Euskararen patua

Tabua da. Isiltasunez zabaltzen doa hizkuntza bazterketa, euskaldunen eguneroko makro eta mikrobazterketekin. Baina ez esan txintik, dena nahiko ongi dabil: euskara, kolorea eta musika (eta gastroa). Atzo euskaraz zekien jamaikar bat aurkitu genuen (jar dezagun youtuben!). Euskaraldiak abestia atera du. Zoragarri.

Bitartean, Erdaraldiak 7/24/365 jarraitzen du. Hor, koloreak bost axola. Asimilazioa eta

alienazioa ongi doaz. Donostiara datozen udaltzainen % 90 erdaldun elebakarrak dira.

Epaileak Ertzaintza erdaldun elebakarra behartzen ari dira jo ta ke. Komunikabide erdaltzaleak nonahi. Donostialdeko bus linea batzuetan euskaraz 0 akats, txoferrek ez

baitakite «kaixo» ere zer den, nola huts egin!

Garraioa, arroztearen adibide gordina da. Azken urteotan txoferrekiko hizkuntza

komunikazioak hobetu dira Donostiako linea batzuetan, bidaiariak erdarara gutxitan

behartuz. Zoritxarrez, Donostialdeko azken autobus lizitazioek (Alsa eta Transitia –TBHkonpainiak irabazle, 2021eko uztailetik lineen kudeatzaile) berretsi dute euskaldunak estralurtarrak garela autobus publikoen zerbitzuetan. Beste garraiabideetan ere antzekoa da egoera, Adif-Renfen lehenik, gero Euskotrenen eta abar.

Erdaraldian, administrazio baskoaren (aldundiak barne) mezua pedagogikoa eta sinplea da uneoro: joan zuen indio erreserbetara (edo Etb3ra), euskara ederra da, umeekin eta txakurrarekin. Izatez, plazan gure hizkuntzak ez omen du ezertarako balio, hitz egin normal erdaraz (edo ukitu dibertigarriko zure euskalduntxo azentuaz).

Hiru hizkuntza: bi hegemoniko eta bestea erresiduala. Bi formula: batean boluntarismoaren agonia, arloko ikuspegia (eta euskaraokea); bestean, berriz, zeharkakotasuna eta estatuaren bulldozerra. Alegia, muinean, betiko pedagogia soziala. Esan zuen jada Madrilgo prentsak Bigarren Karlistaldi amaieran, azken euskal lege eta instituzioak kendu ahala: «¡No basta con quitarles los fueros, hay que quitarles también el idioma!». Bada, gero eta gertuago dute helburua.