Zuztarrak Errotuz Elkarteak mozio bat aurkeztuko du biharko Osoko Bilkuran Udalbatzari eskaera luzatzeko.
Alfontso VIII kalearen izena Arrasateko kale-izendegitik ken-tzeko eskaera luzatu diote Zuztarrak Errotuz taldeko kideek Udalari. Oroimen historikoaren izenean bultzatu dute ekimen hau eta, horretarako, bihar egingo den Osoko Bilkuran mozio bat aurkeztuko dute.
Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jar dadila ere eskatuko diote Udalba-tzari, beirategi batean Alfontso VIII.arekin loturik dauden egintza historikoak eta historia kronologiak aztertzeko. “Izan ere, 1200. urtean Gipuzkoako foruak ez zeuden; Gipuzkoa, berez, ez zen existitzen, eta ez dago kontrastaturik Alfontso VIII urte hartan Arrasaten izan zela foru horiek zin egiteko”, nabarmendu zuen Zuztarrak Errotuz Elkarteko Juanito Barberanek.
Proposamena herriko kultur eragile askorekin partekatu dutela adierazi zuten aurkezpenean, baita Udaleko kultura batzordeko partaideekin, taldean landutako idatziak helaraziz.
plaka bat portaloian
Biharko Osoko Bilkuran aztertuko den mozioak jasotzen duen beste eskaeretako bat Portaloiko horman plaka bat ipintzea da. “Bertan, Arrasate konkistatua izan aurretik Nafarroako Arzorocia (Aitzorrotzia) izeneko tenentzian zegoela jasoko da. Gainkaldean Nafarroako bandera izango luke, testu batekin”, zehaztu zuen Barberanek.
Aldi berean, gogoratu zutenez 2022ko uztailaren 19an, 500 urte beteko dira Gaztelako armadak Amaiur gaztelua konkistatu zuenetik, “non modu heroiko eta duinean, Nafarroako Erresumaren independentzia defendatzen, hainbat nafar izan zirela”. Beraz, horien omenez, bihar Nafarroako bandera udaletxeko balkoian jartzea ere eskatu du elkarteak.
Udala herriko kale-izendegia “berdintasun ikuspegitik” lantzen ari da. Hau kontuan hartuta, Zuztarrak Errotuz Elkarteak ez du alternatibarik aurkeztu Alfonso VIII kalearen izena ordezkatzeko. Dena den, egiten ari den hausnarketa oroimen historikoaren ikuspegitik ere aztertu beharko litzatekeela defendatu zuten. “Gure proposamena urrats xume bat da lanketa horiek martxan jartzeko”, azpimarratu zuen Barberanek. –
Noticias de Gipuzkoa
Arrasateko kale-izendegitik Alfontso VIII kalea kentzeko eskaera egin du Zuztarrak Errotuz elkarteak
Mireia Bikuña
«Oroimen historikoaren izenean», Alfontso VIII kalea Arrasateko kale-izendegitik kentzeko eskaera egingo dio Zuztarrak Errotuz elkarteak Arrasateko Udalari, mozio bidez, hilaren 19an.
Arrasateko Udalak izena kentzea onartuko balu, Zuztarrak Errotuzek ez luke ordezko izenik proposatuko. Hori ere, udalaren esku utziko luke. Kasu horretan, Berdintasun sailaren esku.
Uztaileko osoko bilkuran aurkeztuko duten mozioak, lau puntu jasotzen ditu guztira:
- Oroimen historikoaren izenean, Alfontso VIII kalea Arrasateko kale-izendegitik kentzea.
- Udalari eskatzea, Kultura sailaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jar dadila bertan beirategi batean Alfontso VIII.arekin loturik dauden egintza historikoak eta historia kronologiak azter ditzatela. Izan ere, 1200.urtean Gipuzkoako foruak ez zeuden, (Gipuzkoa, berez, ez zen existitzen) eta ez dago egiaztatuta Alfonso VIII.a urte hartan Arrasaten izan zela foru horiek zin egiteko.
- Portaloi aldearen horman plaka bat jartzea, non jasoko den Arrasate konkistatua izan aurretik Nafarroako Arzorocia (Aitzorrotzia) izeneko tenentzian zegoela. Plakak, gainaldean, Nafarroako bandera izango du eta testua hauxe da: Gaztelaren konkistaren aurretik, Arrasate, Arzorocia (Aitzorrotzia) izeneko tenentzian kokatua, egitura bateratu batean antolatuta zegoen: Nafarroako Erresuma.
- 2022ko uztailaren 19an, 500 urte betetzen dira Gaztelako armadak Amaiur gaztelua konkistatu zuenetik, non modu heroiko eta duinean Nafarroako Erresumaren independentzia defendatzen hainbat nafar izan ziren. Hori dela eta, horren omenez uztailaren 19an Nafarroako bandera udaletxeko balkoian jartzea.
Konkista ala entrega?
1200. urtera arte, Leintz bailara osoa, Arrasate barne, Nafarroako Erresumaren barruan zegoela azaldu dute eta Gasteizko setioaren ostean, Gaztelako erresumak bereganatu zuela. «Harrezkero, Gaztelako erresuman egon zen eta orain Espainiako erresuman, ofizialki».
Zera gaineratu dute: «1204an, Alfonso VIII.a hilzorian zegoela, esan zuen Nafarroako konkistaturiko lurrak itzultzeko asmoa zeukala baina sendatu zenean, ez zuen bere hitza bete».
Hainbat urtetan, historiografia ofizialak konkistaren gaia aztertu izan du eta beti egon izan da eztabaida Gaztelara erresistentziarik gabe entregatu zen edo konkistatua izan zen argitzeko. «Geroz eta historiagile gehiagok konkistatua izan zela mantentzen badute ere (bortizkeriaren erreferentzia eta testu historikoen azterketa zein itzulpenak kontuan harturik) beste batzuek, berriz, borondatezko entregaren teoria babesten dute. Nolanahi ere, egun, kolaborazioaren teoria mantentzeko ez dago inolako froga zehatzik, eta tartean, konjeturak eta dokumentu faltsifikatuak besterik ez. Horrek guztiak erresistentziaren teoria sostengatzen du, zalantzarik gabe”, azpimarratu dute.
Goiena.eus