Meskhetiako turkiarren patu tragikoa

Meskhetiar turkiarrak turkiera hitz egiten duten musulman sunitak dira, Georgiako Meskhetia eskualdean bizi izan zirenak. Eki Anatoliako turkieraren dialekto bat hitz egiten dute, ondoko Turkian hitz egiten denaren oso antzekoa dena. Kulturalki, meskhetiar turkiarrek lotura estua dute Anatoliako turkiarrekin, georgiarrengandik hartutako ezaugarri “kaukasiar” asko ere badituztelarik. Berezko hizkuntzaz gain, meskhetiar gehienek georgieraz ere hitz egiten zuten 1944ko deportazioaren aurretik.

Gaur egun, Meskhetia Georgiako Samtskhe-Javakheti eskualdean dago. Hiriburua Akhaltsikhe da. Eskualde historiko hau Georgiako hego-mendebaldean dago, Adjara probintziaren ekialdean eta Turkiarekin duen mugaren ondoan. Garrantzi estrategiko handiko lurraldea da, Baku-Tbilisi-Ceyhan oliobideak, Kaukaso hegoaldeko gasbideak eta Kars-Tbilisi-Baku trenbideak zeharkatzen dutena. Meskhetiak 9.655 km2 inguruko eremua hartzen du, zati handi bat Mtkvari (Kura) ibaiaren haranean.

Nortzuk dira meskhetiar turkiarrak?

Meskhetiar turkiarren etnogenesiak eztabaida amaigabeak sortzen ditu turkiar jatorriaren defendatzaileen eta georgiar jatorrikoen artean. Ziurtasun bakarra da turkieraz hitz egiten duten musulman sunitak direla. Meskhetia beti izan da etnia anitzeko eskualde bat, lehenik georgiar erresumen zati izan zena, eta, ondoren, XVI. mendean, Otomandar Inperioarena. XIX. mendean Meskhetia Georgian berrintegratua, garai hartan, eskualdea zen, nagusiki, musulmana eta turkieraz hitz egiten zena, baina nortasun kontzientzia nabarmenik gabe. Bere etnonimoa ere, eztabaida sutsuen arrazoia izaten da: Errusiar Inperioaren lehen erroldetatik, Meskhetiako musulman hauek, hurrenez hurren, musulmanak, azerbaijandarrak eta turkiarrak deitzen dira, azkenik, “meskhetiar turkiarrak” izendapena nagusitu zen arte. Meskhetia historikoaren mugako egoerak, Turkiaren eta egungo Georgiaren artekoak, gatazka ugari eta odoltsuak eragin zituen XIX. mende osoan zehar. Eskualde ezegonkor hau, 1917-18 inguruan, Georgiatik banatzen saiatu zen, eta Hego Ekialdeko Kaukasoko Errepublika iragankor bat sortu zuen. Azkenik, Georgiarekin bat egin zuen, eta, ordutik, azken hau, 1923an Sobietar Batasunarekin batu zenean, honen zati izan zen.

SESBen agindupean, Meskhetia oso estu zaindu zuten, Turkiako estatuarekin zuen mugaren ondorioz. Eskualdeak beldur handiak sortzen ditu Georgia eta Moskuko agintariengan, muga porotsu batean zehar bizi diren turkieradun musulmanekiko konfiantzarik ez dagoelako. Turkiaren eta SESBren arteko mugapeak bitan banatu ditu familiak, joan-etorriko bidaia-ohiturak eragotzi gabe. Legez kanpoko gurutzaketa horien ondorioz, agintariek kontrabandoan aritzea leporatzen diete biztanleei. Susmo hau, georgiarrek turkiarrekiko duten erresuminarekin batera (Otomandar Inperioak XVI. mendetik XIX. mendera Georgiako hegoaldea anexionatu izanaren ondorioz), etorkizun hurbilean deportaziorako aitzakia bezala erabiliko diren argudioak izango dira. Izan ere, Bigarren Mundu Gerran, Sobietar Batasuna Turkiaren aurkako presio kanpaina bat abiarazteko prestatzen ari zen, eta Stalinek Meskhetiako biztanleria turkiarra alboratu, araztu nahi zuen. 1944an, meskhetiar-turkiarrei, kontrabandoa eta bidelapurreria egiteaz akusatuak izan ziren, baita Turkiako mugaren beste aldeko euren senideen aldeko espioitza egiteaz ere. 115.000 turkiar meskhetiar inguru Erdialdeko Asiara deportatu zituzten eta, ondoren, ehunka batzuk baino ezin izan dira Georgiara itzuli. Gaur egun, hainbat herrialdetan bizi dira sakabanatuta (Errusia, Ukraina, Uzbekistan, Kazakhstan, Kirgizistan, Azerbaijan, Georgia eta Turkia) eta bizi-baldintza oso desberdinak dituzte beren finkatze-herrialdeetan. Errusiako hegoaldean (Krasnodar, Stavropol), diskriminazio programatu bat jasaten dute, herri bezala onartuak ez direnez, ezta errusiar hiritar bezala ere, legez kanpokoak balira bezala jazarriak direlako. Beste alde batzuetan, ordea, ondo integratuta daude, hala nola, Ukrainan, Azerbaijanen eta Erdialdeko Asian.

Aurrekari historikoak.

Meskhetiarren jatorriaren arazoa, Georgiak turkiar munduarekin izan zituen harremanen historiarekin estuki lotua dago. Jada II-VIII. mendeetan, tribu turkiarrak Georgiako hegoaldeko eta ekialdeko eskualdeetara joan ziren. XII. mendean, David IV.a Eraikitzailea erregeak, Oghuz turkiarren inbasio mehatxuaren aurrean, bere arerioekin, Kipchak turkiarrekin, harremanak hasi zituen. Hauen Khanen alabarekin ezkondu zen, eta, ondoren, Kartli eta bere inguruan bizitzera animatu zituen. Eta hala egin zuten 40.000 soldadu kypchakek, beren senideekin batera, 200 mila inguruk. XVI. mendearen hasieran, ordura arte Georgiako erresuma batua zena, Kartli, Kakhetia, Imeretia eta Samtskhe printzerrietan desegin zen, eta, ordutik, bi potentzia turkiarren arteko borrokaren eszenatoki bihurtu zen: Turkia otomandar sunita eta Safavidarren estatu azerbaijandar xiita. Eremu hau, azkenean, turkiar jabetza bihurtu zen 1639an, Zukhabeko Bake Ituna sinatu zenean.

Honaino, errusiarrak iritsi aurreko gertaera historikoen segida. Meskhetiak muga inperial baten ezaugarri tipikoak ditu. Merkataritza eta migrazio bideen bidegurutzean dagoen eskualde bat da, kultura ugariri lotua eta mendeetan zehar inperio ezberdinek lehiatua. Eskualdearen izaera transnazionalak bertako jendearen historia islatzen du. Meskhetiarren jatorria oso gai lehiatua eta eztabaidatua da: Meskhetiako turkiarrak turkiar etnikoak dira, edo, aitzitik, historiako uneren batean islamera bihurtu ziren georgiar etnikoak?

Alde batetik, Georgiako kontakizun ofizial sobietar eta postsobietarrek, meskhetiar turkiarrak antzinako tribu georgiar baten ondorengoak direla diote, meskhak. Ondoren, meskhak Islamera bihurtu ziren XVI. mendetik XIX. mendera arte Georgiako hego-mendebaldean otomandar domeinuaren ondorioz. Meskhak Islamera bihurtze honek eta haien turkiartze mailakatuak azaltzen dute Georgian turkieradun musulmanen presentzia. Ikuspuntu honek meskhetiar turkiarren “georgianismoa” azpimarratzen du, euren hizkuntza eta kultura turkiarra arrotzak, behartuak eta azalekoak bezala deskribatuz. Beraz, XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko eragin kultural turkiar indartsuek eta islamiar bihurtze prozesuek, meskhetiar turkiarrak eta georgiar kristauak banandu zituzten.

Baina beste aldetik, Meskhetiako turkiar buruzagi askok kontrako argudioa defendatzen dute. Hauen arabera, Georgiako hegoaldean turkiar presentzia, otomandar aurreko garaikoa dela dio, hau da, bere arbasoak, eskualdean, V. mendetik aurrera ezarri ziren turkiar tribuak ziren. Ondoren, XII. mendean, David IV.a georgiar erregeak, Kipchak tribu turkiarrei, mugan zehar ezarri eta euren lurraldea defendatzeko eskatu zien, Georgiako ekialde eta hego-ekialdean, Meskhetia barne. XVI mendetik XVIII. mendera, gaur egungo georgiar lurrak otomandar domeinuaren pean zeudenean, tokiko turkiar tribuak sendotu egin ziren eta etnia berri bat sortu zuten, meskhetiar turkiarrarena hain zuzen. Bertsio honen arabera, Meskhetiako herriak turkiarrak ziren hasieratik; gaur egun meskhetiar kulturan elementu kristau georgiarren presentzia zenbait noble meskhetiar kristautasunera bihurtzeagatik azaltzen da.

Litekeena da bi bertsioek arrazoiaren zati bat izatea, eta, beraz, egia historikoa bien arteko punturen batean egongo litzateke. Komunitate meskhetiarraren eraketa, beraz, musulmanen etorreraren (turkiar, turkmen, karakalpakar, kurdu, lezginen migrazioa) zein georgiarren islamizazioaren emaitza izango litzateke. Errealitate ekonomikoek, argi eta garbi, paper bat izan zuten, otomandar legearen arabera, musulmanek bakarrik izan zitzaketelako lurrak. Beraz, turkiar eta georgiar batzuk Islamera bihurtu ziren, beren jabetza-eskubideak eta gizarte-pribilegioak gordetzeko. Hala ere, otomandar asimilazio politika ez zen georgiar elementuak erabat akulturatzeko behar bezain sistematikoa izan, eta georgiar kristau ortodoxo askok, garai honetan, eskualdera emigratu zuten.

Eztabaida honekin lotuta dago, halaber, talde izenaren gaia. Dokumentu historikoetan, era askotako etiketak jaso dituzte: “turkiarrak”, “georgiar-sunitak”, “tatariarrak”, “musulman meskhektiarrak”, “musulman georgiarrak”, “turkiar sobietarrak”. Bestalde, 1944ko deportazioaren ondoren, Erdialdeko Asiako bertako jendeak deportatuak  Kaukasoko jatorrizko kokalekuari dagokionez, “georgiarrak” eta “azerbaijandarrak” izendatzen zituzten nagusiki, aldiz, sobietar dokumentu ofizialetan, turkiarrak, kaukasiarrak edo uzbekiarrak bezala agertzen ziren. Izen horiez guztiez gain, Turkian bada beste bat, Ahiska Turkleri izenekoa, Akhaltsikheri erreferentzia eginez erabiltzen dena, bere jaioterriko hiririk handiena. Gaur egun, hiru termino ezberdin erabiltzen dira: meskhetiarrak (edo meskhi, georgieraz), ahiska turkiarrak, eta meskhetiar turkiarrak, bakoitzak bere inplikazio propioak dituelarik taldearen identitate etnikoan eta jatorri historikoetan.

1-“Meskhetiar” hitza, Meskhetiako biztanleria georgiar etnikotzat hartzen dutenek erabiltzen dute. Meskhetia eskualdea Otomandar Inperioaren mende egon zen garaian, batzuren batzuek Islamera bihurtu eta turkiera ikasi zuten. Izen hau Georgiako gobernuko funtzionarioek erabiltzen dute azpian dagoen georgiar nortasun bat nabarmentzeko. Bestalde, badaude Meskhetian turkiar lider gutxi batzuk termino hau erabiltzen dutenak, baina gehienak termino honetatik aldentzen dira, euren turkiar nortasunaren ukapen gisa ikusten dutelako.

2-“Ahiska turkiar” hitza, Meskhetiako turkiar askoren artean asko erabiltzen dena. Hitzak, Akhaltsikheri aipamena egiten dio, Meskhetiako turkiarren jatorrizko eskualdeko hiririk handienaren izena. Meskhetiar hitzarekin gertatzen den bezala, arrazoi politikoak daude termino honen erabileraren atzean. Meskhetiako zenbait turkiar liderrek nahiago dute “ahiska turkiar” hitza erabiltzea, honela, euren nortasunaren turkiar elementua nabarmendu eta georgiar elementuei garrantzia kentzen baitiete.

3-“Meskhetiar turkiar” terminoa, gaur egun funtzionarioek, akademikoek eta hedabideek gehien erabiltzen dutena. Termino hau lehen aldiz 1960ko hamarkadaren amaieran sortu zen, baina modu zabalean soilik erabili zen meskhetiar turkiarrek 1989an Uzbekistanen indarkeriazko pogromoetatik ihes egin behar izan zutenean. Orduan, nazioarteko arreta Meskhetiako komunitate babesgabean jarri zen lehen aldiz. 1998an Herbeheretako Haga hirian meskhetiar turkiarrei buruz egindako bilera batek, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioa (ENBGK) bertan izan zelarik, “meskhetiar turkiar” hitza ofizialki hartu zuen, georgiar ordezkaritzak aurka egin arren.

Errusiar inperioaren mende.

Errusiar Inperioak georgiar erresuma eta printzerriak ezabatu zituen, bertan “Gobernu zuzena” ezarriz. Tsarren administrazioak Georgiako aristokrazia kristauari bere noblezia tituluak mantentzea ahalbidetu zion, baita Armada Inperialean bere antzinako jaun otomandar eta persiarren aurka zerbitzatzeko aukera eskaini ere. Georgiako noblezia honek aktiboki parte hartu zuen 1828-1829ko errusiar-otomandar gerran, baita Krimeako (1853-1856) eta 1877-1878ko gerretan ere. Lehena, Meskhetia Errusiako Inperioari atxikiz amaitu zen, eta, azkena, Batum (Adjaria), Artvin, Ardagan eta Kars Errusiari erantsiz, beraz, Georgiako gainerakoari.

XIX. mendean, errusiar garaipenek Kaukasoko herrien desplazamendu handia eragin zuten. Ehunka mila musulman adjariar (musulman georgiarrak), meskhetiar, zirkasiar, abkhaziar, tatariar eta turkiar kaukasiar inperioaren barnealdera edo kanpoaldera emigratu zuten. Kaukasoko mendietako biztanleak, asimilaezintzat eta, funtsean, ordena berriaren aurkakotzat jotzen zirenak, emigratzera behartuak izan ziren, etorkizuneko kolonoei lurra uzteko.

Georgiako Lehen Errepublika (1918-1921)

Georgiaren independentzia garaian (1918-1921), “Musulman georgiarra” terminoaren erabilerak estatuko agintarien babesa izan zuen. Garai garrantzitsua da hau, bertan taldeen identitateak eragindako jokabidea ilustratzen eta katalogatzen duten gertaerak jazotzen baitira. Lehen Mundu Gerraren amaieran, Otomandar Inperioa potentzia garaileen artean banatzear zegoen, Errusiar Inperioa iraultza batean murgilduta zegoen bitartean. 1918ko maiatzean, Georgiak independentzia aldarrikatu zuen eta tropak bidali zituen hegoaldeko mugako lurraldeak kontrolatzeko, Meskhetia barne. Erantzun gisa, eta Otomandar tropen aurrerapenak bultzaturik, Meskhetiako musulmanen taldeek federazio erdi autonomo bat aldarrikatu zuten Otomandar Inperioarekin bateratzea proposatuz. Beraz, Georgiako Errepublikaren eta Otomandar Inperioaren arteko gerra honetan, Meskhetiako herriak azken honen aldeko jarrera argia hartu zuen, “Georgia musulmana” tesiaren defendatzaileen atsekaberako. Beranduago, otomandar tropek eskualdea okupatu zuten eta musulmanen eta kristauen arteko borroka piztu zen. Zenbait herrixkatan kristauei egindako sarraskiek amaiera eman zioten ordura arte komunitateen artean zegoen harreman on erlatiboari. Georgiako iritzi publikoa, Meskhetiako musulmanak “anaia txikitzat” jotzen zituena, erabat hunkituta geratu zen. Gertaera hauen oroitzapena, hurrengo urteetan, justifikazio ofizial nagusietako bat bihurtu zen, meskhekiar turkiarrak Georgiara itzultzea eragozteko.

1918ko abenduan, otomandarren porrotak eta georgiar gobernuaren armadak eskualdea berrokupatu izanak musulmanengan ezinegona eragin zuten, sezesioa antolatu eta Karsen hego-mendebaldeko Kaukasoko Errepublika aldarrikatu baitzuten. Karseko Errepublikaren buruzagiek, memorandum bat bidali zuten Parisko bake konferentziara, non, Wilsonen printzipioetan oinarrituz, independentzia eskatu zuten, baita herriaren nahia Otomandar Inperioarekin bat egitea zela gaineratu ere. Baina, Georgiaren aurkako ekintza hauek gorabehera, ez zuen Meskhetiako georgiarren jatorriarekiko eta etorkizunarekiko fedea gutxitu, orduko georgiar prentsa nazionala irakurriz ikus daitekeenez.

Sobietar Batasunaren lehen bi hamarkadak (1921-1944)

Bi Inperioak desagertu ondoren, Otomandarra eta Tsarista, beste bi potentzia berri sortu ziren: Turkia kemalista eta Sobietar Batasuna. Lehenak estatu nazional moderno bat eraiki nahi izan zuen, bigarrenak inperio forma berri bat sortu zuen bitartean. 1921eko martxoan, Georgia sobietartu eta egun batzuetara, Sobietar Batasunak Karseko Ituna sinatu zuen Turkiarekin, bi herrialdeen arteko muga berri bat ezarri zuena, Turkiaren mugakide ziren Georgia eta Armeniako lurraldeak mugatuz. Muga berria, gaur arte indarrean dagoena, ez zen 1878koa (Berlingo Ituna), ezta 1918koa ere (Brest-Litovskeko Ituna). 1878an lortutako errusiar jabetzeen zati bat Sobietar Batasunarena izaten jarraitzen du (Batumi eskualdea, gaur egun Adjaria), baina Kars, Artvin eta Ardagan lurraldeak Turkiara itzuliko dira. Meskhetiari dagokionez, Karseko Itunak Meskhetia eskualdea bitan banatu zuen. Sobietar Batasunak Meskhetiaren goiko herena jaso zuen, 1829tik Errusiar Inperioaren zati izan zena, Turkiak gainontzeko beheko herenak hartzen zituen bitartean.

Hurrengo bi hamarkadetan, sobietarrek meskhetiarrenganako zuten politikak beren nortasun etnikoaren ikuspegi aldakorrak babestu zituen, gaur egun arte jarraitzen duten identitateari buruzko eztabaidetarako oinarriak ezarriz. Hasieran, agintari sobietarrek Meskhetiako biztanleria musulmana etnikoki georgiarra zela onartu zuten, nahiz eta tokiko eskoletan turkiera irakastea ahalbidetu. Gero, 1926tik 1935era, funtzionarioek Meskhetiako musulman asko turkiar bezala aipatu zituzten. Meskhetiarren jatorri etnikoa eta nazionalitatea birsailkatzeko ahalegin hau, sobietar nazionalitateen politikaren helburu zabalago baten zati izan zen gutxiengo etnikoekiko, Kaukaso eskualdeko zenbait talde etniko ustezko nazio batean finkatzen saiatzen zirenak. Horrela, 1920ko hamarkadan, nazioa eraikitzeko prozesu honek meskhetiarrak turkiar herri bezala sailkatu zituen.

Bestalde, Meskhetian lehen urteetan aplikatu zen politika sobietarra, Islamaren eraginari aurre egitean eta jendea tokiko hizkuntzan hezitzean zetzan. Meskhetiarren irakasleria eskasia larria zela eta, hezkuntza lana meskhetieraren antzeko hizkuntza hitz egiten zuten azerbaijandar irakasleei eman zitzaien. 1935az geroztik, Hego Kaukasoko turkieradunekiko sobietar politika orokorra azerbaijandar nazionalitatearen etiketarekin taldekatzean zetzan. Horrela, meskhetiarrek, beste behin, euren etnonimoa aldatu zuten, eta “azerbaijandar” bihurtu ziren, 1939ko erroldan ikus daitekeen bezala. Hala ere, 1944an, Meskhetiako “azerbaijandar berri hauek” Erdialdeko Asiara “turkiar” bezala deportatuak izan ziren.

Baina nabarmendu behar da georgiar komunistak, ideia nazionalistek gogor bultzatuak, ez zirela beti Moskuko kamaradekin harmonian egon. Honela, 1920ko hamarkadaren hasieran, “georgiar abizenen zaharberritzea” bultzatu zuten, baina politika hau 1926an eten behar izan zuten Kremlinen ohartarazpenen ondorioz. Georgiako komunisten lehen belaunaldia kendu ostean, alderdiko buruzagi berria (Lavrenti Beria) ez zen nazionalista txikiagoa izan. Beriak “musulman meskhetiarrak georgiar kulturara itzultzeko” programa bat bultzatu zuen. 1944an, programa hau bertan behera utzi zen, bere arrakasta mugatua zela eta, ondorioz, meskhetiarren patua zigilatua geratu zen. Agintariek argi zuten Meskhetiako populazioa turkiarragoa zela georgiarra baino, beraz, bere presentzia arriskutsua zen “turkiar guztien aberria” bezala hartzen zen herrialde batekin muga egiten zuen eskualde batean, honen aurka Bigarren Mundu Gerraren amaiera hurbiltzen joan ahala, gerra probabilitatea handitzen zelarik. Meskhetiar musulmanak deportatzeko erabakia modu ezeztaezinean hartua zegoen.

Gertaera hauek guztiak Meskhetiaren zoritxarreko etorkizuna iragartzen zuen testuinguru batean garatu ziren. 1930eko hamarkadan turkiar-sobietar harremanak pixkanaka okertzen joan ziren, eta 1944tik aurrera nabarmen hondatuta gelditu ziren. SESB, Bigarren Mundu Gerraren amaiera arrakastatsua iragarriz, Turkiaren aurkako gerra bat prestatzen ari zen han erregimen sozialista bat ezartzeko. Honela, SESBek, munduko bigarren potentzia bihurtzeko bidean zegoena, Bosforo eta Dardaneloetako itsasarteen gaineko ezartzeko plana egin zuen, 200 urteko amets inperial zahar bat zena. Turkiaren aurkako esku-hartze militar sobietarraren zilegitasuna (inbasiorako aitzakia), georgiar eta armeniar irredentismoetan oinarritzen zen (Artvin, Rize, Trabzon eta Kars lurraldeen erreklamazioak).  Sobietar Batasunaren hurrengo eta etorkizuneko Kars, Ardagan eta Igdir barrutietako esparru politikoak jada proiektatuta zeuden.

1944an. Deportazio baten iragarritako historia

Eta Meskhetiako musulmanen deportazioa iritsi zen. Dena egun gutxitan gertatu zen, 1944ko azaroaren 15etik 17ra, Armada Gorriak Stalingradon Wehrmacht garaitu ondoren eta alemaniarren presentziak Kaukaso mehatxatzen ez zuen unean. Deportazioaren ondorioz, 90.000-120.000 pertsona erbesteratu eta birkokatu ziren Erdialdeko Asian, bereziki Uzbekistanen. Erbesteratze honen arrazoiak ez ziren inoiz ofizialki deklaratu. Egia da deportatuei ez zitzaiela inoiz leporatu alemaniar etsaiari laguntzea, baina aurreratutako azalpenen artean bi dira nabarmenenak: bat, biztanleria Turkiarekin (Alemania naziaren aliatu deklaratu gabea zena) muga egiten duen eskualde menditsu batean bizi zela; bi, erbesteratuak izan ziren guztiak musulman sunitak zirela, eta gehienak turkiarrak.

Meskhetiako musulmanen erbesteratzearen urruneko arrazoiak XIX. mendearen amaierakoak dira, tsarraren inperioak, Georgia bereganatzean, otomandarren eskutik Meskhetia berreskuratu zuenean. Bi inperio gerrazaleek populazio elkartrukea adostu zuten, eta honela, Georgiako musulman asko Turkiara kanporatuak izan ziren. Bertan geratu zirenak desatseginak ziren Errusiako agintarientzat, gero boltxebikeentzat. 1941ean, Transkaukasoko aginte militarrak musulman hauek deportatzea aurreikusi zuen, euren iragan turkofiloagatik desleialak izan zitezkeenak. Beraz, Bigarren Mundu Gerrak populazioaren kudeaketarako politika inperialaren tradizio luze batetik jasotako plan hau ezartzeko aukera eman zuen.

Izan ere, Beriak eta Stalinek sinatutako dokumentuek “Georgiako RSS mugetako egoera hobetzea” zuten helburu. Gainera, deportazioaren bultzatzaileek jatorri georgiarra partekatzen zuten, turkiarren eta Georgiako musulmanen arteko aliantza estrategikoen historia ezagutzen zuten, eta eskualdean 1918ko musulmanen altxamenduen errepikapenaren beldur ziren. Beraz, bi interes mota uztartzen ziren: bat, Georgiaren interes lokalak, georgiar agintariek meskhetiar musulmanekiko zuten ageriko etsaitasunean oinarritzen ziren, tokiko gatazka berrien ondorioz; bi, Beria eta Stalinen interes orokorrek, euren planak zapuztu zitzakeen edozein “bosgarren zutabe” ezabatzea bilatzen zuten, azken finean, Meskhetiako musulmanen populazioa turkiarrentzat zelatatzea susmatzen baitzuten. Etsaiarekin izan zezakeen elkarlan hipotetiko honen ondorioz, deportazio hauek, euren hizkuntza eta fedeagatik susmagarriak zirenen eskualdea “araztea” ahalbidetu zuten, baita georgiar eta armeniar ez musulmanekin birkolonizatzea ere. Horrela, bada, segurtasun-perimetro bat ezartzen zen, eskualdea mugatu eta mugaz gaindiko mugimendua kontrolatzen zuena.

Deportatuek Uzbekistanera egindako bidaia baldintza latzetan egin zen, bagoi beteetan, janaririk eta oinarrizko mediku arretarik gabe, azkenean 15.000 baino gehiago hil ziren. Behin euren helmugara iritsi zirenean, Erdialdeko Asiako zenbait lekutara, “kanpamendu berezi” inprobisatuetan ezarri ziren, eta lur idorretan eskulan bezala erabiliak izan ziren. Euren erbesteratze denbora mugagabea, eta jasan zituzten salaketa larriak (traizioa, sobietar herriaren etsaiak) belaunaldiz belaunaldi transmititu ziren. Meskhetiarrak populazio berezi bat (спецнаселение-spetsnaselenie) bihurtu ziren, gaur egun “herri zigortua” deitzen dena. Ez ziren bakarrak izan. Bigarren Mundu Gerran, meskhetiar turkiarrak beste zazpi talde etnikorekin batera (hauek ere herri zigortuak) deportatuak izan ziren: kalmukiarrak, txetxeniarrak, balkariarrak, karatxaiarrak, ingushak, Krimeako tatariarrak eta Volgako alemaniarrak.

Herri erresistentzia mugimenduaren batasuna (1944-1976)

1956an, Alderdi Komunistaren XX. Biltzarrean, Khruschoven “txosten sekretuak” zigortutako zortzi herri horietatik bost birgaitu zituen (txetxeniarrak, ingushak, balkariarrak, karatxaiarrak eta kalmukiarrak) euren jatorrizko lurraldeetara itzultzea ahalbidetuz. Gainontzeko hiru taldeei ez zitzaien itzultzen utzi, herriaren etsai izaera mantenduz. Erabaki horrek sekulako desengainua hartu zien komunitate horiei, bidegabekeria nabarmentzat, akats historikotzat joz. Egoera honi aurre egiteko, meskhetiar turkiarrek legezko bitartekoen bidez konpontzea proposatu zuten, batzarrak osatuz eta beren auzia defendatzeko ordezkariak aukeratuz. Lege-bidea hartu zuten ekintza-plan gisa, manifestazioak egin zituzten Moskun eta Erdialdeko Asiako hiriburuetan, elkarrizketak eskatu zituzten Georgiako eta Moskuko agintariekin, beti Kremlini bere eskubide zapalduak berrezartzeko eskatuz. Horrela, urteetan zehar, Mosku eta Tbilisiko agintariek ez zuten hitz egin nahi izan, eta meskhetiarren eskaerak errefusatuak izan ziren.

1958an, elkarte bat sortu zuten, “Meskhetiara Aberriratzeko Batzordea”. Urte horretan bertan, SESBek arazoaren larritasuna arintzeko irtenbide bat aurkeztu zion elkarte horri. Azerbaijango SESren eta Meskhetiako turkiarren ordezkarien arteko akordio bat lortu zen. Akordio horren bidez, Azerbaijanek bere lurraldean lekualdatutako pertsonen familiak hartu nahi ditu, baita azerbaijandar hiritartasuna eskaini nahi ere. Meskhetiarrek etxebizitza, lana eta diru-laguntzak jasoko dituzte gizarte berrian integratzeko. Akordioaren sinatzaileen ustez, Azerbaijanera joateak abantaila bat zuen: meskhetiarrak Georgiatik gertuago egotea, eta, batez ere, haien hizkuntzan eta kulturan aitortzea. Gonbidapena onartua izan zen eta 20.000 meskhetiar baino gehiago Azerbaijango basamortu eta estepetara joan ziren bizitzera.

Hala ere, meskhetiar turkiar guztiek ez zuten egoera hau onartu. Horietako askok, Azerbaijanera joateko eskaintza hura, euren mugimendua isilarazteko maniobra bat baino ez zela uste zuten, bere benetako helburua Georgiara itzultzea zelarik. Borroka Batzordea, orduan, astindua geratu zen, jarraitu beharreko politikari eta bere nortasunaren auziari buruzko barne-eztabaidek eraginda. Bere ordezkariak, Tbilisiko manifestazioetan, meskhetiarren auziarekiko sentikorrak ziren georgiar intelektual eta disidenteengana hurbiltzen saiatu ziren. Georgiar disidente horietako batek, Chota Lomsadzé historialariak, oihartzun handiko liburu bat argitaratu zuen. Bere “Meskhetiako musulman georgiarrei buruzko txostena” (1962) liburuak, meskhetiarrak Georgia hegoaldeko georgiar etnikoak direla zioen tesia azaltzen zuen, ondoren otomandar domeinuan islamizatuak izan zirenak. Meskhetiarren turkiar jatorri oro ukatzen zuen eta Georgiako hiritar oso bihurtzen zituen. Bere tesiak Georgia eta SESB kezkatzen ditu, meskhetiarrak edo “meskhak”, tesi honen aldekoen terminologiaren arabera, georgiarrak badira, musulmanak izanda ere, ez baitago euren herrialdera itzultzea debekatzeko arrazoi baliagarririk. Tesi hau georgiar disidentziaren zati handi batek babesten du, baina itzulera honi baldintza bat gehitzen diote: bere jatorrizko abizena berrezartzea, “nahitaez” georgiarra, georgiar etniakoa dela dioen adierazpen solemne batekin batera. Hala ere, Moskuk eta Tbilisik ezin dute onartu deportatu hauek Georgiara itzultzea, bi arrazoirengatik: 1-Turkiaren soldatapeko espioitzat jo zituzten turkiar meskhetiarrak, eta gaur egun ere halakotzat hartuak izaten dira. 2-Kremlinek ez du inolako interesik meskhetiarrak birgaitzeko, hauen arpilatutako ondasunak “kolonoen” artean birbanatuak izan baitziren.

SESBeko Alderdi Komunistaren XX. Kongresua. Nikita Khruschov kongresura bertaratu zirenei hizketan (1956ko otsailaren 14a)

Herri erresistentzia mugimenduaren zatiketa (1976)

1976an, VOKO erakunde berri bat sortu zen (Vremenniy Organizacionniy Komitet dlia Osvobojdeni, edo Askapenerako Behin-behineko Batzorde Antolatzailea), politika erradikal eta intransigente batean oinarritua. Meskhetiarren turkiar jatorriaren aldekoa da, eta, Meskhetiara baldintzarik gabe itzultzea eskatzen du, baita berehalako errehabilitazioa eta jasandako gaitz guztiengatik barkamen ofiziala ere.

Elkarte berri honen erronkaren aurrean, meskhetiarren jatorri georgiarraren tesia babesten duen “Meskhetiara Aberriratzeko Batzordeak” georgiar agintarien oniritzia bilatzen du. Georgiako RSSak itzulera oro sistematikoki errefusatzen duela jakinik, profil baxua hartzen du eta bere izaera turkiarra txikiagotzea bilatzen du Georgiako abizenak berrezarriz. Georgian, disidente batzuek, Zviad Gamsakhurdiak besteak beste, laguntzen diete. 1979an, familia meskhetiar batzuk Georgiara itzultzeko akordio bat lortu zen, baina hasierako agintza horiei larderia-, arbuio- eta kanporatze-neurriak jarraitu zitzaizkien.

Azkenik, “Meskhetiar turkiarren” eta “meskhetiarren” (“meskh”) arteko haustura saihestezina bihurtu zen. Meskhetiar turkiarren jatorriari buruzko bi teoriek behin betiko banatu zituzten elkarren aurkako bi eremuak, bai funtsean, bai jarduteko moduan, nahiz eta Georgiara itzultzeko helburua berbera izan bientzat. Hala ere, bi jarrera hauetako batek ere ez zuen Georgia asebetetzen, entzungor egiten jarraitzen baitzuen, eta arazo hau Kremlin mailan konpondu behar zela zioen, eta ez tokian-tokian. Mosku, bere aldetik, ez zegoen esku hartzera behartuta, iritzi publikoarentzat eta nazioarteko erakundeentzat kasu ezezaguna zelako. “Samizdat” (idazki klandestinoak) gutxi batzuk baino ez zuten gai hau aipatzen, eta disidenteen artean ere, begi guztiak Krimeako tatariarrengan jarriagoak zeuden meskhetiarrengan baino.

Meskhetiarrek beren aberri historikora itzultzea eskatzen 1989an, erbesteratu eta 45 urtera

Gorbatxoven perestroika (1985-1991). Ferghanako sarraskia (1989)

Gorbatxoven glasnost eta perestroika politika liberalen haizeak egokiak izan ziren Krimeako tatariarrentzat; 1988tik aurrera, 250.000 laguneko aberriratzea hasi zen Krimeako penintsulan. Perestroika Volgako alemaniarrentzat ere onuragarria izan zen. Alemaniar hauek, Volgako Alemaniarren Sobietar Errepublikatik deportatuak izan zirenak, euren jatorrizko lekuetara itzuli ahal izan ziren, baina, gehienek, Alemaniara emigratu zuten sobietarren ondorengo aroan, eta jada ez dute Volga eskualdera joateko asmorik.

Meskhetiar turkiarrei, aitzitik, Gorvachoven perestroikak oinaze handiagoak ekarri zizkien. Baina, nolanahi ere, estatu sobietarrak perestroikaren urteetan izandako eraldaketek Meskhetiako turkiarrei birgaitze osoa lortzeko eta euren bizileku historikoaren eskualdera itzultzeko aukera eman zieten. Bere ekintzaileek Uzbekistanen kontsulta publikorako zentro bat sortu zuten eta 1988 hasieran “Vatan” (“aberria”, turkieraz) elkartea sortu zuten, aurreko VOKO elkartea ordezkatzen zuena, bi helburu nagusirekin: 1944an meskhetiarren erbesteratze bidegabearen onarpen formala lortzea baita aberrira itzultzeko baimen ofiziala ere. Baina Gorvachoven gobernu sobietarra ez zen bihozbera izan meskhetiarren eskaerekin, eta haien jarduerak sobietarren kontrakotzat hartuak izan ziren. 1989an, meskhetiarren auzia desagertzear zegoela zirudien.

Meskhetiako turkiarra, Uzbekistanen gertatutako pogromoetan zauritua

Egia esan, Meskhetiako musulmanen deportazioaren historia eta oroimena erabateko ahanzturan eror zitezkeen beste gertaera traumatiko batek iratzarri izan ez balitu. 1989ko ekainean, progromo batek eztanda egin zuen Ferghana haranean (Uzbekistan) meskhetiarraren aurka, Gertaera honek ofizialki onartutako 100 hildako eta 500 zauritu eragin zituen eta SESBeko kolapsoaren sintomarik latzenetako bat bihurtu zen. Pogromoaren kausak anbiguoak dira oraindik. Moskuko eta Tashkenteko agintariek berehala baieztatu zuten mafiak, Gorbatxoven etsai politikoek edo nazionalista uzbekiarrek antolatu zituztela istiluak. Sobietar armadaren esku-hartzearen ondoren, egoera egonkortu egin zen. 17.000 meskhetiar berehala ebakuatu zituzten sobietar armadako tropek, eta 70.000 baino gehiagok errepublika utzi zuten hasierako ebakuazioaren ondoren. Desplazatu gehienak Azerbaijanen kokatu ziren, beste batzuk, berriz, Errusian (bereziki Krasnodarreko kraian), Kazakhstanen, Kirgizistanen eta Ukrainan. Ehunka batzuk Georgian bizitzen saiatu ziren, baina ia denak handik gutxira kanporatu zituzten. Zviad Gamsakhurdia presidentearen politika guztiz nazionalistak batasun eta homogeneotasun nazionalak behar zituen eta logika horri jarraituz, meskhetiarren itzulera debekatu zuen.

Pogromo hauek herrien arteko adiskidetasunaren mito sobietarra suntsitu zuten. Sobietarrei orain arte ezezaguna zen populazio baten existentzia jakinarazi zieten eta meskhetiarrak historiaren objektu bihurtu ziren. Baina historia kezkagarri hau berehala baztertua izan zen, Sobietar errepublika ezberdinak beren independentzia hartzen eta beren iragan sobietarretik aldentzen ari ziren unean sortu baitzen. Garai hartan, erbesteratu sobietar asko (batez ere errusiarrak) hipermediatizatuak ziren, eta meskhetiarrak, berriz, ahanzturara mugatutako errefuxiatu aberrigabeak. Deportazioaren oroitzapena, horrela, lurperatuta eta baztertuta geratu zen, errusiar eta georgiar nazionalismo berpiztuek sortutako kontakizunetatik aparte. Errusiak eta Georgiak, Meskhetiako turkiarren deportazioa sortu eta gauzatu zuten bi estatuek, ez zuten inolako erantzukizunik hartu.

Turkiar jatorriko errefuxiatu-esparru batean

Meskhetiar turkiarren egungo egoera

Meskhetiako turkiarrak dira, gaur egun, birgaitze eta birfinkatze lanak konpondu gabe dituzten 8 herri erbesteratuetako bakarrak. SESBen desintegrazioak are gehiago zaildu du haien bizitza. Honela, Armenian, errefuxiatu bihurtu ziren, Karabakh Garaiko gatazkaren gorakadaren ondorioz; Uzbekistanen, errepresio politikoa eta arazketa etnikoa jasan zuten; Errusian, Krasnodar eta Stavropoleko agintariek ez zituzten sobietar eta errusiar hiritar bezala onartu. 1990eko hamarkadan, eskualde horietan pogromo ugari gertatu ziren arrazoi etnikoengatik.

Anabasa politikoak eta zailtasun ekonomikoek SESB ohiaren errepublika askotan sakabanatutako meskhetiarrak astintzen dituzte. Arazo larriak daude komunitateen artean harremanak berrezartzeko, eta gaur egun ere ez da zehatz-mehatz ezagutzen zenbat diren. 1998ko hasieran, 320-380 mila meskhetiar bizi ziren SESB ohiaren lurraldean: Azerbaijanen, 100-135 mila; Errusian, 65-70 mila; Kazakhstanen, 90-105 mila; Kirgizistanen, 30-35 mila; Uzbekistanen, 10-15 mila; Ukrainan, 7-10 mila.

Azpimarratu behar da, identitate meskhetiarraren osagairik garrantzitsuena 1944an deportatua izatearen berezitasunean datzala. Ferghanan izandako erbesteratzeak eta sarraskiek, meskhetiarren artean, taldekide izatearen sentimendua finkatu zuten. Deportazioaren aurretik, meskhetiar gizarte musulmana herrixketan zentratutako gizarte bat zen. Garai hartan, erlijio-ordenaren aldeak (musulmana/ortodoxoa/katolikoa) edo pertsona sedentarioen eta nomaden arteko lerroa markatzen zutenak, izatez,  garrantzitsuak ziren “Bestea” definitzeko. Orain ez da Islama, ez homogeneotasun etno-tribala, ez jatorri geografikoa, meskhetiarrak bere burua pentsatzen duen eta kanpotik halakotzat hartzen den talde bihurtzen dituena. Gaur egun, Europako Kontseilua eta ESLE bezalako erakundeek meskhetiarrak deportatutako populazioaren ondorengo gisa definitzen dituzte, eta ez primordialismo etniko edo tribalaren patroien arabera.

Erdogan meskhetiar turkiarren oroimenezko programan izan zen erbestearen 75. urteurrenean (Ankara, 2019ko abendua)

Nahiz eta meskhetiarrak oraindik nazio-baterakuntzaren arazoak konpontzetik eta jaioterrira itzultzetik urrun egon, beren helburu legitimoak lortzeko borrokan jarraitzen dute nekaezin. Politikoki aktiboa den alderdiaren barruan, hiru joera nagusi nabarmentzen dira:

Lehenengoa, eragin handiena duena, “Vatan” (aberria, turkieraz) erakunde indarberrituarekin identifikatzen da, egoitza Moskun duena, baita antzinako SESBeko errepubliken lurraldeetan sukurtsal-sare txiki bat ere. Erakunde honen lehentasun politiko nagusia jatorrizko lurralde historikora itzultzea da, aldez aurretiko baldintzarik gabe. Baina elkarte hori, guztien artean adierazgarriena eta garrantzitsuena, eragina galtzen joan da azken urteotan. Georgiara itzultzeko eskaeren intransigentziak eta epe labur eta luzera emaitza positiborik ez izateak, meskhetiar turkiarrak Vatan erakundetik pixkanaka aldentzea eragin du. Gero eta jende gehiagok uste du Georgiara itzultzeko ametsa utopia bat dela, eta jarrera etsikor horrekin horietako askok errusiar hiritartasuna eskatu dute.

Bigarren joerak, meskhetiarrak georgiar bezala identifikatzen ditu, eta, zentzu honetan, euren ekintzaileak, Georgiaren aberriratzea antolatzen saiatzen dira, georgiar agintariek ezarritako baldintzak onartuz. Baina hemen dago Meskhetiako egungo biztanleriaren gai korapilatsu eta delikatua. Eskualde hau, gaur egun Samtskhe-Javakheti deitua, nagusiki armeniarrez populatua dago. Eta georgiar agintariek uste dute, meskhetiarrak itzuliz gero, armeniar eta meskhetiarren arteko gatazka etnikoak leher litezkeela. Nolanahi ere, Georgiak oraindik ez dirudi haien itzulera onartzeko prest dagoenik: turkieradun musulman hauetaz mesfidatia, Abkhaziaren sezesioak ahuldua, Javakhetiko armeniarren aurrean tukutsu eta zalantzatia. Georgiak oraindik ikusten ditu bere lurraldean bizi diren komunitate minoritario guztiak, ez autonomistak, baizik eta balizko separatistak. Oso adierazgarria da gaur egun egiaztatzea Georgiako politikari eta prentsa gehienek meskhetiarren itzulera Georgiako lurralde osotasuna desegonkortzeko saiakera gisa ikusten dutela.

Hirugarren joeraren aldekoek Turkiarako emigrazio antolatuaren alde lan egiten dute, eta helburu hori ezartzeko oinarri legalak daudela azpimarratzen dute. 1992an, turkiar parlamentuak Turkian “ahiska turkiarren” izaera nazionala ziurtatzen duen lege bat onartu zuen. Lege horren babesean, 500 ahiska familia Turkian finkatu ziren. Gaur egun 15 mila ahiska turkiar bizi dira Turkian, batez ere Anatolia ekialdean. Turkiako parlamentuak lege hori onartzeak hirugarren bide horretako ordezkarien jarduerak errazten eta bermatzen ditu.

Ferghanako “gertaeren” ondoren, meskhetiar turkiarren egoerak okerrera egin du. Sakabanatuta, banatuta, diskriminatuta, lidergorik eta ordezkaritzarik gabe. Georgiara itzultzeko helburu komuna ere hautsi egin da. Erdialdeko Asiako meskhetiar turkiar gutxik nahi dute Georgiara itzuli, eta Azerbaijanen 50eko eta 60ko hamarkadetan ezarri zirenek ez dute hiritartasun berriari uko egiteko asmorik. Gainera, erbestean jaiotako meskhetiarren belaunaldia, gurasoen Georgia ezagutzen ez zutenak, ez dago herrialde honi atxikita. Bestalde, Meskhetiara izuli nahi dutenen artean, funtsezko desberdintasunak daude: batzuek berme onartezinak eskatzen dizkiote Georgiari; beste batzuek, berriz, ahal duten guztia egiten dute Georgiaren eskaerak asetzeko, baina ez dute itzulerarako inolako hitzematerik jasotzen trukean.

Meskhetiarrak Putini bere aberri historikora itzultzea eskatzen, berriki egindako manifestazioan

Georgiaren ustez, meskhetiarren auzia 1944an arazoa eragin zuten aktore sobietarren erantzukizun partekatua da. Tbilisiren iritziz, SESBek herri hau erbesteratu zuen, ondoren Uzbekistanek arazoa larriagotu zuen Ferghanan izandako gertakariekin. Georgiak ere badu bere erantzukizuna. Georgia Europako Kontseiluko kide da 1999tik, eta, hamabi urtean meskhetiarren auzia konpontzeko konpromisoa hartu zuen. 2005eko apirilaren 15ean, Georgiak bere borondate ona ziurtatu zion Europako Kontseiluari, aldi berean, aberriratzea eskatu duten meskhetiarren nazioarteko egoera aztertzeko denbora eta dohaintza ekonomikoak eskatuz. 2008ko urtarrilean, Georgiako Parlamentuak meskhetiarren aberriratzeari buruzko lege bat onartu zuen. Hala ere, denbora aurrera doan heinean, legezko dokumentu hori adierazpenezkoa dela egiaztatzen da. Georgiar agintarien erantzuna: “Georgiak arazo sozial eta ekonomiko larriei aurre egin behar die,…”. Dena da aitzakia aurretik hartutako konpromisoak ez betetzeko. Georgiako Estatutik ezer gutxi espero daiteke. Ateak itxita jarraituko dute. Nazio txiki honetako kideen itzulera, edo, gutxienez, onarpen soilaren itxaropena oso urria da, eta, beraz, meskhetiar turkiarren auzia desesperatua da.

https://busturianaiak.home.blog/2021/10/18/meskhetiako-turkiarren-patu-tragikoa/