Iñaki Lopez de Luzuriaga
Martxoaren 18an, gorabehera askoren ondotik, EAJ, EH Bildu, PSE eta Podemosek EAEko hezkuntza-sistemaren oinarriak adostu zituzten. Gogora dezagun PSEk euskararen arloko zuzenketa esanguratsuak egin zizkiola EAJk eta EH Bilduk adostutako txostenari, EH Bildu posizio zailean utziz. Ondotik, Podemos-ek ere zenbait zuzenketa adostu zituen EAJ eta PSErekin. Azkenik, EH Bildu ere batu zen akordio horretara, beste zuzenketa batzuk txertatu ostean.
Alabaina, horrelako lan luze eta xeheak ez ditu aintzat hartu euskararen egoera diferenteak: euskal eremuak, euskalkiak, erdal eremuetako haur euskaldunak, edota hiru esparru juridikoen arazoa (EAE, Nafarroa, Iparraldea). Tamalgarria bada ere, horrelako errealitateak sahiestu eta ezkutatu dira. Are gehiago, EAEn ere, euskararen erabileraren bilakaera, endekatuz joan da azken urteotan, hezkuntza agintarien erantzukizun faltaz edo ezinaz. Eta horri ere behar bezala ez zaio heldu. Izan ere, azken urteotan, hezkuntza eremutik emaitza oso kezkagarriak ailegatzen ari zaizkigu. Euskararen bilakaeraren adierazle guztiek beheranzko joera argia erakusten dute, eta uste dugu zerbait eraginkorra bideratzeko garaia heldu dela.
Zoritxarrez, txostena arretaz aztertu ostean, ondorioztatu dugu gabezia eta arrisku nabarmenak dituela. Izan ere, adostutako proposamena euskara gehiago baztertzeko bidea izan daiteke.
Adibidez, txostenaren 68 bis puntuan hau ageri da: ikastetxeek “hizkuntzazko helburuak erdietsiko dituzte beren ingurune soziolinguistikoak eskatzen duen neurrian”. Zehazki, zer esan nahi da honekin? Ikastetxeek B2tik beherako helburuak ezarri ahalko dituztela gune soziolinguistikoaren arabera? Formula bikaina euskara irrelebantziara bidean jartzeko.
131 bis puntuan honako hau azaltzen da: “Hezkuntza eleaniztunaren alde” egingo du legeak, “bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez”. Eredu hirueledunera goaz, bistan denez. Nafarroako esperientzian oinarrituz, gure kezka areagotu besterik ez da egiten. Euskarazko murgiltze eredua aipatu ere ez da egiten, noiz eta Espainiako auzitegi gorenek Kataluniako murgiltze ereduari gaztelania behartuki sartu dioten unean.
Adostutako dokumentuan Euskal Herriaz, euskal kulturaz, euskal curriculumaz eta eremu arautzaile burujabeaz aipurik ere ez da ageri. Baina zer da hau?
DBH bukatzean, euskara eta gaztelaniaren “ezagutza praktiko nahikoa” eta atzerriko hizkuntza baten “ezagutza nahikoa” izango ei dute ikasleek. Helburu berberak ezartzen dira euskararako (egoera zaurgarrian) eta gaztelerarako (erabat nagusi den hizkuntza inposatua). Bietan, DBH bukatutakoan erdietsi beharreko maila B2 izango da. Horrek ez dauka ez hankarik, ez bururik. Ustez zuzena lirudikeena baina helburu tranpatia besterik dena. Gazteleraren ezagutza bermatzeko soberan daude ikastorduak, baina euskararen “ezagutza praktikoa” nola bermatuko dute ikastorduak murriztuta? Are gehiago, orain arte inoiz eta inon bete ez denean?
Lanbide Heziketan, ostera, “dagokion lanbide-eremuko hizkuntza-gaitasun teknikoa” eskuratu beharko dute ikasleek. Zein hizkuntzatan ez da esaten, baina EAEko lanbide heziketan D ereduko matrikulazioa ez da % 20ra heltzen. Apustu ausarta benetan!
Eskolako jarduera eta harreman guztietan euskara lehenetsiko dela esaten da. Zoritxarrez, egungo D ereduan gutxitan lortzen da hori. Bada, nola lortuko da eredu hirueledun batean?
Ez da hezkuntza euskalduna edota euskal kultura sustatzea aipatzen. Bai ordea, “hezkuntza eleaniztuna eta kulturen arteko hezkuntza”. Ustezko “aniztasunaren” aldeko diskurtsoak ordezkatzen du euskararen aldekoa behar lukeena.
Ikasleen taldekatze-irizpideez ere ez da ezer esaten. Hortaz, pentsa dezakegu haur etxetik euskaldunak sistematikoki segregatuko dituztela aurrerantzean ere, haurron nortasuna eta oinarrizko eskubideak urratuz. Horrela, ikasle euskaldunak ataka estuan jartzen jarraituko dute, eta emaitza agerikoa da. Ikasle euskaldunek euskara alboratu eta gaztelera besarkatzen dute, talde nagusira asimilatuak izan arte.
Gauzak horrela, ikasle askorentzat praktikoki ezinezkoa izango da euskarazko B2 maila eskuratzea. Egun ikastetxe gehienetan gaztelera jaun eta jabe delarik, uste dugu lege oinarri hauek ikasleen arteko harremanetan gaztelera indartzera datozela, eta arazoa atzeratu besterik ez dutela egiten. Hau da, ikasle euskaldun eleanitzarik gabe, ikasle gazteleradun oso baina euskaldun pasibok, “motzak” irtengo direla eskolatik, ingelesezko ezagutzak gorabehera. Akordio hau ez zaigu inondik inora “historikoa” iruditzen, zenbait politikoren hitzak parafraseatuz. Izatekotan, historikoa izanen da euskal mundura ekarriko digun atzerakada, agian behin betikoa, sinatzaile batzuen nahiak betez.