Hizkuntza, hizkuntza besterik ez balitz, gatazka eta arazo asko saihestuko lirateke. Onerako edo txarrerako, hizkuntza, hizkuntza baino askoz gehiago da, eta nazionalismoaren aroan ezin konta ahala arazo eta liskar sortu ditu nazioen arteko harremanetan.
Espainieraz edo frantsesez mintzo dena ez da soilik beste hizkuntza batean bizi euskaldunontzat. Ez dihardu komunikazioaren beste tresna batean soilik. Hizkuntza komunikatzeko beste forma bat, beste adierazpide bat, beste gramatika bat balitz soilik, hizkuntzak nazionalismoaren aroan sortu dituen gatazkak, tartean gatazka militarrak, ez zituen eragingo. Zer dago, hortaz, hizkuntzaren atzean gordeta? Zer ez dugu ikusten hizkuntzaren ispiluan? Izan ere, hizkuntzaren ispiluan hizkuntzaz gainera nazio oso bat dago jokoan. Esaterako, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazka geopolitikoan, besteak beste, hizkuntza dago arazoaren muinean.
Nazionalismoaren aroan hizkuntzak aurrez ez zituen ezaugarri, balio eta funtzioak bereganatu ditu. Aurreko adibidera etorrita, espainieraz edo frantsesez mintzo den hiztunari hizkuntzak ezartzen dizkio bere bizitzaren oinarrizko erreferentzia nagusi batzuk. Hizkuntzak ezartzen dizkio botere sistema nazionalaren mugarriak. Hizkuntzak ezartzen dizkio kultura nazionalaren ezaugarri nagusi batzuk. Hizkuntzak ezartzen dizkio hiztunari bere bizitzaren mundua ezaugarritzen duten erreferentzia esanguratsu batzuk. Hizkuntzak sozializatzen du hiztuna sistema sozialaren eta ekonomikoaren ezaugarri ideologiko eta politikoetan. Hizkuntza hegemonikoaren erabilerak nazionalizatzen du hiztuna estatu nazionalaren barrunbeetan.
Hizkuntzaren ispiluan, esan berri dugunez, hiztunaren mundu osoa islatzen da, ispilu hori ez delako soilik ispilu linguistikoa. Espainieraz edo frantsesez mintzo eta bizi den hiztunaren mundua hizkuntza horrekin bat egiten duen nazioa ere badelako. Globalizazioak globalizazio, hiztunaren bizitzaren mundua gehienbat sozializatzen eta moldatzen duena nazio hizkuntza hegemonikoa da gaur-gaurkoz. Horrenbestez, hizkuntzaren ispiluan ikusi behar genukeena, hitz egiteko modu berezi batez harago, integrazioaren mekanismo-sistema osoa litzateke. Horregatik, nazio bat ikusi behar genuke euskaldunok hizkuntza hegemonikoaren ispiluan, lehen-lehenik: Espainia edo Frantzia, alegia. Nazio horren kultura ikusi behar genuke, ondoren: kultura nazional espainola edo frantsesa, hain zuzen. Orobat, identitate nazional baten eraikuntza eta atxikimendua ikusi behar genuke, haren erreferentzia historiko, politiko, geografiko eta ideologikoak barne.
Hizkuntzaren funtzio nazional eta politiko horiek dira nazionalismoaren aroak hizkuntzari eta hiztunei esleitu dizkien ezaugarriak. Nazionalismo estatalak hiztunak nazionalizatu egiten dituela diogunean, ez gara horretaz baizik ari. Estatu nazionalaren sozializazio sistemak haren orbita sozial, ekonomiko, kultural, historiko eta geografikoan murgiltzen ditu hiztunak, nahiz eta hark globalizazioaren ondorioz funtzio batzuk nazioaz gaindiko erakundeekin partekatu. Nazionalismo estatalak bere mendeko herritarrak nazionalizatzen jarraitzen du, oraindik ere sozializazioaren mekanismo hegemonikoak bere esku dauzkalako. Ikusi besterik ez dago Europako Batasunaren identitate politikaren porrota: izan ere, zer identitate mota gailentzen da gaur egun europarren artean? Nazio identitateen hegemonia erabatekoa da europarren nongotasun sentimenduan. Errealitate horri darion irakaspena, zalantzarik gabe, aski adierazgarria da: globalizazioaren egungo egoeran herritarren sozializazio esparru hegemonikoa ez da mundializazioari dagokiona, estatu nazionalarekiko lotura baizik. Hala ere, euskalduntasunaren ahuleziak aletzen hasten garenean, globalizazioa agertuko zaigu buru-buruan gure iritzien artean.
Oker ez banago, batez besteko euskaldunak uste du hizkuntza funtsean komunikazio tresna neutrala dela, eta euskaraz bizitzea eta espainieraz edo frantsesez bizitzea bateragarriak direla. Are gehiago esango nuke: elebitasun mota horri aberasgarri deritzogu, zorioneko aniztasunaren leloak hartaraturik-edo. Hizkuntzaren definizio okerrak dituen ondorio makurrak.
Hizkuntzaren politizazioaz hitz egiten dugunean ez gara gai hizkuntzak alderdi politikoekin dituen harremanez haratago pentsatzeko. Hizkuntzaren erabilera alderdikoia salatzeko jardunean agortzen da gure eztabaida guztia, hizkuntzaren irismena eta funtzio politikoa horretara mugatuko balitz bezala. Hizkuntza-nazionalismoa nazionalismoaren oinarrizko osagai bat da, erauziezina, naziotasunaren identifikazio mekanismoetan funtsezko zeregina betetzen duen bitartean. Hizkuntzak ezaugarritzen du batik bat nazioa, hizkuntza nazioaren berezko mintzaira propioa denean. Euskal Herria, euskararen herria edo nazioa da, etimologiak berak salatzen duen moduan. Gure kasuan hizkuntzak berak definitzen du gure nazioaren izaera.
Berria