ere».
Sorioneku hitza bakarrik identifikatu omen dute oraindik, testuaren %20, esan zutenez, eta hala ere dena baskonikoz dagoela baieztatu dute. Gil eta Filloy ia gurutziltzatu egin zituzten aurkikuntzak «azkarregi» aurkeztu zituztelako, nahiz eta ordurako pieza gehientsuak aspalditxotik EHUko arkeologo eta filologoen esku egon eta hauek (Knörr, Gorrotxategi, Santos…) ontzat eman.
Ez da hau testua interpretatzen hasteko lekua, baina haren hizkuntzaz zerbait esan daiteke. Baskoniko hitza asmatu dute, lehenago akitaniera bezala. Honek arazoak ekar ditzake. Azpeitian antzeko zerbait agertzen bada bardulikoa izango da?, eta Elorrion karistikoa edo karistiera? Zergatik ez euskara zaharra, euskara arkaikoa edo protoeuskara deitu? Edo euskaroa, lehengo hizkuntzalariek bezala. Edo euskara soilik. Greziera zaharra ere ez dute gaurko greziarrek ulertzen, baina ez diote izena aldatu. Azken batean euskarak, grezierak bezala, ez du umerik egin.
Beste gauza bat egun hauetan azpimarratu dena: garai hartako euskaldunak ez zirela uste bezain analfabetoak eta agrafoak, bazekitela idazten, eta iberieraren zeinu-sistema euskararen fonetikara egokitu zutela. Goian aipaturiko katedradunak esan izan du sinesgaitza zela bat-batean Arabako Iruñan hainbeste euskarazko idazkun agertzea, eta gero handik aurrera batere ez, eta hau faltsutasun zantzutzat hartu behar zela. Dirudienez, jarraikortasuna egon, egon zen, Arabakoak bi edo hiru mende geroagokoak baitira. Eta Erdi Aroko Ilunpea hizkuntza eta kultura askok jasan zuen.
1889an hil zen Marcelino Sanz de Sautuola gizajoa, denborak baino lehen zahartuta, etsipenak eta tristurak jota. Baina 1902an antzeko pinturak agertu ziren Dordoinako kobetan, eta orduan bihurtu ziren hogeita hiru urte lehenago Altamiran agertutakoak benetako. Emile Cartailhac-ek, orduko aditu nagusiak, hanka-sartzeaz jabetuta, Sanz de Sautuolaren alarguna eta alaba bisitatu zituen eta pinturak ikusi. Mea culpa d’un sceptique izeneko idatzi famatua argitaratuz eskatu zuen barkamena, egindako kalteak atzera bueltarik ez izan arren. Oraingoan gauza izango al da norbait berdin egiteko? Puntu asko irabaziko luke. Errare humanum est, perseverare diabolicum.
Irulegiko eskuaren zaplaztekoak balioko ahal du lokartutako kontzientzia batzuk esnatzeko!
Berria