Argazkia: Naziogintza
Euskal Herriko eta, bereziki, Ipar Euskal Herriko historia garaikidearen une garrantzitsuenen lekuko aktiboa izan da Jean-Louis Davant Iratzabal (Urrüstoi- -Larrabile, 1935). Gaztetan euskaltzaletasunaren harra sartu zitzaion, eta harrezkero lan oparoa egin du hizkuntzalaritzan eta euskal politikagintzan. Nekazaritzako ingeniaria, euskaltzain osoa, irakaslea, idazlea, militante politikoa, pastoral-egilea,…., arlo askotan jardun du Davantek, hainbat alderdi intelektual trinkotzen baitira bere baitan, baina horietako gehienak ardatz beraren inguruan kokatuak: euskalgintzaren inguruan, hain zuzen ere.
Jaio zen herri berean bizi da gaur, Zuberoako Pettarra eskualdean, ingurune bukoliko batean. Bertan elkarrizketatu dugu udazkeneko egun epel batean.
1935ean jaio zinen, Zuberoako Ürrüstoi-Larrabilen, Biarnoko mugatik gertu. Nola oroitzen duzu zure haurtzaroko Zuberoa hura?
Ene haur denborako Zuberoan, euskara denetan entzuten nuen, salbu Maulen. Ene adineko mauletarrek ulertzen zuten, haatik ez mintzatzen. Munduko bigarren gerraren ondotik, Mauletik beherako erreka zola horretan, haurrak gurasoen euskarari frantsesez erantzuten hasi ziren, eta laster transmisioa hautsi zen hor. Errientek (Maisuek) aurka egiten zioten.
Umetan, zure belaunaldiko ume euskaldun guztien antzera, egoera eskizofreniko batean bizi zinen: etxean eta kalean euskara nagusi, baina eskolan, aldiz, herriko hizkuntza debekatua zen. Zazpi edo zortzi urteko garai hartako ume bat jabetzen al zen hizkuntza eta nazio galaraziak zirela gureak?
Ürrüstoiko eskola publikoan ez genuen euskaraz hitz egin behar, haatik errienteak (maisuak) ez gintuen gogorki hartzen, nahiz Landetakoa zen, baina hemengo Salaberry euskaldun batekin ezkondua. Pertsekuzio baten kontzientziarik ez nuen, frantsesez ere jakin behar nuen, eta kito. Eskolatik kanpo euskaraz bizi ginen lasai. Gainera gerra denbora zen, etsai nagusia hor genuen, aleman armada, eta presentzia nazkagarri horrek frantses nazionalismoa indartzen zigun.
Hamabi urteetan sartu nintzen Mauleko Saint François kolegio-lizeo katolikoan, hogei bat apez genituen irakasleak, bi bakarrik biarnesak, eta zuberotar pare batek salbu, euskaldunek ez ziguten hitzik euskaraz erraten, lan arteetan ere. Azkenean agertu zitzaigun lapurtar euskaltzale bat, Pierre Charritton delakoa, astero ordubeteko euskal ikasgaia ematen ziguna arratsalde apalean, kurtsoen tenoretik landa, «Deixonne» legeak 1951tik baimentzen zuen bezala.
Ipar Euskal Herriko gazte asko bezala, zu ere Aljeriako gerran ibili zinen soldadu. Eragina izan al zuen zugan eta zure pentsamoldean Aljeriako gatazka horrek?
Aljerian ikusi nuen Frantzia ez zela denek uste genuen Ama Birjina, de Gaulleren «La Madone», «Notre-Dame la France»… Haatik Frantzia ezin hastiatuz, Frantziako estatua bederen begietan hartu nuen bere bortizkeria latzarengatik, eta erdi anarkista jalgi nintzen handik.
Joan-L. Lluis Ipar Kataluniako idazleak, euskaratua izan zen bere liburu bikainean (“Nire zakurrarekin solasean Frantziaz eta frantsesez”), hau zioen Frantziako nazionalismo linguistikoaz: “Mendeak dituk Frantzia saiatzen ari dela hizkuntza horiek (frantsesa ez diren Hexagonoko hizkuntza gutxituak) suntsiarazten eta horrek izen bat dauka, linguizidioa. Linguizidioa ekintza kriminaltzat hartuko balitz, kulturaren eta giza ondarearen aurkako krimena, eta nazioarteko auzitegietan salatuko balitz, Frantziak zortzi aldiz (zortzi hizkuntza gutxitu baitaude Hexagonoan: alsaziera, bretoiera, euskara, flandriera, katalana, korsikera, okzitaniera eta proventzera) azaldu beharko likek zortzi auzitan eta bakoitzean zigortua izango lukek hain segur”. Ados?
Linguizidioa, bai naski, eta gehiago ere: etnozidioa, ezen euskal usaina zuen oro eskolatik eta eremu publiko guztitik baztertu zuen Frantziak, historia eta geografia barne. Euskal Herririk bazegoenez ere irakasleek ez ziguten aipatzen, erran berri ditudan salbuespenak salbuespen. Berantago, 1965eko urtarrilean, Doueil prefetak Pierre Charrittoni erran zion «Le Pays Basque, monsieur, çà n’existe pas!»
Berrehun bat urtez Iparraldean bizi ukan dugu «fascisme linguistique» deitzen dudan egoera latza, estatu demokratiko batean guztiz harrigarria. Duela berrogei bat urte liberalizazio bat ireki zigun Mitterrand presidenteak, geroztik laguntza batzuk etorri zaizkigu estatutik, baina bide berri horren mugak ongi markatu dizkigu berriki Conseil Constitutionnel delakoaren erabaki ezagunak.
Zure belaunaldiko beste intelektual euskaldun batzuk bezala, zure militantzia politikoa ezin da banandu militantzia linguistikotik. 1963an ENBATAren sorreran parte hartu zenuen (gure nazioarteko irakurleentzat, ENBATA Ipar Euskal Herriko lehenengo mugimendu abertzalea izan zen), eta urte berean Baionako Biltzarrean ere, euskara batuaren oinarriak jarri zituena. Hizkuntzaren eta nazioaren arteko lotura estua begi-bistakoa izan da beti zuretzat. Uste al duzu gure gaurko klase politiko abertzalearentzat ere lotura hori guretzat den bezain garrantzitsua dela?
Euskara gabe non dago Euskal Herria, non euskal nazioa? Beti gogoan dut Mixel Labéguerie zenak 1958ko Eskualzaleen Biltzarrean Mitikilen erran zuena: «Euskalduna euskara gabe euskaldun da mandoa zaldi den bezala!» Hizkuntzaren eta nazioaren arteko lotura estua guretzat den bezain garantzitsua ote da gaurko klase politiko abertzalearentzat?
1960ko hamarkadan gaztelaniak toki nagusia zuen buruzagi jeltzaleen artean, beti ere salbuespenez kanpo, baina geroztik ikusten dut euskarak aurrera egin duela hor belaunaldi berriei esker. Haatik ene beldurra da ez ote den alderantzizko bilakaera gertatzen ari ezker abertzaleko arduradun batzuen baitan, propaganda eraginkorrago baten bidez herritar erdaldunak independentziaren alde bildu nahiz… Eta gogoan dut Irlandaren etsenplu txarra. Zertarako Euskadiko Errepublika erdaldun bat? Espainia txiki bat Espainia handiaren atean? Errioxa edo Kantabria baino aberatsago izateko? Irlanda bezalako paradisu fiskal bat antolatzeko? Hori ote dugu ideal guztia?
XIX. mendearen bukaeran, Frantziako hezkuntza-ikuskatzaileak kexu ziren Ipar Euskal Herriko umeek frantsesez ez zekitelako. Gaur egun, aldiz, euskaldunon kopurua %20koa soilik da bertan. Noiz mozten da hizkuntza-katea Iparraldean, eta zergatik?
Hizkuntza-katearen mozketaz ez dut ikusten une zehatz bat non jar daitekeen, oharkabean etorri da emeki-emeki. Aipatu berri dudan bezala, Zuberoako ibai bazterretan lehenbiziko kraskadurak bigarren mundu gerrarekin hasi ziren, aldemeneko mendixkak euskaldun egonez. Itsasaldean Donibane Lohizun ez ote zen garai berean erdaldundu? Gero 1958an Garaziko ama gazte batzuk mugitzen hasi ziren frantsesezko katiximaren alde. Ürrüstoin 1970 urte inguruan transmisioa gelditu zen familia batzuetan: haur handienak euskaraz eraiki ondoan, txikiagoei frantsesez irakatsi zieten. Nola esplika?
Arbola bat erortzen denean haize handirik gabe, ikusten da barnetik ahuldua zela, eihartua edo usteldua, bilakaera luze baten ondotik. «Euskara zertarako da? Sarrikotapetik behera, Beskoitzetik harat ez du balio…» Buru gogor batzuek salbu, familiek azkenean amore emango dute, haize latzaren aurrean etzanen dira. Azken ufakoak zein izan ziren? Telebista? Oinarrizko eskolaren luzatzea (14 urteetarik 16etara) baserri-munduko haurrak kantonamendu buruetara autobusez bilduz? Badakit garai batean Urdatx/Santa Graziko haurrak euskaraz ari zirela Ligiraino, eta han frantsesera pasatzen zirela,… Orain Santa Grazin zenbat haurrek egin dezakete euskaraz? Ürrüstoikoak berriz euskaldunak ditugu, ikastolari esker.
Komunikabide berriekin, Iparraldea mentalki hiritartu da mendiko azken etxeraino, eta hiri hori frantsesa da osoki, salbu euskatzaleen etxeetan (euskal irrati, telebista, kazeta, ikastola eta abarri esker).
XX. mendean Ipar Euskal Herriak Hegoaldeko errefuxiatuen bi uholde handi jaso zituen: lehena 1937an, Espainiako faxistak Hego Euskal Herriaz jabetu zirenean. Eta bigarrena, 1960ko hamarkadaren hasieran, ETAko lehenengo militanteek, errepresiotik ihesean, Iparraldeko bidea hartu behar izan zutenean. Noraino eragin zioten bi uholde horiek Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzale hasiberriari?
Aintzina mugimendu sortu berria 1936an isildu zen, Hegoaldeko eta Espainiako gerra zibilarekin ezin entzuna bilakatu baitzen Iparralde «üzkü zurian». Gero luzera Lapurdiko itsasaldean plantatu ziren abertzale familiek eragin diskreto bezain sakon bat ukan zuten inguruko euskaldunen artean, bereziki kulturan. EAJko arduradunak ordea ez ziren sartu Iparraldeko egoeran, aterpetu politikoen araudia bete nahiz.
ETArekin oso alderantziz. Lehenbiziko buruek Iparraldeko abertzaleon autonomia errespetatu ziguten, baina laster ondokoek gure militanteak berotu zituzten, eta batzuk bildu ere. Haatik orokorki aterpetu saldoaren eragina kulturari eman da, bereziki hizkuntzaren alde, baita ikastolen sorkuntzan, irakaskuntzan etab… Laguntza eder eta iraunkorra ekarri digute euskalgintzako sail eta maila guztietan.
2021eko ekainaren 16an Frantziako Konstituzio Kontseiluak euskararen irakaskuntzari eragiten dion erabaki larri bat hartu du. Horren arabera hezkuntza-sare publikoan debekatuta dago euskarazko murgiltze-eredua, eta Seaskako hezkuntza- sarean eta giristinoen eskoletan ez dago argi debeku hori ere aplikatuko den, horretaz oraindik eztabaidatzen ari baitira….. Zein da zure iritzia gai honi buruz? Nola ulertzen duzu Konstituzio Kontseiluaren jarrera zalantzati hori?
Konstituzio Kontseiluak ez du onartzen inolako berdintasunik frantsesaren eta «eskualdeetako hizkuntzen artean»: frantsesak denen gainetik egon behar du, besteak bigarren mailan atxikiz eta zokoratuz. Horretarako beren alorrekoa ez duten pedagogian eskua sartu dute.
Oroitzen naiz duela berrogei bat urte laster, Mitterrand Frantziako presidente berriak leiho batzuk ireki zituenean gure hizkuntzen alde, frantses kargudun gora batek erran zuela: «Il;ne s’agit pas de faire vivre les langues régionales, mais de les aider à mourir dans la dignité.» Dolu dut garaian erreferentziarik ez harturik. Baina hor dago beti sakonean Errepublika jakobinoaren «mantra» sakratua. Kontua da hizkuntza horiek ez direla hil, nekez bada ere oraino hatsa hartzen dutela buru gogor andana bati esker.
Azken boladan Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko herri-mugimendu eta ekimen berri batzuk sortu dira: Seaskako irakasleek, gurasoek eta ikasleek eratutako Azterketak Euskaraz mugimendua; Zuberoa eta Nafarroa Beherea lotu dituen ikastoletako gazteek antolatutako AEKko Korrika berezia; 10.000 euskaltzale Baionako karriketan 2021eko maiatzaren 29an, Frantziako Auzitegiek murgiltze ereduaren aurka emandako epaiari erantzuna emateko (astebete lehenago Bilbon 200 euskaltzale soilik bildu ziren Espainiako Auzitegi batek euskararen aurkako beste epai bat kaleratu zuenean). Zuk uste al duzu euskararen aldeko aktibismoaren grabitate-zentroa Hegotik Iparrera pasatu dela?
Euskararen egoera Hegoaldean baino zinez txarragoa dugu Iparraldean, beraz mugitzeko arrazoi gehiago. Haatik Hegoaldean ere kasu, piru batetik dilindan dauzkagu euskaldunon eskubideak, esku batez utziak besteaz berriz har ditzakete pirka-pirka, alegia deus ez.
Frantziar eta espainiar hizkuntzak artean existitzen ez zirenean, hemen bazegoen euskaraz mintzo zen Herri bat. Nazio zaharra da gurea, nazio ukatua, zatitua eta mendekoa, mundu globalizatu honetan bere identitateari eutsi nahi diona. Zure ustez, posible al da euskararen etorkizuna bermatzea gure mendekotasun politikoaren korapiloa askatu gabe?
Euskararen etorkizuna bermatzea lan nekea dukegu gisa guztiez. Haatik guregain jarriz, tresna gehiago genuke, oztopo gutiago bereziki. Gogoan dut halere Irlandaren etsenplu etsigarria.
Beraz, kasu, etsai guztiak ez ditugu kanpoan, eta handiena hemen dugu, errextasunarekin alferkeria. Beraz sekula baino gehiago, segi lanean sail eta maila guztietan, politika barne.