Nolako hizkuntza, halako herria: izenen asimilazioa

Iñaki Lopez de Luzuriaga – Iñigo Larramendi*

Kezkaz ikusten dugu urtetatik hona hizkuntza hegemonikoetatik (frantsesa/gaztelania) euskarara datozen kontzeptu eta izendapenen zuzeneko kanpo interferentzia. Ez, ez gara ari beharrezko maileguez, noski. Euskararen desitxurapenak eta kolonizazioak pauso berriak eman ditu, ausardia handiagoz eta lotsagabeago, herri baten erreferentziazko hitzei muineraino eraso egiteraino.

Joan den azaroan Iñaki Petxarromanen artikuluak jarri zuen hizpidea, testuliburuez hizketan: hezkuntzarako liburu horietan “Euskal Herria” izena Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren baliokide baliatuz axolagabe, doike, gaztelaniazko “País Vasco” izen mutantearen ordainetan, salbu eta Ikaselkarren testuliburuetan. Dagoeneko esanahi hustuketa jasoa dugu lehenagotik “Euskadi” hitzean bertan, gaztelaniazko kontzeptuen transferentzia (edo lobotomia) semantiko baten bitartez. Eta are, “Nafarroa” izenarekin, euskaldun gehienak biltzen zituen erresuma askearen izena hizkuntza- eta herri-bazterketaren zerbitzura jarriz.

Gaztelaniazko kanaletatik eta irrati-telebista publikoak baliatuz, euskararen nazio kontzeptuak ordezkatzeko transplanteak aurrera jarraitzen du (Invasion of the Body Snatchers« filma gogoratzen? Kanpoalde berdina, barrualde desberdina…). Beste kasu paradigmatiko bat nazioen terminologian “herrialde” da. Bada, ezker abertzalearen gaztelaniazko diskurtsotik pixkanaka “herrialde” (“provincia”ren ordezko atsegina) hasi zitzaigun sartzen euskarara, ordurako euskal sisteman bere lekua bazuenean: “herri/nazio bat bizi den lurraldea”, definizio soltean. Bada, luze gabe hasi zen probintzia edo “lurralde historiko” ere deitzen dugun horren tokia jaten; kontraesana Euskarazko Wikipediako infotauletan bertan bizi dugu: “Herrialdea: Euskal Herria”, “Herrialdea: Gipuzkoa”, kategoriak eta azpikategoriak izen bera. Alajaina.

Azkenekoa, “euskaldun” dugu, hori ere bai. Ezagunak ditugu gurean etnonimoen eta demonimoen inguruko eztabaidak errealitate berriak aditzera emateko, dagoeneko hamarkada gutxitan gaztelaniaz hainbat zilipurdi semantiko eman ondoren (“vasco”, “vascongado”). Horrekin nahikoa ez, eta EITBko gaztelaniazko kanal publikoetan, besteak beste, “euskaldun” ere (euskara + dun) prostituzio kontzeptualaren sarean sartu dute, gaztelaniaz euskarazko izendapen horren esanahia birmoldatuz: Araba, Bizkai edo Gipuzkoako biztanlea aditzera ematea.

Duela hilabete, 80ko hamarkadako Euskal Rock Erradikalari buruzko dokumentala eman zuten ETB1en («Memoria eraikiz»). Isabel I.a Unibertsitateko pertsona bat jarri zuten hizketan erdaraz gure orduko rock mugimenduari buruz (oso gaiztoak omen ginen). Baina gainera, une batean, azpidatzietan “euskaldun” deitzen zieten euskaraz ez zekitenei, alegia, “vasco” izenaren kalkoa eginez (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanlea?) , “euskaldun” izena bera enkantean baitago dagoeneko, nahi duenak bere gogara birmoldatzeko…

Eta inork zerbait esango al du? Euskara “itzulkera”? Beharrik, Bidegainek, Larrañagak eta Maguregik eman berri dizkigute gako batzuk bederen (Izan ala ez izen?, 2021), baita Jean-Louis Davantek ere (Enbata, Argia). Hizkuntza zonbi baterantz? Guri bi hitz datozkigu burura: desegituraketa eta kolonizazioa. Ezinbestekoa eta premiazkoa ikusten dugu, bada, euskarazko izendapen nazionalei buruzko gogoeta zabala.

*Itzultzailea/wikilaria – Ekonomialaria

«Argazkia: Iñaki LL, CC-BY-SA 3.0″