Kontakizunak behar duen hizkera

Hitzek esanahi berriak hartu dituzte: «gaizkiaren ardatza», «terrorearen aurkako gerra», «gerra prebentiboa», «terrorismo palestinarra», «Israelen defentsa»… Hildako zibilak «alboko kalteak» dira orain. «Aparteko entregak», «erregimen-aldaketa», «itotze

simulatua», «poliziaren esku-hartze proportzionala»… Lehenengo hitzak lapurtzen dira, gero esanahiak, eta gero gerokoak.

Euskal Herrian, edo Herrialde Katalanetan, «elkarbizitza arazo bat» omen dago “arazo politikoa” ez esatearren. Eta  arazo politiko horren atzean “supremazismo gaztelarra” eta “eliteen interesak” daude. Elite hauen ikuspuntutik, eta mezua errez dakite hedatzen, eurak ez dira «nazionalista espainiarrak», munduaren zati honi berez eta betidanik dagokiona beraiek ordezkatzen eta defendatzen baitute: “normaltasuna”. Zerbait kontrolpetik ihes egiteko arriskua ikusten duten bakoitzean lotsa barik banderak eta jendearen sentimendurik nazionalistenak  «nazionalismo baztertzailearen» aurka (eurena ez den edozein), «sozial-komunista bolibartarren» aurka (terminologia berrixeagoa betiko «gorrientzat»), «filo-terroristen» aurka (betiko komodina) eta «kolpisten” aurka astinduko dituzte azkar asko.  “Kolpistak” dira azken boladako asmakizun semantikoa. Herriari erabakitzeko eskubidea ematen saiatzeagatik espainiarrek Kataluniako parlamentariak zigortzeko  asmatutakoa. Aitzitik, 1936koak, 1981ekoak edo ildo beretik 2020an gobernu «sozial-komunistaren» aurkako manifestua sinatu zuten 271 militarrak «patriota konprometituak» ei dira, eta ez zaie inoiz begirunea  eta barkamena falta izan.

Euskal Herria-Nafarroako lurralde hauetan ere bada, lankidetzaren onurengatik, mendeetan zehar Gaztela-Espainiarekin lerrokatu izan diren eliteak. Bat datoz «Espainiako historia» baten egiazkotasuna betikotzeko «kontakizunarekin». Espainiako historia, gaztelarra azken finean, ñabardurak ñabardura,  eurena egin baitute. Oraina sustatzeko «Hispaniako jatorrizko biztanle” haiengandik abiatzen den kontakizuna: zeltak, iberiarrak, hispano-erromatarrak eta godoak. Ez, ez: jende euskalduna inoiz gutxitan agertzen da. Nekez uler daiteke nola demontre gauden hemen. Gero, Errege Katolikoen «errekonkista» eta «Espainiaren bateratzea», sekulako

eta betiko «batasun sakratuaren” abia.

Kontakizun honek bere hizkera manipulatzailea behar du ezinbestez. Mendebaldeko Nafarroaren konkista, 1200ean, «borondatezko entrega» bihurtuko da. 1512ko Nafarroa Garaia eta Beherakoaren inbasioari «bateratzea» esango diote. Herritarren konkista eta asimilazioari aurre egiteari «indarkeria» esango diote. Okupatzailea eta bere kolaboratzaileak «bakearen eta ordenaren defendatzaileak» izango dira, eta «zuzenbide estatuaren»  menpe erreboltariak makurrarazteko neurri errepresibo militarrak zein judizialak hartzeko estatuaren “zilegitasun demokratikoa” erabiliko dute erruz.

Joan den 2020an, pandemia hasi zen urtean, azken euskal lurraldeen independentzia galdu zeneko 400. urteurrena ere izan zen.  Frantziak Nafarroa Behera eta Biarnoaren okupazio militarra burutu zuen 1620an. Ia 1000 urteko ibilbide burujabearen hondarretan, Euskal Herri independentearen Estatu Nafarrak berea egin zuen orduan; eta orain arte.  Edozein nazioren memorian funtsezkoa izango litzaketen gertaera historiko hori oharkabean igaro zen. Baina Nafarroa Behera, Frantziako Errepublikan dago, eta, beharbada, «gabatxoen» kontua izango da, gure Iparraldeko aberkideei erreferentzia eginez.

2021eko ekainaren 30 honetan, 500 urte beteko dira Noaingo gudua gertatu zenetik. Izan ere, 1512an espainiarrek Nafarroa Garaia inbaditu ondoren, hirutan saiatu ziren  nafarrak independentzia berreskuratzen.  1521an hiri nagusiak altxatu ziren eta gaztelarrak botatzea lortu zuten.  Baina ekainean, jauntxo baskongado eta nafar etxekalte batzuen laguntzarekin, espainiarrek nafar tropak eta haien aliatu gaskoiak garaitu zituzten Noaingo batailan. Bost mila nafar inguru hil ziren Getzeko zelaietan, Nafarroako gazteriaren odoluste handia. Gero, Amaiur eta Hondarribia etorri ziren. Alardeak, «itunak», «foru-sistemaren errespetua» eta beste manipulazio batzuk. «Kontakizun» horrek eragina izan du autonomien estatua besterik ezagutu ez duten belaunaldien artean. Askorentzat «euskal» eta «nafarra» bi gauza desberdin bilakatu dira eta, gainera, «ondo gaude gauden bezala». Iragan independentea gogora ekartzen  duten euskal-nafarrei  «presentismo historikoaren» akatsa leporatuko zaie, hau da: «nazionalismo baztertzailea» sostengatzeko iraganeko gertaerak eta jokabideak egungo pentsamoldearekin aztertzea. Akats hori leporatzen dieten «ez-nazionalistak» dira baina, egungo estatu espainiarra – eta «plus ultra»- sostengatzeko penintsulako edozein txokotako «iragan espainiar loriatsua» (gaztelarra beti ere) presente dutenak .

1521ean «frantsesek» Nafarroa inbaditu zutela entzungo dugu, eta Loiolako Iñigo santua Iruñearen defentsan zauritu zutela «tropa inbaditzaile frantziarren» aurkako borrokan. Gaztelaren zerbitzuan jauntxo mertzenarioa zen Oinaztarra; Iruñeko okupatzaile, bertako biztanleen etsai. Nafarroako bandoan beste santuaren anaiak, Frantses edo Frantzisko Xabierkoarenak,  Jatsu Azpilkueta leinukoak.

Baina oraingoan ere,  Hegoaldeko bi autonomien elite ekonomiko eta politikoek ez dut uste ezer asko jakin nahiko dutenik estatu euskal-nafarraren “memoria” eguneratzeko ahaleginez. «Foixeko Errege Nafarrak» atzerritar frantsesak izango diren «kontakizun» ofiziala errepikatuko da, eta Carlos I.a gaztelaniaz hitz bi egiten ez zekiena  eta Gaztelako Komuneroen Errebolta zanpatu berri zuena, bertako taldearen kapitaina izango dugu. Nafarroako erregea, Foix Etxeko Henrike II.a Albret edo Labrit, Sangüesa/Zangotzan jaio zen. Garai hartan merindade elebiduna: euskalduna eta erromantzatua . Henrike II.a hizkuntza erromantzeak hitz egiteaz gain, euskaraz ere moldatuko zen  ziurrenik. XVI. mendeko nafar gehien-gehienen hizkuntza naturala euskara zen, baita gortekoa eta erresumako funtzionarioena ere. Baina «frantsesa» izatea ez da gauza ona nonbait. Beraz, adiskide gaztelarrek inoiz azaldu didatenez, gure «errege frantsesengandik liberatu” gintuztenean mesede galanta egin omen ziguten. Habsburgortarrak  Arratiakoak edo Erriberakoak balira bezala! Hizkuntza nazionaletan inprimatzen hasi zenean, Foix horiek, «frantses» horiek, izan ziren euskarazko lehen argitalpenak sustatu zituztenak. Gaztelatik debekua eta mespretxua baino ez  diote euskarari opa. Nolanahi ere, supremazismo gaztelarra ala jakobinismo frantsesa?: lokatzatik lupetzera..

Gure bizitza pribatua eta memoria kolektiboa baldintzatzen digun hizkera manipulazioaren zerrenda luze joan daiteke: «maila nazionalean», «euskararen inposizioa», «inpartzialtasun judiziala», «biolentoak eta demokratak», «eragindako kaltearen aitorpena», «gorroto-delitua», «kale borroka», «informazio-neutraltasuna», langile plantilla edo pentsioen “birdoitzea», «euskaldunak eta nafarrak».  Ez dira kalterik gabeko hitz aldaerak. Burmuinetan itsatsita geratzen zaizkigun kontzeptuak dira eta gure bizimodu pribatuan zein kolektiboan beti ere ondorioak dituztenak. Voltaire filosofo frantsesak XVIII. mendean hau zioen: “zentzugabekeriak sinetsarazi diezazkieketenek ankerkeriak eginaraz diezazkizukete”.