1936ko uztailaren 18a eta memoriaren ertzak

Memoria historikoa berreskuratzearen inguruan ehundutako elkarte-sareek garrantzi soziopolitiko eta kultural nabarmena duen gizarte honetan; zaila da azaltzea zergatik gertatzen ari diren blokeo-egoerak (baita negazionismo egoerak ere) nazioarteko legezkotasun humanitarioaren bermea duten lan-ildoen garapenean. Euskal Herrian egoera hau, gure ustez, «memoriaren ertz» dei genitzakeen hiru faktoreren ondorioa da.

Lehen ertza. Ondorioak eta zigorgabetasuna. Diktadorearen heriotzaren ondotik sendotuz joan den zigorgabetze egoera 70eko hamarkadaren amaieratik aurrera «hauteskundez hauteskunde «nagusi» bihurtu ziren alderdiek garatutako estrategia «paktistaren» ondorioa izan da. Frankismoaren aurkakoek ordaindu beharreko «zerga» izan zen, ustezko «adiskidetze nazionala» lortu ahal izateko. Biktimen eta erregimenen errepresaliatuak izan ginen lehen sakrifikatuak, den-dena «ondo lotuta» zegoen agertoki politiko «berri bat lortze aldera. Azken batean, aldi luze hartan sendotutako botere soziopolitikoek «trantsizio» eredu bat inposatzea lortu zuten, «Erreforma demokratikoa» izenekoa, 60ko hamarkadan berritutako disidentearen gaineko nagusitasunaren oinarriak erabat mantenduz. Bibliografia ugari dago, joan den mendeko 70eko hamarkadatik aurrera argitaratua. Bertan, erregimen frankistaren testuinguruan egin ziren eraldaketa ekonomikoak aztertzen dira, baita ondorengo «araubide demokratikoan» izandako egiturazko «jarraitutasunei» buruzkoak ere.

Bigarren ertza. Memoria historikoari buruzko politika publikoak. Politika hauek diseinatu zituzten talde politiko berberak bat etorri ziren «adostutako erreformaren» definizioan eta bera egikaritzean. Horiek izan ziren, eta dira oraindik ere, erakunde frankisten (monarkia, GC, PA, TOP, FA …) irudi eta esanahia berritu eta garbitzea lortzeko doktrinamenduaz eta propagandaz baliatu direnak aurrekontu-partida handiak erabiliz. Eta hau guztia, «adiskidetze nazionalaren» kontzeptuaren izenean eta 1936ko uztailaren 18ko Estatu kolpe militarra eta ondorengo erregimen frankistak gauzaturiko gizateriaren aurkako krimenen zigorgabetasuna legeztatuz. Berrikuspen historiografikoaren testuinguru horretan, interes partekatu bat sortu da zenbait sustatzaile pribaturen, mass-media boteretsu eta estatu-politiken artean. Bilakaera horrek guztiak desorekatu egin du diktadura frankistaren biktimen eta errepresaliatuen eskubideen garapen integrala.

Errebisionismo historiko hura eta haren diskurtsoa, erreparazio morala jarduera publikoaren helburu bakartzat izatea lortzen ari da, justiziarenak eta ez errepikatzeko bermeak albo batera utzirik. Horrek guztiak lagundu egin du, eta oraindik ere laguntzen du, negazionismoa indartzeko baldintzak sortzen.

Hirugarren ertza. Mugimendu memorialista. 1936ko militar kolpistek gure herrian eragindako errepresioaren dimentsio eta forma desberdinek, eta gure elkarteen osaera soziokulturalean dauden desberdintasunek, gizateriaren aurkako nahiz genozidioko krimenen biktimen eskubideak defendatzeko gure estrategietan homogeneotasuna eta koherentziaren gabeziek eragin dute. Espainiako Erresumako Gobernuak «Memoria Demokratikoari» buruzko lege-aurreproiektua aurkeztea izan da 2020ko urrian estatu osoko memoria historikoko kolektiboen topaketak egitearen arrazoia. Topaketa horien esparruan, aipatutako aurreproiektuaren balorazio-testu bat adostea lortu zen; eta indarrean dagoen zigorgabetasun-ereduari amaiera emateko gobernuari zenbait proposamen jakinaraztea onartu.

Horretarako, lehen neurri gisa, saihestezina da 1977ko Amnistiaren Legea ezeztatzea, edo zigorgabetasuna luzatzea xede zuten honen zenbait atalena bederen; Militar kolpistak eraikitako hobi komunak aurkitzea, gorpuak hobitik ateratzeko eta hauek identifikatzeko prozesu osoa judizializatzea bermatu behar da, benetako eta erabateko tutela judiziala bermatzeko. Informazio eta errepresio-zerbitzuei lotutako artxibo publiko nahiz pribatu guztiak begi-bistan jarri eta haietara sarbide librea izatea bermatu behar da. Frankismoaren espoliazio eta konfiskazioaren aurrean aurreproiektuak estatuaren ondare-erantzukizuna aitortu behar du, eta diktadurari lagundu zieten enpresa-sareei erantzukizunak eskatu, haiek erabili zuten behartutako lanagatik.

Euskal Herria bezalako estaturik gabeko nazioen ikuspuntutik, gure herriari ezarritako estrategia genozidaren ondorioak ere jaso beharko lituzke legeak. Estrategia haren helburua gure identitate soziokulturalaren ezaugarriak ezabatzea izan baitzen, eta erakunde politiko demokratiko eta subiranoen bidez gure herrialdeko baliabide ekonomikoak erabili eta antolatzeko dugun eskubidea ukatu zitzaigulako. Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeen helburuak lortzeko, eragile sozialen jarduera baterakorrak garatzea erabakigarria izango da. Interpelazio koordinatua garatzeko mekanismoak antolatzeko gai ez bagara, gaindiezinak izango dira Franco hil ondoren gure eskubideen urraketak betikotzea inposatu zitzaizkigun baldintzak.

*Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkartea

Berria