Azerbaijan (4). Nortasun nazionala Azerbaijan sobietarrean (1921-1991)

Denbora luzez, nortasun musulmanak herrialdeko biztanleriaren autokontzientzia zehaztu zuen. Halarik ere, XX. mendearen hasieratik, nazio askapenaren kontzeptuak kontzientzia publikoan sartu ondoren, nortasun musulmana nortasun etnikoari amore eta lekua ematen hasi zitzaion. 1918ko maiatzean, Errusiar Inperioa hautsi ondoren, Azerbaijango Errepublika Demokratikoa ezartzeak bultzada handia eman zien nortasun etniko azerbaijandarra ezarri zuten prozesuei. Garai horretan, nazionalitatea, gizarte-heziketaren oinarri eta kulturaren, etikaren eta politikaren oinarri ideologiko gisa aitortua, estatu berri bat eratzeko oinarritzat hartu zen. Errepublika Demokratikoaren existentzia-aldia bat etorri zen munduan aldaketa soziopolitiko eta teknologiko handiak gertatu ziren garai batekin, eta horrek etnizitatearen fenomenoa indartzea ekarri zuen. Egoera horretan, Azerbaijandako gizarte tradizionalean erakunde, egitura eta balio-sistema modernoen ezarpen (“inposaketa”) mailakatua bere izaera itxia hausten hasi zen, gizabanakoen begiradak eta gizarte-loturak handituz eta makro-formazio sozial zabalagoetan sartuz (etnikoak, klasekoak, zibiko-politikoak) sartuz .
1920ko apirilean boltxebikeek Azerbaijan okupazioak Sobietar Batasunean sartzea eta independentzia galtzea ekarri zuen. Azerbaijango SESk formalki gorde zituen bere eskubide nazionalak, lurraldea eta sinboloak. 1920ko irailean, Azerbaijango agintari komunistek, Estatu izaeraren funtzio garrantzitsuenak, defentsa eta finantzak barne, Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatuari eman zizkioten, jada de facto errealitatea zena egiaztatuz: Azerbaijan, orain, Moskutik gobernatua zegoen.

I-Nazionalitateen auziari buruzko politika sobietarra.
Boltxebikeek nazionalitateei buruz diseinatutako politika, Lenin eta Stalinen ideiei hurbiletik jarraituz, sozialismoak nazionalismoa zaharkituko zuenaren ustean oinarritzen zen, hau da, klase borrokaren amaierak nazionalismoaren sostenguaren oinarria ezabatuko zuela. Historikoki saihestezina zen gertaera bat bezala ulertzen zen, gizarte sozialista batean lehenik nazioak elkarrengana hurbildu egingo zirela azkenean bat egiteko, eta, beraz, gobernuan zeuden sozialistek ez zuten inolako arriskurik ikusi prozesu hau bizkortzeko, talde nazional guztiei euren kultura eta hizkuntza garatzeko eskubide osoak emanez, baita autodeterminazio-eskubidea aitortzeraino ere. Are gehiago, nazioen eskaerei zenbat eta emakida gehiago eman, orduan eta lehenago desagertuko zela nazionalismoa. Beraz, Errepublikak modu aktiboan natibizatu zituen politika bat ezarri zen, tokikoak botere-posizioetara eramanez eta elite intelektualak sortuz. Politika hau bereziki egokia izan zen menderatutako nazio musulmanentzat, identitate nazionala nabarmentzea funtsezkoa izan baitzen identitate erlijiosoa ahultzeko.
Baina Stalinek nazioaren kontzeptua Leninek baino modu errealistagoan eta ideologikoki ez hain determinatuan ikusi zuen. Berak uste zuen nazioen arteko harremanak klaseen arteko harremanen antzekoak zirela, hau da, indarra erabiliz zehaztu behar zirela nagusiki, hezkuntza (edo adimena) bigarren mailako faktoreak izanik. Beraz, ez zirudien Leninek bezain konbentzituta zegoenik nazionalismoaren izaera iragankorraz. Pertzepzio hau indartsuagoa bihurtu zen denborarekin, eta Stalin gero eta gehiago aldendu zen klase-kontzientziak nahitaez kontzientzia nazionala gaindituko zuenaren uste sendotik.
1934an, Stalinek nazionalizazioa edo gutxiengoen eskubideak sustatzen zituzten erakundeak desegin zituen, Estatuaren zentralizazioa bizkortu zuen bitartean. Horrela, 1930eko hamarkadaren erdialdean, Errepublika etnikoetara hedatutako autonomia pixkanaka murrizten joan zen. Hala ere, Stalinek Errepublika etnikoen estatus sinbolikoa ez ukitzeko ardura izan zuen: zentralizazioak ez zuen unitate autonomoen abolizioa esan nahi. Hori bat zetorren Stalinen irizpenarekin, “nazionala forman, sozialista edukian”.

II-Nortasun azerbaijandarraren bilakaera sobietartze-prozesuan.
Sobietartze-prozesuaren lehen urteetan, Azerbaijani nahiko ondo joan zitzaion. Alde batetik, herrialdearen mugak neurri handi batean konpondu ziren, Nakhichevan, Karabakh eta Zaqatala, Azerbaijanen zati bezala berretsiak izan zirelarik. Bestetik, “indigenizazioa” (korenizatsiia) izeneko politikak azerbaijandarrei Azerbaijango SES estatuaren eta Alderdi Komunistaren zuzendaritzan goi karguak betetzea ahalbidetu zien; administrazioan profesionalen klase azerbaijandar berri bat sortu zen, tsarren garaian pentsaezina zena. Egia esan, Errepublika eta eskualde sobietarrek estatu nazional modernoen zeinu formal guztiak zituzten. Baina ez zuten nazio eta estatu mailako antolaketaren elementu nagusia, independentzia. Nazioa prozesu existentziala nahiz eraikuntza formala da, hots, edukia eta forma. Bere eraikuntza planifikatu aurretik, nazioak nolabait bizitzen hasi behar du, izaki bizidun bezala sentitzen, historiaren subjektu bezala. Azerbaijango “nazio” sobietarra ez zen nazio bat hitzaren zentzu osoan, hirurogeita hamar urtez herri azerbaijandarrak ezin izan baitzuen bere borondatea libreki adierazi behar bezala aukeratutako ordezkari demokratikoen bidez, ezta bere buruzagi historikoak ohoratu edo gogoratu ere.
Hasierako aurrerapen hauen ondoren, egoera oso azkar okertu zen Bigarren Mundu Gerraren garaira arte. Sobietar Batasunean bezala, Stalinen errepresioa areagotu egin zen, nazioaren bizitza intelektualaren oinarria bera mehatxatuz. “Iraultza kultural” bat hedatu zen SESBeko lurralde osoan, pertsonak sustrai kulturaletatik azkar bereizteko, haien memoria etnikoa isilarazteko eta sobietar gizon berri bat osatzeko diseinatua zegoena. Moskuk, talde nazional bakoitza Sobietar Batasunaren barnean isolatzea bilatu zuen, eta, beraz, kanpoko munduarekin harremanak saihestea, Azerbaijango kasuan, bereziki, Iran eta Turkiarekin zituen loturak hausteko. Honek, Azerbaijan bere senideengandik banantzeaz gain, bere historiatik ere banantzea esan nahi izan zuen. Kremlinek, maltzurki jokatuz, estrategia anizkoitza diseinatu zuen helburu hori lortzeko.
1-Etnonimo-aldaketa. 1926ko erroldan, Azerbaijango biztanleak “turkiar” bezala erregistratuak izan ziren; 1936an, “azerbaijandar” bihurtu ziren, bere jatorri turkiarrari inolako erreferentziarik egin gabe. Stalinek, “Turk” etnonimoarekin harreman mota guztiak ezabatu zituen, eta bere aipamena erabat debekatuta zegoen: Azerbaijango SESaren hizkuntza ofiziala, azeriera deitzera pasa zen; sobietar pasaporteen “jatorri etnikoa” atalean, “turkiar” etnia “azerbaijandar” izatera aldatu zen. Bestalde, azerbaijandarrak “turkiartutako persiarrak” izendatuak izan ziren.
2-Alfabeto-aldaketa. 1928an, agintari sobietarrek Azerbaijanen turkieraren idazkera arabieratik latinera aldatzeko erabakia babestu zuten. Hala ere, Stalinek etnia azerbaijandarra bere herentzia nagusiki turkiarretik bereizi nahi zuen, turkiar azerbaijandarrak Turkia kemalistan zituen ahaide etnikoek erakarriko ote zituzten beldur baitzen. Beraz, 1936ko SESBeko Konstituzioak alfabetoa latinotik zirilikora aldatu zuen. Ondorioz, politika honek bi ondorio kaltegarri ekarri zituen: batetik, herritar gehienak analfabeta bihurtu zituen, alfabeto latinora ohitzeko denbora gutxi izan baitzuten, eta bestetik, Azerbaijan eta Turkia lotzen zituzten kultur estekak eten egin ziren.
3-Herri azerbaijandarraren memoria kolektiboa desagerraraztea. Konstituzio berria, Josef Stalinen 1937-38ko Purga Handiarekin bat etorri zen, non 120.000 intelektual azerbaiyar baino gehiago sarraskitze eremuetara bidaliak edo exekutatuak izan baitziren, horietako asko ideia pan-turkiarrak sustatzeaz akusatuak. Honekin batera: Azerbaijango Errepublika Demokratikoa ezin aipatzea, buruzagi nazional eta kulturalen memoria belztea, haien hitzak eta asmoak desitxuratzea, argitaratutako idatziak konfiskatzea eta literaturaren edukia eta eskolako ikasketa-planak manipulatzea. Politika horiek suntsitutako gizabanakoen bizitzetatik haratago hedatu ziren, ondorengo belaunaldiek memoria historikoa gal zezaten.

Sarraskia Bakun 1918ko martxoaren 31n

4-Azerbaijandar herriari bere historia propioa izateko eskubidea ukatzea. Sobietarren botereak instituzio eta tradizio islamiar tradizionalen suntsipen mailakatua ekarri zuen: beloa erabiltzeko debekua, meskita eta eskola erlijioso gehienen itxiera, kleroaren aurkako zapalkuntza, arabiar alfabetoaren erabileraren debekua. Müsaväten desegitea eta buruzagi nazionalen jazarpena ere esan nahi izan zuen. Historialari sobietarrek, Azerbaijango historia ofiziala azerbaijandarren eta musulmanen aurkako izpiritu batekin berridatzi zuten, Müsavät alderdia irainduz eta deabrutuz. Honi dagokionez, oso modu berezian eta nahita, martxoko gertaeren historia berridatzi zuten, eta Kaukaso hegoaldeko musulman “kontrairaultzaileen” traizioaz hitz egin zuten, sobietar erregimen legitimoaren aurka matxinatzea eta “gerra zibila” piztea leporatuz. Historiografia berri honekin boltxebikeak martxoko gertaeretan izan zuten konplizitateagatik erantzukizunetik askatzen saiatu ziren, Müsaväti “matxinada” hasteagatik errua egotziz, eta Dashnak armeniarrei herritar musulmanak sarraskitzeagatik. Aldiz, boltxebikeek Bakuko Komunaren mitoa sortu zuten (1918ko martxotik ekainera), sobietar estiloko komuna sozialista bat, bake sozial eta nazionalaren ustezko printzipioetan oinarritua. Bakuko komuna idiliko hau, sobietarra ez zen Transkaukasian nagusi zen izuaren eta gaizkiaren aurka zegoen; argi dago sobietarrentzat gaitza panislamismoa eta txobinismoa zela, baita armeniarren eta azerbaiiarren arteko gorrotoa ere. Sobietar historiografiak gorroto nazionalak nabarmendu zituen gobernu komunistaren nagusitasuna erakusteko. Amaiera gisa, hildako Bakuko hogeita sei komisarioek, martxoko gertaeretako martiri musulmanek ez zirenak, noski, sobietar biktima heroikoen panteoiko lehen tokiak bete zituzten, sobietar estatu gorakorraren ikur bezala. Hogeita sei komisarioen oroimenean, sobietar estatu gazteak bere jaiotza-mito propioa sortu zuen, bere “oroimen eremua” eta “min lekua”.

Bakuko hogeita sei komisarioen omenezko monumentua.

5-Lehen aipatutakoez gain ondoko hauek ere. Azerbaijandarrek abizen tradizionalak aldatu eta errusierara egokitu behar izan zituzten “ov” eta “ev” amaiera-atzizkiekin. Erlijioa klandestinitatera pasa zen, arabiar idazkeraz idatzitako liburuak erre zituzten eta emakumeei beloa kendu zitzaien kalean. Ateismo militantea “pan-turkismoaren” aurkako borroka are gogorragoaren paraleloa izan zen. Izan ere, Stalinek historialariak azerbaijandar nortasuna antzinako “mediarra”-renarekin lotzea animatu zituen, Irango azerbaijandarren artean sentimendu nazionalista areagotzeko asmoz. Bestalde, turkiarra ez den Azerbaijango biztanleria musulmanak ere sufritu zuen. Horrela, gutxiengo nazionalen ordezkari asko, kurduak, lezginak eta talyshak kasu, “azerbaijandar” bezala ere erregistratuak izan ziren, Batasuneko Errepubliken titular ziren nazioetan gutxiengo nazionalak desegiteko asmoz; hau bitarteko urrats bat izango litzateke, ondoren, nazio hauek, euren memoria historikoaren galeragatik inaktibatuak eta armagabetuak, herri sobietarraren nortasun berri baten eraikuntzaren oinarri bihurtuak izan zitezen.
1941ean, Bigarren Mundu Gerrako liskarren hasieran, SESBek eta britainiarrek gehiengo etniko azerbaijandarra zuen Irango iparraldea inbaditu zuten. Honek, mugaren bi aldeetako azerbaijandarrak, lehen aldiz 1800eko Errusiar-Persiar gerretatik elkartzea eragin zuen. Beraz, estatu bateratu berri bat ezarri zuten, hiriburua Tabrizen zuena, Azerbaijango Herri Gobernua deiturikoa. Operazioaren helburua, Persiako petrolio-putzuak eta Ardatzeko indarren aurka borrokatzen zuten sobietar indarren hornidura ziurtatzea zen. Iran ofizialki neutrala zen arren, bere erregea Ardatzeko potentzien aldekoa zen, eta, beraz, ondorengo okupazioan kargutik kendu zuten, bere seme Mohammad Reza Pahlevik ordezkatua izan zelarik. Indar aliatuek tropak Irandik erretiratzea adostu zuten, borrokak amaitu eta sei hilabetera. Halarik ere, Sobietar Batasunak ez zuen akordioa errespetatu nahi izan. Moskuk Irango Azerbaijanen erregimen komunista ezartzeko borrokatu zuen. Azkenik, 1946ko maiatzean, sobietar tropak Irandik erretiratu ziren eta Iranen geratu ziren azerbaijandarrak bortizki errepresaliatu zituen Pahlaviren erregimenak. Gertaera honek azerbaijandar nazionalismoa bultzatu zuen, bai SESBen barruan bai kanpoan.

Azerbaijango Herri Gobernuaren eta Mahabadeko Errepublika Kurduaren kokapena 1945-1946an

III-Stalin ondorengo aroa.
1960ko hamarkadan, Azerbaijango petrolio-putzu gehienak lehortu egin ziren, eta, eskualdeko ekonomia moteldu ahala, azerbaijandarren eta armeniarren arteko nazionalismoa eta tentsio etnikoak areagotzen ari ziren. SESB azerbaijandarrak baretzen saiatu zen bertako azerbaijandar bat sustatuz, Heider Aliyev, eskualde osoaren buru izateko. Politburon eserleku bat ere eman zion, SESBen historian politikoki boteretsuena zen azerbaijandarra bihurtuz. Aliyevek, industria alternatiboak babesteko agindua jaso zuen Azerbaijanen, eta arrakasta lortu zuen, bai politikoki bai ekonomikoki, kotoi ekoizpena bultzatuz.
Intelektualtasunari dagokionez, Aliyeven garaia bat etorri zen idazle eta akademikoen gaineko presioaren erlaxazioarekin, eta egoera horrek literatura patriotikoaren berpizkundea ekarri zuen, baita Baghirov (Stalin azerbaijandarra)-en garaian fisikoki suntsitua izan zen intelektual azerbaijandar baten birsorkuntza ere. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran, literatura, bereziki poesia, konnotazio patriotiko nazional indartsuekin, gero eta irekiago argitaratzen zen Azerbaijango idazleen akademiako egunkari ofizialetan. Azerbaijango Errepublika Demokratikoaren lorpenei buruzko eztabaida areagotu egin zen, eta Mämmädemin Räsulzadla presidentearen irudi eta ospea pixkanaka birgaitua izan zen. 1980ko hamarkadaren hasieran, gai kultural eta intelektualei buruzko eztabaidak gero eta argiagoak ziren.

Leonid Brezhnev, Heydar Aliyevi Leninen Ordenako urrezko domina ematen (1979).

IV-Perestroika eta Azerbaijango Berpizkunde Nazionala.
1980ko hamarkadan, Glastnost-ek arazo ekonomiko larriak ekarri zizkion Azerbaijango Errepublikari. Heidar Aliyevek, hasieran, erreformei aurre egin zien, eta Gorbatxoven administrazioak politikatik bota zuen. Arazo ekonomikoak handitu ahala, tentsio etnikoak ere areagotu ziren, Armeniak Karabakh Garaia eman ziezaioten presionatu zuenean. Moskuren jarrera zalantzagarriak azerbaijandar gehiago oposiziora eramaten lagundu zuen, eta Karabakh Garaiaren gaineko tentsioak areagotu egin ziren, azkenean liskar fisiko eta istilu nonahi bihurtuz.
Hasiera batean, Azerbaijanen mugimendu nazional baten adierazpen espresua, lehen aipatutako Karabkheko gatazkaz gain, bi gaik eragin zuten: bata nazioaren ondare historiko eta ekologikoaren babesarekin lotua, bestea bi Azerbaijanen bateratzeari buruzkoa (Iparraldea eta Hegoaldea).
A-Aldarrikapen eta manifestazio ekologistak.
1980ko hamarkadaren amaieran Azerbaijango mugimendu nazionalak katalizatu zituen lehen gaia, Sumgaiteko aluminio eta kimika lantegiek planteatutako gai ekologikoa izan zen, hiriburutik 30 km ingurura dagoena eta Sobietar Batasuneko hiririk kutsatuenetakotzat hartzen dena. Hala ere, kontzientzia nazionalean eragin handiena izan zuen arazo ekologikoa Armeniak Topkhana-n aluminio lantegi bat eraikitzea izan zen, Azerbaijango Karabakh eskualdeko natur erreserba historikoan. Azerbaijango subiranotasunaren urraketatzat hartu zen. Armenia, Azerbaijango erreserba naturala suntsitzen ari zen, oso kutsagarria zen aluminiozko lantegi bat eraikiz “azerbaijandarrentzat sakratua zen toki batean, Iranen aurkako tokiko indarrek XVIII. mendean eginiko gudu historiko baten tokia izan zelako”. Aurrekaririk gabeko manifestazio masiboak antolatu ziren Bakuko Azadlig (Askatasuna) Enparantzan hiru astez, 1988ko azaroaren 17tik abenduaren 5era.

Topkhanako basoa, Shusha inguruan dagoen erreserba naturala (Karabakh Garaia)

B-Bateratze nazionala. Hego Azerbaijango auzia.
Hego Azerbaijango auziak garrantzi berezia izan zuen mugimendu nazionalean 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran. Gai hau, Azerbaijango iparralde eta hegoaldearen arteko harreman kultural, sozial eta ekonomikoak berrezartzeari buruzkoa zen, Errusia tsarra eta Persiar Inperioaren artean bi zatitan banatu zena 1828ko Turkmenchay Itunaren ondorioz. Iran eta Sobietar Batasunaren arteko mugaren bi aldeetan bizi ziren azerbaijandarrek mugako murrizketen aurka protesta egin zuten, 160 urteko banaketaren ondoren familiak eta lagunak bateratzea eskatzen zuten bitartean. Azerbaijango Herri Fronteak, ofizialki 1989an erregistratu zena, Hego Azerbaijango auzia bere agendari gehitu zion, Azerbaijango hegoaldearekin lotura kultural eta ekonomikoak garatzeko oztopo politiko guztien abolizioa exijituz. Harreman etnikoei dagokienez, programaren arabera, mugaren bi aldeetan bizi diren azerbaijandarren batasun etnikoaren berrezarpena babesten du. Azeri-herria osotasun batu gisa ezagutu eta aitortu behar da. Giza harreman zuzenak sortzeko oztopo guztiak (senide eta lagunentzako bisitak) ezeztatu egin behar dira. Halaber, akademiko talde batek gutun bat bidali zuen Sobietar Batasuneko Politburora eta Presidiumera, non Azerbaijango banaketa (Turkmenchay Ituna) Koreako eta Vietnamgo egoerarekin alderatzen baitzen, mugako erregimenaren neurri murriztaileak leuntzeko eskatuz.

C-Gorbatxoven erreformak.
1985ean Gorbatxoven erreformen etorrerak azerbaijandarren berpizte nazionala bultzatu zuen. Erreformen helburu nagusia Stalinek ezarritako estatu-kontrolak desegitea eta gizartearen emantzipazioa lortzea izan zen, 15 errepublikak pribatizatuz, demokratizatuz eta federalizatuz. Hala ere, Gorbatxovek, ideologia komunista eta sozialistari leial mantenduko denak, ez zuen inoiz adierazi erreformen asmoa Sobietar Batasuna mendebaldeko demokrazia liberal bihurtzea zela. Gorbatxoven erreformak Sobietar Batasuna liberalizatzera bideratuak zeuden arren, erronka handiak izan ziren Sobietar Batasuneko gizarte multinazionalarentzat. Zeren, jakina denez, zenbat eta demokratikoagoa bihurtu estatu bat, orduan eta gutxiago eduki ditzake harreman inperialak bere baitan. Eta, halabeharrez, Gorbatxoven kontzeptuak erreforma ekonomikoetan zentratzen ziren arren, erreforma horiek pixkanaka demokrazia eta nazionalismorako aldaketa ekarri zuten Sobietar Batasuneko Errepubliketara.
Sobietar Batasuneko bazter guztietako mugimendu nazionalistekin batera, Azerbaijango intelektual eta historialari talde bat Sobietar Batasunak Azerbaijango historiari buruz zituen ikuspegiei aurre egiten hasi zen. Intelektual azerbaijandarrek, hirurogeita hamar urtez, agintari sobietarrek Azerbaijango historiari buruzko artxibo material garrantzitsua kendu zutela zioten. Eta, aldi berean, irmoki aldarrikatzen zuten “historiaren bertsio desitxuratu bat zabaldu zela, zeinean pertsonaia azerbaijandarrak modu positiboan aipatuak izaten baitziren errusiarren interesen alde egiten bazuten, baina krudelak, despotikoak eta erreakzionarioak bezala deskribatuak haien aurka egiten bazuten”. 1988-1989 urteetan, historialari azerbaijandarrak historia nazio ikuspegi batetik idazten hasi ziren. Azerbaijandarren historia berriz ebaluatzeko prozesuan sortu zen gairik garrantzitsuenetako bat Azerbaijango Errepublika Demokratikoa, Azerbaijango lehen nazio-estatua, agenda nazionalean sartzea izan zen. Sobietar Batasuneko agintariek Azerbaijango Errepublika Demokratikoa erregimen erreakzionario, burges, nazionalista edo Turkiaren txotxongilo bat bezala kalifikatu zuten. Historialari azerbaijandarrek, aldiz, AEDko buruzagiak Azerbaijango historian paper handia jokatu zuten pertsonaiak bezala tratatu zituzten. Gainera, Karabakh Garaiko gatazka, Armenia eta Azerbaijanen artekoa, garai horretan azerbaijandarren kontzientzia nazionala pizteko gairik eraginkorrena kontsideratu zena, garai horretako historialarien gune nagusi bihurtu zen. Testuinguru honetan, zenbait narrazio historikok Karabakh Garaiari Azerbaijango historian dagokion lekua nabarmendu zuten.

D-Karabakh Garaiko auzia.
Karabakh Garaiko gatazkak garrantzi erabakigarria izan zuen epe laburrean sortu ziren gertaeretan. Hala, bere eragina funtsezkoa izan zen hiru alderditan: nazionalismoa eta azerbaijandarren arteko elkartasuna sustatzea etsai komun baten aurka, populazioa eta Fronte Popularraren inguruko erakundeak elkartzea, eta azken biak Azerbaijango lurralde-osotasunaren defentsarako mugimendu nazional bakar batera bultzatzea.
Versaillesko Bake Konferentziak Karabakh Garaia 1918-1920ko Azerbaijango Errepublika Demokratikoaren zati bezala onartu zuen arren, Armeniak ez zituen lurraldeari buruzko bere erreklamazioak bertan behera utzi. 1921eko uztailaren 5ean, Kavbureau EBAKBZ (Kaukasoko Mahaia, Errusiako Boltxebikeen Alderdi Komunistaren Batzorde Zentrala)-k Karabakh Garaia Azerbaijango RSS lurraldearen barnean uztea erabaki zuen, 1923an estatus autonomo bat emanez. Armeniarrek diote Karabakh historikoki Armeniaren zati izan zela eta indarrez eta legez kanpo Azerbaijan sobietarrera transferitu zutela, Hego Kaukason “zatitu eta gobernatu” lemapeko sobietar politikaren zati gisa.
Sobietar aro osoan zehar, armeniarrek euren erreklamazioak berretsi zituzten. Hala, 1945eko azaroan, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Grigory Arutyunov Armeniako AKko idazkariak telegrama bat bidali zuen Moskura, Karabakh Armeniara transferitzea eskatuz. Khrushchoven garaian, Armeniak eskaera berri bat egin zion Kremlini Karabakheko armeniarren 2.500 sinadurarekin 1963ko maiatzean. Erreklamazio hauek berak, Brezhneven garaian, 1965ean Erevangoa bezalako manifestazio masiboekin batera tematzen ziren. Karabakheko bi komunitateen arteko etsaitasunak eta mesfidantzak nabarmen egin zuen gora, 1968an Khankendin (Stepanekert) izandako liskar batean amaituz, bi aldeetako pertsona batzuen heriotzaren ondorioz. Brezhnevek ez zuen armeniarren kasua babestu eta hauen protesta eta manifestazioak legez kanpokotzat jo zituen; egoera kontrolpean mantentzen saiatu zen, baina ekintzaile armeniarrek euren aktibitateak jarraitu zituzten mugimendu klandestino bezala.
Gorbatxoven garaian armeniarrek bultzada berri bat eman zieten euren erreklamazioei. 1987ko abuztuan, Armeniako Zientzien Akademiak eskaera bat bidali zion SESBeko Sobiet Gorenari, milaka pertsonak sinatua, Karabakh Armeniako SESra eransteko eskatuz. 1988ko otsailaren 20an, Karabakh Garaiko Eskualde Sobietak eskualdea Armeniaren subiranotasunera transferitzea erabaki zuen. Azerbaijanek ez ezik, SESBeko Sobiet Gorenak eta Alderdi Komunistako Batzorde Zentralak ere atzera bota zuten erabaki hori, SESBeko Konstituzioaren 78. artikuluari erreferentzia eginez; artikulu horren arabera, lurralde-aldaketak onartezinak ziren ukitutako Batasuneko Errepublikaren akordiorik gabe. Hemendik aurrera, egoera sozio-politikoa pixkanaka okertzen joan zen, Karabakheko armeniarrek politika independentista bat jarraitu zuten, Armeniako SESaren laguntza zuzenarekin egitura politikoak sortuz. 1987-1988ko neguan, Armeniak sistematikoki deportatu zituen Armenian bizi ziren azerbaijandarrak, 1988ko urtarrilean Bakura lehen olatu batean iritsi zirenak. 1988ko uztailaren 12an, Armeniako SESko Sobiet Gorenarekin batera egindako saio batean, Karabakheko Oblast Autonomoaren Sobiet Gorenak, bere aldetik, Azerbaijango SEStik banantzea aldarrikatu zuen.

Lehen manifestazio handia Stepanakerten, tradizionalki mugimenduaren hasieratzat hartua (1988ko otsailak 13a)

Kremlinek aldaketak egin zituen Armeniako eta Azerbaijango alderdi komunisten zuzendaritzan, baina emaitza ematerik ez. 1989ko urtarrilean, gertaeren izaera txarra ikusita, Kremlinek Karabakhen gaineko Azerbaijanen jurisdikzioa ezabatu eta Sobietar Batasunaren zuzeneko gobernua eratu zuen. Sobietar Batasunak “erregimen berezia” aldarrikatu zuen Arkady Volsky errusiarraren agindupean, hau da, Karabakh Garaia Azerbaijandik banandu eta Moskuren mende jarri zen. Neurri hau, azerbaijandarrek eskualdearekiko zuten subiranotasuna ahultzea bezala ulertu zen, dekretuak Karabakh Garaia Azerbaijango zati zela berretsi zuen arren. Bitartean, armeniar talde armatuek Karabakhen geratzen ziren azerbaijandarrak mehatxatu zituzten, eta Volskyren erregimenak ezin zien eraso armeniarrei eutsi.
Azerbaijango biztanleria, Bakuko eta Moskuko agintari sobietarren ezgaitasunaren aurrean harriturik, modu masiboan mobilizatu zen Azerbaijango lurralde osotasuna defendatzeko. Talde politiko eta intelektualen ordezkariak elkartu eta 1998ko udan Azerbaijango “Herri Frontea” sortu zuten, 1989ko uztailaren 16an egindako lehen kongresuan Ebulfez Elçibey presidente bezala aukeratuz. Bere programa Azerbaijan Zuzenbide Estatuan oinarritutako herrialde demokratiko bihurtzea zen. Era berean, kontzientzia nazional berria 1918-1920ko Errepublika Demokratikoaren legatuarekin lotzen zuen, hiru koloreko bandera, armarria eta ereserkia zaharberritzearekin batera. Bestalde, maiatzaren 28a “independentzia Eguna” bezala ospatu nahi izan zuen, 1918an Azerbaijango Errepublika Demokratikoak independentzia aldarrikatu zuen eguna. Gorvachoven perestroika babesten duen arren, Azerbaijango subiranotasun osoa bilatzen du Hego Azerbaijanekin harreman ekonomiko eta kulturalak eragozten zituzten hesi guztien abolizioa eskatuz. 1989an Karabakhen jazotako gertaerek Herri Fronteari aurrekaririk gabeko indar eta ospea eman zioten, eta 1989ko irailaren 13an, Azerbaijango Alderdi Komunistak Herri Frontea ofizialki onartu behar izan zuen.
1989ko udazkenean tentsioak areagotu egin ziren eta Herri Fronteak tren blokeoa ezartzea proposatu zuen Armeniara erregaia eta elikagaiak iristea eragozteko. Egoera honetan, azaroaren 27an, buruzagi sobietarrak Karabakhen gaineko bere domeinu zuzena amaitu zuen, eta eskualdea Azerbaijango jurisdikziora itzuli zen. Baina, 1989ko abenduak 1ean, Armeniak Karabakh Garaiko Oblast Autonomoarekin bateratzeari buruzko ebazpen bat hartu zuen. Gertaera horien ondoren, mugimendu nazional azerbaijandar oso indartsu sortu zen, eta 1989. urtearen amaieran, independentzia nazionaleko mugimenduak, Herri Frontearen gidaritzapean, bultzada ikaragarria lortu zuen Azerbaijango independentziaren eta lurralde-osotasunaren alde manifestatzen ziren ehunka mila pertsonarekin.

Ebulfez Elçibey, Azerbaijango Herri Frontearen sortzailea
E-Urtarril Beltza (1990eko urtarrilak 20, larunbata)
Karabakheko krisia konpontzeko Moskuk egindako ahalegin hutsalek, baita Azerbaijango SESko buruzagiek interes nazionalak babesteko erakusten zuten gaitasunik ezak ere, errefuxiatuen egoera zailago bihurtzen, eta tokiko gatazkak eta sentimendu nazionalistak areagotzen lagundu zuten. Karabakhen egoerak okerrera egiten jarraitu zuen: 1989ko abenduaren 1ean Armeniako RSS Karabakheko Oblast Autonomoarekin bateratzeko armeniar ebazpena, Karabakh Armeniako aurrekontuan sartzea, eta Karabakheko armeniarrei Armeniako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea ematea. Gertaera hauek, biztanleria, Herri Frontearekiko leialtasuna areagotu zuten, eta, aldiz, Azerbaijango Alderdi Komunista erabat ezeztatu zuten, Karabakheko auzian neurri eraginkorrik hartu ezin izan zuena. Azerbaijandarrek independentzia osoa eskatu zuten eta Herri Frontea nazioaren defentsarako batzordeak ezartzera bultzatu zuten.
1990eko urtarrilaren 11n, Herri Fronteak manifestazio masibo bat antolatu zuen Bakun, gobernuaren ekintza ezaren aurka protesta egiteko. Egun berean, Herri Fronteko erradikal talde batek zenbait eraikin administratibo eraso zituen eta boterea hartu zuen Lankaran hirian, errepublikaren hegoaldean. Agerikoa zen Herri Fronteak Sobiet Gorenerako hauteskundeak irabaz zitzakeen, 1990eko martxorako programatuta zeudenak. Funtzionario azerbaijandarrek ezin izan zuten egoera kontrolatu, eta Bakuk Barne Ministerioko 12.000 soldaduei euren kuarteletan geratzeko agindu zien, bere agerpenak hirian indarkeriarik eragin ez zezan. Honek, Azerbaijango toki batzuetan ordena publikoaren kolapsoa eta armeniarren aurkako erasoak eragin zituen, horietako askok sobietar gobernuari irteten laguntzeko eskatu ziotelarik.

Hiletan, jendeak alderdi komunistako kide izatearen txartelak hautsi eta baztertu zituen. Mugimendu independentistaren errepresio bortitzak ideologia komunista bertan behera uztera eraman zuen eta independentzia nahia indartu.

Urtarrilaren 13an pogromo bat hasi zen armeniarren aurka Bakun. Jendetzak armeniarrak erasotu zituen, horietako asko goiko solairuetako balkoietatik bota eta kolpeka hil zituzten. Pogromoan 40 eta 90 armeniar artean hil ziren eta askok Bakutik ihes egin behar izan zuten. SESBeko Barne Ministerioko tropek ez zuten esku hartu armeniarren sarraskia saihesteko. Pogromoek urtarrilaren 13an eta 14an izan zuten intentsitaterik handiena eta urtarrilaren 20an tropak sartu ziren arte jarraitu zuten.
Urtarrilaren 17an, Herri Fronteko jarraitzaileek kontzentrazio mugagabea hasi zuten Alderdi Komunistaren eraikinaren aurrean, eta sarrera guztiak blokeatu zituzten. Sobietar Batasunaren esku-hartze militarraren beldur, Azerbaijango Herri Fronteko ekintzaileak kuartel militarrak blokeatzen hasi ziren. Piketariek telebista-zentroaren eraikina okupatu zuten eta telebista-kanal zentrala itzali zuten. Nakhichevango Sobiet Gorenaren ezohiko bilkura batek Nakhichevan SESBetik erretiratzeari eta independentzia aldarrikatzeari buruzko ebazpena hartu zuen. Une horretan, Herri Fronteak, de facto, Azerbaijango zenbait eskualde kontrolatzen zituen.
Urtarrilaren 18an, Herri Fronteak Bakuko biztanleei eskatu zien Azerbaijango hiriburura sartzeko bide nagusiak blokeatzeko, haien aurka indar sobietarrik bidaltzeko aukerarik izan ez zezaten. Horrek ofizial sobietarrak hiriaren kanpoaldera erretiratzera eraman zituen.

Urtarrilaren 19an larrialdi egoera ezarri zen Bakun. Gorbatxovek Baku hirian indarrak sartzea agintzen zuen dekretu bat sinatu zuen, ordena berrezartzeko, Herri Frontearen ekintzak blokeatzeko eta armeniarren aurkako pogromoak saihesteko helburuarekin.
Urtarrilaren 20an. 26.000 soldadu sobietar gupidarik gabe sartu ziren gauerdian Bakun. Sobietar armadak zibil baketsuak bortizki zanpatu zituen bere tankeen azpian, mediku, anbulantzia eta ospitaleen aurkako erasoak ugari izan zirelarik. Sobietar Batasuneko armadak egindako ekintza horien emaitza: 133 hildako, 611 zauritu, 841 atxilotu eta 5 desagertu.

Hileta jendetsua Bakuko Askatasunaren Plazan, 1990eko urtarrilaren 22an

Sobietar agintariek argudiatu zutenez, Azerbaijango esku-hartze militarraren helburu nagusia Bakuko armeniar populazioaren aurkako pogromoak geldiaraztea zela. Hala ere, esku-hartzea oso arrazoi desberdinengatik egin zen. Garai haietan, Errepublika Baltikoetako eta Transkaukasiako biztanleria, Gorbatxoven erreformetan inspiratua, independentziaren ideiaren inguruan mobilizatu zen, edo, gutxienez, Sobietar Batasunaren barnean autonomia handiagoa lortzeko. Errepublika hauetako mugimendu nazionalen buru ziren Herri-Fronteek gero eta ospe handiagoa izan zuten, gobernu komunista atzeratu eta desprestigiatuen kalterako izan zena. Sobietar Batasuneko zuzendaritza jakitun zen fronte nazionalen ospea hausten ez bazuen, hauek irabaziko zituztela hauteskundeak bi eskualde hauetan, Sobietar Batasunarentzat estrategikoki esanguratsuak zirenak. Funtzionario sobietarrek uste zuten indarra zela Herri-Fronteak zapaltzeko eta hauteskundeak irabaztea saihesteko modu bakarra. Azerbaijan zen hauteskundeak egingo ziren lehen herrialdea, eta ondorioz Azerbaijango Herri Frontea bihurtu zen Sobietar Batasuneko zuzendaritzaren helburu nagusia. Beraz, intransigenteek Gorbatxov Bakura indar militarrak bidaltzera bultzatu zuten, Azerbaijango Herri Frontearen ospea hausteko asmoz, ondoren independentzia bilatzen duten Sobietar Batasuneko beste nazio batzuentzat ikasgai izango zena.
Sobietar indarrek hiria okupatu zuten, baina ez zuten azerbaijandarren independentziaren bultzada hautsi. Ehunka azerbaijandarrek alderdi komunistako txartelak entregatu zituzten, eta urtarrilaren 22an, sobietarren indarkeria amaitu ondoren, Azerbaijango Sobiet Sozialista Gorena bildu zen eta sobietar indarren ekintzak gaitzetsi zituen. Esku-hartze militar sobietarra inflexio puntu bat izan zen Azerbaijango historian eta ondorioak ikaragarriak izan ziren. Aurrerantzean, gobernu komunistaren eta azerbaijandarren arteko konfiantza behin betiko galdu zen, Sobietar Batasunean jarraitzeko edozein pentsamendu suntsitu zen, errusiarren aurkako sentimenduak piztu ziren eta independentzia lortzen lagunduko zuten indarrak mobilizatu ziren. Azerbaijanen independentzia saihestezina zen, beste irtenbiderik ez baitzegoen.
Azerbaijan (4). Nortasun nazionala Azerbaijan sobietarrean (1921-1991)