Murgilketa eta hizkuntz askatasunak

Frantziako Errepublikako Kontseilu Konstituzionalak Molac legeari buruz egin berri duen ebazpenak berriro ireki du hizkuntza murgilketari buruzko eztabaida zaharra. Politikaz kutsaturik dagoen eztabaida da, eta gainera, akats zientifikoz eta teknikoz betea, baina zoritxarrez horretan erori da erakunde hori bere zabarkeriagatik.

Izan ere, Frantziako Errepublikako Kontseilu Konstituzionala eta Espainiako Erresumako Auzitegi Konstituzionala erakunde politikoak dira; bai beren kide edo partaideen izendapenarengatik, nola ezarriak dauzkaten zereginengatik edo aginte judizialaren eta legegilearen buru diren heinean.

Kasu honetan Molac izengoitiaz ezagutzen den 11 artikuluko lege motz baina aurrerakoi eta distiratsuari bi artikulu ezabatu dizkio —4. eta 9. artikuluak, hain zuzen ere— eta paradoxikoki indarrean utzi du presidentearen partiduko diputatu talde batek errekurritu zuen 6. artikulua. Molac legearen 4. artikulua hizkuntza murgilketaz mintzo da —edo zen—; 9. artikulua, berriz, «erregioetako» hizkuntzetan zeinu «diakritikoak» erabiltzeaz ari da, sinbolikoki ñ hizkiaren debekuaz; eta 6. artikuluak frantsesa ez den hizkuntzetan emandako irakaskuntzaren finantzaketa eredutzen du.

Adierazgarria izan da lege honen eztabaidak Emmanuel Macron presidentearen gehiengoa hautsi egin duela, 250 diputaturen gehiengoz onartua gertaturik, eta gutxiengo nabarmen batean utziz jarrera jakobino eta zentralistak; eta hori, nahiz hauekin lerrokatu zen presidentearen alderdia, bere egitura ideologikoki ehundua duen erakunde baten itxura baino, interes eta onurengatik bildutako taldearen irudia gehiago emanez.

Bitxia izan da, ordea, 60 diputatu jakobinoen talde batek 6. artikuluaren aurka —beraz, finantzaketari dagokionaren aurka— aurkeztu zutela helegitea; horretarako presidenteak nahita egindako promulgazioaren atzerapenaz baliatu ahal izan ziren. Baina Kontseilu Konstituzionalak, garai bateko toreroek baino harrokeria gehiagorekin, ez dio inolako jaramonik egin haien eskakizunari; aldiz, helegiteaz baliatu da errekurritu gabeko beste bi artikulu ezabatzeko.

Izan eta izango dira modu askotariko erreakzioak; batzuk zuhurtasun handikoak, adibidez René Etxegarairena edo Molac diputatuarena. Azken honek berehala eman du jakitera Twitterren Errepublikako Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa bultzatuko duela. Beste erreakzio batzuk, ordea, ahulak edo soilik koldarrak gertatu dira; adibidez, Kontseilu Konstituzionalaren erabakiak ez duela euskararen aldeko engaiamendua ezabatuko, Euskaltzaindiaren Iparraldeko ordezkariak egin duen bezala; edo bestela, zentralismo atzerakoi eta irrigarrian amiltzen dira, eta kalifikatibo horiek ez dira erredundantzia kasu honetan.

Ezin da ahaztu Frantziako Errepublika iraultzaren umea dela eta berdintasunaren aldeko iraultzaren lelo haietan —arrazakeriaren aurka, matxismoaren aurka, erlijio eta ideologia inposaketen aurka eta abar— hizkuntzen berdintasuna aldarrikatzea ahaztu egin zitzaiela. Bestalde, gogoan izan behar da erlijio eta kultura edo hizkuntzen aipamenen habeetan eraikitako inperioak erori direlarik eta kolonia izandako lurraldeetan beren kriolo neokolonialistak utzi dituztelarik, ezinezkoa bihurtu dela hizkuntza edo erlijio horiek metropolia izandako ustezko nazioaren ezaugarri izatea. Nola azaldu horrelakorik Argentinan, Kongon edo Aljerian?

Baina eztabaida gori-gorian jarri da eta aurre egin behar zaio. Zehaztu egin ditzagun labur-laburrean erabaki jakobino honi dagokionez murgilketa eta zeinu diakritikoak. Murgilketa hizkuntzak ikasteko metodoa da eta azterketa zientifikoetan oinarrituta dago —linguistikoak, gramatikalak, psikologikoak eta sozialak—. Antza dauka, baina alternatiba zaio gramatikaren bitartez egindako hizkuntza irakaskuntzari. Aitortu al liteke gramatika konstituzioaren aurkakotzat? Aitortu al litezke konstituzio baten aurkakotzat geometria edo aljebra? Agerian dago ezetz; bada, murgilketa ere ez! Zeinu diakritikoei dagokienez, berriz, —ñ hizkia eta antzekoak, alegia— nahiko eta aski izango lukete Kontseilu Konstituzionaleko kideek karrikara irtengo balira edo gaur egungo komunikabideei begiratuko baliete: frantsesaren sena arrozten duten hamaika hizkuntza eta abezedario eta milioika pertsonen izen-abizenak ikusi ahal izango lituzkete.

Agerian gelditu da, betiere, Frantziako Kontseilu Konstituzionala, irrigarri gelditu dela erregioetako hizkuntzen askatasun eta eskubideen kontra jardunda. Hainbestekoa izan da irrigarri gelditu izanaren sentsazioa, Macron presidenteak berak, ezaguna zaion azkartasunaren eraginez, hutsegite hau konpontzera Twitter bitartez atera beharra ikusi duela, nahiz errudunetako bat izan. Baina erantzun horrek ez du eta ezin du gizartea ase eta Baionan inoiz izan den euskararen aldeko manifestapenik handiena ospatu eta gauzatu da.

Berria