Abesten, soilik abesten

“Ne tenir que de Dieu et de son épée”

1347an Gaston Febusek “Piriniotako Leoiak”, Biarnoko eta Foixeko jaun eta jabeak hitz hauekin erantzun zion Frantziako erregearen ordezkariari, gorazarrea egitea agindu zionean. Alegia, bera bakarrik Jainkoaren eta bere ezpataren menpe zegoela argudiatuz.

Baten batek ez baleki, gogorarazi nahiko nioke Pirinioetako herrialde hau Baskoniako lurralde historiko bat dela, Gaskoniako Dukerriaren barne zegoena, erromatarren “Novempopulania”.

Febo, Fhoebo latinez, grekotik dator, “argitsua” esan nahi omen du, eta Apolo jainkoaren izenordea da. Argiaren eta eguzkiaren jainkoa, hilezkorra, independentziaren grina izan beharko lukeen bezala.

Gaston Febok, argitsua edota eguzkia, Frantzia eta Nafarroako Luis XIV.a gogorarazten digu, “le Roi Soleil” famatua (1638-1715). Egia esateko, alderantziz esan beharko genuke: bigarrenak Gaston gogorarazten digula, haren ondorengoa baitzen, adarrak alde batera uzten baditugu.

Gastonek, Foixeko Kondea eta Biarnoko Bizkondea, erregeek erabiltzen zuten trataeraren bitartez Erregearekin parekatu nahi izan zuen bere burua, eta hein batean lortu zuela aitortu dezakegu. Gaurko irizpideekin, egiaz “subiranoa” zela esan genezake. Halako ausardia garaiko egoerak eman zion: hain zuzen ere, “Guerre de Cent Ans” (1337-1453), eta honi jarraitu zion Ingalaterra eta Frantziaren ahulezia, bere burujabetasuna sendotzeko erabili izan zuena.

Bere bizitzan zehar, armak -etxean nahiz atzerrian- eta luma landu zituen. Gerran irabazitako aberastasunen bidez, babeserako gotorlekuak eraiki zituen. Ezin ahaztu eraikitako dorretxeetan agertzen den biarnesez idatzitako “Fébus me fé” (Eguzkiak eraiki nau) leloa. Beste hainbat izkriburen artean, “Se canto” abestiaren egilea izan zen, gaur egun Okzitaniar lurren ereserkia eta, nola ez, Aranekoa (Kataluniaren barruan dagoen arren, okzitaniarrak direlako).

  1. urtean Frantziako “Jean II le Bon”en aginduz denbora labur batez atxilotu zuten, bi hilabetez hain zuzen.  Poitierseko hondamendiaren ondoren, eta bere beharra sentitu zutenean, askatu zuten. Premiaren aurrean etsaia laguna bihurtuz, gaur egun bezala… ez duzue uste?

Aurtengo Aberri Egunean, #keinubatbatera ekinbideak antolatutako ekintza benetan hunkigarria dela ezin ukatu; gainera, Iparragirre (1820-1881) omentzeko aukera paregabea da, nahiz eta euskaldunok, beti bezala, berandu ibiltzen garen, urteurrena iaz izan baitzen.

Auñamendietako Lehoiaren eta Euskaldunon Bardoaren bizitzek nolabaiteko antza daukate: biek, beharra sentitu zutenean, armak hartu zituzten, baina ez zuten ahaztu herriari abestea. “Gernikako arbola” Baskonia osoaren ereserkia izendatu beharko genuela ez al duzue uste? Nazioa garatzeko unea heldu da, eta horretarako guztiok batzen gaituzten ikurrak adostu beharko genituzke; hala ere, arrotzak ez genituen zertan onartu.

JOXE MARI IPARRAGIRRE (1820-1881)
(Iturria: Wikipedia)

Gaur egun hausnarketa sakon bat egingo bagenu… baten batek uste al du abesten eta erromeriak egiten, besterik gabe, askatasuna lortuko dugula? Espainia edo Frantzia ahul daudenean  euren gobernuen euskarri izaten askatasuna lortuko dugula? Unionistekin bateginez ez goaz inora.

Aste honetan bertan, egunkarietan agertu da PNVk eta PSOEk izurritearen aurrean Estatutua bere horretan uztea erabaki dutela: ez zaituzte harritzen? Otsoa hil zorian dagoenean sendatuko zenukete, artaldea berriro eraso dezan?

Aberri Egunak, askatasuna lortu arte, abertzaleontzako egunero izan beharko luke, “hutsalezko abertzaletasuna” deritzona, Euskal Herria bizirik dagoela nozitu dezaten; eta horrekin pozik ez dagoenak, badaki zer egin behar duen.

Lehenago, Estatuek subiranotasun hertsia zuten. Orain, korporazio handien aurrean pisua galtzen ari dira. Boladan dauden estalitako txanponak  (kriptomonetak) Eusko izenarekin sortu genitzake. Euskal sindikatuek erresistentzia kutxa daukaten bezala, abertzaleon kutxa sortu dezagun, askatasun egarri gauden guztion artean. Indarrak aurrera batu ahala, intsumisio fiskala ere egin genezake.

Kontua da kateak apurtzea, gero eta independenteagoak izatea. Eta, zoritxarrez, abesten soilik ez dugu hori lortuko. Eguneroko lanaren bitartez izan beharko du.

https://martinttipia.com/