Kazakhstan munduko bederatzigarren herrialderik handiena da, ia 3 milioi km2-ko azalera baitu. Kaspiar itsasoaren ertzean kokatua, Errusia, Txina, Kirgizistan, Uzbekistan eta Turkmenistan ditu mugakide. Ekonomikoki nagusi den Erdialdeko Asiako herrialdea da, baliabide mineral izugarriak ditu eskualdeko BPGren % 60 sortuz, batez ere bere petrolio eta gas industriagatik. Kazakhstanek 18.985.000 biztanle ditu (2021eko ekainaren 1eko errolda) eta biztanleria-dentsitate txikia du, 6,93 pertsona/km2. Nursultan, 2019ko martxoa arte Astana 2019tik Kazakhstango hiriburua eta estatuko bigarren hiri nagusia da, 2020ean 1.136.008 biztanle dituena.
Aurrekari historikoak
1-Erdialdeko Asiak dimentsio globaleko eginkizuna izan zuen pertsonen, ondasunen, ideien, erlijioen eta, azken batean, kulturen zirkulazioan. Eskualdeko herrien arteko merkataritza, garai hartan, Zeta Bidea deitzen zen, europarrek, txinatarrek eta indiarrek denboran zehar asko deskribatua. VIII. eta XVI. mendeen artean, Islama iritsi ondoren, Asiaren bihotzean, zenbait gerlari-inperio nomada sortu ziren, ordurarte oso ezagunak ez ziren herriek ordezkatuak, mongoliarrak eta turkiarrak kasu, Txinan, Indian, mendebaldeko Asia islamiarrean, eta erdialde-ekialdeko Europa kristauan nagusitu zirenak, Zeta Bideko merkataritzak emandako aurreko mendeetako oreka ezegonkortuz. XIII. mendetik XV. mendera bitartean, eta Genghis Khanen Mongoliar Inperioaren zatiketaren ondoren, Mongoliar Estatu bat sortu zen (Urrezko Horda), gaur egungo Errusia, Ukraina eta Kazakhstan hartzen zituena.
2-XV. eta XVI. mendeetan, Asia Erdialdeko botere militar nomadaren gainbehera, gerran erabiltzen zen artilleria astunaren aldaketa teknologikoekin lotuta egon zen, baita Europa gainontzeko munduarekin lotzen zuten merkataritza-bide berrien (itsasokoak nagusiki) aurkikuntzak eta erabilerak areagotzearekin ere, horrek guztiak Zeta Bidea berregituratzera eraman zuelarik. Europako nagusitasuna munduko merkataritzan eta nazioarteko kapitalaren garapen mailakatua, kolonizazio, esklabotza eta lurralde konkista modu berriekin batera etorri ziren.
Testuinguru historiko honetan sortu zen Kazakhstan izeneko lurralde, nazio eta etnia erakunde hau. Kazakha turkiar jatorriko hitz bat da, bizimodu nomadaren esanahia duena: klan batetik askatu den pertsona edo talde aske bat. Adostasun orokor bat dago, herri edo nazio kazakha XV. mendearen bigarren erdian sortu zela onartzean, Khan mongoliar baten bi seme Khan uzbekiar baten aurka altxatu zirenean. Handik sortu zen Kazakh Khanerria, XVI. mendean bateratu ondoren, bere lurraldea zabaldu zuena turkiar-mongoliar jatorriko beste klan eta tribu batzuk gehituz: hauxe da, hain zuzen, “kazakh nazionalitatea” sortu zen unea. Kazakh Khanerriaren garaian boterea zentralizatu zen, eta lehen aldiz kazakhak herritzat hartuak izan ziren: milioi persona inguru ziren, turkiera bera hitz egiten, abere mota bera artzaintzen, eta kultura eta gizarte antolaketa modu bera partekatzen zutenak. XVIII. mendean, Kazakh Khanerriak Errusiaren subiranotasuna onartu behar izan zuen: azkenaldiko gerren inpaktu ekonomiko suntsitzaileek eta horden arteko aliantzaren zatikatzeak, khanerriaren egoera militarra eta politikoa ahuldu zuten. Zabaltzen ari zen tsarren Errusiaren botere militarrarekiko beldurrak gainerakoa egin zuen.
Kerey sultanak 200.000 pertsona inguru eraman zituen (gezi gorriak) bere bizitza propioa bizitzera. Tribu gehienak euren borondatez elkartu eta, beranduago, 1465ean, Kazakh Khanerria sortu zen. Bere semeak, Kasym Khanek, arrakasta izan zuen gerran, eta Kazajh Khanerriaren tamaina ia bikoiztu zuen 1521erako.
3-XVIII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, Errusiak eskualdeko ibai-haranetan defentsa-lanak eraikitzen hasi zen, baita lur emankorreko eremu zabalak bereganatzen, artzaintza-eremuak murrizten, migrazio tradizionalak eteten, eta kazakhen mugikortasuna mugatzen zuten dekretu batzuk igortzen ere. Kazakhstan Errusiara batu zenean, errusiar tropek lurraldea behin betiko okupatu zuten 1864an. Kazakhstan kolonia bihurtu ondoren, inperioaren erdialdeko lurraldeetako nekazariak (errusiarrak, ukrainarrak, germaniarrak…) Kazakhstango lurretan birfinkatzeko prozesua indartzen da, baita teknikari eta ingeniari errusiar eta ukrainarrak hiri industrialetara migratzea ere. Metalgintzako eta meatzaritzako industrien garapenak, nekazaritza-eraldaketak eta elikagaien ekoizpenak, gatzaren erauzketak, arrantzak, merkataritzaren eta garraioaren gorakadak eta finantza- eta kreditu-erakundeen sorrerak tokiko langile-klase bat enplegatu eta sortzen dute, soldata baxuekin gutxi kalifikatutako kazakhek osatua, postu altuenetan dauden errusiar kalifikazio handiko langileen aldean. Hezkuntzaren alorrean, hiru fenomeno nabarmentzen dira: madrassa musulmanen ordez hezkuntza-erakunde laikoak jartzea, errusiera nahitaez ikastea eta emakumeak heztea.
4- XX. mendearen hasieran, Kazakhstan ere ehunka oposiziogile politikoren erbeste bizigunea izango da. Zirkulu politikoak, ideologia sozialdemokrata edo marxista zuten hainbat erakunde eta sindikatuak bertan sortu ziren. Kazakhstanen “atzerapen” ekonomiko eta sozialak herritarren segmentu intelektualena asaldatzen du eta estatu-nazio bat sortzeko helburura eramaten du. 1917ko otsailean Errusian izandako erregimen monarkikoaren amaiera eta iraultza burgesa gogo biziz hartzen dituzte kritikari hauek, baina Urriko Iraultza boltxebikeak ziurgabetasuna sorrarazten die.
5-Kazakhstan sobietarra. Errusiako boltxebismoak kazakhen estatua berreratu zuen, orain sobietar oinarrien gainean: Kazakhstango Sobietar Errepublika Sozialista (Kazakhstango SES). Nekazaritzaren kolektibizazioa; nomadismoaren aurkako borroka; industrializazioaren bizkortzea; herritarrei ezarritako errusiartze politika kulturala behartua areagotzea, establezimendu publikoetan errusiera nahitaez erabiliz; kazakh populazioa gutxiagotzeko politika demografikoa hertsiki ezartzea, errusiarren, ukrainarren, bielorrusiarren eta alemaniarren proportzioa nabarmen handituz; oposizioko mugimenduak debekatzea…., eta hori guztia, tokiko langile klasea beheko postuetan mantenduz, goikoetan errusiarrak, ukrainarrak eta bielorrusiarrak baitaude.
Kazakhak gutxiengo etniko bihurtu ziren beren Errepublikan. Sobietar garaian, Kazakhstango kazakhek, posizio berezi bat zuten: aldi berean, nazio titular bat eta gutxiengo etniko bat ziren. Bere konposizio demografikoa erabat aldatu zuen gobernu sobietarrak, herri sobietarraren identitate zibikoa eraikitzean zentratu zena, naziotasunean oinarritutako identitate etnikoaren irizpideak atzean utziz. Erdialdeko Asian nortasuna, eredu ekonomikoa eta egitura politiko sobietarra inposatzeak kazakh etniako pertsonen kopuruaren hondamanezko beherakada ekarri zuen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan (soilik 2,18 milioi 1937an). Garai sobietarra baino lehenagoko egoera oso bestelakoa zen. XIX. mendearen amaieran, Kazakhstanen 4 milioi kazakh etniko baino gehiago zeuden (errusiar inperioaren lehen erroldaren arabera, 1897an). Honek, kazakhak, inperioko seigarren biztanlerik handiena bihurtu zituen. 1914an, kazakh kopurua 6 milioira iritsi zen. Hala ere, kopuru hauek hurrengo bi hamarkadetan nabarmen jaitsi ziren: bi zentsu sobietarrek Kazakhstango kazakhen kopurua 1926an 3,96 milioitik 1937an 2,18 milioira jaitsi zela erakusten dute.
1920 eta 1930eko hamarkadetako gerra zibilak, suntsipenak, gaixotasunek eta goseak, kazakhak larriki ahuldu zituzten talde etniko bezala. Ukrainako ‘Holodomor’ ez bezala, Kazakhstango goseteak ez dira oso ezagunak. Behartutako kolektibizazioak nomadei euren abere-taldeak konfiskatzea, kazakhen bizimodu tradizionala haustea eta pertsonen biziraupenerako bitartekoak suntsitzea ekarri zuen. Milioika hil ziren eta ehunka milak behin betiko utzi zuten beren jaioterriko estepa. Gaur egun, 6 milioi kazakh bizi dira Kazakhstandik kanpo.
Hau, kazakh herriaren historiako garai tragiko bat izan zen, zibilizazio nomadaren galera ekarri baitzuen. Bere balio sistema tradizionala eta bere nortasuna, hizkuntza, kultura, ohiturak eta familia loturak hartzen dituena, sobietarren industrializazio, kolektibizazio eta hazkuntzaren biktima bihurtu zen. 1930eko hamarkadan, agintari sobietarrek kazakhera alfabeto zirilikora transkribatzeko agindua eman zuten, kazakh elite intelektualaren ordezkariak kazakheraren alfabetoaren oinarri bezala latinoaren erabilera defendatzen hasi ondoren.
Kazakhera, kazakh identitate etnikoaren ikur garrantzitsuena, sobietar politiken mende geratu zen. A) Moskuk kazakh elite intelektual etnikoa desagerrarazi eta berea sortu zuen, errusiera lan profesional edo sortzailerako tresna nagusi bezala erabili zuena. Kazakhera erabiltzearen aurkako epe luzeko diskriminazioak errusieraz bakarrik hitz egiten zekiten kazakhen agerpenera eraman zuen, beranduago gizartean beste banalerro bat sortuko duena, nagyz (kazakheradunak) eta shala-kazakh (ama hizkuntza hitz egiten ez dutenak) alegia. B) Ondorioz, kazakheradunen kopurua izugarri murriztu zen sobietar garaian. Azkenik, 1989an Kazakhstango SESko kazakhek errusiar etniako populazioa gainditu zuten tarte txiki batean (kazakhak %39,7-errusiarrak %37,8). Gainontzeko biztanleria (%22,5), beste etnia batzuen nahasketa batez osatua zegoen, Kazakhstanera Sobietar Batasuneko beste eskualde batzuetatik iritsiak zirenak, lan arrazoiengatik edo Stalinek agindutako deportazio behartuaren ondorioz, honela, etnia anitzeko talde bat osatuz. Testuinguru honetan, ez da harritzekoa Alma-Atak (orain Almaty), Kazakhstango SESko hiriburuak eta ondoren Kazakhstan independenteko hiriburuak, 1989an kazakheraz irakasten zuen eskola bakarra izatea.
Sobietar Batasuneko politika nazionalak bere identitate-hierarkia ezarri zien kazakhstandarrei, sobietar nortasunari eta bere lelo internazionalistei lehentasuna emanez. Honen ondoren, kazakhstandar identitate zibiko-nazionala etorri zen, kazakhstandar komunitate bakar batean kazakhak eta beste nazionalitate batzuk artifizialki elkartu zituena. Horrela, kazakh nortasun etnikoa folklorearekin eta herri kulturarekin lotu zuten sobietar agintariek, “herrien adiskidetasunaren” laborategiaren testuinguruan.
“Askatasunaren Egunsentia” monumentua
1980ko hamarkadaren hasieran, Sobietar Batasunean zegoen egoera sozioekonomiko txarrak Gorbatxovek bultzatutako erreforma mugimendu bat azkartzen du, hau da, glasnost (arlo politiko-administratiboan) eta perestroika (arlo ekonomikoan). Kazakh nazionalismoa indartsu hazten ari zen. 1986ko abenduan, kazakhstandar gazteek, gehienak ikasleak, protesta egin zuten Alma-Atako plaza nagusian Moskuk hartutako erabaki bati erantzunez: Dinmukhamed Kunaev Kazakhstango RSSko buruzagia kaleratzea, eta honen ordez, aurretik Kazakhstanen bizi eta lan egin ez zuen Gennady Kolbin errusiar bat jartzea. Hainbat ikaslek protesta egin zuten errusiar bat kazakh bati eman ohi zitzaion postu baterako izendatzearen aurka, hori Moskuren umiliazio ekintza onartezintzat hartuz. Abenduaren 17tik 18ra, manifestariek kazakh etniako buruzagi bat izendatzea eskatu zuten; hala ere, protestak liskar armatuetan amaitu ziren eta manifestari gazte asko hil ziren. 1986ko ekitaldiak, Zheltoqsan-go (Abendua) protestak bezala gogoratuak, Kazakhstanen independentziaren aldeko borrokaren ikur bihurtu ziren. 2006ko irailaren 18an, Zheltoqsanen 20. urteurrenean, Almatyn “Askatasunaren Egunsentia” monumentua inauguratu zen, hiru zati dituena: a) Bi dorreek sinbolismo handia dute, iraganeko eta etorkizuneko arrakala eta gatazka, herriaren autokontzientzia, kanon ideologikoen erorketa, askatasunaren garaipena eta estatuaren independentzia; b) Emakumeak zapi bat (adiskidetzeko deia) eta txori bat (askatasun nahiaren ikurra) daramatza eskuetan; c) Emakumearen atzean dagoen erliebedun panelak dorreen haustura batzen du.
Herritarren presiopean, Kazakhstango SESko Alderdi Komunistako lehen idazkariak, Nursultan Nazarbayevek, independentzia prozesu saihestezinaren gidaritza hartzen du, hasieran, Errusiak zuzendutako komunitate baten barruan autonomia handiago baten alde soilik borrokatzen saiatzen den arren. 1991ko martxoko erreferendumean Kazakhstango biztanleek sistema sobietarra babestearen alde bozkatu zuten. Biztanleriaren % 89,2k parte hartu zuen bozketan, eta % 94,1ek alde bozkatu zuen. Abuztuan abortatutako estatu kolpearen ondoren, Kazakhstango gobernu sobietarrak independentzia aldarrikatu zuen 1991ko abenduak 16an. Sobietar Batasuna hamar egun geroago desegin zen.
Nursultan Nazarbayev
Nazio eraikuntza
SESB erori eta Kazakhstan independente bihurtu zenetik, kazakh nazionalismoa azkar hazi da. Kazakhstanek ere aldaketa demografiko handia izan du herrialdeko kazakh etnikoen kopuruan. 1990eko hamarkadaren hasieratik, Kazakhstanera itzuli dira beste herrialde batzuetan bizi diren kazakh etniako ia milioi bat pertsona. 1990eko hamarkadaren amaieran Kazakhstango biztanleriaren erdia baino gehiago kazakh etnikoak ziren, 1920ko hamarkadatik gertaera hori jazotzen zen lehen aldia. 2016rako, hazkunderik azkarrena izan zuen talde etniko bihurtu ziren, populazioaren bi heren ordezkatuz. Zenbait eskualdetan, kazakhen kopurua biztanleriaren % 95etik gorakoa izan da. 2019an, kazakh etniako pertsonen proportzioa ia % 68koa zen.
Bestalde, garai honetan hizkuntzari dagokionez alderdi garrantzitsu bat gertatzen da. Kazakheraren alfabetoa zirilikotik latinora aldatzea, duela urte asko hartutako erabakia, 2018an jarri zen abian. Horrek biztanleriaren joera demografikoak eta aldartea islatzen ditu, hots, 1990eko hamarkadan iritsi ezina zena orain bideragarri bihurtzen ari da, herritar gehienak kazakh etniakoak direlako, independentziaren ondorengo belaunaldi berritu oso bat sortu delako eta kazakhera gero eta gehiago erabiltzen delako. Litekeena da joera demografiko horiek etorkizuneko lehentasun politikoei eragitea. Aldarte eta mugimendu abertzaleen indartzea modu organikoan gertatzen ari da, eta identitate etnikoen aldekoek kopuruan gora egiten jarraituko dutela iradokitzen du, beraz, ondoriozta daiteke kazakheraren erabilerak gora egingo duela, errusierarena, aldiz, behera egiten jarraituko duen bitartean. Antzeko fenomenoa agertzen da jada Erdialdeko Asiako herrialde gehienetan.
1897 | 1926 | 1939 | 1959 | 1970 | 1979 | 1989 | 1999 | 2009 | 2021 | |
Kazakhak | 82,89 | 58,52 | 37,84 | 30,02 | 32,39 | 36,02 | 39,69 | 53,40 | 63,07 | 69,09 |
Errusiarrak | 11,11 | 20,57 | 39,97 | 42,69 | 42,42 | 40,80 | 37,82 | 29,96 | 23,70 | 18,42 |
Uzbekoak | 0,72 | 2,09 | 1,96 | 1,47 | 1,62 | 1,79 | 2,02 | 2,48 | 2,85 | 3,29 |
Uigurrak | 1,36 | 1,01 | 0,58 | 0,64 | 0,94 | 1,01 | 1,13 | 1,41 | 1,40 | 1,48 |
Ukrainarrak | 1,94 | 13,88 | 10,90 | 8,19 | 7,24 | 6,12 | 5,44 | 3,66 | 2,08 | 1,36 |
Tatariarrak | 1,37 | 1,29 | 1,76 | 2,06 | 2,19 | 2,13 | 1,99 | 1,66 | 1,28 | 1,06 |
Germaniarrak | 0,06 | 0,82 | 1,50 | 7,09 | 6,53 | 6,13 | 5,82 | 2,36 | 1,11 | 0,92 |
Bielorrusiarrak | 0,06 | 0,82 | 1,50 | 7,09 | 6,53 | 6,13 | 1,11 | 0,75 | 0,42 | 0,28 |
Biztanleriaren osaera etnikoa (ehunekotan). Erroldaren datuak eta estimazio berrienak (1897-2021)
A–Auziaren muina: kazakh edo kazakhstandar
Sobietar Batasuna erori ondoren, Kazakhstan egoera berezi batean zegoen. 1-Biztanleriaren gutxiengoa barne hartzen zuen herritartasun titular bat zuen (% 39,7 baino ez zen kazakh gisa identifikatzen); bestetik, errusiar gutxiengoaren (6,2 milioi) bizilekurik handiena zen ukrainarrenaren ondoren; eta, hau gutxi balitz, bere lurraldea modu bereizian kolonizatua izan zen (gutxiengo europarrak iparraldean, ipar-mendebaldean eta ekialdean bizi ziren, uzbekiarrak hegoaldean, eta kazakhak erdialdeko eskualdeetan). 2-Beraz, Kazakhstanek sobietar osteko ‘herrien adiskidetasunaren’ bertsio sofistikatuena garatzen du, ideologia euroasiarreko nazio kazakhstandar zibikoaren nozioa aldarrikatzen duena, baita nazio “globalizatu” baten irizpideak ondoen barneratzen dituen estatu postsobietikoa irudikatzen duena ere. Horrela, bada, Kazakhstanek bi identitate nagusiak ditu lehian, batzuetan, elkarren artean gainjartzen eta artikulatzen direnak: batetik, kazakha (herri kazakhen entitate politikoa), bestetik, kazakhstandarra (nazio multietnikoa kontinente euroasiarraren bidegurutzean). Bi nortasun nagusi horiei hirugarren bat gehi dakieke, transnazionala (munduko joeretan integratutako herrialde transnazionala).
Egia esan, estatu nazionalizatzaile bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu, bere garapen kultural eta historikoagatik zehaztuak, sobietar ondorengo estatu nazionalizatzaileetan ere horrela dena. Iragan sobietar komuna izan arren, herrialde postsobietar bakoitzak bere bide propioa zuen independentzia lortzeko eta nazioa eraikitzeko. Kazakhstanen, nazionalizazio politikak, “Kazakh” eta “Kazakhstan” terminoekin adierazten diren nortasun kazakhen eta errusiarren (eslaviarren) arteko oposizio latza ditu ezaugarri. Bi nazio identitate nagusien arteko lehia honek (kazakha eta errusiar-eslaviarra) bi politika nagusien arteko konfrontazioa adierazten du: batetik, nazionalismo etnokulturala eta nazionalizatzailea, kazakh ekintzaileek sustatua, bestetik, lurralde-nazionalismoa, “zibila” (?), ekintzaile errusiar-eslaviar eta ez-indigenek bultzatua. Beraz, gaur egun Kazakhstanek bi nortasun nazional ditu eta, ondorioz, bi nazio: Kazakh eta Kazakhstan, Kazakh nazioko kideek Kazakhstan nazioaren existentzia ukatzen dute, eta alderantziz.
Kazakhstango Errepublikan bizi diren kazakhen proportzioa 2021aren hasieran
Kazakh abertzaleen ustez, gaur egungo Kazakhstan modernoa kazakhen Estatu nazionala da, kazakhena bakarrik. Baina estatu nazionalaren onarpen honek indigenak ez diren nazionalitateen erresistentzia aurkitzen du, nagusiki errusiar-eslaviarrena, kazakhen estatu bezala onartzea zailtzen duena. Kazakh nazionalismoak ez du Kazakhstango esfera nazionalean nagusitzerik lortu, eta, beraz, eremu honetako edozein saiakerak kazakhak ez diren biztanleen oposizioari aurre egin behar dio. Horrela, identitateen aurkakotasun hori (kazakh-kazakhstandar) biztanleriaren eguneroko bizitzako alderdi askotan islatzen da.
Nazio auziari buruzko eztabaidetan definizio horiek bateraezinak izaten dira: beren burua “kazakh” gisa definitzen dutenek ez dute nahi “kazakhstandartzat” har ditzaten, eta alderantziz, “kazakhstandar” gisa hartzen direnek ez dute “kazakhatzat” hartuak izan nahi. “Kazakh” eta “Kazakhstan” terminoek, sobietar garaian bezala, eduki etnikoa (kazakh) eta lurralde-, administrazio-, politika- eta ideologia-esanahia (kazakhstan) izaten jarraitzen dute. Gaur egun, ordea, mundu guztia ez dator bat horrelako zatiketa batek amildegi gaindiezina ireki dezakeenarekin. Batetik, kazakh nortasunaren defendatzaileak daude, kazakhstan identitatearen existentzia arbuiatzen dutenak, “Kazakhstan” terminoaren izaera artifiziala nabarmentzen dutenak, eta nazioa, kazakh nazioa deitu behar dela eta soilik horrela dei daitekeela baieztatzen dutenak; haien ustetan, Kazakhstan “beste talde etniko guztiak bizi daitezkeen kazakhen estatua” izango litzateke. Bestetik, Kazakhstanen bertsio ez-etnikoa dago, errusiar populazioak eta bere eliteak defendatzen dutena: Kazakhstan, bertan bizi diren herritar guztien estatua da, jatorri etnikoa edozein dela ere, non kazakhstandartzat hartzen diren.
Baina egia da “kazakh” eta “Kazakhstan” terminoek, euren izaera integratzailea izan arren, Kazakhstan modernoa bi zatitan banatu besterik ezin dutela egin: sektore abertzalea eta herrialdeko gainerako biztanleria. Beraz, kazakhak eta beste nazio batzuetako ordezkariak denak kazakhen Estatuan bizi direlako kontzientzia argiarekin hezi behar dira. Kasu honetan bakarrik, harreman etnikoak harmonizatu eta egonkortu egingo dira bidezko oinarri baten gainean. Hori da nazio-estatuaren logika, eta Kazakhstan, zentzu horretan, ez da salbuespena.
Bada beste liskar arrazoi bat, “Kazakhstango Errepublika” izen ofizialari dagokiona, hain zuzen ere. Izen hau 1991ko abenduaren 16an independentzia aldarrikatu eta 1995eko Konstituzioan onartu zen. Eta, gaur egun ofiziala den izena, oraindik ez da finkatu. Abertzaleen izenean diharduten eliteek, estatuaren izena “Kazakh Errepublika” bezala aldatzeko beharra planteatzen dute; egungo Konstituzioaren eztabaidan, 1995eko udan, hasierako proposamenaren proiektua estatuaren izena “Kazakh Errepublika” izatera aldatzea dela argudiatzen dute. Halarik ere, proposamen honek erresumina eta erresistentzia aurkitu zituen, bai oinarrizko legea garatu zutenena, baita kazakha ez zen gainontzeko biztanleena ere. Azkenik, “Kazakhstango Errepublika” izen ofiziala Konstituzioaren azken bertsioan mantendu zen.
Handiagoa da konfrontazioa hizkuntza politikari dagokionez. Nazioaren hizkuntza, Kazakhstango nazio-eraikuntzaren elementu nagusitzat hartzen da. Mukhtar Kul-Muhammedek, Nazarbayev presidentearen aholkulariak, hizkuntza nazio existentziaren oinarria dela esan zuen, hizkuntzaren berpizkundea nazioarenarena dela, kazakhera Kazakhstanen nazio-sinbolo nagusia dela gaineratuz. Gobernuaren jarrera hori bat dator kazakhen nortasun-jarrerak defendatzen dituztenenekin, eta Kazakhstanen bizi diren herri guztiek hitz egiten duten hizkuntza ofiziala kazakhera izan dadin borrokatzen dute, Konstituzioan ez ezik, eguneroko bizitza errealean ere presente egon dadin. Aitzitik, kazakhstandar identitatearen defendatzaileek errusieraren posizio hegemonikoa defendatzen dute.
Laburbilduz, auziaren oinarria nazioaren definizio kulturalean datza, hau da, zein kultura, zein hizkuntza, azken batean, zein talde etnikoren sinboloak izan behar dira nagusi Kazakhstanen, herrialdeko talde etniko guztiek partekatu behar dituztenak? Beste era batera esanda, zein nazio izan behar da nagusi Kazakhstanen? Ikus dezagun, jarraian, bi identitate-paradigma horiek (kazakha, kazakhstandarra) nola sustatzen dituzten Kazakhstango agintariek.
Kazakhstango Errepublikan bizi diren errusiarren proportzioa 2021ren hasieran
B–KAZAHSTANEN kazakhatasuna (kazakh izaera)
Kazakhstanen kazakhatasuna indar handiz ezarri zen Estatuaren eraikuntzaren lehen urteetan, herrialdearen nortasunari buruzko estatu-narratiben eta funtsezko bi politika publikoren (aberriratze etnikoa eta kazakheraren sustapena) bidez praktikan delarik:
– Kazakhstanen subiranotasun-adierazpenak errepublika “kazakh-nazioaren arduradun” dela aipatzen du, baita “Kazakhstango nazioaren eta Kazakhstanen bizi diren beste nazioen kultura, tradizio eta hizkuntzaren garapena Estatuaren misio nagusietako bat” dela ere. 1995eko Konstituzio berriak Kazakhstango lurraldean sortutako Estatuaren betebehar horri heldu dio berriro: ‘Guk, Kazakhstango herriak, helmuga historiko komun batek elkartuta, Estatu bat sortu genuen kazakh-lurralde indigenan’. Beraz, Kazakhstanen identifikazio sinbolikoa anbiguotasunik gabe kazakhtasunarekin egiten da.
– Presidentetza-diskurtsoek aurrekotasun historikoaren argudio nagusia erruz erabiltzen dute kazakhen Estatuaren oinarri gisa: kazakhak egungo Kazakhstango lurraldean zeuden errusiarrak bertan ezarri aurretik. Finkapenerako espazio libre bat zegoenaren ideian oinarritutako edozein historiografia, historialari errusiarrek aldarrikatzen zuten bezala, faltsutze kolonialak dira. Argumentazio ildo hau “Kazakhstango Errepublikaren estatu-identitate bat eratzeko kontzeptuan” (1996) baieztatua izan zen, kazakhek munduko beste inon estatu izaera ez dutenez, Kazakhstanek kazakhen estatu nazionala izan behar duela aldarrikatu zuena.
Urrezko Gizona, gerlari eszitar bat, independentziaren eta herrialdearen iragan nomadaren ikurra
– Kazakhstango estatu sinbolismoaren maila ezberdinak. Estatuaren enblemak shanyrak bat (yurta baten goialdeko irekidura biribila) eta kazakhen oinordetza nomadan inspiratutako beste ezaugarri batzuk (arranoa, adibidez) ikonografia ofizialean eta semantikan erabiltzen dira. Urrezko Gizona, kurgan (hilobi baten gainean eraikitako tumulu) batean aurkitutako gerlari eszitar bat, independentziaren eta herrialdearen iragan nomadaren ikur bihurtu zen. Kazakhstango pertsonaia historikoen omenez kaleen izena aldatzeak panteoi nazional bat sortu du. Halaber, Kazakhstango hirien izenen sorrerak (dela jatorrizko kazakh izenak itzuliz, dela zerotik izen horiek sortuz) nazioa lurraldetzen lagundu du, eta, beraz, bere muga garaikideak legezkotzen.
– Astana (orain Nur-Sultan) hiriburu berriaren arkitektura. Astana, jatorrian, errusiar eta sobietar hiri bat izan zen arren, bere hiriburu izendapena, bertan antzinako kokaleku nomada bat zegoela aurkitu zuten indusketa arkeologikoek legitimatu zuten, hiriko lurraldearen kazakhatasuna frogatzen duena. “Baiterek”, hiriaren behaketa dorrea eta monumentua, herrialdearen independentzia irudikatzen duena, kazakh folklorean inspiratuta dago goialdean urre koloreko orbe bat duen zuhaitz bat duelarik.
Bayterek dorrea Nur-Sultan hiriburuaren erdigunean
– Batasun Nazionalaren Doktrina. 2008 eta 2010 artean, Batasun Nazionalaren Doktrina baterako prestakuntzek, kazakhatasuna kazakhstandartasunaren gainetik izatearen auzia berpiztu zuten. Argitaratutako lehen zirriborroak erreakzio oso indartsuak piztu zituen talde nazionalistetan eta kazakherazko hedabide intelektualetan. Hainbat hilabetetako eztabaidaren ondoren, Nazarbayevek bertsio berri bat onartu zuen, jatorrizko zirriborroaren guztiz desberdina, buruzagi abertzaleen, alderdi politikoen eta akademikoen 500 proposamen baino gehiago biltzen zituena. Testuak adierazten duenez, kazakh herriak “kazakh talde etnikoen nortasun etnikoa, kulturala eta linguistikoa sustatu, babestu eta garatzeko” ardura duela, baita nazioaren batasunaren erdigunea izateko erantzukizuna ere. “Kazakhstan” terminoa ez zen testu berrian agertzen, horren ordez, “Kazakh” hitza nazio etnikoari zein zibikoari erreferentzia egiteko erabiltzen baitzen. Esan beharra dago bilakaera hau ez dela bakarra Kazakhstanen, Errusian ere aurki baitaiteke. Hemen, “russkii” terminoak (etnikoki eta kulturalki errusiarra den pertsona) “rossiiskii” (errusiar herritartasuna duen pertsona) terminoa ordezkatzen du, eta, orain, modu zibikoan zein etnikoan interpretatua izateko aukera dago.
– Kazakh etniako pertsonak atzerritik aberriratzeko politikak. 5 milioi kazakh inguru bizi dira atzerrian: 1,5 milioi Uzbekistanen, 1,5 milioi Txinan, 1 milioi Errusian, 100.000 Turkmenistanen, 80.000 Mongolian eta dozenaka mila inguruko herrialdeetan. Bi hamarkadatan milioi bat “oralman” (aberriratua) inguru aberriratu dituzte, gehienak Uzbekistan eta Mongoliatik etorriak. Aberriratze politika 1991ko azaroan hasi zen, Sobietar Batasunaren kolapsoa baino lehen. Immigrazio Legeak, 1992an onartuak, atzerriko kazakh etniko guztiak euren “aberri historikora” itzul daitezkeela ezarri zuen. Aberriratze politikak bi helburu ditu: lehenik, Kazakhstango kazakhen egoera demografiko desabantailatsua gainditzea, eta, bigarrenik, lurralde nazionaleko kazakhen banaketa geografikoa orekatzea. Bere lehen helburua lortzen nahiko arrakastatsua izan zen arren, neurri handi batean ez zuen bigarrena lortu. Oralmanak, iparraldeko eskualdeetan ezartzera animatuak izan ziren eslaviar domeinua indargabetzeko, baina gehienak, herrialdearen hegoaldean edo jada kazakhek menderatutako mendebaldeko eskualdeetan ezarri ziren (bereziki Mangystau eskualdean). Gainera, kazakhatzearen prozesu honek ez du lortu oralmanen hainbat arazo soziali ekitea: langabezia maila altuak, seme-alabak hezteko zailtasunak, integrazio mekanismorik eza eta, SESBetik kanpo zetozenentzat, sobietar kultur kodeekiko eta errusiar hizkuntzarekiko hurbiltasun falta gehitzen da.
– Hizkuntza-politika: kazakhera Estatuko hizkuntza gisa lehenestea. Perestroika garaian, kazakhera mehatxatutako nazioaren ikur bezala ezarri zen, eta abertzaleek kazakh kultura babesteko egin zituzten eskaeren erdian egon zen. Kazakhera estatuko hizkuntza gisa deklaratzea subiranotasuna adierazteko hartutako lehen neurrietako bat izan zen. Kazakhstango independentziaren hiru hamarkadetan, kazakheraren estatusa finkatu nahi duten legeak eta dekretuak ugaritu egin dira (errusiera komunikazio-hizkuntza gisa mantenduz), baina zaila izan da aplikatzea, ohiturak ez baitira aldatzen goitik beherako erabakien bidez. Estatuak nahitaezko baldintza bihurtu du kazakheraren ezagutza Estatuko administrazioan sartzeko, baita ikasleek diru-laguntza publikoak jasotzeko ere; era berean, kazakheraren irrati-difusioaren proportzioa handitu egin da. Hala ere, kazakherazko eskolen kalitatea oraindik errusierazkoena baino baxuagotzat jotzen da, gutxiengo batzuek kazakheradun ingurunetik baztertuak izaten jarraitzen dute, eta eliteko kide askok (lehen baino gutxiagok) oraindik arazoak dituzte euren lan profesionalak eta eguneroko bizitza kazakheraz egiteko.
Kazakhstango hizkuntza-mapa
Izan ere, Kazakhstango espazio publikoaren kazakhatzea oso aurreratuta dago. Gutxiengoek barneratu egin dute kazakhera ez ezagutzeak zenbait sektoretan aurrera egiteko duen ahalmena geldiarazten duela. Errusieradun kazakh eliteak errudun sentitzen dira kazakheraz mintzatzean duten arintasun ezagatik, eta egoera honengatik barkamena eskatzeko joera dute, hizkuntza ofiziala menperatzea estatuaren aldetik ez ezik herrikideen aldetik ere espero delako ideia barneratu duten seinale. 2009ko erroldaren arabera, kazakhera idazten, irakurtzen eta ulertzen duten kazakhen proportzioa nabarmen handitu da belaunaldi gazteenekin.
Hezkuntza-sisteman, errusierazko hezkuntza gainbeheran dago eta kazakherazkoarena nagusitzen ari da. 2003an, Kazakhstango ikasleen % 55ek kazakheraz ikasten zuen, eta % 41ek errusieraz. Hamar urte geroago, 2013an, % 66k kazakheraz, eta % 31k soilik errusieraz.
C–KAZAKHSTANEN kazakhstandartasuna (kazakhstandar izaera)
Kazakhstandar izaera hau herritartasunaren eta nazionalitatearen arteko disoziazioan oinarritzen da. Multinazionalismoaren estilo sobietarra biziagoa mantendu da Kazakhstanen beste Errepublika Sobietar ohietan baino. Kazakhstanen 130 nazionalitate baino gehiago bizi dira elkarrekin, eta, diskurtso ofizialak nazionalitate kopuru handi horren harmonia azpimarratzen du. Multinazionaltasun horrek etniaz gaindiko nortasun zibikoa sortu du.
–“Herri Batzarra” 1995eko martxoaren 1ean sortu zen, Kazakhstanen dagoen multinazionaltasunaren gorpuzte instituzionala da. Presidenteak berak gidatutako erakunde berri honen sorrera, bere garaiko testuinguru politikoak azaltzen du. Nazarbayevek uste zuen Parlamentua errebeldeegia zela erregimenaren aurka, beraz, bere politikekiko harkorrago den gizarte zibil bat instituzionalizatu nahi zuen. Horrela, agintarien estrategia demokrazia ordezkatzaile formalaren ordez gizarte zibil bat ezartzea izan zen, zeinean elementu egituratzailea ez baitzen klase soziala eta orientazio politikoa izango, nazio-kidetasuna baizik.
Nazarbayev, apirilaren 25ean Bakearen Jauregian egindako batzarrean parte hartu zutenak agurtzen
Batzarrak “Herrien adiskidetasuna” irudikatzen du, kooptazio printzipioaren arabera funtzionatuz. Gutxiengoen kultura-zentro guztiak ordezkatzen ditu, eta ia 50 talde etniko ordezkatzen dituzten 800 elkarte inguru ikuskatzen ditu. Jatorrizko 20 hizkuntza inguru irakasten dituzten 170 eskola inguru, hizkuntza gutxituetako hainbat egunkari (errusieraz, alemaneraz, koreeraz, uzbekeraz, uigureraz) finantzatzen ditu. Gai politizatuei buruzko eztabaidak, hala nola gutxiengoen ordezkaritza bizitza politikoan eta ekonomiaren maila gorenetan, ez dira agertzen Batzarrean, folklore-jarduerez soilik arduratzen direlarik.
Halarik ere, identitate etnikoen hierarkia bat dago, nazionalitate bakoitzaren lekua, neurri handi batean, herrialdeko nazioarteko markari ematen dionaren araberakoa baita. Kazakhstanekin lotura ekonomiko eta diplomatiko estuak dituzten herrialdeak ordezkatzen dituzten gutxiengo nazionalak ospatzeko joera dute agintariek. Horrela, alemaniarrak eta korearrak piramide sinbolikoaren gailurrean daude Kazakhstanen garapenean izan zuten parte-hartze aktiboari esker; poloniarrak, armeniarrak eta greziarrak ere modu positiboan dira ikusten. Aldiz, uigurrak, txetxeniarrak eta uzbekiarrak diskriminazio handiago bati aurre egin behar diote, islamista ezkutuak direla susmatzen delako eta euren ahaide diren estatuetako egoera politiko zailekin lotzen direlako.
Horrela, Batzarrak hainbat misio betetzen ditu: herrialdearen aniztasun nazionala ospatzen du; gutxiengo txiki eta despolitizatuei laguntzen die, ematen zaizkien eskubide kulturalekin asebeteta; eta mobilizazio politikorako potentziala duten gutxiengoak baztertzen ditu, hala nola errusiarrak, uigurrak edo uzbekiarrak.
Astanako Bakearen Jauregia, Norman Fosterrek diseinatutako piramide formako eraikina
-Era berean, Kazakhstan erlijioen bizikidetzarako leku harmoniatsu gisa aurkezteko estrategia bat garatu da, “Munduko Erlijio Tradizionalen Kongresuak“ sinbolizatua. Irailaren 11ko atentatuen ondorengo giro nahasian, 2003an Kongresu hau sortu zen. Nursultan Nazarbayev presidenteak jarri zuen abian ekimen hau, munduko erlijio garrantzitsuenen ordezkariak (kristautasuna, islama, judaismoa, budismoa, hinduismoa, sintoismoa eta zoroastrismoa, besteak beste) mahai berean esertzeko, ez teologiari buruzko gaiak eztabaidatzeko, baizik eta elkarbizitzaren alderdi baketsuaren inguruan dituzten iritziak bateratzeko. Biltzar hau, hiru urtean behin egiten da Astanako Bakearen Jauregian, Norman Fosterrek diseinatutako piramide formako eraikina, honen lau aldeek munduko lau puntu kardinaletarako irekiera irudikatzen dutelarik. Kongresuaren saioek aukera ematen dute Kazakhstan nazioartean kalifikatzeko, atzerriko estatuburuak, goi mailako diplomatikoak eta erlijio-figurak gonbidatuz, bai eta erlijio-gaiak arautzeko ere, “Zibilizazioen (eta erlijijioen) arteko elkarrizketa” izeneko kontakizun adostu baten inguruan. Kongresuak erlijio tradizionalak sustatzen ditu: islama (sunita), kristautasuna (ortodoxia batez ere, baita katolizismoa eta luteranismoa ere), budismoa, judaismoa, taoismoa, sintoismoa eta hinduismoa onartzen ditu, eta protestanteen talde proselitistak baztertzen ditu.
Labur bilduz, kazakhstandar paradigmak “herrien adiskidetasunaren” antzinako irudi sobietarra eta “zibilizazioen arteko elkarrizketaren” inguruko beste narratiba bat uztartzea lortu du. Belaunaldi nagusiei sobietar oroimenaren jarraipen gisa hitz egiten die, eta gazteenei, berriz, modako multikulturalismo gisa.
Munduko Erlijio Tradizionalen VI. Kongresua 2018ko urrian egina
D–Kazakhstanen transnazionalismoa
1990eko hamarkadaren erdialdean sortu zen hirugarren paradigma hau, petrolioaren kapital finantzieroak bultzatuta. Transnazionalismoak adierazten du interkonektibitateak eta globalizazioak estatu-nazioa aldatu egiten dutela mundu-komunitatean integratuz. Paradigma honek, gobernuaren legitimitateari oso lotua, nahita uztartzen ditu Kazakhstango estatua eta Nazarbayeven erregimena. Eta hemendik sortzen dira gobernu honen nortasun-gurtzaren zenbait ezaugarri: suposatzen da presidenteak, ezberdintasun etniko eta politikoetatik haratago dagoen nazioaren batasuna ez ezik, bere denborazkotasun ezberdinak ere irudikatzen dituela (iragana, oraina eta etorkizuna). Transnazionalismoaren paradigma modu askotan jarri da martxan:
– Hirugarren paradigma honen gorpuzte fisikoa Astana/Nur-Sultan hiriburu berria da. Sobietar aro hartako hiriburua, Almaty, hizkuntzaz eta kulturaz errusiartutako hiri bat bezala ikusten zen, iparraldeko eskualdeen sezesioaren beldurrak herrialdeko hiriburua erdiguneago bat izatea agintzen zuen une batean. Hala ere, Nazarbayeven proiektua askoz haratago joan zen: hiriburu berri bat eraikitzean, presidenteak Kazakhstan nazioarteko komunitatean kokatzea nahi zuen, berarentzat etorkizun distiratsu bat sortuz, hiriaren itxura futuristan gauzatua. Astana, batez ere, Kazakhstanen modernitatearen erakusleiho bat da, baita ohiko dikotomiak (iparraldea/hegoaldea, hiria/landa) gainditzeko egiten dituen ahaleginen laborategi bat ere. Astanaren arkitekturak etorbideak eta eraikin monumentalak erakusten ditu (Presidentetza Jauregia, Baiterek, Atameken, Piramidea, Erdialdeko Mezkita, Museo Nazionala, etab.), talde sozialen arteko desberdintasunak ezabatzeko, kontsumismo globalizatua erakusteko eta “aurrerapenaren bidean” Kazakhstan bat proiektatzeko.
Kazakhstango hiriburua, Nur Sultan (Astana)
– Kazakhstan-2030, 1997an argitaratutako dokumentu programatiko bat da, herrialdeak 2030ean ustez lortutakoa deskribatzen duena eta lorpen horiek gauzatzeko hartu behar diren urratsak zehazten dituena. Bere arrazoi utopiko indartsuen helburua “herrialdea munduko estatu jasangarri eta seguruenetako bat bihurtzea da, garapen dinamikoan dagoen ekonomia batekin”. Proiektu hori hamarkada bat geroago errepikatu zen “2050 Estrategia” dokumentuarekin, Kazakhstan 2050erako munduko 30 herrialde aurreratuenetako bat izateko helburua ezarri zuena. “2050 Estrategia” marka komertzialeko proiektu gisa enkargatu zen, baita prestigiozko tresna nagusi eta globalizazioaren ikur gisa ere. Gobernua harreman publikoetako ekintza garestiak finantzatzen aritu da, munduko komunitatearen arreta bereganatzeko ahaleginean, batez ere nazioarteko enpresa-zirkuluena, atzerriko inbertsioa erakartzeko.
– Ekintza jakin batzuk nazioarteko agertokian. Kazakhstanek 2010ean Europako ESLEren lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztu zuen, ‘Europarako bidea’ izeneko ibilbide-orri batekin. Haren asmoa Europako konpainia nagusiekin harreman ekonomikoak sendotzea zen. Ondoren, antzeko kanpaina bat egin zuen, bere nortasun islamiarra sustatuz, hurrengo urtean Lankidetza Islamiarraren Erakundeko presidentetzarako hautagai izateko, finantza-erakunde islamiarrak herrialdean inbertitzera gonbidatuz. Marka nazional hau 2016an Kazakhstanek NBEko Segurtasun Kontseiluko kide ez-iraunkor estatusa lortzeko egindako eskaerarekin berraktibatu zen, estatus honek herrialdeari NBEn multilateralismoaren etengabeko babesa kapitalizatzea eta Nazio Batuen Erakundearen eskualde esparru askotan bere iritzia baliatzea ahalbidetu baitzion.
– Kazakhstanek politikoki kiroletan inbertitzea erabaki zuen: Astana txirrindulari taldea da adibide bat, nazio handi bat kirol nazio bat dela adierazten duena. Kazakhstango agintariek euren iragan sozialistatik ikasi zuten kirolak botere bigun bat direla, herrialde bati erregimenaren izaerari buruzko nazioarteko kritikak gainditzea ahalbidetu diezaiokeena.
– Kazakhstan “Expo 2017”ren egoitza izendatzeak aurrekaririk gabeko ikusgarritasuna eman zion urtebetez. Horrela, Kazakhstanek bere ustez merezi zuen errekonozimendua lortzea espero zuen, baita enpresa-zirkulu berrien radarrean jartzea ere, egungo lehengai-ekoizle izaera gainditu ahal izateko. Agintariek Kazakhstango berrikuntza-ekonomia nazionalak suspertzeko Expoa erabiltzea ere espero zuten, bereziki ekonomia berdeak, teknologia berrietan espezializatutako enpresak hartuz, parke teknologikoak bultzatuz eta zientziari laguntza emanez.
Astana taldeko Ion Izagirre eta Alex Aranburu euskal txirrindulariak, Hondarribiko etaparen amaieran, aurreko Euskal Herriko Itzulian.
E–Ondorio gisa
Politika nazionalaren eremuan dagoen benetako egoera bi talde etniko handien (kazakhen eta errusiarren) arteko iritzi talka da. Gatazkak hizkuntzaren eta onomastikaren aplikazioan gertatzen dira, baita aginte-egituren irudikapenetan ere. Kazakhatzea, nortasun nazionala eraikitzeko prozesu gisa, egitura politiko irekiagoak sortu nahi dituen sobietar osteko herrialde batean gertatzen ari da. Dagoeneko, gobernuaren politika sostengatzen duen oinarri sozial bat eratu da, kazakhera estatu-hizkuntza bezala aplikatzeko esfera zabalduz, kazakh-kultura garatuz, eta errusiar eta sobietar ikurren ordez kazakh direnak jarriz. Kazakh nazio-eraikuntza prozesu honetan, kazakh eliteek “-stan” atzizkia desagerrarazi nahi dute. Aitzitik, beste nazio batzuetako ordezkariei zaila egiten zaie kazakh hitza erabiltzea, etnonimoaren esentzia etnikoa dela eta. Beraz, ikuskera zibil batean oinarritutako nazio bat eraikitzeak “kazakh” etnonimoak eduki unibertsalagoa izan beharko luke, kazakh-nortasuna lausotu lezakeena. Baina, nolanahi ere, gobernuaren politika nazionala autokontzientzia nazional handiagoa eratzen laguntzen ari da, eta horrek aldaketak ekarriko ditu kontzientzia sozialean eta kazakh herriak munduko komunitatean duen lekuari buruzko irudian.