Albisteak hilaren 24an astindu gintuen. Pixkanaka plazaratzen hasi ziren irudiak, zer eta hamarka gorputz eta gorpu pilaturik Melillako mugako hesiaren aldamenean. Jakiten hasi ginen hilik suertatu zirela hiri horretako hesia gainditzeko ahaleginean. Sanchezek, «ondo ebatzitzat» iritzi dio muga zeharkatzean etorkinei eman dieten erantzunari (eraginkortasun putindarrekoa, hala esan badaiteke). Berdin izan dio sarraskia izanik ere.
Espainiako gobernuak etorkinen kontrako lan espezializatu gehiena eman dio Marokori, jipoi banaketarako proxy bilakaturik. Finean, Espainia Europar Batasunak Libian jarritako ereduari lotu zaio. Mendebaldeko Saharari bizkarra eman eta Marokon sartzeari on iritzi ondoren etorri da Melillako hesiko hilketa. Mesedeen elkatrukea, antza. Espainiar presidentea errespetuz zuzendu zaio Ipar Afrikako diktadura erregimenari eta bateko zein besteko poliziei. Ulermena eskatu du haientzat, hara.
Sanchezek, bada, erantzukizunik ote du azken gertaera lazgarri horretan? Ez dugu inongo kontraturen testurik hori berresteko, eta Sanchezek gizon jatorra ematen du, errepublikazaleen familia batetik dator, saskibaloian jokatu du… Eskuak ez ditu zikindu bederen, hori segurua da, sarraskiaren orduan auskalo nongo bulegotan egongo zen. Beharbada goiko beste norbaitek behartu zuen Marokorekin bakeak egitera eta lankidetza horretara: Atlantikoaz bestaldeko X jaun edo indar batek (azken hilabeteotan Israelek Marokorekin harremanak estutu ondoren).
Ezin eutsi beste kasu batekin antzekotasunak ikusteari, esku artean darabildana: Lapurdiko sorgin ehiza (1609). Beñat Zintzo-Garmendia historialariak ukatu egin du (Histoire de la sorcellerie en Pays Basque, 2016) pertsekuzio hori Frantziako Henrike IV.a erregearen (Nafarroako III.aren) Lapurdiko euskaldunen kontrako zigorra izan zenik, 80 lapurtar hil eta beste 200 (gehienak emakumeak) Bordeleko espetxean usteltzen utzi zituena.
Hilabete batzuk lehenago, 1608an, Ipar Euskal Herriko marinel euskaldunek (Bidasoaz mendebaldekoen laguntzaz segur aski) kanoikadaz hartu zuten frantsesen larru salerosketaren monopolio ahalegina. Are, frantsesen armak konfiskatu zituzten, kanoiak ere tartean. Samuel de Champlain zebilen hor Henrike erregearen ordezkari. Quebec sortzean, larru salerosketa kontrolatzeko eta asmo koloniala aurrera ateratzeko, euskaldunek konplota antolatu zuten hura hiltzen saiatzeko, baina ez zuten lortu.
Sekuentzia bat hasten da, 1608ko uztailetik urrira doan gertaeren sekuentzia bat. Errege aginduei desafio egin ondoren, euskaldunek umiliatutako Gravé du Pont buru zuen barku bat itsasoratu zen Frantziara Quebecetik, konplotean inplikatu ez-euskaldunak gatibu zeramatzana; Gravé du Pontek Quebecen gertatutakoaren berri eman zion Henrike erregeari. Pierre De Lancre jujeak bazuen Quebeceko gertaeren berri, bere idazkietan agerian utzi zuenez. Haatik, hori ere ez omen da ezeren seinale.
Historialari lapurtarrak beste argumentu bat eman du. Henrike ez zen aiurri gaiztokoa. Frantziako tronua eskuratzeko erlijio gaietan era guztietako itzulpurdiak egindako errege nafar-frantses horri Le Bon roi deitu dio frantses historiografiak. Bigarren hezkuntzako irakasle frantsesek begiko dute, kuttuna dute, historiako eskola curriculumean leku garrantzitsua du. Printze tolerantea zen, baketsua eta abila. «Jatorra» zen. Ezinezkoa Pierrre De Lancre Lapurdira igorri izana horregatik, «ez idatzita ikusi arte».
Iñaki Lopez de Luzuriaga, Idazlea, wikilaria.