Sri Lanka (3). Sinhalar Estatu bateratu eta autoritario baten eraikuntza (1972-2009)

1972ko maiatzaren 22an, Sirimavo Bandaranaikeren gobernuak Sri Lankako Errepublika Demokratiko Sozialista aldarrikatu zuen, askea, burujabea eta independentea. Senatua ezeztatua izan zen eta sinhala hizkuntza ofizial bezala ezarri zen (tamilera bigarren hizkuntza izanik). Sri Lankaren Independentzia osoa Erresuma Batuarekin zeuden azken batasun-lotura konstituzionalen behin betiko hausturarekin iritsi zen (Erresuma Batuko Kontseilu Pribatuko Batzorde Judizialaren aurrean apelatzeko eskubidea amaitu zen).

Sirimavo Bandaranaike, Sri Lankako lehenengo presidentea (1972-1978), Indira Gandhi presidente indiarrarekin 1976ko apirilaren 14an

Sirimavo Bandaranaikeren bigarren agintaldia (1970-1977)

1970eko hamarkadan, Sirimavo Bandaranaike Fronte Batuko gobernuko lehen ministroa zen, SLFP eta ezkerreko alderdi nagusiak barne hartzen zituen koalizio bat. 1971n, hegoaldean, Janatha Vimukthi Peramuna (JVP) buru zuten nekazari gazteen matxinada sortu zen, marxismoaren eta sinhalar nazionalismoaren nahasketa lokalean oinarritutako mugimendua. Gobernuak matxinada zapaldu zuen arren, milaka gazteren heriotzaren kontura, mugimenduak munduaren arreta erakarri zuen hiri- eta landa-komunitateen arteko amildegiaz baita landa-eremuko gazteeen langabeziaren arazoaz ere.

JVPren matxinada erreprimitzeaz gain, Fronte Batuko gobernuak polarizazio etnikoa areagotu zuten zenbait politika onartu zituen. Ezkerrak, agintean zegoen koalizioan ezarri ondoren, kausa komuna egin zuen SLFPrekin eta haren politika nagusiarekin agenda ekonomikoan aurrera ahal izateko. Horrela, landaketa kolonialak nazionalizatu egin zituen gobernuak, programa marxistaren hauteskunde-promesak betetzeko eta enpresa jabeek zuten desinbertsioa saihesteko.

1972ko herrialdeko konstituzio errepublikarra idaztean, Fronte Batuko gobernuak estatuaren egitura bateratua sendotu zuen, budismoari posizio pribilegiatu berri bat emanez, gutxiengoak babesten zituen 1948ko konstituzioaren xedapena ezabatuz, eta politika elebakarra sendotuz (sinhala bakarrik). Garapen nazional nagusi horiek, neurri handi batean, tamil talde nazionalistak alienatu zituzten, baita tamil disidente eta joera ezkertiarrekoak ere.

Izan ere, Chelvanayakam buruzagi tamilak, Federazioan inspiratutako sistema instituzional batean gutxiengo tamilen eskubideen errekonozimendua beti bilatu zuena, 1976an jada bere ideia federalistak alboratu eta Eelam tamil independente baten alde egiten zuen.

Junius Jayewardene eta 1978ko Konstituzio berria

1977an, jendea nekatuta zegoen Bandaranaikek ezarritako politika sozialistekin, eta hautesleek Alderdi Nazional Batua (UNP) alderdia boterera itzuli zuten, merkatu-ekonomia baten eta “8 seer (kg) zerealen doako anoa” baten promesarekin. Junius Jayewardene, gobernu berriko Lehen Ministro hautatuak, ekonomia liberalizatzeaz gain, Sri Lankaren eta Mendebaldearen arteko harremanak sendotu zituen. Sri Lankako Askatasunaren Alderdia (SLFP) eta ezkerreko alderdiak ia erabat ezabatuta geratu ziren Parlamentuan (herritarren botoaren % 40 lortu zuten arren), Tamil Askapen Frontea oposizio ofizial gisa utziz. Honek banaketa etniko arriskutsu bat sortu zuen Sri Lankako politikan.

Jayawardeneren gobernuak 1978an Konstituzio berri bat onartu zuen, boterea presidentetza exekutibo batean biltzea diseinatu zuena. Era berean, budismoak erlijio ofizial estatusa jaso zuenean, argi geratu zen sinhalar nazionalismo budistaren erabateko nagusitasuna, Konstituzioak berak onartua. Oro har, konstituzio honek, sinhalar ezaugarri budista gehienak mantentzeaz gain, praktika diskriminatzaileak instituzionalizatu zituen, eta estatu bateratu batean boterea partekatzeko ikuspegia baztertu zuen, alienatuta eta baztertuta geratu ziren gutxiengoak babesik gabe utziz. Zalantzarik ez, Konstituzio honek nazionalismo budista aktibatu eta tamilaren aurkako indarkeria bultzatu zuen, 1977ko hauteskundeen ondoren lehertuko zena.

Junius Richard Jayawardene (Jr), Sri Lankako bigarren presidentea (1978-1989)

Tamil Eelamgo Askatasun Tigreak (LTTE) taldearen gorakada.

1977ra arte, tamil alderdi politikoek sistema politiko federal bat lortzeko presioa egiten zuten. Baina tamilen aurkako indarkeria areagotu ahala, beren buruzagiak hasi ziren eskatzen nazio tamil banandu bat (Eelam), uhartearen iparraldeko eta ekialdeko kostaldeak hartuko zituena.

Junius Jayewardene, tamil askoren botoekin 1977an presidente hautatua, tamilen oinarrizko aldarrikapenak asebetetzeko agindutako aldaketak ezartzen saiatu zen. Baina, presiopean, atzera egin eta neurri zapaltzaileagoak ezarri zituen. Izan ere, tamil alderdi politiko nagusia, Alderdi Federala, Parlamentutik kanpo utzi zuen, orduan herrialdeko oposizioko alderdi handiena zena. Erabaki lotsagarri honen arrazoia: alderdi honek Eelamekiko zuen jarrera. Tamil gazteak, gero eta etsiago beren politikari nagusiekin zeudenez, borroka armatuari ekin zioten. Horrela, 1970eko hamarkadaren erdialdean, Chelvanayakam bezalako tamil politikari moderatuen aktibismo politiko ez bortitzak (“Satyagraha”) fruiturik eman ez zuenean, Tamil Eelam Askatasun Tigreen mugimendua hasi zen. Tigreen sorrerak, sinhalar gehiengoaren beldur okerrenak indartu zituen, hau da, tamilek Indiatik milioika lehengusu ekartzen saiatuko zirela Sri Lanka suntsitzeko.

1977ko hauteskundeak eta gutxira hegoaldean bizi ziren tamilen aurkako pogromo batek, tamil komunitatearen aurkako estatu-errepresioak eta iparraldeko tamil gazteen erantzun armatuak herrialdeko indarkeria ereduak areagotu zituzten. Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen eta 1979an Terrorismoaren Prebentziorako Lege drakoniarra onartu zuen, giza eskubideak ahuldu eta askatasun demokratikoak ito zituena, bereziki iparraldean.

Hurrengo urteetan, UNPko sekzioen laguntzarekin, sinhalar mafiek tamil zibilen aurkako ankerkeriak egin zituzten. Txarrena 1981ean Jaffnako liburutegia erre izana izan zen. Atentatu kultural honek orbain sakona utzi zuen Sri Lankako tamil gutxiengoaren kontzientzia kolektiboan. Ondorioz, estatuak babestutako zenbait gertaera diskriminatzailek, 1983ko tamilen aurkako hurrengo pogromoarekin konbinatuta, zalantzan zeuden tamilak kausa militantea babestera konbentzitu zituzten.

Laburbilduz, sinhalar gobernuak tamilei egindako promesak ez ziren betetzen etengabe. Ez betetze honi erantzunez, tamilen protesta baketsuek, askotan, gobernuak bultzatutako zenbait sinhalar sektoreren erreakzio gero eta bortitzagoekin amaitzen zuten. 1956tik 1983ra bitartean, sinhalar jendetzak gutxienez bost pogromo handi eragin zituen tamil errugabeen aurka. Lurra egokia zen tamil talde armatu iraultzaile bat sortzeko.

Gerra zibila (1983-2009)

1-Gerraren hasiera. Uztail beltza: 1983ko tamilen aurkako pogromoa

1983an, LTTEk hamahiru sinhalar soldadu hil zituen Sri Lankako iparraldean. Gertaera honek, berehala, sinhalar gehiengoak tamil gutxiengoaren aurkako errepresalia bat eragin zuen. Indarkeria orokorreko hamar egun izan ziren, non tamilen bizitza eta jabetzak sistematikoki suntsituak izan ziren. Jayawardene presidenteak indarkeria hori geldiarazteko berandu esku hartu izanak gertaera horien aldez aurreko plangintza eta antolaketa iradokitzen du. Hildakoak 3.000 izan ziren, eta errefuxiatuak 200.000 (horietatik 100.000 inguruk Tamil Nadura ihes egin zuten). Aldi berean, Sri Lankako hegoaldetik iparraldeko eta ekialdeko probintzietara ihes egiten zuten tamilen mugimendu paralelo bat egon zen. 1983ko indarkeriak, beraz, lotura eta konplexutasun politiko sendoak sortu zituen Tamil Nadurekin, Eelam aberri tradizionalaren tamil aldarria sendotuz.

1983ko erasoak inflexio-puntu erabakigarria izan ziren tamil askorentzat. Ageriko sekretua zen gobernuko funtzionarioak istilu hauetan nahasita egon zirela, non ehunka pertsona hil ziren, milaka gehiago etxerik gabe utzi zituzten eta milioika dolarreko balioa zuten jabetzak suntsitu zituzten. Amnesty International bezalako erakundeek Sri Lankako segurtasun indar ofizialek tamilen aurka egindako giza eskubideen urraketa orokortuak dokumentatu zituzten.

2-Gerraren lehen fasea (1983-1987).

Pogromoaren ondoren, indarkeria irekiak indar berria hartu zuen eta 26 urteko gerra zibila hasi zen. LLTE talderik indartsuena bihurtu zen tamilen aktibismo militantea monopolizatzean.

1983ko istiluek tamilen kontzientzia astindu bazuten, sinhalarrentzat antzeko gertaera izan zen 1985eko maiatzean tamilek Anuradhapura hiri budista sakratuan egindako eraso militarra. Ordura arte, tamilen erasoak Sri Lankako segurtasun-indarren aurka zuzenduta egon ohi ziren, ia guztiak sinhalar soldaduez osatuak. Anuradapturan, 150 sinhalar zibil hil ziren erasoaren ondoren.

Sarraski honen ondoren, Sri Lankako ekialdeko probintzietan tamil eta sinhalar indar armatuen arteko gerra ireki bat piztu zen. Egoera zela eta, tamileradun komunitate musulmana ere gatazkan sartu zen. Une hartan, gerraren egoera horrelakoa zen: Iparraldean, tamil indarrek Jaffna penintsula kontrolatzen zuten, Ekialdean, aldiz, sinhalarren aurka borroka gogorra zegoen lurraldearen domeinua lortzeko.

Hamarkada honetan, 15.000 tamil, gehienak zibilak, eta beste hainbat sinhalar gatazkan hil ziren. 1987ko amaieran, 686.000 pertsona desplazatuak zeuden Sri Lankan, 150.000 tamil errefuxiatu baino gehiago India hegoaldean eta 50.000 munduko beste toki batzuetan. Giro polarizatu honetan, bi aldeetako militaristen aurkariak traidore gisa etiketatuak izan ziren eta izugarri sufritu zuten, herrialde barruan adiskidetzeko bitarteko eremu gutxi geratuz.

3-Indiaren esku-hartzea (1987-1990).

India, Sri Lanka UNPren gobernuan Estatu Batuekin lerrokatu zelako minduta, tamil talde armatuak aktiboki babestu zituen. 1987an Indiak erabakitasunez esku hartu zuen gatazkan. 1987ko uztailaren 29an, Rajiv Gandhi Indiako lehen ministroaren eta Sri Lankako presidente Jayewardeneren arteko negoziazioen ondoren, Indiar-Srilankar Bake Ituna sinatu zen. Itun hau honako puntu hauetan adostu zen: Bakea Mantentzeko Indiako Indarra (IPKF) hedatzea, tamilera hizkuntza ofizialtzat onartzea, iparraldeko eta ekialdeko probintziak bakar batean batzea eta zenbait botere probintzia-kontseiluei eskuordetzea. Indiak erabaki zuen iparraldeko eta ekialdeko ordena ezartzea bere Bake Indarraren bidez (IPKF) baita tamil matxinoei laguntzeari uztea ere. Tamil talde armatuek, hasieran uzkur izan arren, beren armak Indiako bake-indarrei ematea adostu zuten. Sri Lankako indar armatuak kuarteletan sartu zituzten iparraldean eta ekialdean, eta sinhalar kolonoak armarik gabe utzi zituzten. Halaz guztiz, tamil talde militar gehienek armak utzi eta gatazkari irtenbide baketsua bilatzea adostu bazuten ere, azken momentuan, LTTEk uko egin zion bere borrokalariak desarmatzeari. IPKF LTTEak indarrez desmobilizatzen saiatu zen, baina haiekin hiru urte iraun zuen eskala handiko gatazka bat sortu zuen, baita tamilen oposizio indartsu bat ere.

Gandhik eta Jayawardenek indiar-srilankar akordioa sinatzen dute

Bestalde, Indiar-Srilankar Ituna sinatzearen ondorioz, sinhalarrak Sri Lankan indiarren presentziaren aurka agertu ziren, hegoaldeko istiluetan monje budistek parte hartzea eta JVP altxatzea eraginez. JVPk “aberria edo heriotza” eslogana aukeratu zuen monjeen praktika “benetako budista” gisa, eta Jayawardene “traidoretzat” jo zuen. Bestalde, hauen eritziz, LTTE “terroristak” ziren eta Indiako Bakea Mantentzeko Indarra (IPKF) “indiar inbaditzaileak”. JVPren diskurtso politikoa, mugimendu budista, Sri Lankako loriaren aldarrikatzaile bezala irudikatzeko diseinatu zen, baita Jayewardene presidentearen gobernu “ilegalak” traizionatutako nazioaren erreskatzaile bezala ere. Jayawardeneren gobernua eta bere ondorengoarena, Premadasa presidentearena, gupidarik gabe eraso zituzten mugimendu honek, “legez kanpokotzat” jotzen baitzituzten. JVP indar boteretsu bihurtu zen gizartean, baina Premadasak (jada Jayawardene gobernuko lehen ministro karguan zegoenean) zilegitasuna irabazi zuen Indiar-Srilankar Akordioaren aurka jarri eta JVPri “abertzale” kontzeptua kendu baitzion. Premadasak “budista patriotikotzat” hartua izatea bilatu zuen, eta, aldiz, JVP “talde armatu” izatera mugatu nahi izan zuen, gobernu “abertzale budistak” hil zezakeena eta hil behar zuena. Azkenik, Premadasak JVPren estatusa eta nortasun budista patriotikoaz zuen ikuskera ahultzea lortu zuen, legez kanpoko mugimendu biolento terrorista izatera murriztuz. 1988an eta 1989an, estatuak beldurrezko kanpaina bat abiarazi zuen, heriotzaren, torturaren eta atxiloketa luzeen eskuadroietan oinarritua, JVP desagerrarazteko, eta, aldi berean, publikoki adierazi zuen haren “indarkeria kriminala” Sri Lanka budistarentzat mehatxu bat zela. Beraz, oso zalantzan jartzen zen JVPrekin lotutako monjeen nortasun “budista”. Estatuaren “abertzaletasuna” JVPren “terrorismoarekin” alderatu zen. Honela, JVPren altxamenduaren aurkako errepresio bortitza justifikatuta geratzen zen, eta monje politizatuak, mugimenduaren aurpegiak, beren estatusaz gabetuak izan ziren.

Premadasa presidente berriak (1989-1993) uhartea uzteko eskatu zion Indiari. Gandhik uko egin zion IPKF Sri Lankatik erretiratzeari, baina 1989ko abenduan Indiako hauteskundeetan porrot egin ondoren, Singh Indiako lehen ministro berriak IPKF erretiratzea agindu zuen. Bere azken itsasontzia Sri Lankatik abiatu zen 1990eko martxoak 24an. IPKFren 32 hilabeteko presentziak, Sri Lankan 1.200 soldadu indiar eta 5.000 biztanle baino gehiago hil zituen. Indiako gobernuarentzako kostua 10,3 mila milioi rupia baino gehiagokoa izan zela kalkulatu zen.

Ranasinghe Premadasa, Sri Lankako hirugarren presidentea (1989-1993)

4-Gerraren bigarren fasea (1990-1995)

Indiako bake indarrak erretiratu ondoren, gerrak eta tamilen erreklamazioek jarraitu zuten. Garai hartako Iparraldeko eta Ekialdeko Kontseilu Probintzialeko tamil presidentea, Vartharaja Perumalek, 19 puntuko eskaera aurkeztu zuen krisiari irtenbide politikoa emateko. Eskaera horiek bete ezean, Probintzia Kontseiluak iparraldeko eta ekialdeko probintzien independentzia aldarrikatuko zuela mehatxu egin zuen. Premadasa presidente sinhalarrak berehala desegin zuen Kontseilua (1990eko martxoa), gatazka areagotzeko balio izan zuena.

Gerraren fase honetan, bi aldeek aurrekaririk gabeko basakeriak egin zituzten. 1990eko ekainaren 11n, LTTEek 600 polizia sarraskitu zituzten ekialdeko probintzian, amore eman ondoren. Gobernuak Jaffna penintsulara sartzen ziren elikagai eta botiken bahitura ezarri zuen, eta aireko indarrek gupidarik gabe bonbardatu zituzten LTTEen posizioak. Sarraskiek, hilketa masiboek eta zibilen desagerpenek zigorgabetasun giroa sortu zuten. Herrialde osoan, gobernuaren heriotzaren eskuadroiek sinhalar edo tamil gazteak jazarri, bahitu edo hil zituzten, JVP edo LTTEren aldekoak zirelakoan, hurrenez hurren.

Dingiri Banda Wijetunga, Sri Lankako laugarren presidentea (1993-1994)

LTTEk sinhalar herrixkak erasoz eta zibilak sarraskituz erantzun zuen. Indiako Bake Indarrak erretiratu ondoren, LTTEk eremu horien kontrola bereganatu zuen. LTTEek gero eta lurralde gehiago irabazi zuten eta sinhalar herri eta kokalekuetan sarraskiak egiteaz akusatuak izan ziren. Beren erasoak ez ziren soilik sinhalarren aurkakoak izan, baita tamil disidenteen eta musulmanen aurkakoak ere. 1990eko urrian, LLTEek komunitate musulman osoa (70.000 inguru) iparraldeko probintziatik kanporatu zuten. 1991ko maiatzaren 21ean, LLTEek Rajib Gandhi hil zuten. Akats handia izan zen, Indian zituen babes eta elkartasun zabalak kendu baitzizkion.

Gerrako gudurik handiena 1991ko uztailean gertatu zen, LTTEko 5.000 gudarik Jaffnako penintsularako sarbidea kontrolatzen zuen armadako Elefantearen Pasabidearen basea inguratu zutenean. 2.000 baino gehiago hil ziren bi aldeetan hilabeteko setioan, basea ordezkatzeko 10.000 tropa iritsi baino lehen. 1992ko otsailean, gobernuaren beste erasoaldi batzuek ez zuten Jaffna harrapatzea lortu. 1992ko abuztuaren 8an, pertsonen aurkako mina baten leherketak teniente jeneral bat, dibisioko jeneral bat eta kontralmirante bat hil zituen Aralyn, Jaffnatik gertu. Heriotz hauek sinhalarren moral militarra larriki kaltetu zuten. Gainera, LTTEk garaipen handia lortu zuen, 1993ko maiatzean, bere erasotzaile suizidetako batek Ranasinghe Premadasa Sri Lankako presidentea hil zuenean. 1993ko azaroan, LTTEk sinhalar armada garaitu zuen Pooneryngo guduan, Sri Lankako 700 soldadu hilda utziz.

5-Gerraren hirugarren fasea (1995-2001)

1994ko abuztuan, Bandaranaikeren alaba Chandrika Kumaratungak zuzendutako Aliantza Popularrak hauteskunde legegileak irabazi zituen, tamilei kontzesioak egiten zitzaizkien hauteskunde programa bat eramanez. Askoren harridurarako, Kumaratunga Lehen Ministro bihurtu zen, eta azaroan presidente aukeratu zuten, bere 78 urteko ama Sirimavo lehen ministro izendatuz. Kumaratungaren gobernuak boterea hartu bezain laster, LLTErekin bake-elkarrizketei berrekitea erabaki zuen, baina bake-giroak ez zuen luze iraun eta 1995ean, su-eten ahula hautsi zen. Elkarren arteko liskar garai hauetan, gobernuak lortu zuen Indiak (Rajiv Gandhiren hilketaren ondoren) LTTE erakunde terroristatzat jotzea eta Indian legez kanpo uztea.

Chandrika Kamaratunga, Sri Lankako bosgarren presidentea (1994-2005)

Gobernu berriak “gerra bakearen truke” politika jarraitu zuen. Jaffnako gotorleku errebeldea berreskuratzeko erabakia hartuta, 2.000 tamil errebeldek okupatua, bertan gerra luze bat hasi zuen. Iparraldeko gerrak jarraitu ahala, LTTEek Hegoaldeko hiri askotan eraso suizidak eta bonba bidezko atentatuak antolatu zituzten, ehunka zibil hilda utziz. 1996ko urtarrilean, LTTEek bonba bidezko eraso suizida hilgarrienetako bat egin zuten Colomboko Banku Zentralean, 90 pertsona hil eta 1.400 zauritu zituztelarik.

Kumaratungaren gobernuak, etengabeko borroka militarrean parte hartzeaz gain, bake-neurri politiko sorta bat ere sustatu zuen, honako hauek barne hartzen zituena: zazpi eskualde autonomorekin gobernu sistema oso deszentralizatu bat eratzea (“federalismo” terminoa saihestu zen, horren ordez “eskualdeen Batasuna” terminoa erabiliz), gobernuaren egitura presidentziala parlamentuak botere gehiago duen beste batekin ordezkatzea, Iparraldeko eta Ekialdeko probintziek eskualde bakar batean bat-egitea, eskualde-gobernuari arlo politiko askotako botereak ematea, besteak beste, fiskalitatea, ordena publikoa, polizia, lurra, nekazaritza, industria, garapena eta plangintza, hezkuntza, kultura eta komunikazioa. Sinhala eta tamilera hizkuntza ofizialak lirateke. Neurri sorta hau 1987ko Indiar-Srilankar akordioarekin lortutakoa baino aurreratuagoa eta deszentralizatuagoa izan zen, baina bake prozesua gelditu egin zen. Oposizioko alderdi nagusiak eta sinhalar alderdi nazionalistek errezeloz hartu zuten proposamena, eta aurka agertu ziren.

World Trad Center Colombo, 1997ko urriaren 12an Chandrika Kumaratunga presidenteak inauguratua

1997ko urrian, LLTEk Sri Lankako World Trade Center bonbardatu zuen, eta, 1998ko urtarrilean, bonba-kamioi bat leherrarazi zuen Kandyn, Hortzaren Tenplua (Sri Dalada Maligawa) kaltetuz, munduko santutegi budista sakratuena. Esanahi erlijioso handiaz gain, tenplua, Sri Lankaren subiranotasunarekin ere hertsiki lotua dago. Bonbardaketa honi erantzunez, Sri Lankako gobernuak LTTEak debekatu zituen, eta mundu osoko beste gobernu batzuei presio egin zien gauza bera egin zezaten, beren diru-bilketako jarduerekin nabarmen oztopatuz. Atentatuaren ondoren, sinhalar moderatuenek ere beren fedea mehatxupean zegoelako sentsazioari egin behar izan zioten aurre, ez baitzen soilik estatua, baizik eta sinhalarrak beraiek ere, herri gisa, mehatxatuta zeudenak.

  1. urterako, 65.000 pertsona inguru hil ziren gatazkan, eta milioi bat barne desplazatu baino gehiago kanpamentuetan bizi ziren. Horren ondorioz, bakearen aldeko mugimendu garrantzitsu bat garatu zen 1990eko hamarkadaren amaieran; erakunde askok hitzaldiak, bakeari buruzko hausnarketak eta beste ahalegin batzuk egin zituzten maila guztietan bi aldeen arteko zubi bat eraikitzeko. 2000ko otsailean, bi aldeek bitartekari lanak egiteko eskatu zioten Norvegiari, eta nazioarteko lehen mugimendu diplomatikoak gatazkari irtenbide negoziatua ematen hasi ziren.

Velupillai Prabhakaran, LLTE Tigreen burua

6-Norvegiarrek zuzendutako bake-prozesua (2001-2006)

Sri Lankako agintariek eta Tamil Eelam Askatzeko Tigreek (LTTE) gonbidatuta, Norvegiak Sri Lankako gatazkako aldeen arteko negoziazioen bideratzaile inpartzial gisa jardun zuen 1999 eta 2006 artean. Norvegiaren eginkizuna Sri Lankako agintarien eta LTTEkoen arteko bake-prozesua erraztea zen. Hasiera batean, Norvegiak bi aldeen arteko su-eten akordio bat negoziatzea lortu zuen 2002an, eta horrek sei negoziazio-bilera egiteko bidea ireki zuen. Norvegiak Sri Lankako Monitoreo Misioa (SLMM) zuzendu zuen, behaketa zibileko misio bat, su-eten akordioa monitorizatu zuena Sri Lankako gobernua 2008an akordiotik formalki erretiratu zen arte.

2001eko legebiltzarrerako hauteskundeetan, Chandrika Bandaranaike Kumaratungak hauteskundeak galdu zituen. Bere aurkariak, UNPko Ranil Wickramasinghek, lehen ministro kargua hartu zuen (2001-2004) eta bake ekimenari ekin zion berriro, oraingoan norvegiarrek erraztuta. Chandrikak Errepublikako presidente izaten jarraitzen zuen. Sri Lankako historian lehen aldiz, presidentea eta lehen ministroa bi alderdi desberdinetakoak ziren. Bizikidetza hori deserosoa izan zen, biek oso irtenbide desberdinak baitzituzten bakea lortzeko. Wickremasinghe lehen ministroak eta UNPk gatazkaren konponbide federala babesten zuten bitartean, Kumaratunga presidentearen SLFP alderdiaren ildo gogorreko elementuek, beste talde nazionalista batzuekin batera, bide militarraren alde egiten zuten, ez baitzuten konfiantzarik Tamil Tigreengan (hauek zergak biltzen eta armen kontrabandoaren bidez indartzen jarraitzen baitzuten).

Ranil Wickramasinghe, lehen ministroa (2001-2004), Kamaratungaren presidentetzaren azken garaian

UNPk ez zion Kamaratungaren “gerra bakearen truke” estrategiari eutsi; aitzitik, ia berehala su-etena adostu zuten LTTEkoekin 2001eko abenduan, Norvegiako bitartekaritzak erraztua. 2002ko otsailean, gatazkan zeuden aldeek elkar ulertzeko memorandum bat (MoU) sinatu zuten, etorkizuneko negoziazioetarako oinarriak ezarri behar zituena. Elkar Ulertzeko Memoranduma sinatzea bake-prozesuaren lehen hutsunea izan zen, Wickremasinghe lehen ministroak dokumentua aurkeztu baitzion presidenteari sinatuta egon ondoren. Presidenteak bere atsekabea adierazi zuen, Tamil Tigreekin adostutako puntu nagusiak publikoki kritikatuz. Nolanahi ere, presidentea ez zen bake ikuspegiarekin ados egon ez zen bakarra izan, sinhalar nazionalistak ere, akordioa Tigreen onarpen diplomatiko bat bezala ikusten zuten eta, beraz, beldur ziren ez ote zuen estatu bereizi bat sortzera eramango.

Hala ere, SLFPk eta UNPk bakea bilatzen jarraitu zuten. Lehenengo bake-elkarrizketak 2002ko irailean hasi ziren Thailandian. Funtsezko ezer lortu ez bazen ere, komunikazioa adeitsua izan zen. Urte bereko abenduan, bi aldeek zenbait gai politiko adostu zituzten. Osloko elkarrizketen adierazpenak zioenez, tamil herriaren autodeterminazio printzipioan oinarritutako irtenbide bat esploratu nahi zuten, baina, aldi berean, Sri Lanka batu baten barruko egitura federal bat ahalbidetuz.

Osloko elkarrizketen bidez itxaropena sortu zen arren, negoziazio-giroa okertu egin zen su-etenaren urraketa errepikatuen ondorioz. 2003ko apirilean, LTTEek ustekabean iragarri zuten elkarrizketak bertan behera utziko zituztela. 2003ko urrian, LTTEk proposamen zehatz bat aurkeztu zuen behin-behineko administrazio autonomo baterako (ISGA). ISGA oso arazotsua zen edukian, eta argi zegoen ez zuela Hegoaldean inolako babesik jasoko sinhalar nazionalisten aldetik. Bestalde, ez zen adostasunik egon sinhalar politikarien artean, tamilei eskaini beharreko autonomia mugatu baten inguruan. Aitzitik, ISGAren ideia maximalistak sinhalar indar politikoen alde egiten zuen, autonomiak ezinbestean sezesiora eramango zuela argudiatzen baitzuten.

Gauzak horrela, Kumaratunga presidenteak hiru ministerio hartu zituen bere gain, gobernua segurtasun nazionala arriskuan jartzen ari zela esanez. Azkenik, 2004ko apirilean hauteskundeak deitu zituen eta SLFP irabazi zuen. Abenduan tsunamia iritsi zen, uhartean ondorio larriak izan zituena.

Gerraren egoera 2005eko abenduan

Tsunamia, bakea eta sinhalar nazionalismoa. Sri Lankako uhartea 2004ko tsunamiak gehien kaltetu zuen eskualdeetako bat izan zen. Tsunamiak Sri Lankako milaka biztanleren existentziaren oinarria suntsitu zuen kostaldeko eskualdeetan, gutxienez 35.000 hil zituelarik. Tsunamiaren ondorioz, itxaropena egon zen hondamendiak gatazkan zeuden bi aldeen arteko elkarrizketa positiboa eragin zezakeela berreraikuntzarako lankidetza moduan. Itxaropen horiek iragankorrak izan ziren, eta gatazka laster areagotu zen, laguntzaren banaketa bidegabearen ondorioz. Gobernuak eta LTTEk kudeaketa-egitura bateratu bat sortzen saiatu ziren laguntza uhartearen iparraldera eta ekialdera emateko, Post Tsunami (P-TOMS) Kudeaketa Operatiboaren Egitura. Sinhalar alderdi nazionalistek gogor baztertu zuten proposamena eta, ondorioz, Kumaratunga presidenteak ezin izan zuen prozesua aurrera eraman, batez ere bere gobernukideak, Janatha Vimukthi Peramuna (JVP)-k, uko egitea mehatxatu zuelako. Hauen ustetan, akordioek LTTEak tamilen ordezkari bakartzat onartu zituzten, eta hori lehen urratsa izango zen LTTEek estatu bereizi bat sortzeko eskariari amore emateko. JVPk akordioaren aurkako protestak antolatu zituen, eta Bhikku Fronte Nazionaleko monjeek hil arteko gose-greba ere hasi zuten. Kumaratunga presidenteak ez zion jendeari P-TOMS akordioaren berri eman, eta, beraz, ondoriozta daiteke, haren ezkutaketarekin, nolabait monjeen erresistentzia-mugimendua bultzatzen ari zela. Komunikabideak agenda ezkutuen eta konspirazio teorien zurrumurruz bete ziren. Beste oposizio bat uhartearen ekialdeko politikari musulmanen eskutik etorri zen: bake negoziazioetan zuzenean parte hartzea eskatzen zuten, baita musulmanek P-TOMEn ordezkaritza zuzena izatea ere, euren komunitatea tsunamiak gehien kaltetzen zuenetako bat baitzen. Gertaera hauek guztiek gero eta giro publiko kaltegarriagoa eta arnasgaitzagoa sortu zuten, eta horrek nabarmen kaltetu zuen berez zaila zen bake-prozesuaren garapena. Azkenean, argi zegoen bake-prozesuaren aurkako erantzun publikoak gora egin zuela. 2005ean, Gorte Gorenak erabaki zuen bake prozesuan lortutako akordioa Konstituzioaren aurkakoa zela. Beraz, ez zen inoiz inplementatu.

2005eko abuztuaren 12an, bake-elkarrizketen norabidea aldatuko zuen gertaera bat jazo zen. Sri Lankako Kanpo Harremanetarako ministroa, Lakshman Kadirgamar, bere etxean hil zuen LTTEetako frankotiratzaile batek. Kadirgamar tamil bat zen, LLTEekin oso kritikoa izan zena. Nortasun handiko politikaria zen, atzerriko diplomatikoen begikotasuna eta errespetua zuena. Bere erailketak nazioarteko komunitateak LTTEa baztertzea ekarri zuen. Horregatik guztiagatik, Tigreek atzerriko nazioen aurrean beren begikotasunaren zati handi bat galdu zuten une garrantzitsuenetako bat izan zela uste da.

Lakshman Kadirgamar

2005eko azaroan lehendakaritzarako hauteskunde berriak egin ziren. Hautagai nagusiak Ranil Wickremasinghe UNPko lehen ministro ohia eta Mahinda Rajapaksa jarduneko lehen ministroa izan ziren, azken hau SSFP alderdial sortutako koalizio berri baten hautagaia, Herri Batuen Askatasunaren aldeko Aliantza (UPFA)-rena hain zuzen. Hautagai nagusiek neurri guztiz kontrajarriak zituzten bake prozesuari dagokionez. Ranil Wickremasinghe UNPko lehen ministro ohiak LTTErekin elkarrizketak berriz abiatzearen alde egin zuen; Rajapaksa UPFAko lehen ministro hautagaiak, aldiz, LTTEren aurkako politika gogorragoa eskatu zuen. 2005an, 2001ean Kamaratunga eta Wickremasinghe artean oinarrizko gaien jarrera komunaren (edo elkarrenganako hurbilketa minimo baten) falta errepikatu zen. LTTEk hauteskundeak boikotatzeko deia egin zuen. Tamil askok Wickremasingheren alde bozkatzea espero zen. Azkenean, tamil askok ez zuten bozkatu eta Rajapaksek, boto tarte estuagatik, garaipen estua lortu zuen. Hauteskundeen ostean, Velupillai Prabhakaran LTTEko buruak bere urteroko hitzaldian adierazi zuen Tigreek “borroka suspertuko” zutela 2006an, gobernuak bakerako neurri serioak hartzen ez bazituen.

2006an eta 2007an, argi geratu zen Sri Lankako agintariak eta LTTEak gerra aukeratzen ari zirela gatazkari irtenbide negoziatu bat eman baino lehen. Norvegiak argi utzi zien aldeei beraien aldetik behar zen borondate politikorik gabe ezinezkoa zela bake-prozesu bat erraztea. Gerraren azken fasean, Norvegiak, NBErekin eta beste eragile batzuekin batera, diplomazia aktibo batean parte hartu zuen, zibilen sufrimendua mugatzeko eta gatazkako aldeek nazioarteko zuzenbidea beteko zutela bermatzeko.

Erik Solhein, bake prozesua bultzatu zuen norvegiar talde-burua

7-Mahinda Rajakapsa. Sinhalar nazionalismo budistaren hegal gogorraren gorakada.

Rajakapsa, Sri Lankako presidente berriak, kabinetea berrantolatu zuen eta Defentsa eta Finantza sailak bere gain hartu zituen kabinete berrian. Rajapaksak Sarath Fonseka Sri Lankako Armadako komandantearen agintaldia luzatu zuen erretiroa hartu baino 30 egun lehenago. Hurrengo hiru urte eta erdietan, Gotabhaya Rajapaksa (Mahindaren anaia) Defentsa idazkaria eta Sarath Fonseka herrialdeko indar armatuen buru izan ziren LTTEen aurkako borrokan.

Rajakapsak, bere burua bake-gizon eta negoziatzaile prestutzat duen arren, behin boterean zegoela bake-prozesuari amaiera emateko asmoa adierazi zuen, Janatha Vimukthi Peramuna (JVP) eta Jathika Hela Urumaya (JHU) sinhalar alderdi nazionalistekin aliatuta. Bi alderdi hauek nazionalismo budista erradikala defendatzen zuten. Batetik, JVP 2002ko bake-prozesuaren aurka agertu zen, traizioa zelakoan. Bestetik, JHU monje budisten alderdi politiko osatu berria zen, 2004ko apirileko parlamentu-hauteskundeetan 200 hautagai monje budista aurkeztean historia egin zuena, Sri Lankako Parlamentuan bederatzi monje politikari profesional bihurtzea lortuz. Estremismoaren eta nazionalismo arrazistaren aldekoak dira, gutxiengoen aurkako indarkeria bultzatzen dute, baita haien jabetzako negozioak sinhalarrei transferitzea hitzematen ere. JHUren helburu nagusia estatu budista bat ezartzea eta sinhalar zibilizazio bakarra berreraikitzea da. Bere eritziz, tamil separatismoa eta beste gutxiengo etniko batzuen presentzia mehatxu bat da sinhalar nazioarentzat, horregatik guztiagatik, LTTE ezabatzea funtsezkoa da proiektu horretarako. LTTEekin edozein negoziazioren aurka agertu zen eta bere porrot militarraren aldeko kanpaina egin zuen, zibil tamilen egoera zailaren aurkako diskurtso bortitz eta axolagabean oinarrituta.

Sarath Fonseka, Sri Lankako Armadako komandantea, 2009an 26 urteko gerra zibilari amaiera eman ziona.

Beraz, 2005ean, JHU eta JVP, UPFA koalizioko gobernu kideak ziren. Rajapaksaren UFPAk plataforma nazionalista bera erabili zuen funtsezko ibilgailu populista gisa, eta JHU eta JVP alderdi ahulenen “benetakotasun patriotikoa”-ren ospea kendu zuen, gobernuarekin bat egitea edo gero eta marjinazio handiagoari aurre egitea beste aukerarik gabe utziz. Koalizioaren funtsezko bazkide gisa, JHUk (eta JVPk neurri txikiagoan) establishman politikoan sakonki integratutako “muturreko zerrenda” ordezkatzen zuen, UPFAren administrazioa ideologikoki blaitzen eta bere diskurtsoa desitxuratzen zuena.

JVPk eta JHUk Rajapaksarekin egindako gobernu-akordioak, besteak beste, su-eten akordioa berrikustea, militarrei LTTEen aurkako botere zabalenak ematea eta tamil herriari botere politikoa itzultzea baztertzea jasotzen zituen.  Gainera, tsunamiak kaltetutako LTTEek okupatutako eremuetarako laguntza bertan behera uztea eta Norvegiako bideratzaileen bazterketa (ustez partzialak zirelako) barne hartzen ziren.

Sri Lankako politikan izandako ibilbide berri honek, hau da, muturreko sinhalar budistak (moderazio itxura duten nazionalisten aurka) gobernu zentralean sartzea onartzeak, ideologia fundamentalista budistaren instituzionalizazioa adierazten du. Alderdi horiek zabaldutako jarrera ideologiko horren integrazioak erreformarako aukerak mugatu zituen, eta UPFAk estatu bateratuarekin duen konpromisoa indartu zuen. Gobernuan zegoen koalizioa ideologikoki prest zegoen gerra bitarteko militarren bidez amaitzeko, negoziatutako akordio politiko baten ordez. Nazionalismo budistaren nagusitasuna etengabe berpiztu zen gatazkan zehar, edozein konponbide politiko ahultzeko eta blokeatzeko. Zernahi kostarik ere, gerraren azken helburua sinhalar nazio budista baten estatua sortzea zen. Garaipen militarraren ondoren, Sri Lankako batasuna desafiatu zuen talde separatistaren porrot irmoa etorri beharko litzateke, inolako negoziaziorik eta konpromisorik gabe.

Mahinda Rajapaksa, Sri Lankako seigarren presidentea (2005-2015). Gaur egun karguan, 2019tik

8-Gerraren laugarren fasea (2006-2009)

2005ean, Mahinda Rajapaksak Sri Lankako presidentetzarako bozak irabazi eta gero, martxan jarri zuen LTTE garaitzen amaitzeko estrategia militarra. Sri Lankako armadaren erasoaldiek uharteko ekialdetik kanporatu zituzten gerrillari tamilak, lehenbizi 2006an. Hurrengo urtean, iparraldea hartu zuten jomugan. 2007an, gobernuak herrialdearen iparraldera eraman zuen bere erasoa, eta 2008ko urtarrilaren 2an formalki iragarri zuen su-eten akordiotik erretiratuko zela, LTTEek akordioa 10.000 aldiz baino gehiagotan urratu zuela argudiatuz. LTTE bakartzea lortu zuen Rajapaksak. Lehenbizi, itsas armada hondoratuz armaz hornitzea galarazi zion. Ondoren, nazioartean tamilek egiten zuten diru bilketa blokeatzea lortu zuen. Uhartearen laurdena kontrolatu zutenean gerrillarien gainbehera hasi zen orduan. Jaffar penintsula utzi eta azken erresistentzia gunea Mullaitivu oihanean ezarri zuten. Ez zuten asko iraun oihanean, eta, banan-banan, azken baseak galdu zituzten.

Sri Lankako armadaren erasoaldi militarraren ondorioz desplazatutako zibilak. 2009ko urtarrila.

Sri Lankako gobernuak erabateko garaipena adierazi zuen 2009ko maiatzaren 18an. 2009ko maiatzaren 22an, Sri Lankako Defentsa idazkaria, Gotabhaya Rajapaksak, gerraren fase honetan (2006ko uztailetik), Sri Lankako Indar Armatuetako 6.261 kide hil eta 29.551 zauritu zirela baieztatu zuen; bestalde, LTTEko 22.000 kide inguru hil zirela gaineratu zuen. Geroago, LTTEk bere buruzagi Prabhakaranen heriotza aitortu eta gerraren porrota onartu zuen.

Barne desplazatuen kanpamendua Menik Farmen, Vavuniyatik gertu, 2009ko ekaina

Sri Lankako Gerra Zibila oso garestia izan zen, 100.000 zibil eta gatazkaren bi aldeetako 50.000 borrokalari baino gehiago hil baitziren. LTTEko 27.000 kide inguru, Sri Lankako armadako 23.790 soldadu, 1.000 polizia eta Indiako 1.500 soldadu hil ziren gatazkan. 25 urteko gerra honen kostu ekonomikoa 200 mila milioi dolarrekoa da, hau da, Sri Lankako 2009ko BPGa baino 5 aldiz handiagoa.

Sri Lankako Gerra Zibilaren amaieran, gerra krimen ugari egin ziren: bonbardaketa indiskriminatuak, bahituak hartzea, desagertze behartua, laguntza humanitarioa ukatzea, exekuzio sumarioa, bortxaketa, barneratzea, giza ezkutuak, adin txikiko soldaduen erabilera, tiroketa masiboak, bonba bidezko atentatu suizidak…. Sri Lankako gobernuak ukatu egin du bere indarrek gerra krimenak egin izana, eta nazioarteko edozein ikerketaren aurka agertu da irmoki.

https://busturianaiak.home.blog/2021/12/19/sri-lanka-3-sinhalar-estatu-bateratu-eta-autoritario-baten-eraikuntza-1972-2009/