Estatuak Batuak

Libertate anzianoaz

Johanes Leizarragak independentziatik idatzi du, eta Estatuko Buruzagitzak galdaturiko Testamentu Berria-ren itzulpena burutu, langintza horretarako propio eratu duen ekipoarekin batera, zeina osatu baitu hainbat dialektotan adituak diren espezialistez, eta, hala, euskarari dimentsio bateratzailea eman beharrak gidatu du xedea. Horiek horrela, Leizarragaren taldeak ez du arrazoirik ukan ez erabiltzeko orduko zibilizazio-hizkuntzetatik etorririko mailegu lexikal eta sintaktikoak, ez eta, Le(he)ngoaiak berak eskaintzen dituen gainerako mekanismo baliagarriak oro ere.

Emaitza: proposamen errotik berritzailea, goi mailakoa, orduko testuinguru kontinentalean obratzen ari diren beste hainbat erresumatako prozesuen parekide. Ez baitakigu zer gertatuko zen eredu hark bide egin izan baleza; alta, Baleza eta Baledi / afaltzera ez ageri, eta kontua da euskaldunak bertze natione guzien arte-tik ezabatuak izan zirela deblauki, eta guardasol politiko barik, eskualdeetara mugatu zen haien jarduera, eta atomizazio dialektala areagotu, Leizarragaren proiekzio kultural ekumenikotik gero eta urrunago…

Atsotitzen garrantziaz

Garaian garaiko berritasunei erantzun beharrak, alta, bultzatu ditu idazleak, hantxe-hortxe eta zentraltasunik gabe, hainbat infraeredu garatzera. Lexikoan dira egin proposamen innobadoreenak, izan neologismo [garrantzia Larramendik] izan lehenagoko hitzen elkarketa [atsotitza Oihenartek]. Substratu diglosikotik abiaturik, haatik, intelektual haiek erdaraz dute euren obra gorena garatu.

Kazeta bat populuarentzat

Europako iraultza erromantikoek lehen lerrora ekarri dituzte kultura nazionalak eta herrien emantzipazio-grina, eta gurean Agosti Xahok egin ditu ekarpenik behinenak euskararen modernizatze aldera: gramatika bateratuaren aldarria eta ortografia nazional-erako proposamena. Praxian, baina, apaldu da eredu polimorfikora, dialekto bakoitza aldian-aldian erabiltzeko gomendioaz.

Izparringi bat J.G. eta L.Z.-z

Aranismoak eraiki du euskara bateratuaren proto-eredu bat. Ez gara jadaneko Leizarragaren estatu independentean, alabaina: gerla latzetan garaituak, botere politikoz eta juridikoz gabetuak, euskaldunek behar izan dute diferentzia markatu, subalternitatetik, estatu-nazio intrusiboen bateria etnozidaren aitzi. Nola eraikitzen da bestelakotasuna, baina, ahalik gabe? Formulazio berri horretan, etnia eta hizkuntza bilakatu dira gune sinboliko burujabe, asimilazioaren kontrako bastioi. Horrenbestez, barbarismotzat jo dira maileguak, dela lexiko dela sintaktiko, zeinu ortografiko, eta eskuarki latinki-urrina dakarkeen guztia. Aberrilekto intrantsitablea da eraiki ororen buru, baina eredu hori txarretsi dutenek ere ez dute alternatibarik osatu ahal izan, Lapurtera-Nafarrera elizkoitik harago.

Nolanahi ere, belaunaldi oso bat galdu da ariketa estilistiko ezinezkotan, euskal hiztuna ignoratuz, eta are ignorantetzat joaz.

Harmonia-orkestraz

Estandarizazioak berrezarri nahi izan du euskara modernotasunean, eta nazioarteko testuinguru naturalera gibel ere ekarri. Mota askotariko osagaiez destilatu da formula pragmatiko batua: basailu bikaina, jaun onik baleuka! Baina indarrik gabe [estaturik gabe, alegia], Batua ezin ezarria da —porrot nazionalaren kategoria eman dio inork—, eta normaltasun faltan, oinezko euskaldun sufritu askok bere euskalkira jo ohi du —kasurik onenean— bizigarritasun eta adierazkortasun komunikatiboaren xerka. Eta afektu kontuak nork epaituko?

Errefuxiatuen dispertsioaz

Ezker abertzaleak arrazaren zioa alboratu, eta hizkuntzan du oinarritu nortasunaren funtsa. Baina, ordurako, biztanleria gehiena ez da euskaraduna, eta aurrekaririk gabeko pidgin asimetrikoa abiatu da, zeinak euskarazko ezaugarri formalak baititu, baina, funtsean espainieraren neodialektoa izanik, bere lan-indarra Euskadin saltzen duen edozeinek ulergarri. Eskuin abertzaleak, berriz, mintzajea erreduzitu du mordoilo administratibo konprenigaitzera, beti ondoan doakion —behar ere!— erdararen morroi.

Du coupe es lo que hay

Autonomismo guztiz tutelatuaren aroan inposatu diguten elebitasun glotozidaren zepoan, zeinean euskara ez baita inongo eskualdetan hegemonikoa, eredu likido berri bat egituratzen ari da, gero eta ozenago, gero eta ahalkegabeago, inoiz baino jasangaitzago. Prozesu horretatik ez da tertium quid bat elkiko, ez baitaiteke mestizajerik eman kultura armatuen eta kultura inermearen arteko ukipenetik:

Joxepantoni ezdeusa heltu dun hire bortala

Mecagüen tu descendencia, grandisima descarada.

Kopla nahastekatua kantatzen zen eskualdea erabat arroztu zen hurrengo belaunaldian. Gertatu ere, gurean orain eta hemen gertatzen ari den ordezpena ongi aztertua dago beste latitudetan:

«Hizkuntza menderatuak bere sistema fonetikoa urtzen ikusten du hizkuntza nagusituaren barnean, haren esaldiak bestearen kalkoak dira, haren lexikoa mailaz maila ordezten da. Hizkuntza hiltzen da gero, nagusitu den besteak erabat xurgaturik». Jacques Leclerc.

Pizzas d’Amatxi = Pixka bat es mucho

Subiranotasuna berreskuratu ezean, mintzairak ez du utziko substratu lexiko xinglea baino erdaretan, etruskoak latinean nola, halako urguilu erregionalaren herexa inokuo.

…Eta badoaz urtaroak, eta gu ere bagoaz,

geroago eta gutiago gara ginenak,

gero eta urrutiago ginena

Zer geratuko da gerorako?

Leku izenak agian, ez besterik: Ursouia, Itchasou,

Irouleguy, Aussurucq eta Tchoko Maitia…

Jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izen zaharrok,

jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izenok.

Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika.

Lege perfektoa, zein baita libertatezkoa (Leizarraga)

Intelligentsia arranguratzen du euskararen geroak: proiekzioak egiten ditu 2030 eta 2040ra, modernotasunarekin lotu beharraz ohartarazten digu, kanpaina asertiboak jaurtiki… Baina gure mendekotasun nazionalaren sismografoa den hizkuntza-pultsua galtzen ari da egunik egun, eskualdez eskualde.

«Egoera kolonialean kultura, higaturik, hiltzera doa», Frantz Fanonek diagnostikatu. Eta argia errezeta: «Kulturaren existentziaren baldintza askapen nazionala da, Estatuaren berpizkundea».

Berria